Filemoni 1:1-25
1 Nik, Paulok —Kristo Jesusengatik preso nagoen honek—, eta Timoteo gure anaiak gure lankide maitea den Filemoni,
2 Apia gure arrebari, gure ondoan borrokatu duen Arkipori, eta zure etxean dagoen kongregazioari:
3 Egon daitezela zuekin Jainko gure Aitaren eta Jesu Kristo Jaunaren merezigabeko eskuzabaltasuna eta bakea.
4 Beti ematen dizkiot eskerrak nire Jainkoari nire otoitzetan zu aipatzean,
5 zeren etengabe entzuten dut zure fedeari buruz, baita Jesus Jaunari eta santu guztiei diezun maitasunari buruz ere.
6 Otoitz egiten dut zure fedeak —denok dugun fede berberak— Kristoren bidez jaso ditugun bedeinkapen guztiez konturatzera bultzatu zaitzan.
7 Zure maitasunari buruz entzutean, poz eta kontsolamendu handia sentitu nuen. Izan ere, ene anaia, santuen bihotza* indarberritu duzu.
8 Horregatik, nahiz eta Kristoren izenean zuzena dena egin dezazun agintzeko askatasun osoa dudan,
9 nahiago dut zuri maitasunaren izenean erregutu; zeren ni, Paulo, adineko gizona naiz eta orain, gainera, Kristo Jesusengatik preso nago.
10 Nire seme Onesimoren alde erregutzen dizut. Bere aita bihurtu nintzen kartzelan* nengoen bitartean.
11 Lehen ez zuen ezertarako balio zuretzat, baina orain baliagarria da, bai zuretzat, baita niretzat ere.
12 Horregatik, berriz bidaltzen dizut, bai, bera, hainbeste maite dudana*.
13 Bera hemen nirekin gelditzea nahiko nuke zu ordezkatzeko eta, berri onengatik preso nagoen bitartean, ni zerbitzatzeko.
14 Baina ez dut ezer egin nahi zure baimenik gabe. Horrela, ekintza on hori zeure borondatez egingo duzu, eta ez behartuta.
15 Agian honengatik aldendu zen zuregandik denbora pixka* batez: zuk betirako berreskuratu dezazun,
16 ez esklabo bezala, esklabo bat baino zerbait gehiago bezala, anaia maite bat bezala baizik. Nik bereziki maite dut, baina zuk are gehiago maitatuko duzu, zuek biok berriro ere elkartzean eta Jaunarekin bat eginda egotean.
17 Beraz, ni zuretzat laguna banaiz, hartu Onesimo maitasunez, nirekin egingo zenukeen bezalaxe.
18 Are gehiago, kalteren bat egin bazizun edota zerbait zor badizu, utzi nire kontu.
19 Nik, Paulok, neure eskuz idazten dizut: nik ordainduko dizut… zuk zeure bizia ere zor didazula aipatu gabe.
20 Bai, ene anaia, egidazu mesede hori Jaunarengatik; indarberritu nire bihotza* Kristorengatik.
21 Ziur nago nik esandakoa egingo duzula; horregatik idazten dizut, badakidalako eskatu dizudana baino gehiago egingo duzula.
22 Honetaz gain, prestatu toki bat ni bertan gelditzeko, zeren zuen otoitzei esker askatua izatea eta zuek bisitatu ahal izatea* espero dut.
23 Epafrasek, Kristo Jesusekin bat eginda nire preso laguna denak, goraintziak bidaltzen dizkizu,
24 baita nire lankide diren Markosek, Aristarkok, Demasek eta Lukasek ere.
25 Egon dadila Jesu Kristo Jaunaren merezigabeko eskuzabaltasuna zuek erakusten duzuen espirituarekin.

