Lukas 13:1-35
13 Momentu hartan, han zeuden batzuek, galilear batzuei gertatutakoa kontatu zioten Jesusi, nola Pilatok galilear hauen odola beraien sakrifizioekin nahastu zuen.
2 Jesusek erantzun zien: «Zer uste duzue? Galilear haiek beste galilear guztiak baino bekatariagoak izateagatik sufritu zituztela gauza hauek?
3 Ez, noski. Baina damutzen ez bazarete, zuek guztiak ere suntsituak izango zarete.
4 Edo zer uste duzue? Siloamgo dorrea gainera erori zitzaienean hil ziren 18 haiek, Jerusalemeko biztanle guztiak baino errudunagoak zirela?
5 Ez, noski. Baina damutzen ez bazarete, zuek guztiak ere suntsituak izango zarete beraiek bezalaxe».
6 Orduan, konparaketa hau jarri zien: «Gizon batek pikondo bat zuen bere mahastian. Piku bila joan zen, baina ez zuen bat bera ere aurkitu.
7 Orduan, mahastia zaintzen zuenari esan zion: “Hiru urte daramat pikondo honetara piku bila etortzen, baina ez dut bat bera ere aurkitu. Moztu ezazu! Zergatik okupatu alferrik lur hau?”.
8 Erantzun zion: “Jauna, utzi beste urtebetez, ingurua aitzurtu eta ximaurra* botako dut eta.
9 Aurrerago fruitua ematen badu, primeran; bestela, moztu”».
10 Behin, Jesus Larunbatez irakasten ari zen sinagoga batean.
11 Eta han zegoen emakume batek 18 urte zeraman gaixotzen zuen espiritu baten menpe. Makur-makur eginda zegoen, eta ezin zuen inola ere zuzen jarri.
12 Jesusek ikusi zuenean, berari zuzenduz, esan zion: «Emakume, zure gaixotasunetik libre zaude».
13 Jesusek eskuak gainean jarri zizkion eta, bat-batean, emakumea zuzen jarri zen, eta Jainkoari aintza ematen hasi zen.
14 Baina sinagogako buruzagia haserretu egin zen Jesusek Larunbatez sendatu zuela ikusi zuenean, eta jendetzari esan zion: «Sei egun daude lan egiteko. Beraz, etorri zaitezte egun horietako batean sendatuak izateko, eta ez Larunbatez».
15 Jaunak, aldiz, erantzun zion: «Hipokrita halakoak! Zuetako nork ez du Larunbatez bere zezena edo astoa ukuilutik* askatzen eta edatera eramaten?
16 Beraz, ez al zen beharrezkoa, Larunbata izan arren, 18 urtez Satanasek lotuta zuen Abrahamen alaba hau lokarri honetatik askatzea?».
17 Hau esan zuenean, bere aurkari guztiak lotsatuta geratu ziren, baina jendetza osoa izugarri poztu zen egiten zituen gauza zoragarriengatik.
18 Jesusek esaten jarraitu zuen: «Zeren antzekoa da Jainkoaren Erreinua? Eta zerekin konparatu dezaket?
19 Gizon batek hartu eta bere baratzean erein zuen mostaza hazia bezalakoa da. Haztean eta zuhaitz bilakatzean, zeruko txoriek habiak egin zituzten bere adarretan».
20 Eta berriro esan zuen: «Zerekin konparatu dezaket Jainkoaren Erreinua?
21 Emakume batek 10 kilo* irinetan nahastu zuen legamia bezalakoa da. Azkenean, masa osoa altxatu zen».
22 Jerusalemera bidean, Jesus hiriz hiri eta herriz herri ibili zen irakasten.
23 Orduan, gizon batek galdetu zion: «Jauna, gutxi al dira salbatzen direnak?». Jesusek esan zien:
24 «Gogor saiatu ate estutik sartzen, zeren nik esaten dizuet: Pertsona asko saiatuko dira sartzen, baina ezin izango dute.
25 Etxeko jabea jaiki eta atea giltzaz ixten duenean, kanpoan geratuko zarete ate joka, esanez: “Jauna, utzi sartzen!”. Baina erantzungo dizue: “Ez dakit nongoak zareten”.
26 Orduan, esaten hasiko zarete: “Zure aurrean jan eta edan genuen, eta gure kale nagusietan irakatsi zenuen”.
27 Baina esango dizue: “Ez dakit nongoak zareten. Alde hemendik, injustiziak egiten dituzuen guztiok!”.
28 Han bai egingo duzuela negar eta hortz karraska, Abraham, Isaak, Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren Erreinuan daudela ikustean eta zuek kanpora jaurtiak izatean.
29 Gainera, jendea etorriko da ekialdetik eta mendebaldetik, iparraldetik eta hegoaldetik, eta mahaian eseriko* dira Jainkoaren Erreinuan.
30 Eta begira!, azkenak diren batzuk lehenak izango dira, eta lehenak diren batzuk azkenak».
31 Momentu hartantxe, fariseu batzuk Jesusengana etorri eta esan zioten: «Atera eta alde hemendik, Herodes zu hil nahian dabil eta».
32 Jesusek esan zien: «Zoazte eta esan azeri horri: “Begira! Gaur eta bihar deabruak bota eta jendea sendatuko dut, eta hirugarren egunean bukatuko dut”.
33 Hala ere, gaur, bihar eta etzi bidea jarraitu behar dut, ezinezkoa* baita profeta bat Jerusalemetik kanpo hiltzea*.
34 Jerusalem, Jerusalem, profetak hil eta berarengana bidalitakoak harrikatzen dituena! Zenbat aldiz bildu nahi izan nituen zure seme-alabak oiloak bere hegalpean txitak biltzen dituen bezala! Baina ez zenuten nahi izan.
35 Begira! Jainkoak zuen etxea abandonatuko du eta zuen esku geratuko da. Nik esaten dizuet ez nauzuela inondik inora ikusiko zuek hau esan arte: “Bedeinkatua Jehobaren* izenean datorrena!”».

