Jainkoarekin ibili garai latz hauetan
«Henokek egiazko Jainkoarekin ibiltzen jarraitu zuen. Orduan, inork ez zuen berriz ere ikusi, Jainkoak hartu baitzuen» (HASIERA 5:24, NWT).
1. Zer zorigaitz ditugu gaur egun?
GARAI latzak! Hitz horiek ondo deskribatzen dute 1914. urtean Jainkoaren Erreinua agintzen hasi zenetik gizakiok bizi izan dugun biolentziaz eta iskanbilez beteriko garaia. Urte hartatik, «azken egunetan» bizi gara, eta goseteak, gaixotasunak, lurrikarak eta gerrak inoiz baino okerragoak dira (2 Timoteori 3:1; Apokalipsia 6:1-8). Jehoba adoratzen dutenek ere gauza horiengatik sufritu dute. Gaur egun, guztiok ditugu zailtasunak eta espero gabeko arazoak. Adibidez, arazo ekonomikoek, eztabaida politikoek, krimenak eta gaixotasunek bizitza asko zailtzen dute.
2. Zer zailtasuni egiten diegu aurre Jainkoaren zerbitzariok?
2 Horretaz gain, Jehobaren zerbitzari askok pertsekuzio gogorra jasan dute, Satanasek «Jainkoaren aginduak obeditzen dituzten[en] eta Jesusi buruzko testigantza emateko eginkizuna duten[en]» kontrako borrokaren ondorioz (Apokalipsia 12:17). Nahiz eta guztiok pertsekuzio zuzena jasan behar ez izan, benetako kristau guztiok Satanasen eta bere munduaren espirituaren aurka egin behar dugu (Efesoarrei 2:2; 6:12). Etengabe erne egon behar dugu espiritu horrek guregan eraginik izan ez dezan. Izan ere, espiritu hori lantokian, eskolan eta Jehoba adoratzen ez duten pertsonekin egon gaitezkeen edozein lekutan dago.
Jainkoarekin ibili, ez nazioekin
3, 4. Zertan bereizten dira kristauak mundutik?
3 Lehen mendeko kristauek gogor egin zuten borroka munduaren espirituaren aurka. Horren ondorioz, munduko pertsonengandik oso desberdinak izan ziren. Paulok desberdintasun hori honela deskribatu zuen: «Horregatik, Jaunaren izenean esan eta erregutzen dizuet ez jarraitzeko nazioetako jendea bezala bizitzen, horiek beraien alferrikako pentsamenduen arabera bizi baitira. Mentalki iluntasunean daude eta Jainkoari dagokion bizitzatik urrun, beraien ezjakintasuna eta bihotz-gogortasuna dela eta. Zentzu moral guztia galdu dutenez, jokabide lotsagabean murgiltzen dira eta mota guztietako zikinkeria praktikatzen dute asetu gabe» (Efesoarrei 4:17-19).
4 Hitz horiek argi eta garbi deskribatzen dute Jehoba eta bere arauak maite ez dituzten pertsonen jarrera, bai Pauloren garaian, bai gaur egun ere. Lehen mendean bezala, gaur egungo kristauak ere ez dira «nazioetako jendea bezala bizitzen». Horren ordez, Jainkoarekin ibiltzeko ohore zoragarria dute. Egia da pertsona batzuek gizaki inperfektuak Jehobarekin ibili ahal izatea zalantzan jarri dezaketela. Hala ere, Bibliak posible dela erakusten du. Are gehiago, Jehobak hori egitea espero du. Kristo aurreko VIII. mendean, Mikeas profetak honako hitz inspiratuak idatzi zituen: «Zer da Jehobak zuregandik espero duena? Justiziaz jokatzea, leialtasuna maitatzea eta zure Jainkoarekin modestiaz ibiltzea bakarrik!» (Mikeas 6:8, NWT).
Nola eta zergatik ibili Jainkoarekin?
5. Nola izan daiteke posible gizaki inperfektu bat Jainkoarekin ibiltzea?
5 Nola ibili gaitezke ikusi ezin dezakegun Jainko Ahalguztidunarekin? Noski, ezin gara Jainkoarekin beste gizaki batzuekin ibiltzen garen moduan ibili. Biblian «ibili» hitzak jokaera zehatz bati jarraitzea esan nahi dezake. a Hori kontuan izanda, Jainkoarekin ibiltzen dena Jainkoaren arauen arabera bizi da, bera poztuz. Horrela jokatzeak gure inguruko pertsona gehienengandik desberdintzen gaitu. Izan ere, kristaua denarentzat jokabide hori aukera zuzen bakarra da. Zergatik? Hainbat arrazoirengatik.
6, 7. Zergatik da Jainkoarekin ibiltzea erabakirik onena?
6 Hasteko, Jehobak sortu gintuen eta bizitzeko behar dugun guztia ematen digu (Apokalipsia 4:11). Horregatik, zer egin behar dugun esateko eskubidea du. Gainera, Jainkoarekin ibiltzea bizitzeko modurik hoberena da. Jehobak berarekin ibiltzen direnen bekatuak barkatzea posible egin du eta betiko bizitzeko esperantza ziurra eman die. Nahiz eta inperfektuak izan eta Satanasek kontrolatutako munduan bizi, gure zeruko Aita maitekorrak berarekin ibiltzea erabaki dutenei bizimodu arrakastatsua izateko gida ematen die (Joan 3:16; 2 Timoteori 3:15, 16; 1 Joan 1:8; 2:25; 5:19). Horretaz gain, kongregazioan bakea eta batasuna bultzatzen dira (Kolosarrei 3:15, 16).
7 Azken arrazoia eta garrantzitsuena hurrengoa da: Jainkoarekin ibiltzen garenean agintzeko eskubidea nork duen argi erakusten dugu. Izan ere, Satanasek Edengo lorategian Jainkoaren subiranotasuna zalantzan jarri zuen (Hasiera 3:1-6). Gure bizimoduarekin Jehobaren alde jartzen garela erakusten dugu eta beldurrik gabe bera dela agintzeko eskubidea duen Subirano bakarra aldarrikatzen dugu (83. Salmoa 18 [83:19, NWT]). Gainera, otoitzean Jainkoaren izena santutzea eta bere nahia betetzea eskatzen dugu, eta horren arabera jokatzen dugu (Mateo 6:9, 10). Zein zuhurrak diren Jainkoarekin ibiltzea erabakitzen dutenak! Ziur egon daitezke bizimodu egokia daramatela, Jehoba «jakintsua den bakarra» da eta. Berak ez du inoiz akatsik egiten (Erromatarrei 16:27).
8. Zer antzekotasun dago Henok eta Noeren egunen eta gure egunen artean?
8 Garai latz hauetan, jende gehienak ez du Jehoba zerbitzatzeko interesik. Orduan, benetan posible al da kristau bezala bizitzea? Galdera hori erantzuteko, azter dezagun antzinako gizon batzuen eredua. Beraiek, egoera oso-oso zailen aurrean, leial mantendu ziren. Horietako bi Henok eta Noe izan ziren. Beraien garaia gurearen antzekoa izan zen, gaiztakeriaz josia. Adibidez, Noeren garaian, lurra biolentziaz eta moralgabekeriaz beteta zegoen. Hala eta guztiz ere, bi gizon horiek beraien garaiko munduaren espirituari aurre egin zioten eta Jehobarekin ibili ziren. Nola lortu zuten hori? Galdera hori erantzuteko, artikulu honetan Henoken eredua aztertuko dugu eta, hurrengoan, Noerena.
Henok garai latzetan Jainkoarekin ibili zen
9. Zer dakigu Henoki buruz?
9 Bibliaren arabera, Henok Jainkoarekin ibili zen lehen pertsona izan zen. Honela dio: «Matusalen izan ondoren, Henokek egiazko Jainkoarekin ibiltzen jarraitu zuen» (Hasiera 5:22, NWT). Zenbat urtez bizi izan zen —gure garairako, urte asko ziren; garai hartarako, aldiz, ez hainbeste— aipatu ondoren, Bibliak honakoa dio: «Henokek egiazko Jainkoarekin ibiltzen jarraitu zuen. Orduan, inork ez zuen berriz ere ikusi, Jainkoak hartu baitzuen» (Hasiera 5:24, NWT). Itxuraz, Jehobak Henok bizidunen mundutik heriotzaren loaldira eraman zuen bere aurkariek berari mina eragin aurretik (Hebrearrei 11:5, 13). Bertset labur horiez gain, Bibliak ezer gutxi aipatzen du berari buruz. Hala ere, dugun informazioari eta beste aipamen batzuei esker, Henok garai latzetan bizi izan zela pentsatzeko arrazoi onak ditugu.
10, 11. a) Nola zabaldu zen ustelkeria Adam eta Eba matxinatu ondoren? b) Zer mezu profetiko predikatu zuen Henokek, eta zein izan zen ziurrenik bere entzuleen erantzuna?
10 Azter dezagun, adibidez, zein azkar zabaldu zen ustelkeria gizakien artean Adamek bekatu egin ondoren. Bibliaren arabera, Kain, Adamen lehen semea, lehen giza hiltzailea bilakatu zen bere anaia Abel hil zuenean (Hasiera 4:8-10). Abelen heriotza biolentoaren ondoren, Adam eta Ebak beste seme bat izan zuten; Set izena jarri zioten. Hurrengoa irakurtzen dugu berari buruz: «Setek ere semea izan zuen eta Enox izena jarri zion. Garai hartan jendea Jehobaren izenari dei egiten hasi zen» (Hasiera 4:25, 26, NWT). Zoritxarrez, «Jehobaren izenari dei egite[a]» adorazio apostatarekin lotuta zegoen. b Henok jaio eta urte asko igaro ondoren, Lamek izeneko Kainen ondorengo batek bere bi emazteentzat poema bat idatzi zuen. Poema horretan, bera zauritu zuen mutil bat hil zuela aipatzen zuen, honakoa ohartaraziz: «Kainen hilketa zazpi aldiz mendekatuko badute, hirurogeita hamazazpi aldiz gehiago Lamekena» (Hasiera 4:10, 19, 23, 24, oharra).
11 Zer erakusten digute hitz horiek? Satanasek Edengo lorategian sortutako ustelkeria Adamen ondorengoen artean ziztu bizian zabaldu zela. Henokek Jehoba mundu horretan zerbitzatu zuen profeta gisa, eta bere hitz inspiratuek gaur egun ere eragin handia dute. Henokek hurrengo profezia aurresan zuela dio Judasek: «Begira! Jehoba bere milaka eta milaka santurekin batera etorri zen jende guztia epaitzera eta Jainkoa errespetatzen ez zutenak kondenatzera, gaiztakeriaz egin zituzten ekintza gaiztoengatik eta Jainkoa errespetatzen ez zuten bekatari horiek bere aurka esan zituzten gauza iraingarri guztiengatik» (Judas 14, 15). Hitz horien azken betekuntza Armagedonen izango da (Apokalipsia 16:14, 16). Ziurtasun osoz, «Jainkoa errespetatzen ez zuten bekatari» asko Henoken profezia entzutean haserretu egin ziren. Horregatik, maitasunak bultzatuta, Jehobak Henok hartu egin zuen, maltzur horiez libratuz.
Zerk sendotu zuen Henok Jainkoarekin ibili ahal izateko?
12. Zer desberdintasun zeuden Henoken eta bere garaikideen artean?
12 Edengo lorategian, Adam eta Ebak Satanasi entzun zioten, eta Adam Jehobaren aurka matxinatu egin zen (Hasiera 3:1-6). Beraien seme Abelek, aldiz, ezberdin jokatu zuenez, Jainkoaren onespena jaso zuen (Hasiera 4:3, 4). Tamalez, lehen gizonaren ondorengoak orokorrean ez ziren Abel bezalakoak izan. Henok, mende batzuk beranduago jaio zena, salbuespena izan zen. Zein izan zen beraien arteko desberdintasuna? Paulo apostoluak galdera hori erantzun zuen hurrengoa idaztean: «Fedeari esker, Henok tokiz aldatua izan zen heriotza ikusi ez zezan, eta inork ezin izan zuen aurkitu Jainkoak tokiz aldatu zuelako. Baina, tokiz aldatua izan aurretik, Jainkoa poztu zuela ziurtatzen zion testigantza jaso zuen» (Hebrearrei 11:5). Henok «lekukoz osatutako […] hodei» handi baten parte izan zen. Lekuko guzti horiek, Henokek barne, fede eredugarria erakutsi zuten (Hebrearrei 12:1). Hala da, izan zuen fedeari esker, Henok 300 urte baino gehiagoz leialtasunez bizi ahal izan zen, gaur egungo bizi itxaropenaren hirukoitza.
13. Zer-nolako fedea izan zuen Henokek?
13 Paulok Henoken eta beste Lekukoen fedea horrela deskribatu zuen: «Fedea espero dena gertatuko den ziurtasuna da, ikusten ez dena benetan existitzen den froga argia» (Hebrearrei 11:1). Bai, fedea froga argietan oinarritzen da, eta espero ditugun gauzak beteko diren segurtasuna izatea da. Itxaropen hori guretzat hain ziurra denez, gure bizitzako lehentasunetan eragin handia du. Fede mota horri esker, Henok Jainkoarekin ibili zen, nahiz eta beste guztiek desberdin jokatu.
14. Zer ezaguera zehatzak lagundu zion Henoki fede sendoa izaten?
14 Benetako fedea ezaguera zehatza izatean oinarritzen da. Zer ezaguera zuen Henokek? (Erromatarrei 10:14, 17; 1 Timoteori 2:4). Dudarik gabe, Edenen gertatutakoa ezagutzen zuen. Baliteke Edengo lorategian bizia nolakoa zen entzun izana. Seguruenik, lorategia oraindik existituko zen, nahiz eta gizakiek ezin zuten bertan sartu (Hasiera 3:23, 24). Bestalde, bazekien Jehobaren helburua Adamen ondorengoek lurra bete eta planeta osoa paradisu bihurtzea zela (Hasiera 1:28). Gainera, seguruenik asko baloratuko zuen Jehobak Ondorengotza bat sortzearen promesa. Honen bitartez, Satanasen burua zapaldu zuen, Satanasek eragindako min guztia ezabatuz (Hasiera 3:15). Izan ere, Judasen liburuan idatzitako Henoken profeziak Satanasen ondorengotzaren suntsipena azaltzen du. Henokek fedea zuenez, Jehoba adoratzen zuen «bera gogotsu bilatzen dutenak saritzen ditue[na]» bezala (Hebrearrei 11:6). Nahiz eta Henokek guk daukagun ezaguera ez izan, fede sendoa izateko gai izan zen. Fede horri esker, garai latzetan leial mantendu zen.
Henoken eredua imitatu
15, 16. Zein modutan jarraitzen diegu Henoken pausoei?
15 Guk ere, garai latzetan Jehoba adoratzen jarraitu nahi dugunez, Henoken eredua imitatu nahi dugu. Horregatik, Jehobari eta bere helburuari buruzko ezaguera zehatza lortu eta mantendu nahi dugu. Baina ez hori bakarrik; ezaguera horrek gure bizitza gida dezan ere utzi behar dugu (119. Salmoa 101; 2 Pedro 1:19). Jainkoaren pentsaerak gidatu behar gaitu, eta gure pentsamendu eta ekintza guztiek bera poztu behar dute.
16 Ez da inon ere aipatzen Henoken garaian Jehobaren beste zerbitzariren bat egongo ote zen edo ez. Baina argi dago Henok bakarrik zegoela edo gutxi batzuen parte zela. Gu ere gutxi batzuen parte gara, baina horrek ez gaitu desanimatzen. Jehobak lagunduko gaitu gure aurka nor dagoen inporta gabe (Erromatarrei 8:31). Henokek ausardiaz Jainkoa zerbitzatzen ez zutenen suntsipenari buruz abisu eman zuen. Guk ere «Erreinuaren berri onak» ausardiaz predikatzen ditugu, burla, oposizioa eta pertsekuzioa jasan arren (Mateo 24:14). Henok ez zen bere garaiko pertsonak bezainbeste bizi. Baina ez zuen bere esperantza mundu honetan jarri, handiagoa den zerbaitetan baizik (Hebrearrei 11:10, 35). Guk ere Jehobaren helburuaren betekuntzan jartzen dugu gure itxaropena. Horregatik, ez gara mundu honetaz guztiz baliatzen (1 Korintoarrei 7:31). Hori egin ordez, gure indar eta ondasunak Jehoba zerbitzatzeko erabiltzen ditugu bereziki.
17. Zer ezaguera dugu guk Henokek izan ez zuena eta, horregatik, zer egin behar dugu?
17 Henokek Jehobak promestutako Ondorengotza Berak erabakitako garaian agertuko zela sinesten zuen. Duela 2.000 urte inguru, Ondorengotza, hau da, Jesu Kristo, agertu zen eta, orduan, erreskatea eskaini eta betiko bizia izateko aukera eman zigun, bai guri, baita Henok bezalako antzinako Lekukoei ere. Ondorengotza horrek, orain Jainkoaren Erreinuaren Errege izanik, Satanas zerutik lurrera jaurti zuen. Ikusten ditugun arazoak horren ondorio dira (Apokalipsia 12:12). Bai, Henokek baino ezaguera handiagoa eskuragarri dugu gaur egun. Beraz, izan dezagun berak bezalako fede sendoa. Jainkoaren promesen betekuntzan dugun konfiantzak egiten dugun guztian eragina izan dezala. Nahiz eta garai latzetan bizi, Henok bezala, Jainkoarekin ibili gaitezen.
[Oin-oharrak]
a Ikusi Jehobaren lekukoek argitaratutako Perspicacia para comprender las Escrituras, 2. lib., 692. or., 4. para..
b Henoken egunen aurretik, Jehobak Adamekin hitz egiten zuen. Jainkoak Abelen eskaintzak onartu zituen. Gainera, Kainekin ere komunikatu zen honek oraindik ez zuenean haserre biziaren eta jeloskortasunaren eraginez hilketa bat egin. Beraz, «Jehobaren izenari dei egite[a]» hastearen erreferentzia horrek berria den zerbaitekin lotuta egon behar du; ez dago adorazio garbiarekin lotuta.
Zer erantzungo zenuke?
• Zer esan nahi du Jainkoarekin ibiltzeak?
• Zergatik da Jainkoarekin ibiltzea erabakirik onena?
• Zerk lagundu zion Henoki Jainkoarekin ibiltzen, nahiz eta garai zailetan bizi?
• Nola imitatu dezakegu Henok?
[Ikasketako galderak]
[Irudia]
Fedearengatik, «Henokek egiazko Jainkoarekin ibiltzen jarraitu zuen»
[Irudia]
Ziurtasun osoz, Jehobak bere promesak beteko dituela sinesten dugu
[Kreditua]
Emakumea, eskuineko muturra: FAO/B-ren argazkia. Imevbore; eraikin bat erortzen: San Hong R-C Picture Company

