Efesoarrei 3:1-21
3 Arrazoi horrengatik, ni, Paulo, Kristo Jesusen presoa zuen alde, hau da, nazioetako jendearen alde…*
2 Ziurrenik, dagoeneko badakizue Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasuna zuen onerako administratzeko ardura jaso nuela,
3 hau da, sekretu sakratua errebelazio baten bidez ezagutzera eman zitzaidala, dagoeneko labur-labur idatzi dizuedan bezalaxe.
4 Beraz, hau irakurtzen duzuenean, Kristoren sekretu sakratua zenbat ulertzen dudan konturatuko zarete.
5 Beste belaunaldi batzuetan, sekretu hori ez zitzaien gizakien semeei ezagutzera eman, orain bere apostolu santuei eta profetei espirituaren bidez ezagutzera eman zaien bezala.
6 Sekretua honakoa da: nazioetako jendea —Kristo Jesusekin bat eginda dagoenez eta berri onei esker—, gurekin heredero, gorputz beraren kide eta gurekin batera promesaren partaide izango dela.
7 Sekretu sakratu honen zerbitzari* bihurtu nintzen Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasunari esker. Eta berak opari* hori egin zidan bere boterea eman zidanean.
8 Niri —santuen artean txikiena baino txikiagoa naizen honi— merezigabeko eskuzabaltasun hori eman zitzaidan nazioei Kristoren aberastasun kontaezinei buruzko berri onak ezagutzera emateko
9 eta Jainkoarengan —gauza guztiak sortu zituen harengan— mendez mende ezkutatuta egon den sekretu sakratua nola administratzen den guztiei erakusteko.
10 Hori gertatu zen, zeruko tokietan dauden gobernu eta autoritateek Jainkoaren jakinduria —modu askotan azaltzen dena— kongregazioaren bidez orain ezagutu dezaten.
11 Hori Jainkoaren helburu eternalarekin bat dator. Berak bere helburua betetzea erabaki du Kristoren bidez, Jesus gure Jaunaren bidez.
12 Kristorengan fedea dugunez, beraren bidez askatasunez hitz egiten dugu eta Jainkoarengana askatasunez eta konfiantzaz hurbiltzeko aukera dugu.
13 Eskatzen dizuet, beraz, zuengatik sufritzen ditudan zailtasunengatik ez desanimatzeko, zeren nire zailtasunek aintza ematen dizuete.
14 Arrazoi horrengatik Aitaren aurrean belaunikatzen naiz,
15 zeren zeruko eta lurreko familia guztiak berari esker existitzen dira*.
16 Otoitz egiten dut Jainkoak, bere aintza ugariaren bidez, zuek barruan zareten pertsona indartzen utzi dezan bere espirituaren botereari esker
17 eta, zuen fedearen bidez, Kristo maitasunez zuen bihotzetan bizi dadin. Gainera, oinarrian ondo errotuta* eta ezarriak egon zaitezten otoitz egiten dut,
18 horrela, santu guztiekin batera, zabalera, luzera, altuera eta sakonera guztiz ulertzeko gai izan zaitezten,
19 eta ezagutza gainditzen duen Kristoren maitasuna ezagutu dezazuen. Horrela, Jainkoak ematen duen osotasun guztiaz beteko zarete.
20 Bere boterearen bidez —guregan eragina izaten ari den boterearen bidez—, guk eskatu edo imajinatu dezakeguna baino askoz eta askoz ere gehiago egin dezakeenak,
21 jaso dezala aintza kongregazioaren bidez eta Kristo Jesusen bidez belaunaldiz belaunaldi beti-betirako. Amen.

