2 Timoteori 1:1-18

  • Agurrak (1, 2)

  • Pauloren eskerrak Jainkoari Timoteoren fedearengatik (3-5)

  • «Bizitu ezazu Jainkoaren dohaina» (6-11)

  • Segi gogor eusten hitz osasuntsuei (12-14)

  • Pauloren etsaiak eta lagunak (15-18)

1  Nik, Paulok —Jainkoaren borondatez Kristo Jesusen apostoluak, Kristo Jesusen bidez datorren bizitzaren promesarekin bat eginez—, 2  Timoteori, nire seme kuttunari: Egon daitezela zurekin Jainko Aitaren eta Kristo Jesus gure Jaunaren merezigabeko eskuzabaltasuna, errukia eta bakea. 3  Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari —kontzientzia garbiarekin eta nire arbasoek egin zuten antzera zerbitzu sakratua ematen diodan Jainkoari—, eta gau eta egun egiten ditudan erreguetan ez naiz inoiz zutaz ahazten. 4  Zure malkoez oroitzen naizenean, zu ikusteko irrikaz betetzen naiz. Eta ikusten bazaitut, pozez zoratzen egongo naiz. 5  Zeren gogoratzen dut zure hipokrisiarik gabeko fedea. Fede hori Loida zure amonak eta Eunize zure amak izan zuten lehendabizi, eta ziur nago zuk ere badaukazula. 6  Arrazoi horrengatik, ondorengoa gogoratzen dizut: suarekin egiten den bezalaxe, bizitu ezazu Jainkoaren dohaina, nik eskuak ezartzean jaso zenuen dohaina. 7  Zeren Jainkoak eman zigun espirituak ez gaitu koldar egiten, baizik eta boterea, maitasuna eta zentzu ona ematen dizkigu. 8  Beraz, ez zaitez gure Jaunari buruz testigantza emateaz lotsatu, ezta nitaz ere, berarengatik preso naizen honetaz. Horren ordez, onartu berri onengatik sufritu behar dituzun zailtasunak, Jainkoaren boterean konfiantza izanez. 9  Berak salbatu gintuen eta dei santu baten bidez deitu zigun, baina ez gure ekintzengatik, baizik eta bere helburuarengatik eta bere merezigabeko eskuzabaltasunarengatik. Merezigabeko eskuzabaltasun hori duela denbora pila bat erakutsi zitzaigun Kristo Jesusen bidez, 10  baina orain argi eta garbi geratu da gure Salbatzailearen, Kristo Jesusen, agerpenari esker. Berak heriotza baliogabetu du eta, berri onen bidez, bizia eta usteldu ezin den gorputza nola izan ditzakegun argitu du. 11  Berri on horiengatik izan nintzen predikatzaile, apostolu eta irakasle izendatua. 12  Horregatik ere ari naiz gauza guzti hauek sufritzen, baina ez naiz lotsatzen. Zeren sinesten dudan Jainkoa ezagutzen dut, eta ziur nago bere esku utzi dudana egun hori iritsi arte zaintzeko gai dela. 13  Segi gogor eusten niregandik entzun zenituen hitz osasuntsuen* patroiari*, Kristo Jesusengan dauden fedea eta maitasuna erakutsiz. 14  Zaindu zure esku utzi den altxor eder hori, guregan bizi den espiritu santuaren laguntzarekin. 15  Badakizu Asiako probintziako guztiek, Figelok eta Hermogenesek barne, abandonatu egin nautela. 16  Erakutsi diezaiela Jaunak errukia Onesifororen etxekoei, zeren berak askotan animatu ninduen eta ez zen nire preso kateez lotsatu. 17  Horren ordez, Erroman egon zenean, nire bila ibili zen atsedenik hartu gabe, aurkitu ninduen arte. 18  Jaunaren baimenarekin, aurkitu dezala egun horretan Onesiforok Jehobaren* partetik datorren errukia. Zuk ongi dakizu zenbat egin zuen nire alde Efeson.

Oharra

Edo «onuragarrien, sanoen».
Edo «zirriborroari».