Hebrearrei 7:1-28

  • Melkisedek, errege eta apaiz berezia (1-10)

  • Kristoren apaizgoa hobeagoa da (11-28)

    • Kristo guztiz salbatzeko gai da (25)

7  Zeren Melkisedek hori —Xalemgo erregea eta Goi-goiko Jainkoaren apaiza— Abrahamekin aurkitzera atera zen hau erregeak hiltzetik zetorrenean; Melkisedekek bedeinkatu egin zuen, 2  eta Abrahamek guztiaren hamarrena eman zion. Hasteko, bere izenaren itzulpena «justiziaren errege» da; eta gainera, Xalemgo erregea, hau da, «bakearen erregea» da. 3  Inork ez daki bere aita edo bere ama nor zen, bere genealogia zein zen, eta zein egunetan jaio edo hil zen. Baina Jainkoaren Semearen antzekoa izan zenez egina, apaiza izaten jarraitzen du betirako. 4  Begira zein garrantzitsua zen gizon hori! Izan ere, Abraham patriarkak* gerran lortutako gauza hoberenen hamarrena eman zion. 5  Egia da, Legearen arabera, apaiz izendatuak diren Lebiren semeek herriari, hau da, beraien anaiei hamarrena kobratzeko agindua dutela, nahiz eta herria ere Abrahamen ondorengoa izan*. 6  Baina gizon horrek —Lebiren semeen ondorengoa ez zenak— Abrahamengandik hamarrena jaso zuen eta promesak jaso zituena bedeinkatu zuen. 7  Eta inork ezin du ukatu handienak txikiena bedeinkatzen duela. 8  Gainera, lehenengo kasuan, gizon hilkorrak dira hamarrena jasotzen dutenak; beste kasuan, aldiz, Idazkien arabera bizirik dagoen norbaitek jasotzen du. 9  Eta nolabait esan daiteke Lebik berak ere, hamarrena jasotzen duenak, Abrahamen bidez hamarrena ordaindu duela, 10  zeren Melkisedek bere bila atera zenean, Lebi oraindik ez zen bere arbasoarengandik jaio*. 11  Horregatik, perfekzioa lebitarren apaizgoaren bitartez lortu ahalko balitz (herriari eman zitzaion Legearen ezaugarri bat baitzen), zer behar egongo litzateke beste apaiz bat azaltzeko «Melkisedeken modura» eta ez «Aaronen modura»? 12  Zeren apaizgoa aldatua izaten ari denez, beharrezkoa da Legea ere aldatzea. 13  Izan ere, gauza horiek deskribatzen duten gizona beste tribu batetik etorri zen, eta tribu horretako inork ez du aldarean zerbitzatu. 14  Argi dago ere gure Jauna Judaren ondorengoa izan zela, eta Moisesek ez zuen esan tribu horretako apaizik egongo zela. 15  Eta hori oraindik argiago geratzen da Melkisedek bezalakoa den beste apaiz bat azaltzen denean. 16  Bera ez da apaiz izatera iritsi giza ondorengotzan oinarritzen den baldintza legalarengatik, baizik eta suntsiezina den bizi baten boterearengatik. 17  Izan ere, berari buruz honako testigantza ematen da: «Zu apaiza zara betirako Melkisedeken modura». 18  Beraz, aurreko agindua ahula denez eta eraginik ez duenez, baliogabetua izan da. 19  Zeren Legeak ez zuen ezer perfektu bihurtu, baina Jainkoak ematen digun esperantza hobe batek bai! Eta esperantza horri esker, Jainkoarengana hurbiltzen gara. 20  Gainera, apaiz hori ez zen zinik egin gabe azaldu 21  (izan ere, egia da gizon batzuk zinik egin gabe bihurtu direla apaiz, baina gizon hori zin baten bidez bihurtu da apaiz, hurrengoa esan zuenak egindako zina: «Jehobak zin egin du eta ez du iritzia aldatuko*: “Zu apaiza zara betirako”»). 22  Horregatik, Jesus itun hobe baten garantia bihurtu da. 23  Are gehiago, heriotzak apaizei beraien zerbitzuan jarraitzen uzten ez zienez, beharrezkoa izan zen apaiz asko bata bestearen atzetik etortzea. 24  Baina bera betirako bizi denez, bere apaizgoak ez du ondorengorik. 25  Horregatik, beraren bidez Jainkoarengana hurbiltzen direnak guztiz salbatzeko ere gai da, zeren beti bizirik dago beraien alde erregutzeko. 26  Izan ere, bera bezalako apaiz nagusi bat behar dugu: leiala, errugabea, kutsatu gabea, bekatariengandik banandua eta zeruaren gainetik goratua. 27  Bera ez da beste apaiz nagusiak bezalakoa, ez duelako egunero sakrifiziorik eskaini behar —lehenik bere bekatuengatik eta gero herriaren bekatuengatik—, zeren dagoeneko behin eta betirako egin zuen hori bere burua eskaini zuenean. 28  Izan ere, Legeak ahultasunak dituzten gizonak izendatzen ditu apaiz nagusi bezala, baina Legearen ondoren egin zen zinaren hitzak Seme bat izendatzen du apaiz nagusi bezala, betirako perfekzionatua izan den seme bat.

Oharra

^ Edo «familiaburuak».
^ Lit. «azpizunetik atera diren».
^ Lit. «oraindik arbasoaren azpizunetan zegoen».
^ Edo «ez da damutuko».