Eginak 22:1-30
22 «Anaiak eta aitak, entzun nire alde esan behar dudana».
2 Hebreeraz hitz egiten ari zitzaiela entzun zutenean, are isilago gelditu ziren. Orduan, Paulok esan zien:
3 «Judua naiz, Ziliziako Tarson jaioa, baina hiri honetan Gamalielen oinetan ikasia. Gure arbasoen Legea zorrotz obeditzen irakatsi zidaten eta zuek gaur Jainkoari erakusten diozuen debozio bera izan dut.
4 Hiltzeraino pertsegitzen nituen Bidea jarraitzen zutenak; bai gizonak, bai emakumeak, lotu eta kartzelan sartzen nituen.
5 Apaiz nagusia eta adindun biltzar osoa dira horren lekuko. Haiek eman zizkidaten Damaskoko anaia juduentzako gutunak, eta hara joaten ari nintzen bertan Bidearen parte zirenak Jerusalemera lotuta ekarri eta zigortzeko.
6 «Baina bidean, Damaskotik hurbil nengoela, eguerdi aldera, bat-batean, zerutik etorritako argi distiratsu batek guztiz inguratu ninduen,
7 eta lurrera erori nintzen eta ahots bat entzun nuen esaten: “Saulo, Saulo, zergatik pertsegitzen nauzu?”.
8 Galdetu nion: “Nor zara, Jauna?”. Eta erantzun zidan: “Jesus Nazaretarra naiz, pertsegitzen ari zarena”.
9 Nirekin zeuden gizonek argia ikusi zuten, baina ez zuten hitz egiten ari zitzaidanaren ahotsa entzuten*.
10 Orduan, esan nuen: “Zer egin behar dut, Jauna?”. Jaunak esan zidan: “Altxa, zoaz Damaskora eta han esango dizute zer erabaki den zuk egitea”.
11 Baina argiaren distiragatik ezer ikusten ez nuenez, nirekin zeuden gizonek eskutik hartu eta Damaskoraino eraman ninduten.
12 «Bazen han Ananias izeneko gizon bat, Legearen arabera debozioz betea, eta han bizi ziren judu guztiek ongi hitz egiten zuten berari buruz.
13 Niregana etorri zen eta, ondoan jarriz, esan zidan: “Saulo, anaia, ikusi berriro!”. Momentu hartantxe gora begiratu eta bera ikusi nuen.
14 Esan zuen: “Gure arbasoen Jainkoak aukeratu zaitu bere borondatea ezagutzeko, Zuzena ikusteko eta honen ahotsa entzuteko.
15 Izan ere, bere lekuko izango zara entzun eta ikusi duzunari buruz guztien aurrean.
16 Zeren zain zaude, ba? Altxa, bataiatu eta garbitu zure bekatuak bere izenari dei eginez”.
17 «Baina Jerusalemera itzultzean, tenpluan otoitz egiten ari nintzela, ikuskari bat izan nuen.
18 Jauna ikusi nuen eta esan zidan: “Mugitu, atera berehala Jerusalemetik, ez baitute niri buruz ematen duzun testigantza onartuko”.
19 Eta esan nion: “Jauna, beraiek ondo dakite sinagogaz sinagoga ibiltzen nintzela zugan sinesten zutenak kartzelan sartzeko eta jipoitzeko.
20 Eta Esteban zure lekukoaren odola isurtzen ari zirenean, han nengoen ni, zutik, guztia onartzen eta hiltzaileen mantuak zaintzen”.
21 Eta, hala ere, esan zidan: “Zoaz, zeren urrutiko nazioetara bidaliko zaitut”».
22 Hau esan arte entzun zioten, baina orduan, oihuka esan zuten: «Kendu gizon hau lurretik! Ez du bizitzerik merezi!».
23 Haiek, oihuka, mantuak hara eta hona astintzen eta hautsa airera botatzen ari zirenez,
24 komandante militarrak Paulo soldaduen kuartelera sartzeko agindu zuen. Pauloren kontra modu honetan oihuka zergatik ari ziren zehatz-mehatz jakin nahi zuenez, zigortuz* galdeketa egiteko ere agindu zien soldaduei.
25 Baina zigortzeko lotu zutenean, Paulok han zegoen armadako ofizialari esan zion: «Uzten al dizue legeak erromatar* bat epaitu* gabe zigortzen?».
26 Armadako ofizialak hau entzutean, komandante militarrarengana honen berri ematera joan zen, eta esan zion: «Zer egingo duzu? Gizon hau erromatarra da».
27 Orduan, komandante militarra Paulorengana etorri eta galdetu zion: «Esadazu, erromatarra zara?». «Bai», erantzun zion Paulok.
28 Komandante militarrak esan zion: «Nik diru asko ordainduz lortu nituen hiritar eskubideak». Paulok, berriz: «Ba, nik jaiotzez dauzkat».
29 Berehala, torturapean galdeketa egitear zeuden gizonak berarengandik baztertu ziren; eta komandante militarra beldurtu egin zen erromatar bat katez lotu zuela konturatzean.
30 Hurrengo egunean, juduek zergatik akusatzen zuten zehatz-mehatz jakin nahi zuenez, apaizburuak eta Sanedrin osoa elkartzeko agindu zuen. Gero, bilduta zeuden tokira jaitsi eta beraien aurrean jarri zuen Paulo.

