Joan 4:1-54
4 Honen ondoren, Jesus Joan baino dizipulu gehiago egiten eta bataiatzen ari zela esan zieten fariseuei. Jesusek* hau jakin zuenean,
2 —nahiz eta ez izan Jesus bataiatzen zuena, bere dizipuluak baizik—,
3 Judeatik atera eta Galileara joan zen berriro.
4 Baina Samarian zehar pasa behar zuen.
5 Iritsi zen, ba, Sikar izeneko Samariako hiri batera, Jakobek bere seme Joseri eman zion sorotik hurbil.
6 Hain zuzen ere, han, Jakoben putzua* zegoen. Eta Jesus, bidaiaz nekatuta, putzu ondoan eseri zen. Eguerdiko hamabiak inguru ziren*.
7 Orduan, Samariako emakume bat etorri zen ura ateratzera. Jesusek esan zion: «Emadazu ur pixka bat».
8 (Bere dizipuluak hirira joanak ziren janaria erostera.)
9 Orduan, emakume samariarrak galdetu zion: «Nolatan, ba, zuk, judua izanda, eskatzen didazu ura niri, emakume samariarra izanda?». (Zeren juduek ez dute traturik samariarrekin.)
10 Jesusek erantzun zion: «Jainkoaren oparia ezagutuko bazenu eta “emadazu ur pixka bat” esaten dizuna nor den jakingo bazenu, zuk eskatuko zenioke ura eta berak ur bizia emango lizuke».
11 Emakumeak esan zion: «Jauna, ez duzu ura ateratzeko ezer eta putzua sakona da. Nondik lortuko duzu ur bizi hori?
12 Zu ez zara gure arbaso Jakob baino handiagoa, ezta? Berak eman zigun putzu hau eta, bere seme eta abereekin batera, bertatik edan zuen».
13 Jesusek erantzun zion: «Ur honetatik edaten duten guztiak, berriro ere egarri izango dira.
14 Baina nik ematen diodan uretik edaten duena, ez da sekula egarri izango; zeren nik emango diodan ura betirako bizia ematen duen iturri bihurtuko da bere barruan».
15 Emakumeak eskatu zion: «Jauna, emadazu ur horretatik. Horrela, ez naiz gehiago egarri izango, eta ez dut hona ura ateratzera behin eta berriz etorri beharko».
16 Jesusek esan zion: «Zoaz, deitu zure senarrari eta itzuli hona».
17 Emakumeak erantzun zion: «Ez dut senarrik». Jesusek esan zion: «Arrazoi duzu senarrik ez duzula esatean,
18 zeren bost izan dituzu eta orain duzun gizona ez da zure senarra. Egia diozu».
19 Emakumeak esan zion: «Jauna, profeta zarela ikusten dut.
20 Gure arbasoek Jainkoa mendi honetan adoratzen zuten, baina adoratu behar den tokia Jerusalem dela esaten duzue zuek».
21 Jesusek esan zion: «Benetan esaten dizut, emakume: badator, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko duzuen ordua.
22 Zuek ezagutzen ez duzuena adoratzen duzue; guk ezagutzen duguna adoratzen dugu, salbamena juduekin hasten baita.
23 Baina badator —dagoeneko iritsi da— benetako adoratzaileek Aita espirituz eta egiaz adoratuko duten ordua. Zeren, dudarik gabe, Aita horrelako pertsonen bila dabil bera adoratu dezaten.
24 Jainkoa espiritu bat da, eta bera adoratzen dutenek espirituz eta egiaz adoratu behar dute».
25 Emakumeak esan zion: «Badakit Mesias datorrela, Kristo deitzen dutena. Etortzen denean, gauza guztiak azalduko dizkigu».
26 Jesusek erantzun zion: «Ni naiz hori, zurekin hitz egiten ari dena».
27 Momentu hartantxe, bere dizipuluak iritsi eta harritu egin ziren emakume batekin hitz egiten ari zelako. Noski, inork ez zion galdetu: «Zertan ari zara?» edo «Zergatik hitz egiten duzu berarekin?».
28 Orduan, emakumea, ur ontzia hantxe utzita, hirira joan zen eta jendeari esan zion:
29 «Etorri eta ikus ezazue egin ditudan gauza guztiak kontatu dizkidan gizon bat. Ez ote da Kristo izango?».
30 Eta jendea hiritik atera eta Jesus ikustera joan zen.
31 Bitartean, dizipuluek behin eta berriz esaten zioten: «Rabbi, jan zerbait».
32 Baina Jesusek esan zien: «Zuek ezagutzen ez duzuen janaria dut nik jateko».
33 Orduan, dizipuluek elkarri galdetu zioten: «Inork ez dio jateko ezer ekarri, ezta?».
34 Jesusek esan zien: «Nire janaria bidali nauenaren nahia egitea eta bere lana bukatzea da.
35 Ez al duzue esaten lau hilabete falta direla oraindik uztarako? Ba, begira zer esaten dizuedan: altxa begiak eta ikusi soroak, uztarako zuri-zuri eginda daude. Dagoeneko,
36 uzta biltzailea soldata jasotzen eta betirako bizirako fruitua biltzen ari da. Horrela, ereiten duena eta uzta biltzen duena elkarrekin poztu daitezke.
37 Modu honetan bai betetzen dela esaera: batek erein eta besteak uzta bildu.
38 Landu ez duzuena biltzera bidali zaituztet. Gogor lan egin dutenak beste batzuk izan dira, eta zuek beraien lanari etekina atera diozue».
39 Hiri hartako samariar askok Jesusengan fedea jarri zuten emakumeak emandako testigantza honi esker: «Egin ditudan gauza guztiak kontatu dizkit».
40 Horregatik, samariarrak Jesusengana etorri zirenean, beraiekin geratzeko eskatu zioten, eta Jesusek bi egun pasa zituen han.
41 Ondorioz, irakasten zuena entzun zutenean, askoz gehiagok sinetsi zuten berarengan.
42 Eta emakumeari esan zioten: «Orain ez dugu sinesten zuk esandakoagatik, guk geuk entzundakoagatik baizik. Eta badakigu gizon hau benetan munduaren salbatzailea dela».
43 Bi egun horien ondoren, handik atera eta Galileara abiatu zen.
44 (Jesusek berak esan zuen profeta bati ez zaiola ohore ematen bere herrian.)
45 Galileara iritsi zenean, galilearrek ongietorria eman zioten, zeren beraiek ere jaira joan ziren eta Jesusek Jerusalemen egin zituen gauza guztiak ikusi zituzten.
46 Orduan, berriro Galileako Kanara joan zen, ura ardo bihurtu zuen tokira. Bazen Kapernaumen bizi zen erregearen funtzionario bat, semea gaixo zuena.
47 Gizon honek Jesus Judeatik Galileara etorri zela entzun zuenean, berarengana joan eta Karpernaumera jaisteko eta bere semea sendatzeko eskatu zion, hilzorian baitzegoen.
48 Baina Jesusek esan zion: «Ez baduzue miraririk* eta gauza harrigarririk ikusten, ez duzue inoiz sinetsiko».
49 Erregearen funtzionarioak esan zion: «Jauna, jaitsi nirekin nire mutikoa hil baino lehen».
50 Jesusek erantzun zion: «Itzuli etxera; zure semea bizirik dago». Gizonak sinetsi egin zuen Jesusek esandakoa eta joan egin zen.
51 Etxera jaisten ari zela, bere morroiak bere bila atera ziren semea bizirik zegoela* esatera.
52 Orduan, mutikoa zer ordutan hasi zen hobeto sentitzen galdetu zien gizonak. Erantzun zioten: «Sukarra atzo eguerdiko ordu bata aldera* joan zitzaion».
53 Momentu hartantxe konturatu zen aita Jesusek ordu hartan esan ziola «zure semea bizirik dago». Beraz, berak eta bere etxeko guztiek sinetsi egin zuten.
54 Hau izan zen Judeatik Galileara etorri zenean Jesusek egindako bigarren miraria*.

