Santiago 5:1-20
5 Entzun orain, zuek, aberatsok! Egin negar eta hasi aieneka gainera etorriko zaizkizuen zoritxarrengatik.
2 Zuen aberastasunak usteldu egin dira, eta zuen arropak pipiak* janda daude.
3 Zuen urrea eta zilarra herdoilduta* daude, eta herdoil horrek zuen kontra testigantza emango du eta zuen haragia jango du. Pilatu duzuena su bat bezalakoa izango da azken egunetan.
4 Entzun! Zuen soroak landu zituzten langileek oihu egiten jarraitzen dute, zeren ez zenieten soldata ordaindu, eta beraien oihuak laguntza eske armadetako Jehobaren belarrietara iritsi dira.
5 Lurrean luxuz eta plazerez betetako bizitza eraman duzue. Zuen bihotzak hilketa egunerako gizendu diren animaliak bezalakoak dira.
6 Justua kondenatu eta hil egin duzue. Ez al dago bera zuen aurka?
7 Beraz, anai-arrebok, izan pazientzia Jaunaren presentzia arte. Begiratu nekazariari: pazientziaz itxaroten jarraitzen du lurraren fruitu baliotsua jasotzeko, udazkeneko euriak eta udaberriko euriak iritsi arte.
8 Zuek ere izan pazientzia. Sendotu zuen bihotzak, Jaunaren presentzia hurbildu baita.
9 Anai-arrebok, ez kexatu* bata besteaz eta, horrela, ez zarete epaituak izango. Begira! Epailea oso gertu* dago.
10 Anai-arrebok, jarri arreta Jehobaren izenean hitz egin zuten profetengan, eta sufrimenduen aurrean irautean eta pazientzia izatean beraiek jarri zuten eredua imitatzen jarraitu.
11 Begira! Iraun dutenak zoriontsuak* direla esaten dugu. Joben iraupenari buruz entzun duzue, eta Jehobak* azkenean bere alde zer egin zuen ikusi duzue. Horregatik dakizue Jehoba oso maitekorra eta errukitsua dela.
12 Ene anai-arrebok, batez ere, utzi zin egiteari. Ez egin zinik zeruarengatik, ez lurrarengatik, ezta beste edozer gauzarengatik ere. Horren ordez, «bai» esaten duzuenean, bai izan dadila, eta «ez» esaten duzuenean, ez; eta horrela ez duzue epaiketarik mereziko.
13 Ba al dago zuen artean sufritzen ari den norbait? Segi dezala otoitz egiten. Ba al dago pozik dagoen norbait? Kantatu ditzala salmoak.
14 Ba al dago zuen artean gaixorik dagoen norbait? Deitu diezaiela kongregazioko adindunei, eta beraiek otoitz egin dezatela pertsona horren alde, Jehobaren* izenean olioa igurtziz.
15 Eta fedez egindako otoitzak gaixoa* indarberrituko du, eta Jehobak* altxatu egingo du. Gainera, bekaturen bat egin badu, barkatu egingo zaio.
16 Beraz, argi aitortu bata besteari zeuen bekatuak eta otoitz egin bata bestearen alde, zeren horrela sendatuak izango zarete. Justuaren erreguak izugarrizko eragina du*.
17 Elias guk bezalako sentimenduak zituen gizon bat zen. Hala ere, euririk ez egiteko sutsu otoitz egin zuenean, hiru urte eta sei hilabetez ez zuen euririk egin lurralde hartan.
18 Orduan, berriro otoitz egin zuen, eta zerutik euria erori zen eta lurrak fruitua eman zuen.
19 Ene anai-arrebok, zuetakoren bat egiatik desbideratua izan bada eta beste batek itzularazten badu,
20 jakizue bekatari bat bere bide okerretik itzularazten duenak, heriotzatik* salbatuko duela eta bekatu asko estaliko dituela.

