Lukas 8:1-56
-
Jesusekin doazen emakumeak (1-3)
-
Nekazariaren parabola (4-8)
-
Zergatik erabili zituen Jesusek konparaketak (9, 10)
-
Nekazariaren parabolaren azalpena (11-15)
-
Lanpara ez da estaltzen (16-18)
-
Jesusen ama eta anaiak (19-21)
-
Jesusek ekaitza baretu (22-25)
-
Jesusek deabruak txerri-talde batera bidali (26-39)
-
Jairoren alaba; emakume batek Jesusen mantua ukitu (40-56)
8 Handik gutxira, Jesus hiriz hiri eta herriz herri ibili zen Jainkoaren Erreinuaren berri onak predikatzen eta zabaltzen. Eta Hamabiak berarekin joaten ziren,
2 baita Jesusek espiritu gaiztoetatik eta gaixotasunetatik sendatutako emakume batzuk ere: Maria, Magdalena* deitzen zutena —honengandik zazpi deabru atera ziren—,
3 Joana —Kuza izeneko Herodesen etxeko administratzailearen emaztea—, Susana eta beste emakume asko. Denek beraien ondasunekin Jesusi eta apostoluei laguntzen zieten.
4 Jesusekin batera hiriz hiri joaten zen taldeari jendetza handi bat elkartu zitzaion, eta Jesusek konparaketa hau jarri zien:
5 «Nekazari bat bere haziak ereitera atera zen. Ereitean, hauetako batzuk bide ondoan erori ziren, eta jendeak zapaldu eta zeruko txoriek jan egin zituzten.
6 Beste batzuk, harkaitz gainean erori ziren, baina hezetasunik ez zutenez, ernatu ondoren lehortu egin ziren.
7 Beste batzuk, sasi* artean erori ziren, eta beraiekin batera hazitako sasiek ito egin zituzten.
8 Beste batzuk, berriz, lur onean erori ziren eta, ernatu ondoren, ereindakoa baino fruitu gehiago eman zuten, 100 aldiz gehiago». Gauza hauek esan ondoren, ozen esan zuen: «Entzuteko belarriak dituenak adi-adi entzun dezala».
9 Baina dizipuluek konparaketa horrek zer esan nahi zuen galdetu zioten.
10 Esan zien: «Zuei Jainkoaren Erreinuaren sekretu sakratuak ulertzeko baimena eman zaizue, baina gainontzekoei dena konparaketa bidez hitz egiten zaie, horrela, begiratu arren alferrik begiratzeko, eta entzun arren ez ulertzeko.
11 Hona hemen konparaketaren esanahia: Hazia Jainkoaren mezua* da.
12 Batzuk bide ondoan erortzen dira. Horixe da pertsona batzuen kasuan gertatzen dena: mezua entzun ondoren, Deabrua etorri eta beraien bihotzetatik mezua kentzen du, sinetsi ez dezaten eta salbatuak izan ez daitezen.
13 Beste batzuk, harkaitz gainean erortzen dira. Mezua entzun, poz-pozik onartu, baina sustrairik ez duten pertsonen kasua da hau. Denbora batez sinesten dute, baina, proba garaia iristean, fedea uzten dute.
14 Bestalde, hazi batzuk sasi* artean erortzen dira. Entzun bai, baina kezkek, aberastasunek eta bizitza honetako plazerek mezua guztiz itotzen dute. Ondorioz, pertsona hauen kasuan, mezuak ez du fruitu heldurik ematen.
15 Azkenik, hazi batzuk lur onean erortzen dira. Mezua bihotz zintzo eta onez entzun ondoren, barruan gorde eta irauten eta fruitua ematen duten pertsonen kasua da hau.
16 «Olio lanpara bat piztean, inork ez du ontzi baten edo ohe baten azpian jartzen; mahai gainean jartzen du etortzen diren guztiek argia ikusteko.
17 Zeren ezkutuan dagoen guztia begi bistan geratuko da, eta kontu handiz ezkutaturik dagoen guztia ezagutzera eman eta agerian geratuko da beti.
18 Beraz, arreta jarri entzuten duzuen moduari, zeren daukanari gehiago emango zaio, baina ez daukanari, bere ustetan daukan hori ere kenduko zaio».
19 Orduan, Jesus ikustera etorri ziren bere ama eta anaiak, baina jendetza handia zegoenez, ezin zuten berarengana hurbildu.
20 Beraz, abisatu zioten: «Zure ama eta anaiak kanpoan daude zu ikusi nahian».
21 Berak erantzun zien: «Jainkoaren hitza entzun eta praktikan jartzen dutenak dira nire ama eta nire anaiak».
22 Egun batean, Jesus bere dizipuluekin txalupa batera igo zen, eta esan zien: «Pasa gaitezen lakuaren beste aldera». Eta hara abiatu ziren.
23 Baina, nabigatzen ari zirela, Jesusek lo hartu zuen. Orduan, ekaitz bortitza altxatu zen lakuan eta txalupa urez betetzen hasi zen; arriskuan zeuden.
24 Beraz, dizipuluak hurbildu eta Jesus esnatu zuten, esanez: «Maisu, Maisu, hiltzera goaz!». Jesus, orduan, altxatu eta haizeari eta olatu bortitzei gelditzeko agindu zien; hauek lasaitu egin ziren eta dena bare-bare geratu zen.
25 Orduan, esan zien: «Non da zuen fedea?». Baina beraiek, zeharo beldurtuta eta harrituta, elkarri esaten zioten: «Nor ote da hau? Haizeari eta urari aginduak ematen dizkie, eta obeditu egiten diote!».
26 Azkenik, gerasatarren lurraldeko laku bazterrera iritsi ziren, Galileako beste aldera.
27 Jesus txalupatik jaitsi bezain laster, deabruen menpe zegoen hiriko gizon bat atera zitzaion bidera. Denbora asko zeraman arroparik jantzi gabe, eta ez zen etxe batean bizi, hilobi* artean baizik.
28 Jesus ikusi zuenean, oihu egin, bere aurrean belaunikatu eta ahots ozenez esan zuen: «Zer nahi duzu nigandik, Jesus, Goi-goiko Jainkoaren Seme? Ez nazazu tormentatu, arren».
29 (Izan ere, Jesus espiritu gaiztoari* gizonarengandik ateratzeko agintzen aritu zen. Espiritu gaiztoak, askotan, gizona menpe hartzen zuen*. Gizonari behin eta berriz lotzen zizkioten eskuak eta oinak katez, eta zaintzapean jartzen zuten. Baina berak kateak puskatu egiten zituen, eta deabruak toki bakartietara eramaten zuen.)
30 Jesusek galdetu zion: «Nola duzu izena?». Erantzun zuen: «Legio», deabru asko sartu baitziren berarengan.
31 Eta behin eta berriz erregutzen zioten leize zulora ez bidaltzeko.
32 Bitartean, mendian, txerri-talde handi bat jaten ari zen. Beraz, espiritu gaiztoek txerrietan sartzen uzteko erregutu zioten Jesusi, eta berak baimena eman zien.
33 Une hartan, deabruak gizonarengandik atera, eta txerrietan sartu ziren, eta txerri-taldeak amildegitik behera lakura salto egin zuen; guztiak ito ziren.
34 Hau ikustean, txerri zaintzaileek ihes egin eta gertatutakoa kontatu zuten hirian eta landa inguruetan.
35 Orduan, jendea zer gertatu zen ikustera atera zen. Jesusengana etorri eta deabruen menpe egondako gizona ikusi zuten, jantzita, bere onean eta Jesusen oinetan eserita, eta asko beldurtu ziren.
36 Gertatutakoa ikusi zutenek, deabruen menpe egondako gizona nola sendatu zen kontatu zioten jendeari.
37 Orduan, gerasatarren lurralde inguruko pertsona askok handik alde egiteko eskatu zioten Jesusi, beldurrak jota zeuden eta. Jesus txalupara igo zen handik joateko.
38 Deabruen menpe egondako gizonak berarekin joaten uzteko erregutu zion, baina Jesusek bidali egin zuen, esanez:
39 «Itzuli etxera, eta kontatu guztiei Jainkoak zure alde egindakoa». Beraz, gizona hiri osoan zehar zabaltzen joan zen Jesusek bere alde egindakoa.
40 Jesus itzuli zenean, jendeak ongietorri beroa eman zion, zeren denak bere zain egon ziren.
41 Halako batean, Jairo izeneko gizon bat etorri zen, sinagogako buruzagietako bat. Jesusen oinetara erori eta bere etxera etortzeko erreguka hasi zitzaion,
42 bere alaba bakarra, 12 bat urtekoa, hiltzen ari zelako.
Jesus bidean jarri zenean, jendetzak alde guztietatik estutzen zuen.
43 Bazen han 12 urtez odoljarioa jasaten ari zen emakume bat, eta ez zuen inork sendatzerik lortu.
44 Atzetik hurbildu eta Jesusi mantuaren ertza ukitu zion, eta segituan odoljarioa gelditu egin zitzaion.
45 Jesusek galdetu zuen: «Nork ukitu nau?». Denek «nik ez» esan zutenean, Pedrok esan zion: «Maisu, jendea inguratzen eta estutzen ari zaizu».
46 Baina Jesusek esan zuen: «Norbaitek ukitu nau, zeren badakit nigandik indarra atera dela».
47 Ezkutuan ezin zela mantendu ikusi zuenean, emakumea Jesusengana dardarka hurbildu, bere oinetara erori eta jende guztiaren aurrean kontatu zuen Jesus zergatik ukitu zuen eta nola sendatu zen berehala.
48 Baina Jesusek esan zion: «Ene alaba, zure fedeak sendatu zaitu. Zoaz bakean».
49 Oraindik hitz egiten ari zela, sinagogako buruzagiaren ordezkari bat etorri zen esaten: «Hil da zure alaba; ez nekatu gehiago Maisua».
50 Hau entzutean, Jesusek esan zion Jairori: «Ez izan beldurrik; fedea eduki, besterik ez, eta salbatuko da».
51 Etxera iritsi zirenean, Pedro, Joan, Santiago eta neskatoaren aita eta amari bakarrik utzi zien berarekin sartzen, beste inori ez.
52 Jende guztia negarrez eta tristuraz bular-kolpeka ari zen neskatoagatik. Horregatik, Jesusek esan zien: «Ez egin negarrik; neskatoa ez dago hilda, lo dago».
53 Hori entzutean, Jesusi barre egin zioten mespretxuz, hilda zegoela zekitelako.
54 Baina berak eskutik hartu eta esan zion: «Neskato, jaiki!».
55 Eta bere espiritua* itzuli zitzaion eta berehala altxatu zen. Eta Jesusek neskatoari jaten emateko agindu zuen.
56 Noski, gurasoak pozez gainezka zeuden, baina gertatutakoa inori ez kontatzeko agindu zien Jesusek.

