Eginak 3:1-26

  • Pedrok herren bat sendatu (1-10)

  • Pedroren hitzaldia Salomonen Arkupean (11-26)

    • «Gauza guztiak zaharberritu» (21)

    • Moises bezalako profeta (22)

3  Pedro eta Joan arratsaldeko hirurak aldera*, otoitz orduan, tenplura igotzen ari ziren.  Momentu horretan, pertsona batzuk jaiotzez herrena zen gizon bat eramaten ari ziren Ederra deitzen zen tenpluko atera. Han jartzen zuten egunero, tenplura sartzen zirenei limosna* eskatzeko.  Gizonak Pedro eta Joan tenplura sartzear zeudela ikusi zuenean, limosna eskatzen hasi zitzaien.  Baina Pedro eta Joan begira-begira gelditu ziren, eta Pedrok esan zion: «Begiratu guri».  Zerbait emango ziotelakoan, arretaz begiratu zien.  Orduan, Pedrok esan zion: «Ez dut ez zilarrik, ez urrerik, baina daukadana emango dizut: Jesu Kristo Nazaretarraren izenean, ibili!».  Hori esatean, eskuineko eskutik eutsi eta altxatu egin zuen. Berehala, gizonaren oinak eta orkatilak sendotu egin ziren.  Orduan, salto batean zutik jarri eta ibiltzen hasi zen, eta tenplura sartu zen beraiekin oinez, saltoka eta Jainkoa goresten.  Jende guztiak ikusi zuen ibiltzen eta Jainkoa goresten. 10  Tenpluko Ate Ederrean limosna eskatzen zuen gizona zela konturatu ziren, eta zeharo harrituta geratu ziren, gertatutakoa sinetsi ezinik. 11  Gizona oraindik Pedro eta Joani helduta zegoela, jende guztia oso harrituta korrika joan zen beraiengana, Salomonen Arkupea deitzen zen tokira. 12  Pedrok hau ikustean, esan zien: «Israelgo gizonok, zergatik harritzen zarete, eta zergatik zaudete guri begira? Zer uste duzue, geure ahalmenagatik edo Jainkoari diogun debozioagatik jarri dugula ibiltzen, ala? 13  Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoak, gure arbasoen Jainkoak, bere Zerbitzaria, Jesus, aintzaz bete zuen. Zuek, berriz, Pilatori entregatu* eta bere aurrean baztertu egin zenuten, nahiz eta honek askatzea erabakia zuen. 14  Hala da, santua eta zuzena zen, baina zuek baztertu egin zenuten, eta hiltzaile bat askatzeko eskatu. 15  Beraz, biziaren Buruzagi Nagusia hil duzue. Baina Jainkoak hildakoen artetik berpiztu* zuen eta gu gara horren lekuko. 16  Bere izenaren bidez eta bere izenean dugun fedeari esker, ikusi eta ezagutzen duzuen gizon hau indartu egin da. Jesusengan dugun fedeagatik, gizon hau zuen begi aurrean guztiz sendatu da. 17  Anaiok, badakit ez zenekitela zertan ari zineten, eta zuen agintariek ere ez. 18  Baina horrela bete zuen Jainkoak profeta guztien bidez aurresandakoa, hau da, bere Kristok sufritu behar zuela. 19  «Beraz, damutu zaitezte eta eman buelta erdia* zuen bekatuak ezabatuak izan daitezen. Horrela, Jehobak* indarberritzeko* garaia ekarriko du 20  eta zuentzat izendatu duen Kristo bidaliko du, hau da, Jesus. 21  Honek zeruan egon behar du Jainkoak gauza guztiak zaharberrituko dituen garaia iritsi arte. Garai honi buruz antzinako profeta santuen bidez hitz egin zuen Jainkoak. 22  Izan ere, Moisesek esan zuen: “Jehobak, zure Jainkoak, zuen anaien artetik ni bezalako profeta bat aukeratuko du zuentzat. Entzun ondo esaten dizuen guztia. 23  Are gehiago, Profeta horri entzun nahi ez dion edonor*, herritik guztiz suntsitua izango da”. 24  Profeta guztiek, Samuelek eta bere ondoren hitz egin zuten guztiek, argi eta garbi hitz egin zuten garai hauei buruz. 25  Profeta haiek Jainkoak zuen arbasoekin egindako itunari buruz hitz egin zuten. Itun hori zuentzat da ere, Jainkoak Abrahami honako promesa egin baitzion: “Eta zure ondorengotzaren* bidez, lurreko familia guztiak bedeinkatuak izango dira”. 26  Jainkoak, bere Zerbitzaria aukeratu eta gero, zuek bedeinkatzeko bidali zuen lehenik, zuetako bakoitza norberaren ekintza gaiztoetatik urrunduz».

Oharra

Lit. «bederatzigarren orduan».
Edo «erruki opariak».
Edo «eraman».
Lit. «altxatu».
Edo «itzuli».
Edo «atsedena lortzeko»
Edo «edozein arima».
Lit. «haziaren».