Markos 8:1-38

  • Jesusek 4.000 gizoni ematen die jaten (1-9)

  • Seinale baten eskaera (10-13)

  • Fariseuen eta Herodesen legamia (14-21)

  • Jesusek, Betsaidan, gizon itsu bat sendatu (22-26)

  • Pedrok Kristo identifikatu (27-30)

  • Jesusek bere heriotza aurresan (31-33)

  • Benetako dizipulu izatea (34-38)

8  Egun haietan, jendetza handi bat bildu zen berriro. Jateko ezertxo ere ez zutenez, Jesusek bere dizipuluei deitu eta esan zien: 2  «Jendetza hau ikusteak zeharo hunkitzen nau, zeren dagoeneko hiru egun pasa dituzte nirekin eta ez dute jateko ezer. 3  Beraien etxeetara goseturik* bidaltzen baditut, bidean zorabiatu egingo dira, eta batzuk oso urrutitik etorri dira». 4  Baina bere dizipuluek erantzun zioten: «Toki hau oso aparte dago. Nondik atera dezake inork nahiko ogi pertsona guzti hauek asetzeko?». 5  Orduan, Jesusek galdetu zien: «Zenbat ogi dituzue?». Eta dizipuluek: «Zazpi». 6  Eta jendeari lurrean esertzeko agindu zion. Orduan, zazpi ogiak hartu, Jainkoari eskerrak eman, zatitu eta dizipuluei ematen hasi zen. Hauek, berriz, jendetzari banatu zizkioten. 7  Arrain txiki gutxi batzuk ere bazituzten eta, otoitz egin* ondoren, hauek ere banatzeko esan zien. 8  Beraz, jan zuten eta bapo eginda geratu ziren, eta soberan geratu ziren zatiekin zazpi saski handi bete zituzten. 9  4.000 gizon inguru zeuden. Gero, agurtu egin zituen. 10  Segituan, bere dizipuluekin txalupara igo eta Dalmanuta lurraldera iritsi zen. 11  Han, fariseuak Jesusengana hurbildu eta berarekin eztabaidan hasi ziren eta, bera probatu nahian, zeruko seinale bat exijitzen zioten. 12  Barru-barrutik arnas sakona bota eta esan zuen: «Zergatik dabil belaunaldi hau seinale baten bila? Benetan esaten dizuet: belaunaldi honi ez zaio seinalerik emango». 13  Haiek utzita, txalupara igo zen berriro eta beste aldeko itsasertzera joan zen. 14  Baina dizipuluei ogia eramatea ahaztu zitzaien, eta txalupan ogi bakarra zuten. 15  Eta Jesusek argi eta garbi abisatu zien: «Mantendu begiak zabalik. Kontuz ibili fariseuen legamiarekin eta Herodesen legamiarekin». 16  Beraz, beraien artean eztabaidan hasi ziren ogirik ez zutelako. 17  Jesus honetaz konturatu, eta esan zien: «Zergatik ari zarete ika-mikan ogirik ez izateagatik? Ez al duzue oraindik konprenitzen? Ez al duzue ulertzen? Zuen bihotza ez da oraindik ulertzeko gai? 18  “Begiak dituzue, eta ez duzue ikusten? Belarriak dituzue, eta ez duzue entzuten?”. Ez al duzue gogoratzen 19  5.000 gizonentzat bost ogi zatitu nituenean, zenbat saski bete zenituzten soberan geratu zenarekin?». Erantzun zioten: «Hamabi». 20  «Eta 4.000 gizonentzat zazpi ogi zatitu nituenean, zenbat saski handi bete zenituzten soberan geratu zenarekin?». «Zazpi», erantzun zioten. 21  Orduan, galdetu zien: «Ez al duzue oraindik ulertzen?». 22  Gero Betsaidara iritsi ziren. Han, gizon itsu bat ekarri zioten, eta ukitzeko erregutu zioten. 23  Eta Jesusek itsua eskutik hartu eta herritik kanpora eraman zuen. Gizonari begietan txistua bota* ondoren, eskuak bere gainean jarri eta galdetu zion: «Ikusten al duzu zerbait?». 24  Gizonak begirada altxatu eta esan zuen: «Jendea ikusten dut, baina ibiltzen ari diren zuhaitzak ematen dute». 25  Jesusek berriro eskuak gizonaren begietan jarri zituen, eta gizonak argi ikusi zuen. Ikusmena berreskuratu eta dena argi eta garbi ikusi zezakeen. 26  Gero, gizona etxera bidali zuen, esanez: «Ez sartu herrian». 27  Ondoren Jesus, bere dizipuluekin batera, Filiporen Zesareako herrietara joan zen, eta bidean galdetu zien: «Nor naizela esaten du jendeak?». 28  Erantzun zioten: «Joan Bataiatzailea. Baina beste batzuek Elias zarela esaten dute eta beste batzuek, berriz, profetaren bat». 29  Eta galdetu zien: «Eta zuek? Nor naizela diozue?». Pedrok erantzun zion: «Zu Kristo zara». 30  Orduan, Jesusek zorrotz agindu zien inori ez kontatzeko. 31  Eta Gizonaren Semeak asko sufritu beharko zuela irakasten hasi zitzaien, eta adindun, apaizburu eta lege maisuek baztertuko zutela, hilko zutela eta hiru egun beranduago berpiztua* izango zela. 32  Argi esaten zien hau. Baina Pedrok aparte hartu eta errieta* egiten hasi zitzaion. 33  Orduan, buelta eman, dizipuluei begiratu eta Pedrori errieta egin zion, esanez: «Jarri nire atzean, Satanas! Ez duzulako Jainkoak bezala pentsatzen, gizakiak bezala baizik». 34  Orduan, jendetzari eta bere dizipuluei deitu eta esan zien: «Norbaitek nire jarraitzaile izan nahi badu, bere burua ukatu*, bere tortura zutoina* hartu eta niri jarraitzen segi dezala. 35  Zeren bere bizia salbatu nahi duenak galdu egingo du, baina bizia niregatik eta berri onengatik galtzen duenak salbatu egingo du. 36  Ea, ba, zertarako balio dio norbaiti mundu osoko gauzak eskuratzeak bere bizia galtzen badu? 37  Edo, zer eman dezake norbaitek bere biziaren truke? 38  Beraz, norbait, belaunaldi desleial* eta bekatari honen erdian, nitaz eta nire hitzez lotsatzen bada, Gizonaren Semea ere hartaz lotsatuko da aingeru santuekin batera bere Aitaren aintzan etortzen denean».

Oharra

Edo «baraurik».
Edo «bedeinkapen bat esan».
Edo «listua bota; tu egin».
Lit. «altxatua».
Edo «agiraka».
Edo «bere buruarentzat bizitzeari utzi».
Lit. «adultero».