Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

4. KAPITULUA

Zergatik errespetatu behar dugu agintaritza?

Zergatik errespetatu behar dugu agintaritza?

«Errespetatu guztiak, maitatu senideak, izan begirune Jainkoari eta errespetua erregeari» (1 PEDRO 2:17).

1, 2. a) Noren gida jarraitu behar dugu? b) Zer galdera aztertuko ditugu kapitulu honetan?

 HAUR txikia zinenean seguruenik gurasoek egin nahi ez zenuen zerbait egiteko eskatuko zizuten. Gurasoak maite zenituen eta bazenekien beraien esaneko izan behar zenuela. Hala ere, ziurrenik ez zenuen beraien esaneko izan nahi beti.

2 Gure Aita Jehobak maite gaituela dakigu. Gutaz arduratzen da eta bizitzaz gozatzeko behar dugun guztia daukagula ziurtatzen du. Gainera, bizitzan arrakasta lortzeko gida ematen digu eta, horretarako, beste pertsona batzuk erabiltzen ditu batzuetan. Beharrezkoa dugu Jehobaren agintaritza errespetatzea (Esaera Zaharrak 24:21). Baina zergatik da batzuetan zaila gida onartzea? Zergatik eskatzen digu Jehobak gida jarraitzeko? Eta nola erakutsi dezakegu bere agintaritza errespetatzen dugula? (Ikusi 9. oharra).

ZERGATIK DA ZAILA?

3, 4. a) Nola bihurtu ziren inperfektu gizakiak? b) Zergatik izan daiteke zaila besteen gida onartzea?

3 Gizakiok errebeldeak izateko joera dugu. Horrela izan da lehen gizon eta emakumeak, Adam eta Ebak, bekatu egin zutenetik. Nahiz eta hasieran perfektuak izan, Jainkoaren agintaritzaren aurka matxinatu ziren. Geroztik, gizaki guztiok inperfektuak jaio gara. Hau da Jehobaren eta gizakien gida onartzea zailtzen digun arrazoi bat. Beste arrazoi bat, berriz, Jehobak gida emateko erabiltzen dituen gizakiak ere inperfektuak direla da (Hasiera 2:15-17; 3:1-7; 51. Salmoa 7 [51:5, NW ]; Erromatarrei 5:12).

4 Inperfektuak garenez, harroak izateko joera dugu. Harrokeriak gida onartzea zaildu egiten du. Adibidez, antzinako Israelen, Jehobak Moises aukeratu zuen bere herria gidatzeko. Jehoba urte askotan zerbitzatu zuen Kore izeneko gizon bat harrotu eta Moisesi errespetu falta handia erakutsi zion. Nahiz eta Moisesek Jainkoaren herria gidatzen zuen, ez zen harroa izan. Bibliaren arabera, bere garaiko gizonik apalena izan zen. Baina Korek ezin izan zuen Moisesen gida onartu. Jendetza handi bat konbentzitu eta Moisesen aurka matxinatu ziren. Zer gertatu zen Kore eta errebelde horiekin? Jehobak bizia kendu zien (Zenbakiak 12:3; 16:1-3, 31-35). Biblian harrokeria arriskutsua dela irakasten diguten adibide ugari daude (2 Kronikak 26:16-21; ikusi 10. oharra).

5. Nola erabili dute gizaki batzuek euren boterea neurriz kanpo?

5 Entzun al duzu inoiz botereak usteldu egiten duela? Historian zehar, gizaki asko beraien botereaz neurriz kanpo baliatu dira (Irakurri Kohelet 8:9). Esaterako, Jehobak Saul Israelgo errege izateko aukeratu zuenean, gizon on eta apala zen. Baina harrokeria eta inbidia bere barnean hazten joan ziren eta Dabid pertsegitzera eraman zuten, nahiz eta Dabid errugabea izan (1 Samuel 9:20, 21; 10:20-22; 18:7-11). Gero, Dabid errege izan zenean, Israelek inoiz izandako erregerik hoberenetarikoa izan zen. Hala ere, denbora pasa eta gero, Dabidek berak erabili zuen boterea neurriz kanpo. Betsaberekin, Urias izeneko gizonaren emaztearekin, sexu harremanak izan zituen. Orduan Dabidek, bere bekatua ezkutatzeko, Urias gudara bidali zuen hil zezaten (2 Samuel 11:1-17).

ZERGATIK ERRESPETATZEN DUGU JEHOBAREN AGINTARITZA?

6, 7. a) Zer egitera bultzatzen gaitu Jehobari diogun maitasunak? b) Zerk lagunduko digu esaneko izaten zaila denean ere?

6 Jehoba maite dugulako errespetatzen dugu bere gida. Jehoba edozer edo edozeinen gainetik maite dugunez, bere bihotza poztu nahi dugu (Irakurri Esaera Zaharrak 27:11; Markos 12:29, 30). Edengo baratzeko lehen bikotearen garaitik, Satanasek jendeak Jehobaren agintaritza zalantzan ipintzea nahi izan du. Hau da, Jehobak egin behar duguna esateko eskubiderik ez duela pentsa dezagun nahi du. Baina badakigu hori gezurra dela. Hortaz, ados gaude hitz hauekin: «Gure Jaun eta Jainko hori, zu bazara nor aintza, ohorea eta ahalmena hartzeko, zeuk baitzenituen gauza guztiak egin» (Apokalipsia 4:11).

7 Haurra zinenean, nahi ez zenuenean ere gurasoen esaneko izaten irakatsiko zizuten segur aski. Era berean, Jehobaren zerbitzariontzat zenbaitetan zaila izan daiteke obeditzea. Baina Jehoba maitatu eta errespetatzen dugunez, ahal dugun guztia egiten dugu bere esaneko izatearren. Jesusek ezarri zigun eredua. Jehoba obeditu zuen, baita zaila zenean eta komeni ez zitzaionean ere. Horrexegatik esan ahal izan zion bere Aitari: «Egin bedi zure nahia, ez nirea» (Lukas 22:42; ikusi 11. oharra).

8. Zer erabiltzen du Jehobak gu gidatzeko? (Ikusi « Aholkua entzun» taula)

8 Gaur egun, Jehobak hainbat modu erabiltzen ditu gu gidatzeko. Adibidez, Biblia eman digu. Kongregazioko arduradunak ere eman dizkigu. Gu gidatzeko erabiltzen dituenak errespetatzen ditugunean, Jehobaren agintaritza errespetatzen dugula erakusten dugu. Euren laguntza baztertzen dugunean, zentzu batean, Jehoba bera baztertzen ari gara. Jehobaren ikuspuntutik israeldarrek Moises baztertzea oso larria izan zen. Izan ere, Jehobarentzat bera baztertzen ari ziren (Zenbakiak 14:26, 27; ikusi 12. oharra).

9. Nola bultzatu gaitzake maitasunak gida jarraitzera?

9 Agintaritza errespetatzen dugunean gure anai⁠-⁠arrebak maite ditugula erakusten dugu. Esate baterako, hondamendi bat gertatzen denean laguntza talde bat sortzen da ahalik eta jende kopuru handiena salbatzeko. Taldearen ahaleginek emaitza onak izateko, lana norbaitek antolatu behar du eta taldeko kide bakoitzak jasotako gida jarraitu behar du. Baina zer gertatu daiteke langile batek kasurik egin gabe lana bere kabuz egiten badu? Nahiz eta asmo ona izan, kasurik ez egiteak lankideentzat arazoak sortu eta norbait larriki zauritua gerta daiteke. Era berean, Jehobaren eta Jehobak aukeratutako agintarien gida ez badugu jarraitzen, ingurukoek sufritu dezakete. Baina Jehobaren esaneko garenean, gure anai⁠-⁠arrebak maite ditugula eta Jehobak gauzak antolatzeko duen modua errespetatzen dugula erakusten dugu (1 Korintoarrei 12:14, 25, 26).

10, 11. Zer aztertuko dugu orain?

10 Jehobak eskatzen digun guztia geure onerako da. Gure familian, kongregazioan eta gobernuko funtzionarioekin ditugun harremanetan errespetua erakustea denon onerako da (Deuteronomioa 5:16; Erromatarrei 13:4; Efesoarrei 6:2, 3; Hebrearrei 13:17).

11 Besteak errespetatzea errazagoa izango da Jehobak guk hori egitea zergatik nahi duen ulertzen badugu. Aztertu dezagun nola erakutsi dezakegun errespetua bizitzako hiru alorretan.

ERRESPETUA FAMILIAN

12. Nola erakusten du senarrak agintaritza errespetatzen duela?

12 Familia Jehobak sortu zuen eta familia⁠-⁠kide bakoitzari eginkizun bat eman zion. Kide bakoitzak Jehobak berarengandik espero duena ulertzean, familiak funtzionamendu egokia izango du eta guztien onerako izango da (1 Korintoarrei 14:33). Jehobak senarra jarri du familiaren burua izateko eta, ondorioz, bere emazte eta seme⁠-⁠alabak zaintzea eta maitasunez gidatzea espero du. Beraz, zaintzen dituen moduarengatik erantzun beharko du senarrak Jehobaren aurrean. Kristaua den senarrak goxotasunez eta maitasunez jokatzen du eta, gainera, Jesusek kongregazioa zaintzen duen moduan zaintzen du familia. Hau egiten duenean Jehobari errespetua diola erakusten du (Efesoarrei 5:23; ikusi 13. oharra).

Familia zaintzean, aita batek Jesu Kristo imitatzen du

13. Nola erakusten du emazteak agintaritza errespetatzen duela?

13 Emazte kristauak ere eginkizun garrantzitsu eta duina du. Senarrak familiaburu ona izaten gogor lan egiten duen bitartean, emazteak lagundu egiten dio. Elkarrekin haurrak hezteko ardura dute. Emazteak bere ereduarekin seme⁠-⁠alabei errespetua izaten irakasten die (Esaera Zaharrak 1:8). Senarra errespetatu eta bere erabakiak aurrera eramaten laguntzen dio. Zerbaitetan ados ez egon arren ere, bere sentimenduak modu atseginean eta errespetuz azaltzen ditu. Emaztea lekukoa ez den norbaitekin ezkondua badago, beste erronka batzuk izango ditu. Baina senarra maitasunez eta errespetuz tratatzen badu, agian egunen batean senarrak ere Jehoba ezagutu eta gurtu nahi izango du (Irakurri 1 Pedro 3:1).

14. Nola erakusten dute haurrek agintaritza errespetatzen dutela?

14 Haurrak oso baliotsuak dira Jehobarentzat eta beraiek behar dute bereziki babesa eta gida. Seme⁠-⁠alabak gurasoen esaneko direnean, gurasoak poztu egiten dira. Are gehiago, esanekoak izatean, Jehoba errespetatzen dutela erakutsi eta poztu egiten dute (Esaera Zaharrak 10:1). Familia askotan haurrak guraso bakar batek hezi behar ditu. Hau oso zaila izan daiteke aita edo amarentzat, baita haurrentzat ere. Baina seme⁠-⁠alabak esanekoak badira eta aita edo ama laguntzen badute, familia⁠-⁠bizitza hobea izango dute. Egoera dena delakoa izanda ere, ez dago perfektua den familiarik. Baina familia guztiak zoriontsuagoak izango dira kide bakoitzak Jehobaren gida jarraitzen badu. Honek aintza emango dio Jehobari, bera baita familia guztien Sorburua (Efesoarrei 3:14, 15).

ERRESPETUA KONGREGAZIOAN

15. Nola erakusten dugu kongregazioan agintaritza errespetatzen dugula?

15 Jehobak kongregazioaren bidez gidatzen gaitu eta Jesusi eman dio hau zuzentzeko aginpide osoa (Kolosarrei 1:18). Era berean, Jesusek morroi leial eta zentzudunari lurrean Jainkoaren herriaz kontu egiteko ardura eman dio (Mateo 24:45-47). Gaur egun «morroi leial eta zentzuduna» Zuzendari⁠-⁠batzordea da. Zuzendari⁠-⁠batzordeak behar duguna garai aproposean ematen digu fede sendoa izan dezagun. Arduradunek, laguntzaileek eta eskualde⁠-⁠arduradunek mundu osoko kongregazioetan laguntzen dute eta Zuzendari⁠-⁠batzordearen gida jasotzen dute. Anaia hauek gu zaintzeko ardura dute. Ardura hau eramaten duten moduarengatik kontuak ematen dizkiote Jehobari. Beraz, gizon hauek errespetatzean Jehoba errespetatzen dugu (Irakurri 1 Tesalonikarrei 5:12; Hebrearrei 13:17; ikusi 14. oharra).

16. Zergatik esan daiteke arduradun eta laguntzaileak espiritu santuz izendatuak direla?

16 Arduradun eta laguntzaileek kongregazioa leial eta elkarturik mantentzen laguntzen dute. Noski, gu bezala, inperfektuak dira. Nola aukeratzen dira orduan? Biblian dauden baldintzak bete behar dituzte (1 Timoteori 3:1-7, 12; Titori 1:5-9). Jehobak espiritu santua erabili zuen biblia⁠-⁠idazleek baldintza hauek azaltzeko. Arduradunek Jehobari espiritu santua otoitzean eskatzen diote arduradun edo laguntzaile nor izendatu daitekeen aztertzean. Argi dago: kongregazioak Jesusen eta Jehobaren gidaritzapean daude (Eginak 20:28). Izendaturiko anaiak gu zaintzeko eta laguntzeko Jainkoak ematen dizkigun opariak dira (Efesoarrei 4:8, 11).

17. Zer egin behar dute batzuetan arrebek errespetua erakusteko?

17 Batzuetan ez dago arduradun edo laguntzailerik kongregazioko eginkizunak betetzeko. Bataiatutako beste anaiaren batek lagundu dezake, baina ez badago horrelako anaiarik, arreba batek egin dezake bataiatutako anaiak egin ohi duena. Hala bada, burua estaliko du, zapi edo kapela batekin esaterako (1 Korintoarrei 11:3-10). Honela, Jehobaren buruzagitza antolaketa errespetatzen duela erakutsiko du, bai familian, baita kongregazioan ere (Ikusi 15. oharra).

ERRESPETUA GOBERNUKO FUNTZIONARIOEI

18, 19. a) Zer ikasten dugu Erromatarrei 13:1-7⁠ko aiputik? b) Nola erakusten diegu errespetua agintaritza dutenei?

18 Gaur egun, Jehobak gobernuei agintaritza neurri bateraino izaten uzten dienez, errespetua zor diegu. Herrialde eta erkidegoa antolatzen dute behar bezala funtzionatzeko eta jendeak behar dituen zerbitzuak ematen dituzte. Kristauok Erromatarrei 13:1-7 (irakurri) pasartean dugun argibidea betetzen dugu. Agintariak errespetatu eta bizi garen herrialde edo erkidegoko legeak betetzen ditugu. Lege hauek gure familia, negozio edo ondasunetan eragina izan dezakete. Adibidez, gobernuak ezarritako zergak ordaindu eta eskatzen duen informazioa ematen diogu. Baina zer egingo dugu Jainkoaren legeen aurkako zerbait egiteko eskatzen badigu? Pedro apostoluak esan zuen: «Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena» (Eginak 5:28, 29).

19 Gobernuko funtzionarioekin, esaterako, epaile edo polizia batekin, beti errespetuz jokatu behar dugu. Gazteek irakasleei eta eskolako beste langileei errespetua adierazi behar diete. Lantokian nagusiari errespetua erakusten diogu, nahiz eta beste langileek ez erakutsi. Hau egitean, Paulo apostoluaren eredua imitatzen dugu: errespetua erakutsi zien funtzionarioei batzuetan zaila izan arren (Eginak 26:2, 25). Nahiz eta gainontzekoek gurekin ondo ez jokatu, errespetua izaten jarraituko diegu (Irakurri Erromatarrei 12:17, 18; 1 Pedro 3:15, 16).

20, 21. Zer gertatzen da besteak errespetatzean?

20 Lur osoan zehar jendeak gero eta errespetu gutxiago erakusten dio batak besteari. Baina Jehobaren herria desberdina da. Gure helburua jende guztia errespetatzea da. Pedro apostoluak esandakoa jarraitzen dugu: «Errespetatu guztiak» (1 Pedro 2:17). Besteei errespetua azaltzen diegunean nabaritu egiten dute. Jesusek zera esan zigun: «Zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten» (Mateo 5:16).

21 Familian, kongregazioan eta bizitzako beste alderdietan errespetua erakusten dugunean, gure ereduak besteek Jehobari buruz gehiago jakin nahi izatea eragin dezake. Besteak errespetatzean, Jehoba bera errespetatzen dugula erakusten dugu. Honek Jehoba zoriontsu egiten du eta maite dugula erakusten dio.