1 Joan 2:1-29
2 Ene seme-alabatxook, gauza hauek bekaturik egin ez dezazuen idazten dizkizuet. Hala ere, norbaitek bekatu egiten badu, Aitaren ondoan dagoen laguntzaile* bat dugu: Jesu Kristo, justua dena.
2 Bera da gure bekatuengatik eskaintzen den errekontziliazio sakrifizioa*, baina ez gure bekatuengatik bakarrik, mundu osoko pertsonen bekatuengatik ere bai.
3 Eta honela jakin dezakegu bera ezagutu dugula: bere aginduak obeditzen jarraitzen badugu.
4 «Bera ezagutzen dut» esaten duena baina bere aginduak obeditzen ez dituena, gezurtia da, eta egia ez dago pertsona horrengan.
5 Baina norbaitek bere hitza obeditzen badu, pertsona horrek Jainkoari dion maitasuna perfektu izatera iritsi da. Horregatik dakigu berarekin bat eginda gaudela.
6 Berarekin bat eginda dagoela esaten duena, Jesus* bezala ibiltzen jarraitzera behartuta dago.
7 Maiteok, ez dizuet agindu berri bat idazten, baizik eta hasieratik izan duzuen agindu zahar bat. Agindu zahar hori entzun zenuten hitza da.
8 Hala ere, agindu berri bat idazten dizuet, bai Jesusen, bai zuen kasuan egia dena, zeren iluntasuna desagertzen ari da eta benetako argiak jadanik dir-dir egiten du.
9 Argitan dagoela esan baina bere anaia gorrotatzen duena, iluntasunean dago oraindik.
10 Bere anaia maite duenak argitan jarraitzen du, eta berarengan ez dago estropezu eginaraziko dion* ezer.
11 Baina bere anaia gorroto duena iluntasunean dago eta iluntasunean dabil, eta ez daki nora doan, iluntasunak begiak itsutu dizkio eta.
12 Seme-alabatxook, zuen bekatuak bere izenarengatik barkatuak izan direlako idazten dizuet.
13 Gurasook, hasieratik existitzen den hura ezagutu duzuelako idazten dizuet. Gazteok, Gaiztoa garaitu duzuelako idazten dizuet. Seme-alabatxook, Aita ezagutu duzuelako idazten dizuet.
14 Gurasook, hasieratik existitzen den hura ezagutu duzuelako idazten dizuet. Gazteok, indartsuak zaretelako, Jainkoaren hitzak zuengan jarraitzen duelako eta Gaiztoa garaitu duzuelako idazten dizuet.
15 Ez maitatu mundua, ezta munduan dauden gauzak ere. Norbaitek mundua maite badu, Aitaren* maitasuna ez dago berarengan.
16 Izan ere, munduan dagoen guztia —haragiaren desioa, begien desioa eta norberaren ondasunak harrokeriaz erakustea— ez dator Aitarengandik, mundutik baizik.
17 Gainera, mundua eta bere desioak desagertzen ari dira, baina Jainkoaren nahia egiten duena betirako biziko da.
18 Seme-alabatxook, azken ordua da. Antikristoa datorrela entzun duzue, eta orain ere antikristo asko agertu dira, eta horregatik dakigu azken ordua dela.
19 Gure artetik atera ziren, baina ez ziren gutarrak*. Gutarrak izan balira, gurekin geratuko ziren. Baina denak gutarrak ez direla argi geratzeko atera ziren.
20 Santuak zuek gantzutu zintuzten, eta denok duzue ezagutza.
21 Ez dizuet idazten egia ezagutzen ez duzuelako, baizik eta ezagutzen duzuelako eta egiatik ez datorrelako inongo gezurrik.
22 Nor da gezurtia? Jesus ez dela Kristo esaten duena, ezta? Hauxe da antikristoa: Aita eta Semea ukatzen dituena.
23 Semea ukatzen duena ez dago Aitarekin bat eginda. Semea onartzen duela esaten duena, aldiz, Aitarekin bat eginda dago.
24 Eta, zuen kasuan, hasieratik entzun duzuen hori egiten jarraitu behar duzue. Hasieratik entzun duzuen hori egiten jarraitzen baduzue, Semearekin bat eginda eta Aitarekin bat eginda jarraituko duzue.
25 Gainera, hau da berak egin digun promesa: betirako bizia.
26 Zuek engainatu nahian dabiltzanei buruz idazten dizkizuet gauza hauek.
27 Zuen kasuan ere, Jainkoak bere espirituaren bidez gantzutu zintuzten eta espiritu horrek zuengan jarraitzen du, eta ez duzue inork zuei ezer irakasteko beharrik. Baina berarengandik datorren gantzudurak —egiazkoa denak eta gezurra ez denak— gauza guztiei buruz irakasten dizue. Irakatsi dizuen bezala, jarraitu berarekin bat eginda.
28 Beraz, orain, seme-alabatxook, jarraitu berarekin bat eginda, bera agertzean, hitz egiteko askatasuna izan dezagun eta bere presentzian zehar ez gaitezen berarengandik lotsatuta urrundu.
29 Bera justua dela baldin badakizue, justizia praktikatzen duen edonor berarengandik jaio dela ere badakizue.

