Judas 1:1-25
1 Nik, Judasek —Jesu Kristoren morroiak eta Santiagoren anaiak—, Jainko Aitak maite dituen eta Jesu Kristorentzat gordeak izan diren deituei:
2 Jaso dezazuela geroz eta erruki, bake eta maitasun handiagoa.
3 Anai-arreba maiteok, ahal nuen guztia egiten ari nintzen amankomunean dugun salbamenari buruz zuei idazteko. Baina beharrezkoa iruditu zait zuei honakoa erregutzeko idaztea: gogor egin borroka fedearen alde, santuei behin eta betirako emandakoaren alde.
4 Idazteko dudan arrazoia hau da: Idazkiek aspaldi aurresan zuten bezala, kondenatuak izateko* gizon batzuk egongo ziren eta gizon horiek zuen artean isilean sartu dira. Jainkoa errespetatzen ez duten gizonak dira; Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasuna jokabide lotsagabean* aritzeko aitzakia bezala hartzen dute, eta gure Jaun eta Jabe bakarra den Jesu Kristori desleialak dira.
5 Nahiz eta ondo baino hobeto dakizuen, honako hau gogorarazi nahi dizuet: Jehobak*, herri bat Egiptotik salbatu ondoren, fedea erakutsi ez zutenak suntsitu zituela.
6 Eta aingeruak ere, jatorrizko lekuan mantendu ez zirenak eta zegokien bizilekua abandonatu zutenak, Jainkoak iluntasun sakonean gorde ditu kate hautsiezinez lotuta, egun handiko epaia iritsi arte.
7 Era berean, Sodoma eta Gomorra eta inguruko hiriek ere sexu moralgabekeria* nazkagarria praktikatu zuten eta naturaren aurkako haragiaren desioak asetzea bilatu zuten. Betirako suaren epai zigorra sufritu zutenez, gure aurrean abisu bezala jarri diren adibideak dira.
8 Hala eta guztiz ere, gizon horiek ere ameskerietan erortzen dira, gorputza* kutsatzen dute, autoritatea mespretxatzen dute eta aintzaz beterikoez modu iraingarrian hitz egiten dute.
9 Baina Mikel goiaingeruak Moisesen gorputzari buruz Deabruarekin eztabaida bat izan zuenean, ez zen hitz iraingarrien bidez bera kondenatzera ausartu, baizik eta esan zion: «Jehobak epaitu zaitzala».
10 Gizon horiek, berriz, benetan ulertzen ez dituzten gauza guztiei buruz modu iraingarrian hitz egiten dute. Eta, animalia zentzugabeek bezala, instintiboki ulertzen dituzten gauza guztietan euren buruak usteltzen jarraitzen dute.
11 Ai, gizagaixoak! Izan ere, Kainen bidea jarraitu dute, Balaamen jokaera okerrean buru-belarri sartu dira sari bila eta Korek bezala modu errebeldean hitz egiteagatik suntsituak izan dira.
12 Gizon horiek, zuen anaiarteko banketeetan* zuekin batera jaten duten bitartean, ur azpian ezkutatuta dauden arrokak dira; lotsarik gabe euren buruan bakarrik pentsatzen duten* artzainak dira; haizeak hara eta hona eramaten dituen ur gabeko hodeiak dira; udazken amaieran fruiturik eman ez duten arbolak dira, guztiz* hil direnak eta sustraitik atereak izan direnak;
13 itsasoko olatu bortitzak dira, beraien lotsaren aparra* botatzen dutenak; norabiderik gabeko izarrak dira, iluntasunik beltzenean betirako egongo direnak.
14 Bai, Henokek ere —Adamengandik hasita zazpigarrenak— beraiei buruz profetizatu zuen hau esatean: «Begira! Jehoba bere milaka eta milaka* santurekin batera etorri zen
15 jende guztia epaitzera eta Jainkoa errespetatzen ez zutenak kondenatzera, gaiztakeriaz egin zituzten ekintza gaiztoengatik eta Jainkoa errespetatzen ez zuten bekatari horiek bere aurka esan zituzten gauza iraingarri guztiengatik».
16 Gizon horiek marmarti batzuk dira, bizitzan izandako zoriagatik kexaka ari direnak eta euren desio propioen atzetik ibiltzen direnak. Harrokeria besterik ez dute ahoan, eta besteei goxo-goxo* hitz egiten diete* interes propiorako.
17 Baina zuek, anai-arreba maiteok, gogoratu gure Jaun Jesu Kristoren apostoluek aurresan zutena.
18 Askotan esaten zizueten: «Azken egunetan* zuzenak diren gauzez barre egingo dutenak egongo dira, euren desio gaiztoen atzetik ibiliko direnak».
19 Horiek dira zatiketak sortzen dituztenak; animaliak bezala jokatzen dute*, espiritualtasunik* gabe.
20 Baina zuek, anai-arreba maiteok, sendotu* zeuen buruak zeuen fede santu-santuaren oinarriaren gainean eta egin otoitz espiritu santuz.
21 Horrela, Jainkoaren maitasunean jarraituko duzue, gure Jaun Jesu Kristoren errukia —betirako bizira daraman errukia— itxaroten duzuen bitartean.
22 Gainera, segi errukia erakusten zalantzak dituztenei;
23 salbatu itzazue sutatik indarrez atereaz. Jarraitu ezazue besteei errukia erakusten; baina egin kontu handiz*, bekatuarekin* zikindua izan den arropa ere gorrotatuz.
24 Jainkoak bekatuan ez erortzen eta bere aintzaren aurrean akatsik gabe eta pozez beteta mantentzen lagundu ahal dizue.
25 Jaso dezala gure Jainko bakar horrek —gure Salbatzaileak—, Jesu Kristo gure Jaunaren bidez, aintza, maiestatea, boterea eta autoritatea eternitate osoan: lehen, orain eta betirako. Amen.
Oharra
^ Edo «epai honetarako».
^ Hau da, euren eta besteen gorputza.
^ Edo «zuen maitasun otorduetan».
^ Lit. «beldurrik gabe euren buruak elikatzen dituzten».
^ Lit. «bi aldiz».
^ Edo «bitsa».
^ Edo «bere hamar milaka».
^ Edo «lausenguz».
^ Edo «eta izaerak miresten dituzte».
^ Lit. «Azken garaian».
^ Edo «haragizko gizonak dira».
^ Lit. «espiriturik».
^ Lit. «edifikatu; eraiki».
^ Lit. «beldurrez».
^ Lit. «haragiarekin».

