Santiago 3:1-18
3 Ene anaiok, zuetako asko ez zinatekete irakasle izan beharko, zeren badakizue epaiketa gogorragoa* jasoko dugula.
2 Izan ere, denok egiten dugu estropezu* askotan. Zeren norbaitek ez badu bere hitzekin inoiz estropezurik egiten, pertsona hori perfektua da eta bere gorputz osoa ere kontrolatzeko* gai da.
3 Zaldiei gu obeditzeko ahoan frenoa* jartzen diegunean, beraien gorputz osoa ere gidatzen dugu.
4 Jarri arreta itsasontzietan ere: nahiz eta oso handiak diren eta haize oso indartsuek bultzatzen dituzten, lema* txiki batek gidatzen ditu eta leman dagoenak nahi duen tokira eramaten ditu.
5 Gauza bera gertatzen da mingainarekin: nahiz eta gorputzeko atal txiki bat izan, harrokeriatan ibiltzen da. Izan ere, nahikoa da su txiki bat baso erraldoi bat erretzeko!
6 Mingaina ere su bat da. Mingainak, gure gorputzeko atalen artean dagoenak, injustiziazko mundu bat irudikatzen du, zeren gorputz osoa kutsatzen du eta, Gehenaren* suaz piztuta, bizitza baten ibilbide osoari* su ematen dio.
7 Izan ere, gizakiak mota guztietako animalia basatiak, hegaztiak, narrastiak eta itsasoko animaliak domatu ditzake eta domatu ditu.
8 Baina ez dago mingaina domatu dezakeen gizakirik. Kontrolaezina eta kaltegarria da, eta pozoi hilgarriz beteta dago.
9 Mingainarekin Jehoba, Aita, goresten dugu; baina, aldi berean, gizakiak madarikatzen ditugu, «Jainkoaren irudira» eginak izan zirenak.
10 Aho beretik ateratzen dira bedeinkazioa eta madarikazioa.
Ene anaiok, hori gertatzea ez dago ondo.
11 Iturri berak ezin du aldi berean ur geza eta ur mikatza* eman, ezta?
12 Ene anaiok, pikondoak ezin du olibarik eman, edo mahatsondoak pikurik, ezta? Ur gazia ematen duen iturriak ere ezin du ur gezarik eman.
13 Nork du jakinduria eta ulermena zuen artean? Erakutsi dezala, bere jokabide onaren bidez, jakinduriak ematen duen lasaitasunez* egiten dituela bere ekintzak.
14 Baina zuek oso jeloskorrak bazarete eta zuen bihotzean liskarrak sortzeko joera baduzue*, ez ibili harrotzen, ezta egiaren aurka gezurrik esaten ere.
15 Hori ez da goitik datorren jakinduria; lurrekoa, animaliena eta deabruena da.
16 Zeren jeloskorkeria eta liskarrak* dauden tokian, desordena eta mota guztietako gauza mespretxagarri asko ere egongo dira.
17 Baina goiko jakinduria lehenik garbia da; gainera, baketsua eta arrazoitsua da, obeditzeko prest dago, errukiz eta fruitu onez betea dago, ez du bereizketarik egiten* eta ez da hipokrita.
18 Horretaz gain, bakea bultzatzen dutenek egoera baketsuan ereingo dute eta justiziaren fruitua jasoko dute*.
Oharra
^ Edo «zorrotzagoa».
^ Edo «huts».
^ Edo «gorputz osoari ere frenoa jartzeko».
^ Edo «brida; aho-uhala».
^ Edo «timoi».
^ Lit. «jaiotzaren gurpilari».
^ Edo «mingotsa».
^ Edo agian «anbizio berekoiak badituzue».
^ Edo agian «anbizio berekoiak».
^ Edo «ez da partziala».
^ Edo agian «justiziaren fruitua egoera baketsuan ereiten da bakea bultzatzen dutenentzat».

