Euskara
Aurrera egin espiritualki Pauloren ereduari jarraituz
/assets/ct/28ada02fb0/images/syn_placeholder_sqr.png
w08 5/15
Aurrera egin espiritualki Pauloren ereduari jarraituz

Aurrera egin espiritualki Pauloren ereduari jarraituz

«Borroka bikaina borrokatu dut, lasterketa amaitu dut, fedean mantendu naiz» (2 TIM. 4:7).

1, 2. Zer aldaketa egin zituen Tarsoko Saulok bere bizitzan, eta zer lan garrantzitsu hasi zen egiten?

 ERABAKITASUNEZ jokatzen zuen gizon argia zen. Hala ere, «haragiaren desioen arabera jokatzen» zuen (Efe. 2:3). Gainera, bere buruari buruz honakoa esan zuen: «Jainkoa blasfematzen nuen, bere herria pertsegitzen nuen eta harrokeriaz jokatzen nuen» (1 Tim. 1:13). Tarsoko Saulori buruz ari gara.

2 Une zehatz batean, Saulok bere bizitza erabat aldatu zuen. Jokabidez aldatzeaz gain, hurrengoa egiten saiatu zen: «Ez dut nire abantaila bilatzen, askorena baizik» (1 Ko. 10:33). Pertsona atsegina bihurtu eta gorrotatu izan zituenak maitatzera iritsi zen (Irakurri 1 Tesalonikarrei 2:7, 8). Berak honakoa idatzi zuen: «Zerbitzari bihurtu nintzen […]. Niri —santuen artean txikiena baino txikiagoa naizen honi— merezigabeko eskuzabaltasun hori eman zitzaidan nazioei Kristoren aberastasun kontaezinei buruzko berri onak ezagutzera emateko» (Efe. 3:7, 8).

3. Nola lagunduko digu Pauloren gutunak eta predikazioan egin zuena aztertzeak?

3 Saulok, geroago Paulo apostolua bezala ezagunak, espiritualki aparteko moduan egin zuen aurrera (Eg. 13:9). Apostolu honen gutunak eta predikazioan egin zuena aztertzeaz gain, bere fede eredua imitatzen badugu, guk ere, zalantzarik gabe, egian azkarrago egingo dugu aurrera (Irakurri 1 Korintoarrei 11:1; Hebrearrei 13:7). Nola lagundu gaitzake guzti hori aztertzeak? Ikus ditzagun hiru alderdi: Biblia aztertzean ohitura onak izatea, lagun hurkoari maitasuna erakustea eta geure buruari buruzko ikuspuntu egokia izatea.

Pauloren ikasteko ohiturak

4, 5. Nola lagundu zion Paulori ikasketa pertsonala izateak?

4 Paulo fariseua zen, «Gamalielen oinetan ikasia», eta bere «arbasoen Legea zorrotz obeditzen irakatsi» zioten. Beraz, Idazkiak dagoeneko ezagutzen zituen (Eg. 22:1-3; Flp. 3:4-6). Baiatu eta berehala, «Arabiara joan» zen hausnartzera, itxuraz, Siriako basamortura edo arabiar penintsulako lekuren batera (Gal. 1:17). Badirudi Paulok Jesus promestutako Mesias zela frogatzen zuten Idazkien pasarteetan hausnartu nahi zuela. Gainera, aurrean zuen eginkizunerako, bere burua prestatu behar zuen (Irakurri Eginak 9:15, 16, 20, 22). Beraz, apostoluak gauza espiritualetan hausnartzeko denbora hartu zuen.

5 Bere ikasketa pertsonalari esker, Paulok Idazkien ezaguera eta ulermena lortu zituen. Ondorioz, egia eraginkortasunez irakasteko gai izan zen. Esaterako, Pisidiako Antiokiako sinagogan hitz egin zuenean, gutxienez Idazki Hebrearretako bost pasarte aipatu zituen, Jesus Mesias zela frogatzeko. Horretaz gain, Idazki Santuak hainbat alditan aipatu zituen. Biblian oinarritutako bere argudioak oso konbentzigarriak zirenez, «Jainkoa adoratzen zuten judu eta judu berri asko Paulo eta Bernaberen atzetik joan ziren» gehiago ikasteko (Eg. 13:14-44). Urte batzuk beranduago Erromako judu talde bat bera atxilotuta zegoen etxera bisitan joan zenean, Paulok hainbat gauzei buruz hitz egin zien. Gainera, «den-dena azaldu zien Jainkoaren Erreinuari buruzko testigantza osoa emanez eta, Jesus onartu zezaten konbentzitu nahian, Moisesen Legea eta Profetak erabili zituen» (Eg. 28:17, 22, 23).

6. Zailtasunak izan zituenean, zerk lagundu zion Paulori espiritualki sendo mantentzen?

6 Zailtasunak izan zituenean, Paulok Idazkiak aztertzen jarraitu zuenez, bere mezu inspiratutik indarrak jaso zituen (Heb. 4:12). Exekutatua izan aurretik Erroman preso egonda ere, Timoteori «erroiluak» eta «pergaminoak» ekartzeko eskatu zion (2 Tim. 4:13). Dokumentu horiek Paulok bere ikasketa pertsonalerako erabili zituen Idazki Hebrearren zatiak izango ziren beharbada. Biblia ikasteko ohiturari esker lortu zuen ezaguera ezinbestekoa izan zen tinko mantentzeko.

7. Zer onura jaso ditzakezu Biblia erregularki aztertzean?

7 Biblia aztertzeko ohitura izateak eta helburu zehatz batekin hausnartzeak espiritualki aurrera egiten lagunduko digute (Heb. 5:12-14). Jainkoaren Hitzaren balioari buruz, salmogileak honakoa abestu zuen: «Zein ona niretzat zure irakaspena, urre-zilarrezko milaka txanpon baino baliotsuagoa! Zure aginduak etsaiak baino zuhurrago egiten nau, neurekin baitut aldioro. Ez naiz inolako bide txarretatik abiatzen, zure hitza gordetzearren» (Sal. 119:72, 98, 101). Ba al duzu Biblia aztertzeko ordutegirik? Prestatzen ari al zara etorkizunean eginkizun teokratikoak lortzeko helburuarekin, Biblia egunero irakurriz eta horretan hausnartuz?

Saulok lagun hurkoa maitatzen ikasi zuen

8. Nola tratatzen zituen Saulok judaismoa praktikatzen ez zutenak?

8 Kristau bihurtu aurretik, Saulo judaismoa praktikatzen ez zutenengan interes gutxi erakusten zuen judu erlijiozalea izan zen (Eg. 26:4, 5). Judu batzuek Esteban harrikatzea atseginez ikusi zuen. Exekuzio horren lekuko izanik eta ziurrenik Estebanek zigor hori merezi zuela pentsatuz, Saulo harrotuta sentituko zen (Eg. 6:8-14; 7:54-8:1). Pasarteak honela jarraitzen du: «Saulo […] kongregazioa krudelkeriaz erasotzen hasi zen. Etxe batean eta bestean indarrez sartu, gizon-emakumeak arrastaka atera eta kartzelara eramaten zituen» (Eg. 8:3). Gainera, Saulo «beste hirietan ere pertsegitzera iritsi» zen (Eg. 26:11).

9. Zer gertatu zitzaion Saulori lagun hurkoa tratatzen zuen modua aldatzeko?

9 Saulo Damaskora zihoan Jesu Kristoren dizipuluak pertsegitzera. Orduan, bat-batean, Kristo Jauna agertu zitzaion. Jainkoaren Semearen naturaz gaineko argitasunak itsu eta ahul utzi zuen. Jehobak Ananias bidali zuen Saulok ikusmena berreskuratu zezan. Horren ondoren, Saulok besteekiko zuen iritzia betirako aldatu zuen (Eg. 9:1-30). Kristau bihurtu eta gero, Jesusen antzera, mota guztietako pertsonekin erlazionatzen saiatu zen. Hori lortzeko, biolentzia baztertu eta guztiekin bakean bizi behar izan zuen (Irakurri Erromatarrei 12:17-21).

10, 11. Nola erakutsi zien Paulok besteei bihotz-bihotzezko maitasuna?

10 Paulo ez zen besteekin bakean bizitzearekin soilik konformatzen; bihotz-bihotzezko maitasuna erakutsi nahi zien. Eta predikazioak hori lortzen lagundu zion. Bere lehen misiolari bidaian Asia Txikian predikatu zuen. Bertan, berak eta bere adiskideek pertsekuzio latza jasan zuten arren, pertsona apalei kristau bihurtzen lagundu zieten ahalegin handiz. Izan ere, Listra eta Ikonioko hirietara itzuli ziren, nahiz eta bertako biztanle batzuk Paulo hiltzen saiatu (Eg. 13:1-3; 14:1-7, 19-23).

11 Hurrengo bidaia batean, Paulok eta bere bidaiakideek Filipo hirian zeuden bihotz oneko pertsonak bilatu zituzten. Lidia izeneko juduberri bat berri onak entzun eta kristau egin zen. Denboratxo bat beranduago, Paulo eta Silas agintariengana eraman zituzten. Agintariek bi gizon hauei makilakadak emateko eta kartzelara eramateko agindua eman zuten. Dena dela, Paulok kartzelariari predikatu zion eta, ondorioz, bera eta bere familia bataiatu ziren (Eg. 16:11-34).

12. Zerk motibatu zuen Saulo Jesu Kristoren apostolu maitekorra izatera?

12 Zergatik onartu zuen pertsegitzaile hark bere biktimen fedea? Zerk bultzatu zuen gizon lotsagabe hura apostolu atsegin eta maitekor bihurtzera? Zergatik zegoen orain bere bizia arriskatzeko prest besteei Jainkoa eta Kristori buruzko egia irakasteko? Irakurri dezagun zer dioen Paulok: «Jainkoari —[…] bere merezigabeko eskuzabaltasunaren bidez deitu ninduenari— ongi iruditu zitzaion ni erabiltzea bere Semea ezagutzera emateko» (Gal. 1:15, 16). Gainera, bere lagun Timoteori hau idatzi zion: «Errukia erakutsi zitzaidan, nire bitartez —kasurik okerrenaren bitartez— Kristo Jesusek bere pazientzia osoa erakutsi zezan, betirako bizia lortzeko berarengan fedea jarriko dutenentzat ni eredu bezala jarriz» (1 Tim. 1:16). Jehobak Paulori barkatu zion, eta berari erakutsi zion merezigabeko eskuzabaltasunak eta errukiak besteei maitasuna erakustera motibatu zuen. Nola? Berri onak predikatuz.

13. Zerk motibatu beharko gintuzke besteei maitasuna erakustera, eta nola egin dezakegu hori?

13 Era berean, Jehobak gure bekatu eta akatsak barkatzen ditu (Sal. 103:8-14). Salmogileak galdetu zuen: «Erruak kontuan badituzu, Jauna, oi Jauna, nork iraun bizirik?» (Sal. 130:3). Jainkoaren errukirik gabe, gutako inork ez luke bera zerbitzatzeko eta etorkizunean betirako bizitzeko aukerarik izango. Hala ere, Jainkoak ikaragarrizko merezigabeko eskuzabaltasuna erakutsi digu. Horregatik, Pauloren antzera, guk ere maitasuna erakutsi beharko genuke. Nola? Predikatuz, egia irakatsiz eta anai-arrebak sendotuz (Irakurri Eginak 14:21-23).

14. Nola hobetu dezakegu gure predikazioa?

14 Paulok berri onen predikatzaile hobea izan nahi zuenez, Jesusen ereduan jarri zuen arreta. Izan ere, bere eredua bihotzera iritsi zitzaion. Jainkoaren Semeak besteen alde paregabeko maitasuna erakutsi zuen moduetako bat predikatuz izan zen. Berak esan zuen: «Handia da uzta, baina langileak gutxi. Beraz, erregutu uztaren Jabeari langileak bidaltzeko bere uztara» (Mat. 9:35-38). Paulok predikazioan gogo bizia erakutsi zuen. Beraz, Jainkoari uztarako langile gehiago bidaltzeko eskaera egin izan balio ere, bere ereduak eskaera horrekin bat egingo zuen. Eta zuk, hobetu al dezakezu zure predikazioaren kalitatea? Edo gehiago predikatu al dezakezu, agian, aitzindari bezala zerbitzatuz? Maitatu dezagun bihotzez lagun hurkoa, «bizia ematen duen hitzari» tinko eusten lagunduz (Flp. 2:16).

Nola ikusten zuen Paulok bere burua?

15. Zein zen Paulok berari eta beste kristauei buruz zuen ikuspuntua?

15 Paulok beste modu batean ere eredu bikaina jarri zigun. Kongregazioan eginkizun ugari jaso zituen arren, berak ondo zekien ez zituela merezi, ezta horiek izateko eskubiderik ez zuela ere. Bazekien jasotako bedeinkapenak Jainkoaren merezigabeko eskuzabaltasunari esker zirela. Gainera, beste kristau batzuk ere predikazioan trebeak zirela onartzen zuen. Jainkoaren herrian ardurak izan arren, apala izaten jarraitu zuen (Irakurri 1 Korintoarrei 15:9-11).

16. Nola erakutsi zuen Paulok apaltasuna eta modestia zirkunzisioaren gaiaren inguruan?

16 Ikus dezagun orain zer egin zuen Paulok Siriako Antiokian arazo bat sortu zenean. Hiri hartako kristauen artean banaketak zeuden zirkunzisioaren gaiaren inguruan (Eg. 14:26-15:2). Paulo zirkunzidatu gabeko jentilei predikatzeko eginkizunean aurrea hartzeko izendatua izan zen. Beraz, juduak ez zirenekin nola jokatu behar zen bazekiela eta arazo hori konpontzeko gai zela pentsatu zezakeen (Irakurri Galaziarrei 2:8, 9). Hala ere, bere ahaleginek arazoa argitzen ez zutela zirudienean, apaltasunez eta modestiaz, zuzendari batzordearengana (Jerusalemen zegoena) jotzearen erabakiaren alde egin zuen, beraiek gaia aztertu zezaten. Gizon horiek gaia entzun, erabaki bat hartu eta Paulo mezularietako bat izateko bidali zuten (Eg. 15:22-31). Beraiekin bete-betean elkarlanean arituz, Paulok anaia horiei ohorea ematean aurrea hartu zuen (Erm. 12:10b).

17, 18. a) Zer sentimendu erakutsi zizkien Paulok kongregazioko anai-arrebei? b) Zer erakusten digu Efesoko adindunen erreakzionatzeko moduak Paulok handik joan behar izan zuenean?

17 Paulo, apaltasunez, ez zen kongregazioko anai-arrebengandik urrundu. Alderantziz, beraiengandik gertu-gertu egotera iritsi zen. Izan ere, erromatarrei idatzitako gutunaren amaieran, 20 anai-arreba baino gehiago izenez agurtu zituen. Horietako gehienak ez dira Bibliako beste inon aipatzen eta gutxi batzuek bakarrik eginkizun bereziak zituzten. Hala ere, anai-arreba horiek Jehobaren zerbitzari leialak ziren eta Paulok bihotz-bihotzez maite zituen (Erm. 16:1-16).

18 Paulo apala eta atsegina zenez, kongregazioa sendotu egin zen. Efesoko adindunekin azken aldiz elkartzean, anaia horiek «Paulori besarkadak eta muxuak ematen hasi ziren. Oso triste zeuden, bereziki berriro ikusiko ez zutela esan zielako». Noski, Paulo harroa eta hotza izango balitz, Efesoko anaiek ez zuten horrela erreakzionatuko (Eg. 20:37, 38).

19. Anai-arrebekin gaudenean, nola erakusten dugu apaltasuna?

19 Espiritualki aurrera egin nahi duenak Pauloren apaltasun bera erakutsi behar du. Berak hurrengo aholkua eman zien anai-arrebei: «Ez egin ezer lehiak eta inbidiak, edota berekoikeriak bultzatuta. Horren ordez, apaltasunez, besteak zuek baino hobeak direla pentsatu» (Flp. 2:3). Nola jarri dezakegu praktikan aholku hori? Modu bat kongregazioko adindunekin elkarlanean aritzea da. Nola egin dezakegu hori? Beraien jarraibideak obedituz eta hartzen dituzten erabakien alde eginez (Irakurri Hebrearrei 13:17). Beste modu bat anai-arreba guztiak bete-betean estimatuz da. Kongregazioak herrialde, kultura, arraza eta etnia desberdinetako pertsonez osatuta daude. Beraz, ez al genituzke bada, Pauloren antzera, gure anai-arrebak bereizketarik egin gabe eta maitasunez tratatzen ikasi beharko? (Eg. 17:26; Erm. 12:10a). Hurrengoa egitera animatzen zaigu: «Ongi hartu bata bestea Kristok zuek ongi hartu zintuzten bezalaxe, Jainkoaren aintzarako» (Erm. 15:7).

«Korrika egin dezagun iraupenez» biziaren lasterketan

20, 21. Zerk lagunduko digu bizira daraman lasterketan korrika egiten eta helmugara iristen?

20 Kristauaren bizitza lasterketa luze batekin konparatu daiteke. Horregatik, Paulok hurrengoa idatzi zuen: «Lasterketa amaitu dut, fedean mantendu naiz. Hemendik aurrera gordeta dago niretzat justiziaren koroa, Jaunak —epaile justuak— egun horretan sari bezala emango didan koroa; baina ez dit niri bakarrik emango, baizik eta bere agerpena irrika handiz itxaron duten guztiei ere emango die» (2 Tim. 4:7, 8).

21 Pauloren ereduari jarraitzeak betirako bizira daraman lasterketan korrika egiten eta helmugara iristen lagunduko digu (Heb. 12:1). Jarrai dezagun, beraz, espiritualki aurrera egiten, Biblia aztertzean ohitura onak garatuz, besteei bihotz-bihotzeko maitasuna erakutsiz eta apalak izanez.

Zer erantzungo zenuke?

• Nola lagundu zion Paulori Idazkiak erregularki aztertzeak?

• Zergatik da hain garrantzitsua kristauontzat bestei bihotz-bihotzez maitatzea?

• Zer ezaugarrik lagunduko digute besteak bereizketarik egin gabe tratatzen?

• Nola lagundu gaitzake Pauloren ereduak adindunekin elkarlanean aritzen?

[Ikasketako galderak]

[Irudia]

Pauloren antzera, Bibliatik indarra jaso

[Irudia]

Lagun hurkoari maitasuna erakutsi berri onak predikatuz

[Irudia]

Zergatik maitatu zuten anai-arrebek Paulo?