1 Pedro 1:1-25

  • Agurrak (1, 2)

  • Esperantza bizi bati jaiotza berri bat (3-12)

  • Santu izan seme-alaba obediente bezala (13-25)

1  Nik, Pedrok —Jesu Kristoren apostoluak—, Ponto, Galazia, Kapadozia, Asia eta Bitinian sakabanatuta zaudetenoi, bai, denbora batez bertan bizi zaretenoi eta aukeratuak izan zaretenoi, 2  Jainko Aitak aldez aurretik jakindakoaren arabera eta espirituaren bidez santifikatuak izanda, obedienteak izateko eta Jesu Kristoren odolaz zipriztinduak izateko aukeratuak izan zaretenoi: Jaso dezazuela gero eta merezigabeko eskuzabaltasun eta bake handiagoa. 3  Goretsia izan dadila gure Jaun Jesu Kristoren Aita eta Jainkoa, zeren bere erruki handiaren bitartez eta Jesu Kristo hildakoen artetik berpizteari esker, jaiotza berri bat eman zigun esperantza bizia izan dezagun, 4  ustelezina, kutsaezina eta zimelezina den herentzia jaso dezagun. Herentzia hori zeruan gorde da zuentzat, 5  fedea izateagatik Jainkoaren boterearen bidez babestuak izaten ari zaretenontzat, eta horrela, salbamena —azken garaian ezagutzera emateko prest dagoena— lortu dezazuen. 6  Horregatik, nahiz eta denbora labur batez zenbait proba sufritu behar dituzuen, izugarrizko poza sentitzen duzue. 7  Horrela, zuen fedeak, probatua izan ondoren eta bere kalitatea erakusten duenean, zuek goraipamena, aintza eta ohorea jasotzea egingo du posible Jesu Kristo ezagutzera emana izango denean. Fede mota hori urrea baino askoz ere baliotsuagoa da, sutan findua* izan arren, hondatzen den urrea baino baliotsuagoa. 8  Nahiz eta ez duzuen Kristo inoiz ikusi, maite duzue. Nahiz eta ez duzuen orain ikusten, berarengan fedea duzuela erakusten duzue, eta izugarrizko poza eta deskribaezina den eta aintzaz betea dagoen zoriontasuna sentitzen duzue, 9  zuen fedearen helburua lortzen duzuen bitartean: zuen salbamena. 10  Salbamen horri dagokionez, profetek —zuentzat gordea izan zen merezigabeko eskuzabaltasunari buruz profetizatu zutenek— ikerketa sakona eta bilaketa zorrotza egin zuten. 11  Ikertzen jarraitu zuten ea zein momentu zehatzetan edota zein garaitan beteko zen Kristorengan beraien barruan zegoen espirituak profetizatu zuena; espiritu horrek Kristok izango zituen sufrimenduei buruz eta gero jasoko zuen aintzari buruz testigantza eman zuen aldez aurretik. 12  Beraiei jakinarazi zitzaien ematen ari ziren zerbitzua ez zela euren buruentzat, zuentzat baizik. Eta orain gauza horiek, berri onak predikatu zizkizueten horien bidez, zuei eman zaizkizue ezagutzera. Hori zerutik bidalitako espiritu santuaren laguntzarekin egin zuten. Aingeruak gauza horiexek ulertzeko* irrika handiz daude. 13  Beraz, prestatu zeuen buruak ekintzarako; mantendu beti zentzu ona; jarri zeuen esperantza Jesu Kristo ezagutzera emana izango denean erakutsiko zaizuen merezigabeko eskuzabaltasunean. 14  Seme-alaba obediente bezala, utzi ezjakintasunean bizi zinetenean zenituzten desioetara moldatzeari. 15  Horren ordez, izan santu zuen jokabide guztian, deitu zizuen Santua bezala, 16  idatzita baitago: «Santuak izan behar duzue, ni santua naizelako». 17  Eta Aitarengana —bakoitza bere ekintzen arabera bereizketarik egin gabe epaitzen duenarengana— jotzen baduzue, erakutsi zeuen jokabidearekin errespetu handia* diozuela, denbora batez mundu honetan bizi zareten bitartean. 18  Zeren badakizue zuen arbasoengandik* jaso zenuten bizimodu zentzugabetik askatuak* izan zinetela; baina ez zineten askatuak izan zilarra eta urrea bezalako gauza ustelkorren bidez, 19  baizik eta balio handiko odolaren bidez, akatsgabea eta garbia den bildotsarena bezalakoaren bidez, hau da, Kristoren odolaren bidez. 20  Egia da Kristo munduaren hasiera baino lehen izan zela aukeratua, baina zuengatik agertu zen garaien amaieran. 21  Beraren bidez sinesten duzue Jainkoarengan. Izan ere, Jainkoak berak hildakoen artetik berpiztu* zuen eta aintza eman zion, eta horrela, fedea eta esperantza Jainkoarengan jarri dezakezue. 22  Orain, egiari obeditzeagatik, zeuen buruak* garbitu dituzue eta, horregatik, zuen anaiarteko maitasunak ez du hipokrisiarik. Beraz, maita ezazue elkar bihotzez eta gogotsu. 23  Zeren jaiotza berri bat eman zaizue, baina ez usteltzen den hazi* batetik, ustelezina den hazi batetik baizik, bizi den eta irauten duen Jainkoaren hitzaren bidez. 24  Zeren «gizaki guztiak* belarra bezalakoak dira, eta beraien aintza guztia zelaiko lore bat bezalakoa da; belarra zimeldu egiten da eta lorea erori, 25  baina Jehobaren* hitzak betirako irauten du». Ba, «hitz» hori predikatu zaizkizuen berri onak dira.

Oharra

Lit. «probatua».
Edo «hurbiletik begiratzeko».
Lit. «beldurra». Ikusi Glosarioa, beldurra Jainkoari.
Edo «Zeren badakizue tradizioz».
Lit. «erreskatatuak; berrerosiak».
Lit. «altxatu».
Edo «arimak».
Hau da, fruitua eman dezakeen hazi bat.
Lit. «haragi guztia».