1 Joan 3:1-24

  • «Jainkoaren seme-alabak gara» (1-3)

  • Jainkoaren eta Deabruaren seme-alabak (4-12)

    • Jesusek Deabruaren ekintzak suntsitu (8)

  • «Elkar maitatu» (13-18)

  • «Jainkoa geure bihotza baino handiagoa da» (19-24)

3  Pentsatu zelako maitasuna digun Aitak! Izan ere, Jainkoaren seme-alaba deitzen digu! Eta hori da gu garena. Horrexegatik ez gaitu ezagutzen munduak, ez duelako bera ezagutu. 2  Maiteok, Jainkoaren seme-alabak gara orain, baina izango garena oraindik ez da ezagutzera eman. Badakigu bera ezagutzera ematean, bera bezalakoak izango garela, den bezala ikusiko dugulako. 3  Berarengan esperantza hori duen edonork norberaren burua garbitzen du, bera garbia den bezalaxe. 4  Bekatua praktikatzen duenak ez du legea betetzen; izan ere, bekatu egitea legea haustea da. 5  Badakizue ere, Jesus gure bekatuak kentzera* etorri zela; eta berarengan ez dago bekaturik. 6  Berarekin bat eginda dagoenak ez du bekatua praktikatzen; bekatua praktikatzen duenak ez du bera ikusi, ezta ezagutu ere. 7  Seme-alabatxook, ez zaitzatela inork engainatu. Justizia praktikatzen duena justua da, Jesus justua den bezalaxe. 8  Bekatua praktikatzen duena Deabruarengandik dator, Deabrua hasieratik* egon baita bekatu egiten. Izan ere, honetarako etorri* zen Jainkoaren Semea: Deabruaren ekintzak desegiteko*. 9  Jainkoarengandik jaio den inork ez du bekatua praktikatzen, Jainkoaren haziak* berarengan jarraitzen duelako, eta pertsona horrek ezin du bekatua praktikatu, Jainkoarengandik jaio delako. 10  Jainkoaren seme-alabak eta Deabruaren seme-alabak honengatik desberdintzen dira: justizia praktikatzen ez duena ez dator Jainkoarengandik, eta bere anaia maite ez duena ere ez dator Jainkoarengandik. 11  Zeren hau da hasieratik entzun duzuen mezua: elkar maitatu behar dugula. 12  Ez dugu Kain bezalakoak izan behar. Bera Gaiztoarengandik etorri zen eta bere anaia hil zuen. Eta zergatik hil zuen? Bere ekintzak gaiztoak zirelako, baina bere anaiarenak justuak. 13  Anai-arrebok, ez zaitezte harritu munduak gorroto bazaituzte. 14  Guk badakigu heriotzatik bizira pasa garela anai-arrebak maite ditugulako. Maitatzen ez duenak hilda jarraitzen du. 15  Bere anaia gorroto duena hiltzaile bat da, eta zuek badakizue hiltzaile bakar batek ere ez duela betirako bizia izango. 16  Honengatik dakigu maitasuna zer den: Jesu Kristok bere bizia* gure alde eman zuelako, eta gu gure anai-arreben alde gure bizia* ematera behartuta gaude. 17  Baina norbaitek mundu honetako ondasunak edukita bere anaia beharrean dagoela ikusten badu eta, hala ere, ez badio errukirik erakusten, nola egon daiteke Jainkoaren* maitasuna berarengan? 18  Seme-alabatxook, elkar maitatu, baina ez hitzez edo ahoz, ekintzez eta egiaz baizik. 19  Horrela jakingo dugu egiatik gatozela, eta Jainkoak maite gaituela konbentzituko* dugu geure bihotza; 20  zeren, geure bihotzak kondenatzen bagaitu ere, Jainkoa geure bihotza baino handiagoa da eta dena daki. 21  Maiteok, geure bihotzak kondenatzen ez bagaitu, Jainkoari askatasun osoz hitz egin ahal diogu. 22  Gainera, bere aginduak obeditzen ditugunez eta gustatzen zaiona egiten dugunez, eskatzen dugun guztia ematen digu. 23  Izan ere, hau da bere agindua: bere Seme Jesu Kristoren izenean fedea izan behar dugula eta elkar maitatu behar dugula, agindu zigun bezalaxe. 24  Gainera, bere aginduak obeditzen dituenak berarekin bat eginda jarraitzen du, eta berak ere harekin bat eginda jarraitzen du. Eta, eman zigun espirituari esker, badakigu gurekin bat eginda jarraitzen duela.

Oharra

Lit. «ezagutzera ematera».
Edo «hasi zen garaitik». Jainkoaren aurka lehenengo aldiz errebelatu zen garaiari egiten dio erreferentzia.
Lit. «ezagutzera eman».
Edo «suntsitzeko».
Ugaltzeko edo fruitua emateko gai den hazia. Testuinguru honetan, espiritu santuari egiten dio erreferentzia.
Edo «arima».
Edo «arima».
Edo «Jainkoarenganako».
Edo «Jainkoaren aurrean seguru sentiaraziko».