Mateo 13:1-58
-
ERREINUAREN PARABOLAK (1-52)
-
Nekazaria (1-9)
-
Zergatik erabili zituen Jesusek konparaketak (10-17)
-
Nekazariaren parabolaren azalpena (18-23)
-
Hazi ona eta belar txarra (24-30)
-
Mostaza hazia eta legamia (31-33)
-
Konparaketak erabiltzeak profezia bat betetzen du (34, 35)
-
Hazi onaren eta belar txarraren parabolaren azalpena (36-43)
-
Ezkutatutako altxorra eta balio handiko perla (44-46)
-
Arrantza sarea (47-50)
-
Altxor berri eta zaharrak (51, 52)
-
-
Jesus bere herrian baztertua (53-58)
13 Egun hartan, Jesus etxetik irten eta itsasertzean eseri zen.
2 Bere inguruan jendetza handi bat bildu zen. Beraz, txalupa batera igo eta bertan eseri zen. Jendetza, berriz, hondartzan geratu zen zutik.
3 Orduan, gauza asko irakatsi zizkien konparaketak erabiliz. Esan zien: «Entzun! Nekazari bat ereitera atera zen.
4 Ereitean, hazi batzuk bide ondoan erori ziren, eta txoriak etorri eta jan egin zituzten.
5 Beste batzuk harri artean erori ziren, lur askorik ez zegoen tokian, eta lurrak sakontasunik ez zuenez, berehala hasi ziren hazten.
6 Baina eguzkia atera zenean, landareak lehortu eta sustrairik ez zutenez, zimeldu egin ziren.
7 Beste batzuk sasi* artean erori ziren eta, sasiak hazi zirenean, ito egin zituzten.
8 Besteak lur onean erori ziren, eta ereindakoa baino fruitu gehiago ematen hasi ziren: batzuk 100 aldiz gehiago, beste batzuk 60 eta besteak 30.
9 Belarriak dituenak adi-adi entzun dezala».
10 Beraz, dizipuluak hurbildu eta galdetu zioten: «Zergatik irakasten diezu konparaketak erabiliz?».
11 Jesusek erantzun zien: «Zuei zeruko Erreinuaren sekretu sakratuak ulertzeko baimena eman zaizue, baina beraiei ez.
12 Zeren daukanari gehiago emango zaio, eta gainezka izango du; baina ez daukanari daukana ere kenduko zaio.
13 Horrexegatik irakasten diet konparaketak erabiliz. Izan ere, begiratu bai, baina alferrik begiratzen dute; eta entzun bai, baina alferrik entzuten dute, eta ez dute ezertxo ere ulertzen.
14 Eta beraien kasuan Isaiasen profezia hau betetzen da: “Entzungo duzue, baina ez duzue inola ere ulertuko; begiratuko duzue, baina ez duzue inola ere ikusiko.
15 Herri honen bihotza gogortu egin baita. Belarriak tapatu dituzte* eta begiak itxi. Horrela, ez dute inoiz begiekin ikusiko, belarriekin entzungo, bihotzarekin ezertxo ere ulertuko, eta ez dira niregana itzuliko nik sendatzeko”.
16 «Hala ere, zuek zoriontsuak zarete zuen begiek ikusten dutelako eta zuen belarriek entzuten dutelako.
17 Zeren benetan esaten dizuet: profeta eta gizon zintzo askok zuek ikusten ari zaretena ikusi nahi izan zuten, baina ez zuten ikusi, eta zuek entzuten ari zaretena entzun nahi izan zuten, baina ez zuten entzun.
18 «Entzun, ba, zer esan nahi duen erein zuen nekazariaren konparaketak.
19 Alde batetik, bide ondoan ereindako hazia dago; hau Erreinuko mezua* entzun, baina ulertzen ez duen pertsonaren kasua da. Orduan, Gaiztoa etorri eta bere bihotzean ereindakoa sustraitik ateratzen du.
20 Badago ere harri artean ereindako hazia; mezua entzun eta berehala poz-pozik onartzen duen pertsonaren kasua da hau.
21 Baina bere barruan sustrai sendorik ez daukanez, nahiz eta denbora batez aurrera egin, mezuarengatik zailtasunak eta pertsekuzioa etortzen direnean, berehala estropezu egiten* du.
22 Bestalde, sasi* artean ereindako hazia dago; mezua entzun, baina aberastasunen segurtasun faltsua eta sistema* honetako kezkak direla eta, mezua itotzen uzten duen pertsonaren kasua da hau. Ondorioz, ez du fruiturik ematen.
23 Eta azkenik, lur onean ereindako hazia dago; hau mezua entzun eta honen esanahia ulertzen duen pertsonaren kasua da. Honek bai ematen duela fruitua; batzuek ereindakoa baino 100 aldiz gehiago ematen dute, beste batzuek 60 eta besteek 30».
24 Orduan, beste konparaketa bat jarri zien: «Zeruko Erreinua bere soroan hazi ona erein zuen gizon batekin konparatu daiteke.
25 Guztiak lo zeuden bitartean, gizonaren etsaia etorri zen eta gari artean belar txarra* erein ondoren, alde egin zuen.
26 Garia hazi eta galburuak atera zirenean, belar txarra ere agertu zen.
27 Beraz, etxeko nagusiaren morroiak etorri eta esan zioten: “Nagusi, ez al zenuen hazi ona erein zure soroan? Nolatan atera da, ba, belar txarra?”.
28 Berak esan zien: “Nire etsaia den gizon batek egin du hau”. Eta morroiek esan zioten: “Nahi al duzu belar txarra ateratzera joatea?”.
29 Berak esan zien: “Ez, belar txarrarekin batera, garia ere aterako duzuen beldur naiz eta.
30 Utzi biak elkarrekin hazten uzta garaia iritsi arte. Eta uzta garaian, uzta biltzaileei esango diet: ‘Lehendabizi belar txarrak atera eta erretzeko lotu. Eta gero, garia bildu eta nire biltegian gorde’”».
31 Beste konparaketa hau ere jarri zien: «Zeruko Erreinua gizon batek hartu eta bere soroan erein zuen mostaza haziarekin konparatu daiteke.
32 Dudarik gabe, hazi guztien artean txikiena da, baina haztean, baratzeko landarerik handiena da, eta zuhaitz bilakatzen da. Eta bere adarretan babesten dira zeruko txoriak».
33 Beste konparaketa bat eman zien: «Zeruko Erreinua honekin konparatu daiteke: Emakume batek 10 kilo* irinetan nahastu zuen legamiarekin. Azkenean masa osoa altxatu egin zen».
34 Jesusek gauza guzti hauek konparaketak erabiliz irakasten zizkion jendetzari. Izan ere, konparaketak erabiliz hitz egiten zien beti.
35 Horrela, profetaren bidez esandako hau bete zen: «Konparaketak erabiliz hitz egingo dut. Hasieratik* ezkutuan zegoena azalduko dut».
36 Gero, jendetza agurtu ondoren, etxera joan zen. Bere dizipuluak hurbildu, eta esan zioten: «Azaldu soroan ereindako belar txarraren konparaketa».
37 Berak erantzun zien: «Hazi ona ereiten duena, Gizonaren Semea da.
38 Soroa mundua da. Hazi ona, berriz, zeruko Erreinuan sartuko direnak*. Belar txarra gaiztoari obeditzen diotenak* dira,
39 eta hau erein zuen etsaia, Deabrua. Uzta, bestalde, sistema* baten amaiera* da, eta uzta biltzaileak, aingeruak.
40 Beraz, belar txarra lotu eta sutan erretzen den bezala, gauza bera gertatuko da sistemaren* amaieran*.
41 Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu eta, bekatura* eramaten duten gauza guztiak eta legea hausten duten pertsonak, bere Erreinutik aterako dituzte
42 eta suzko labera botako. Han bai egingo dutela negar eta hortz karraska.
43 Garai horretan, zintzoek eguzkiak bezala distiratuko dute beraien Aitaren Erreinuan. Belarriak dituenak adi-adi entzun dezala.
44 «Zeruko Erreinua zelaian ezkutatutako altxor batekin konparatu daiteke. Gizon batek aurkitu eta berriro ezkutatu zuen; eta oso pozik zegoenez, zeukan guztia saldu eta zelai hura erosi zuen.
45 «Zeruko Erreinua kalitate oneko perlak bilatzen zituen merkatari batekin ere konparatu daiteke.
46 Balio handiko perla bat aurkitu zuenean, joan eta, zeukan guztia segituan saldu ondoren, perla hura erosi zuen.
47 «Gainera, zeruko Erreinua itsasora bota eta mota guztietako arrainak harrapatzen dituen sarearekin konparatu daiteke.
48 Bete zenean, sarea hondartzara arrastaka eraman, eseri eta arrain onak saskitan bildu zituzten, baina txarrak, berriz, bota.
49 Gauza bera gertatuko da sistemaren* amaieran*. Aingeruak etorriko dira, eta gaiztoak zintzoen artetik bereiziko dituzte.
50 Orduan, gaiztoak suzko labera botako dituzte. Han bai egingo dutela negar eta hortz karraska».
51 Jesusek galdetu zien: «Ulertu al duzue zer esan nahi duten gauza guzti hauek?». Beraiek erantzun zioten: «Bai».
52 Orduan esan zien: «Ulertu duzuenez, jakin ezazue zeruko Erreinuari buruz ikasi duten maisu guztiak honekin konparatu daitezkeela: bere altxorretik gauza berriak eta zaharrak ateratzen dituen etxeko nagusiarekin».
53 Konparaketa hauek jarri ondoren, Jesus joan egin zen.
54 Bere herrira iritsi zenean, bertako sinagogan irakasten hasi zen, eta jendea zur eta lur geratu zen. Esaten zuten: «Non lortu ditu gizon honek jakinduria hau eta mirari hauek egiteko boterea?
55 Ez al da hau arotzaren semea? Bere ama ez al da Maria, eta bere anaiak Santiago, Jose, Simon eta Judas?
56 Eta bere arrebak ez al dira guztiak gure artean bizi? Orduan, nola esan eta egin ditzake gauza guzti hauek?».
57 Eta hau berarengan sinesteko oztopo bat izan zen*. Baina Jesusek esan zien: «Profeta bati edonon ematen zaio ohore, bere herrian eta etxean izan ezik».
58 Eta beraien fede faltarengatik, han ez zituen mirari asko egin.
Oharra
^ Edo «arantza, elorri».
^ Edo «Beraien belarriek kasu egin gabe entzun dute».
^ Edo «hitza».
^ Edo «fedea uzten».
^ Edo «arantza, elorri».
^ Edo «iraka». Jatorrizko testua Israelen hazi eta gariaren antzekoa den belar pozoitsu bati buruz ari da.
^ Lit. «hiru sea neurri». Sea bat 7,33 litro ziren.
^ Edo agian «munduaren sorreratik». Lit. «sorreratik».
^ Lit. «Erreinuaren semeak».
^ Lit. «Gaiztoaren semeak».
^ Edo «azken zatia».
^ Edo «azken zatian».
^ Edo «estropezu egitera».
^ Edo «azken zatian».
^ Edo «Eta berarengatik estropezu egiten hasi ziren».

