Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Oharrak

Oharrak

  1 PRINTZIPIOAK

Jainkoaren legeak bere printzipioetan oinarrituta daude. Printzipio hauek Biblian aurkitu ditzakegun oinarrizko egiak dira. Jainkoak zer ikuspuntu duen eta zer sentitzen duen ulertzen laguntzen digute. Bizitzan erabaki onak hartzen eta zuzena dena egiten ere laguntzen digute. Jainkoaren lege zehatzik ez dagoen egoeretan dira batez ere lagungarriak.

1. kapitulua, 8. paragrafoa

 2 ESANEKO IZATEA

Jehobaren esaneko izateak esaten diguna gogo onez egitea esan nahi du. Maite dugulako obeditzea nahi du Jehobak (1 Joan 5:3). Jainkoa maite eta berarengan konfiantza badugu, egoera guztietan segituko ditugu bere aholkuak. Zaila egiten zaigunean ere bere esaneko gara. Jehoba obeditzea gure onerako da. Izan ere, bizimodu ona izaten irakasten digu eta etorkizunean bedeinkapen asko jasoko ditugula promesten digu (Isaias 48:17).

1. kapitulua, 10. paragrafoa

 3 AUKERATZEKO ASKATASUNA

Jehobak gizaki guztioi eman digu aukeratzeko askatasuna, hau da, hautatzeko gaitasuna. Ez gintuen robotak izateko sortu (Deuteronomioa 30:19; Josue 24:15). Gure askatasuna aukera onak egiteko erabili dezakegu. Baina ez bagara kontuz ibiltzen, erabaki txarrak hartu ditzakegu. Aukeratzeko askatasuna dugunez, gutako bakoitzak erabaki behar du Jehobari leial izango den ala ez. Gainera, benetan maite dugula argi erakutsi behar dugu.

1. kapitulua, 12. paragrafoa

 4 ARAU MORALAK

Jehobak arau moralak, hau da, gure jokamolde eta ekintzetarako jarraibideak ezarri ditu. Bibliak arau hauek zeintzuk diren irakasten  digu. Gainera, arau moralek Jehoba pozten eta bizitza zoriontsua izaten nola laguntzen diguten adierazten digu (Esaera Zaharrak 6:16-19; 1 Korintoarrei 6:9-11). Jarraibide hauek Jainkoarentzat ona eta txarra zer den jakiten laguntzen digute. Maitekorrak izaten, erabaki onak hartzen eta besteekin atseginak izaten ere laguntzen digute. Nahiz eta munduaren arauak okerrera egiten ari diren, Jehobaren arauak ez dira aldatzen (Deuteronomioa 32:4-6; Malakias 3:6). Hauek jarraitzeak kalte fisiko eta emozional ugari izatetik babesten gaitu.

1. kapitulua, 17. paragrafoa

 5 KONTZIENTZIA

Ona eta txarra dena bereizteko barnean dugun zentzua da kontzientzia. Jehobak guztioi eman digu zentzu hau (Erromatarrei 2:14, 15). Ondo ibili dadin, Jehobaren arau moralen arabera trebatu behar dugu. Era honetara, kontzientziak Jehobak atsegin dituen erabakiak hartzen lagunduko digu (1 Pedro 3:16). Erabaki okerren bat hartzeko zorian gaudenean ohartarazi gaitzake. Gainera, gaizki dagoen zerbait egin ondoren erabat nahigabetuta sentiarazi gaitzake. Kontzientzia ahuldu daitekeen arren, Jehobaren laguntzarekin berriz sendotu dezakegu. Kontzientzia garbiak barneko bakea eta geure buruarekiko errespetua ematen dizkigu.

2. kapitulua, 3. paragrafoa

 6 JAINKOARI BELDUR IZATEA

Jainkoari beldur izatea nahigabetuko duen ezer egin nahi ez izatea da. Honela jokatzearen arrazoia diogun maitasun eta errespetu handia da. Jainkoari beldur edo «begirune» izateak ona dena egiten eta txarra dena baztertzen laguntzen digu (111. Salmoa 10). Jehobak esaten duen guztia kontu handiz entzutera bultzatzen gaitu. Errespetu handia diogunez, promesten diogun guztiari eusten laguntzen digu. Gure pentsaeran, besteekin jokatzen dugun moduan eta eguneroko erabakietan du eragina.

2. kapitulua, 9. paragrafoa

  7 DAMUTZEA

Damutzearen barne norbaitek gaizki dagoen zerbait egiteagatik sentitzen duen atsekabe handia dago. Jainkoa maite dutenak erabat goibelduta sentitzen dira Jehobaren arauak hausten dituen zerbait egin dutela konturatzen direnean. Oker dagoen zerbait egin badugu, Jehobari barkatzeko erregutu beharko genioke Jesusen eskaintza oinarritzat hartuta (Mateo 26:28; 1 Joan 2:1, 2). Bihotzez damutu eta gaizki dagoena egiteari uzten diogunean, ziur egon gaitezke Jehobak barkatuko digula. Ez dugu errudun sentitzen jarraitu beharrik iraganean egin dugunarengatik (103. Salmoa 10-14; 1 Joan 1:9; 3:19-22). Gogor saiatu behar dugu egindako akatsetatik ikasten, pentsaera okerrak aldatzen eta Jehobaren arauen arabera bizitzen.

2. kapitulua, 18. paragrafoa

 8 KANPORATZEA

Bekatu larriren bat egin duena ez bada damutzen eta Jehobaren arauak jarraitzeari uko egiten badio, ezin du kongregazioaren parte izaten segi. Kanporatua izan beharko du. Ez dugu harreman gehiagorik izango kanporatua denarekin, ezta berarekin hitz egingo ere (1 Korintoarrei 5:11; 2 Joan 9-11). Kanporatzearen antolaketak Jehobaren izena eta kongregazioa babesten ditu (1 Korintoarrei 5:6). Gainera, diziplina emateko neurri bat da, jasotzen duena damutu eta Jehobarengana itzuli dadin (Lukas 15:17).

3. kapitulua, 19. paragrafoa

 9 GIDA ETA AHOLKUAK

Jehobak maite gaituenez lagundu nahi gaitu. Hori dela eta, gida eta aholkuak ematen dizkigu Biblia eta bere zerbitzarien bidez. Gizaki inperfektuak garenez, behar⁠-⁠beharrezkoa dugu bere laguntza (Jeremias 17:9). Gu gidatzeko Jehobak erabiltzen dituenei errespetuz entzuten diegunean, Jehoba bera errespetatzen dugula eta bere esana bete nahi dugula erakusten dugu (Hebrearrei 13:7).

4. kapitulua, 2. paragrafoa

  10 HARROKERIA ETA APALTASUNA

Gizakiok inperfektuak garenez, geurekoiak eta harroak izateko joera dugu. Baina Jehobak gu apalak izatea nahi du. Askotan, Jehobarekin alderatuta zein txikiak garen ikusten dugunean, apaltasuna zer den ikasten hasten gara (Job 38:1-4). Apalak izateko oso garrantzitsua da geure buruan pentsatu beharrean besteengan eta beraien beharretan pentsatzen ikastea. Harroa denak, askotan, besteak baino hobea dela pentsatzen du. Apalak, berriz, bere burua zintzotasunez ikusten du, bai ezaugarri onez, baita ahuleziez ere jabetuz. Akatsak aitortu, barkamena eskatu eta aholkuak onartzeko beldurrik ez du. Jehobarengan ipintzen du konfiantza eta bere gida jarraitzen du (1 Pedro 5:5).

4. kapitulua, 4. paragrafoa

 11 AGINTARITZA

Agintaritza aginduak eman eta erabakiak hartzeko eskubidea da. Jehoba zeru⁠-⁠lurrean agintaritza gorena duena da. Gauza guztiak sortu zituen eta unibertsoko izakirik boteretsuena da. Agintaritza besteen onerako erabiltzen du beti. Jehobak gu zaintzeko ardura eman die gizaki batzuei. Adibidez, gurasoek, kongregazioko arduradunek eta agintariek agintaritza neurri bat dute eta Jehobak beraien esana bete dezagun nahi du (Erromatarrei 13:1-5; 1 Timoteori 5:17). Baina gizakiaren legeak Jainkoaren legearen aurka egiten duenean, Jainkoaren esana betetzen dugu (Eginak 5:29). Jehobak erabiltzen dituenen agintaritza onartuz, Jehobari bere erabakiak errespetatzen ditugula erakusten diogu.

4. kapitulua, 7. paragrafoa

 12 ARDURADUNAK

Jehobak kongregazioa zaintzeko erabiltzen dituen anaia esperientziadunak dira arduradunak (Deuteronomioa 1:13; Eginak 20:28). Gizon hauek Jehobarekin dugun adiskidetasuna sendo mantentzen eta Jehoba ongi antolatuta eta modu baketsuan gurtzen laguntzen digute (1 Korintoarrei 14:33, 40). Arduradunak espiritu santuz  aukeratzen dira, Biblian agertzen baitira bete behar dituzten baldintza zehatzak (1 Timoteori 3:1-7; Titori 1:5-9; 1 Pedro 5:2, 3). Jainkoaren erakundean konfiantza daukagunez eta honen alde egiten dugunez, gogo onez betetzen dugu arduradunen esana (138. Salmoa 6; Hebrearrei 13:17).

4. kapitulua, 8. paragrafoa

 13 FAMILIABURUA

Jehobak gurasoei eman die seme⁠-⁠alabak zaintzeko ardura. Hala ere, familiaren burua senarra dela adierazten du Bibliak. Familian aitarik ez dagoenean, ama da familiaburua. Familiaburuaren ardura da familiak janaria, arropa eta bizilekua izatea. Era berean, aurrea hartu behar du familiak Jehoba gurtu dezan laguntzen. Adibidez, kongregazioko bileretara joateko, predikatze⁠-⁠lanean aritzeko eta Biblia elkarrekin aztertzeko ohitura dutela ziurtatu behar du. Familiaburuak aurrea hartzen du erabakiak hartzean. Jesusen eredua jarraitzen saiatu behar da beti, atsegina eta zentzuduna izanez eta inoiz ez bihozgabea eta zorrotza. Horrela familian giro maitekorra egongo denez, denak seguru sentituko dira eta Jehobarekin duten adiskidetasuna estutuko dute.

4. kapitulua, 12. paragrafoa

 14 ZUZENDARI⁠-⁠BATZORDEA

Zuzendari⁠-⁠batzordea zerura joateko itxaropena duen gizon talde batek osatzen du. Jainkoak bere herriaren jarduerak zuzentzeko erabiltzen du. Lehen mendean, Jehobak zuzendari⁠-⁠batzorde bat erabili zuen kristau kongregazioa gurtzan eta predikatze⁠-⁠lanean gidatzeko (Eginak 15:2). Gaur egun, Zuzendari⁠-⁠batzordeak aurrea hartzen du Jainkoaren herriari gida ematen eta Jehobarengandik hurbil egoteko laguntzen. Anaia hauek erabakiak hartzen dituztenean, Jainkoaren Hitzaren eta espiritu santuaren gidan jartzen dute konfiantza. Jesusek «morroi leial eta zentzuduna» deitu zion anaia gantzutuen talde honi (Mateo 24:45-47).

4. kapitulua, 15. paragrafoa

  15 BURUA ESTALTZEA

Noizbehinka kongregazioan anaia batek egiten duen lana arreba bati egiteko eskatzea posible da. Honelako lanen bat egiterakoan arrebak Jehobaren antolaketari dion errespetua azalduko du burua estaliz. Burua egoera zehatz batzuetan soilik estali beharko du. Adibidez, arreba batek biblia⁠-⁠ikastaro bat zuzentzen duenean, buruko estalkia ipini behar du bere senarrarekin edo bataiatutako anaia batekin badago (1 Korintoarrei 11:11-15).

4. kapitulua, 17. paragrafoa

 16 NEUTRALTASUNA

Neutralak garenean ez dugu gai politikoetan inoren alde egiten (Joan 17:16). Jehobaren herriak Jainkoaren Erreinuaren alde egiten du. Munduko kontuetan neutralak gara Jesus izan zen bezala.

Jehobak «gobernari eta agintarien menpeko» izan behar dugula agintzen digu (Titori 3:1, 2; Erromatarrei 13:1-7). Baina Jainkoaren legeak ez dugula inor hil behar ere esaten du. Beraz, kontzientziak ez dio kristauari gerrara joaten utziko. Soldadutzaren ordez gizarte⁠-⁠zerbitzuak egiteko aukerarik badago, kontzientziak ordezko zerbitzu horiek egitea uzten dion aztertu behar du.

Jehoba bakarrik gurtzen dugu gure Sortzailea baita. Nazioen ikurrei errespetua diegun arren, ez ditugu nazio⁠-⁠banderak agurtzen, ezta himno nazionalak abesten ere (Isaias 43:11; Daniel 3:1-30; 1 Korintoarrei 10:14). Gainera, Jehobaren zerbitzari bakoitzak alderdi edo hautagai politikoei botorik ez ematea erabakitzen du. Izan ere, Jainkoaren gobernuaren alde jartzea aukeratu dugu dagoeneko (Mateo 22:21; Joan 15:19; 18:36).

5. kapitulua, 2. paragrafoa

 17 MUNDUKO ESPIRITUA

Munduak Satanasen pentsaera sustatzen du. Pentsaera hori dute Jehoba maitatzen eta imitatzen ez dutenek, eta bere arauak betetzen ez dituztenek (1 Joan 5:19). Pentsaera honi eta honen ondorioz  sortzen diren ekintzei munduko espiritua deitzen die Bibliak (Efesoarrei 2:2). Jehobaren herriak ahal duen guztia egiten du espiritu honen menpe ez egoteko (Efesoarrei 6:10-18). Izan ere, Jehobaren arauak maite ditugu eta bere pentsaera berbera izaten gogor saiatzen gara.

5. kapitulua, 7. paragrafoa

 18 APOSTASIA

Apostasia Bibliako egien kontra jartzea da. Apostatek Jehoba eta Jainkoaren Erreinuaren Errege den Jesusen aurka egiten dute. Gainera, besteengan eragina izaten saiatzen dira berdin jokatu dezaten (Erromatarrei 1:25). Jehoba zerbitzatzen dutenengan zalantzak sortu nahi dituzte. Lehen mendeko kristau kongregazioko pertsona batzuk apostata bihurtu ziren eta gauza bera gertatzen da gaur egun (2 Tesalonikarrei 2:3). Jehobari leial izan nahi dutenek ez dute zerikusirik izan nahi apostatekin. Ez diegu sekula utzi behar jakin⁠-⁠minari edota besteen presioari apostaten ideiak irakurtzera edo entzutera bultzatu gaitzaten. Jehobari leialak gara eta bera bakarrik gurtzen dugu.

5. kapitulua, 9. paragrafoa

 19 BEKATUEN BARKAMENA

Moisesen Legepean zegoenean, Israelgo nazioak Jehobari bekatuen barkamena eskatzen zion. Aleak, olioa eta animaliak eramaten zituzten tenplura Jainkoari eskaintzeko. Hauek Jehoba nazioaren eta israeldar bakoitzaren bekatuak barkatzeko gogotsu zegoela gogorarazten zien. Beranduago, Jesusek bere bizia gure bekatuak estaltzeko eman eta gero, barkamen⁠-⁠eskaintza hauek beharrezkoak izateari utzi zioten. Jesusek «behin betiko» egin zuen eskaintza perfektua (Hebrearrei 10:1, 4, 10).

7. kapitulua, 6. paragrafoa

 20 ANIMALIEN BIZITZARI ERRESPETUA

Moisesen Legepean israeldarrek animaliak jan zitzaketen. Gainera, animaliak eskaintza gisa ematea agindu zitzaien (Lebitarrena 1:5, 6).  Baina Jehobak ez zien sekula utzi animaliekin gupidagabeak izaten (Esaera Zaharrak 12:10). Izan ere, animaliak krudelkeriatik babesteko arauak zituen Legeak. Israeldarrek ongi zaindu behar zituzten euren animaliak (Deuteronomioa 22:6, 7).

7. kapitulua, 6. paragrafoa

 21 ODOL⁠-⁠FRAKZIOAK ETA MEDIKUNTZA⁠-⁠PROZEDURAK

Odol⁠-⁠frakzioak. Odola lau osagai nagusik osatzen dute: globulu gorriak, globulu zuriak, plaketak eta plasma. Odolaren lau osagai nagusi hauek odol⁠-⁠frakzio deitzen zaien zati txikiagotan banandu daitezke. *

Kristauek ez dute odol osoaren edo honen edozein osagai nagusiren transfusiorik onartzen. Baina onartu al ditzakete odol⁠-⁠frakzioak? Bibliak ez du honi buruzko xehetasunik ematen. Beraz, kristau bakoitzak hartu behar du bere erabakia Bibliak trebatutako kontzientzian oinarrituz.

Kristau batzuek odol⁠-⁠frakzio guztiak ez onartzea erabakitzen dute. Honela arrazoitu dezakete: Jainkoak Israeli emandako Legeak animaliaren bat hiltzean, honen odol guztia «lurrera isuri» behar zutela agintzen zuen (Deuteronomioa 12:22-24).

Beste batzuek erabaki desberdina hartzen dute. Beraien kontzientziak odol⁠-⁠frakzio batzuk onartzen uzten die. Honela arrazoitu dezakete: frakzio txikiek ez dute odola hartua izan den gizaki edo animaliaren bizia dagoeneko irudikatzen.

Aztertu itzazu ondorengo galderak odol⁠-⁠frakzioei buruzko erabakia hartu behar duzunean:

  • Argi al dut odol⁠-⁠frakzio guztiak onartzen ez baditut ezingo ditudala hainbat botika onartu, esaterako, odoljarioa gelditzen lagundu edo gaixotasunen aurka borrokatzen dutenetako batzuk?

  •   Nola azalduko diot medikuari zergatik onartzen edo baztertzen ditudan odol⁠-⁠frakzio batzuk?

Medikuntza⁠-⁠prozedurak. Kristauok ez dugu odolik ematen, ezta geure buruari beranduago ebakuntza batean transfusioa egiteko gure odola biltegiratzen ere. Hala ere, norberaren odola erabiltzen duten beste prozedura batzuk badaude. Kristau bakoitzak erabaki behar du ebakuntza, medikuntza⁠-⁠proba edo tratamenduan zehar bere odola nola erabiliko den. Prozedura hauetan zehar, gaixoaren odola gorputzetik guztiz banandua izan daiteke denbora batez (Informazio gehiago izateko, ikusi 2000⁠ko urriak 15⁠eko La Tour de Garde edo La Atalayaren 30 eta 31 orrialdeak).

Adibidez, hemodiluzioa deritzon prozeduran ebakuntza egin baino lehenxeago gaixoari odol kopuru bat atera eta odol⁠-⁠bolumenaren hedatzaile batekin ordezkatzen zaio. Geroago, ebakuntzan zehar edo amaitu eta gutxira, lehenago ateratako odola sartzen zaio berriz gaixoari.

 Beste prozedura bat odolaren berreskuratzean datza. Prozedura honetan, gaixoak ebakuntzan galtzen duen odola berreskuratu, garbitu eta berriro ipintzen zaio ebakuntzan zehar edo amaitu eta gutxira.

Desberdintasun txikiak egon daitezke prozedura hauek burutzeko moduan. Hortaz, ebakuntza, medikuntza⁠-⁠proba edo tratamenduren bat onartu aurretik, kristauak bere odola zehatz⁠-⁠mehatz nola erabiliko den jakin behar du.

Gure odola erabiliko duen medikuntza⁠-⁠prozeduraren bati buruzko erabakia hartzean, azter itzazu ondorengo galderak:

  • Nire odolaren kopuru bat gorputzetik ateratzen badidate eta odol⁠-⁠fluxua denbora batez ere eteten bada, utziko al dit kontzientziak odol hori nire parte dela ikusten, «lurrera» isurtzea beharrezkoa ez delarik? (Deuteronomioa 12:23, 24).

  • Medikuntza⁠-⁠prozedura batean nire odolaren kopuru bat atera, aldaketaren bat egin eta berriz sartu edo gorputzeko beste atal batean sendabide moduan jartzen badidate, minduko al da nire kontzientzia?

  • Argi al dut nire odola erabiltzen duten medikuntza⁠-⁠prozedura guztiak onartzen ez baditut ezingo ditudala odol⁠-⁠analisiak, hemodialisia edota gorputzez kanpoko bihotz⁠-⁠birika makinaren erabilera onartu?

 Odol⁠-⁠frakzioak edota gure odola erabiltzen dituzten medikuntza⁠-⁠tratamenduei buruzko erabakirik hartu baino lehen, Jehobari otoitz egin behar diogu gida eskatuz eta, ondoren, ikerketa egin (Santiago 1:5, 6). Gero, Bibliaren arabera trebatutako kontzientzia jarraituz hartu behar dugu erabakia. Ez diogu beste inori galdetu behar gure tokian balego zer egingo lukeen eta inork ez luke gure erabakian eraginik izaten saiatu behar (Erromatarrei 14:12; Galaziarrei 6:5).

7. kapitulua, 11. paragrafoa

 22 MORALTASUN GARBIA

Moraltasun garbia izateak gure jokamoldea eta ekintzak Jehobaren ikuspuntutik garbiak direla esan nahi du. Moraltasun garbiaren barne, pentsatzen, esaten eta egiten duguna dago. Jehobak edozein eratako sexu moralgabekeria baztertzeko agintzen digu (Esaera Zaharrak 1:10; 3:1). Gaizki dagoena egitera bultzatu gaitzakeen egoera batean aurkitu aurretik ere, Jehobaren arau garbiak jarraitzea erabaki behar dugu. Jehobari etengabe egin behar diogu otoitz gure pentsamenduak garbi mantentzeko laguntza eskatuz. Gainera, gauza moralgabeak egiteko tentaldiak baztertzeko erabaki sendoa hartu behar dugu (1 Korintoarrei 6:9, 10, 18; Efesoarrei 5:5).

8. kapitulua, 11. paragrafoa

 23 JOKAERA LOTSAGABEA ETA ZIKINKERIA

Jokaera lotsagabea hitzen edo ekintzen bidez Jainkoaren arauak modu larrian haustea da. Honelako jokaera duen pertsonak Jainkoaren legeak ez dituela errespetatzen argi uzten du. Norbait jokaera lotsagabea izatearen errudun denean, epaiketa⁠-⁠batzorde batek tratatuko du gaia. Zikinkeriaren barne hainbat bekatu daude. Egoeraren larritasunaren arabera, zikinkeria kasu batzuk kongregazioko epaiketa⁠-⁠batzorde batek tratatu beharko ditu (Galaziarrei 5:19-21; Efesoarrei 4:19; informazio gehiago izateko, ikusi 2006⁠ko uztailak 15⁠eko La Tour de Garde edo La Atalayaren 29-31 orrialdeak).

9. kapitulua, 7. paragrafoa; 12. kapitulua, 10. paragrafoa

  24 MASTURBAZIOA

Jehobak senar⁠-⁠emazteen arteko maitasunaren adierazpen garbia izateko sortu zuen sexua. Baina norbaitek bere sexu⁠-⁠organoak sexu⁠-⁠gozamena izateko ukitzen dituenean, hau da, masturbatzen denean, sexua modu zikinean erabiltzen ari da. Ohitura honek Jehobarekin duen adiskidetasuna kaltetu dezake. Grina zikinak garatzea eragin dezake, baita sexuari buruzko ikuspuntu okerra izatea ere (Kolosarrei 3:5). Garbia ez den ohitura hau duenak alde batera uzteko zailtasunak baditu, ez luke amore eman behar (86. Salmoa 5; 1 Joan 3:20). Zure egoera hau bada, bihotz⁠-⁠bihotzez otoitz egin Jehobari eta laguntzeko eskatu. Baztertu pornografia bezalako gauzak, zikinak diren pentsamenduak izatera zuzenduko baitzaituzte. Kristauak diren gurasoak badituzu, hitz egin beraiekin edo Jehobaren legeak errespetatzen dituen lagun helduren batekin (Esaera Zaharrak 1:8, 9; 1 Tesalonikarrei 5:14; Titori 2:3-5). Ziur egon Jehobak moraltasunari eusteko egiten dituzun ahaleginak ikusi eta estimatzen dituela (51. Salmoa 19 [51:17, NW ]; Isaias 1:18).

9. kapitulua, 9. paragrafoa

 25 POLIGAMIA

Ezkontide bat baino gehiago izateko ohiturari poligamia deitzen zaio. Jehobak gizon eta emakume baten artean izateko sortu zuen ezkontza. Antzinako Israelen, Jainkoak emazte bat baino gehiago izaten utzi zien gizonei, baina hau ez zen bere hasierako helburua. Gaur egun, Jehobak ez du poligamia onartzen bere herrian. Senarrak emazte bakarra izan dezake eta emazteak, senar bakarra (Mateo 19:9NW; 1 Timoteori 3:2, oharra).

10. kapitulua, 12. paragrafoa

 26 DIBORTZIOA ETA BANATZEA

Jehobak senar⁠-⁠emazteak bizi bitartean elkarrekin egotea nahi zuen (Hasiera 2:24; Malakias 2:15, 16; Mateo 19:3-6; 1 Korintoarrei 7:39). Jehobarentzat dibortziorako arrazoi bakarra ezkontide batek  adulterio egitea da. Honelako kasuetan, Jehobak errugabea den ezkontideari dibortziatuko den ala ez erabakitzeko eskubidea ematen dio (Mateo 19:9NW ).

Zenbaitetan, kristau batzuek banatzea erabaki dute nahiz eta moralgabekeriarik gertatu ez den (1 Korintoarrei 7:11). Kristau batek banatzea pentsatu dezake hurrengo egoeretan.

  • Familia mantendu nahi ez izatea. Senarrak familiaren behar materialak asetzeari uko egiten dio, familia diru edo janaririk gabe uzteraino (1 Timoteori 5:8).

  • Abusu fisiko oso larriak. Abusu fisikoa hain da larria, non ezkontideak bere osasuna edo bizitza arriskuan dagoela sentitzen du (Galaziarrei 5:19-21).

  • Ezkontide batek Jehobarekin duen harremana galtzeko arrisku oso larria. Senar edo emazte batek Jehoba zerbitzatzea ezinezkoa egiten dio ezkontideari (Eginak 5:29).

11. kapitulua, 19. paragrafoa

 27 ZORIONTZEA ETA ANIMATZEA

Guztiok dugu zorionduak eta animatuak izateko beharra (Esaera Zaharrak 12:25; 16:24). Hitz goxo eta atseginekin elkar sendotu eta animatu gaitezke. Honelako adierazpenei esker, gure anai⁠-⁠arrebak tinko mantendu eta Jehoba zerbitzatzen jarraitu dezakete nahiz eta zailtasun handiak izan (Esaera Zaharrak 12:18; Filipoarrei 2:1-4). Norbait lur jota sentitzen bada, errespetu handiz entzun eta nola sentitzen den ulertzen saiatu behar dugu. Hau egiten badugu, laguntzeko zer esan edo egin dezakegun jakingo dugu (Santiago 1:19-20). Anai⁠-⁠arrebak ondo ezagutzeko helburua ipini ezazu, beraien beharrak zeintzuk diren ondo ulertzeko. Era honetara, kontsolamendu eta adorearen Iturriarengana jotzen lagundu ahal izango diezu, Jehoba baita guztiz arinduko dituena (2 Korintoarrei 1:3, 4; 1 Tesalonikarrei 5:11).

12. kapitulua, 16. paragrafoa

  28 EZKONTZAK

Bibliak ez du araudi zehatzik ezkontzei buruz. Ohiturak eta legezko betekizunak desberdinak dira tokitik tokira (Hasiera 24:67; Mateo 1:24; 25:10; Lukas 14:8). Ezkontzako gauzarik garrantzitsuena bikoteak Jehobaren aurrean egiten duen botoa da. Bikote askok ezkontza⁠-⁠botoak esatean familia eta lagun minak egotea aukeratzen dute, baita arduradun batek Biblian oinarritutako hitzaldia egitea ere. Bikoteari dagokio ezkontzaren ostean eztei⁠-⁠otordurik egingo duen erabakitzea eta, hala bada, nolakoa izango den zehaztea (Lukas 14:28; Joan 2:1-11). Ezkontzaren antolaketari buruz bikoteak erabakitzen duena erabaki, ezkontzak Jehobari ohore emango diola ziurtatu behar du (Hasiera 2:18-24; Mateo 19:5, 6). Biblia⁠-⁠printzipioek erabaki onak hartzen lagunduko diete (1 Joan 2:16, 17). Eztei⁠-⁠otorduan edari alkoholdunak eskaintzea erabakitzen badute, guztia ongi gainbegiratuta dagoela ziurtatu behar dute (Esaera Zaharrak 20:1; Efesoarrei 5:18). Musika edota beste denbora⁠-⁠pasaren bat izatea aukeratzen badute, Jehobari ohore emango diotela ziurtatu behar dute. Kristaua den bikoteak Jainkoarekin duen adiskidetasunean eta ezkon⁠-⁠bizitza arrakastatsua izatean jarri behar du arreta, ez ezkontza egunean soilik (Esaera Zaharrak 18:22; gehiago jakiteko ikusi 2006⁠ko urriaren 15⁠eko La Tour de Garde edo La Atalaya, 18, 23 eta 28 orrialdeak).

13. kapitulua, 18. paragrafoa

 29 ERABAKI ONAK HARTZEA

Jainkoaren Hitzean oinarritzen diren erabaki onak hartu nahi ditugu. Pentsatu adibide honetan: Jehobaren lekukoa ez den senar edo emazteak kristau ezkontidea senitartekoekin otordu bat egitera gonbidatzen du. Baina otordu hau biblia⁠-⁠irakaskuntza edo printzipioen aurka dagoen ospakizun baten egunean egiten da. Zer egingo zenuke horrelako egoera baten aurrean? Agian zure kontzientziak joaten uzten dizu. Baina otordu garaian paganoa den zerbait egiten badute, zuk ez duzula parte hartuko azaldu beharko zenioke zure ezkontideari. Otordura joateak besteren bati estropezu eginaraziko dion ere kontuan hartu beharko zenuke (1 Korintoarrei 8:9; 10:23, 24).

 Hara beste adibide bat: zure nagusiak gabonsaria eskaintzen badizu, ezetz esan behar al zenioke? Agian ez da beharrezkoa. Zure nagusiaren ikuspuntua jakiteak erabakitzen lagunduko dizu. Gabonetako ospakizuna delako ematen al dizu gabonsaria edo esker ona azaltzeko besterik ez? Ideia hauek eta beste batzuk hartu behar dituzu kontuan erabakia hartzeko.

Hona hemen beste egoera bat. Norbaitek Eguberri garaian opari bat ematen dizu honakoa esanez: «Badakit ez duzula jai hau ospatzen. Hala ere, hau eman nahi dizut». Agian atsegina besterik ez du izan nahi. Baina, zein da bere benetako asmoa? Zure fedea proban jartzea? Zuk jaian parte hartzea? Honetan pentsatu ondoren, zuri dagokizu oparia onartuko duzun ala ez erabakitzea. Erabakiak hartzen ditugunean kontzientzia garbia eduki eta Jehobari leial izan nahi dugu (Eginak 23:1).

13. kapitulua, 22. paragrafoa

 30 NEGOZIO ETA LEGE KONTUAK

Kasu gehienetan desadostasunak ez dira arazo handi bihurtzen arin eta modu baketsuan konpontzen badira (Mateo 5:23-26). Kristau guztion lehentasuna Jehobari aintza ematea eta kongregazioa elkartuta mantentzea da (Joan 13:34, 35; 1 Korintoarrei 13:4, 5).

Kristauen artean negozioei buruzko desadostasunen bat sortzen bada, epaitegira jo gabe konpontzen saiatu beharko lirateke. 1 Korintoarrei 6:1-8 pasartean Paulo apostoluak kristauen arteko auziei buruz eman zuen aholkua. Anai⁠-⁠arrebak auzitara eramateak Jehoba eta kongregazioaren izen ona kaltetu dezake. Mateo 18:15-17 pasarteak kristauek kalumnia, iruzurra eta honelako salaketa larriak konpontzeko jarraitu behar dituzten hiru pausori buruz hitz egiten du. 1) Elkarren artean konpontzen saiatu behar dira lehendabizi. 2) Arazoa honela konpontzen ez badute, kristau heldu bat edo biren laguntza eskatu dezakete. 3) Orduan, beharrezkoa bada, kongregazioko arduradun⁠-⁠taldearengana jo dezakete. Honaino heltzen badira, arduradunek biblia⁠-⁠printzipioak erabiliz, akordio baketsu batera iristen lagunduko diete arazoaren parte diren guztiei. Hauetakoren batzuek Bibliako  arauak jarraitu nahi ez badituzte, kongregazioko arduradunek agian epaiketa⁠-⁠batzorde bat osatu beharko dute.

Hala ere, batzuetan legeak auzitara joatea eskatzen du, besteak beste, honako kasuetan: dibortzioa, haurren zaintza, mantenu⁠-⁠pentsioa, aseguruen kalte⁠-⁠ordainak, bankarrot egitea edo testamentuak. Kristauak honelako kasuak konpontzeko auzitara ahal duen modurik baketsuenean jotzen badu, ez da Pauloren aholkua hausten ariko.

Delitu larriren bat gertatzen bada, esaterako, bortxaketa, adin txikikoen abusua, erasoa, lapurreta larria edo hilketa, agintarien aurrean delituaren salaketa egiten duen kristaua ez da Pauloren aholkua hausten ariko.

14. kapitulua, 14. paragrafoa

 31 SATANASEN TRANPAK

Edengo baratzaren garaitik, Satanas gizakiak engainatzen saiatu da (Hasiera 3:1-6; Apokalipsia 12:9). Badaki gure pentsaera okertzea lortzen badu, gaizki dagoena egitera ere bultzatu gaitzakeela (2 Korintoarrei 4:4; Santiago 1:14, 15). Politika, erlijioa, merkataritza⁠-⁠sistema, aisialdia, hezkuntza eta beste hainbat gauza erabiltzen ditu bere pentsaera sustatzeko eta onargarria dela sinetsarazteko (Joan 14:30; 1 Joan 5:19).

Satanasek badaki jendea engainatzeko denbora gutxi gelditzen zaiola. Beraz, ahal duen jende gehiena engainatzen gogor saiatzen ari da. Jehoba zerbitzatzen dutenak engainatu nahi ditu batez ere (Apokalipsia 12:12). Ez bagaude adi, Deabruak pixkanaka⁠-⁠pixkanaka gure pentsaera okertuko du (1 Korintoarrei 10:12). Adibidez, Jehobak ezkon⁠-⁠bizitzak irautea nahi du (Mateo 19:5, 6, 9). Baina, gaur egun, jende askok erraz hautsi daitekeen eta garrantzi handirik ez duen akordiotzat hartzen du ezkontza. Film eta telebista saio askok ere ideia hau sustatzen dute. Munduaren ikuspuntu honek gugan eraginik ez duela ziurtatu behar dugu.

Inoren mende egon nahi ez izatea Satanasek engainatzeko erabiltzen duen beste modu bat da (2 Timoteori 3:4). Ez bagara kontuz ibiltzen,  Jehobak aginpidea izateko izendatu dituenei errespetua galtzea gerta daiteke. Adibidez, anaia bat aurka egiten hasi daiteke kongregazioko arduradunek ematen duten gidari (Hebrearrei 12:5). Edo arreba bat familia arloan Jehobaren buruzagitzaren antolaketa zalantzan jartzen hasi daiteke (1 Korintoarrei 11:3).

Deabruak gure pentsaeran eraginik izaten ez uzteko asmo sendoa izan behar dugu. Jehobaren pentsaera izan eta gure «gogoa goiko gauzetan» jarri nahi dugu (Kolosarrei 3:2; 2 Korintoarrei 2:11).

16. kapitulua, 9. paragrafoa

 32 SENDABIDEAK

Guztiok egon nahi dugu osasuntsu eta gaixo gaudenean osasun⁠-⁠arretarik onena jaso (Isaias 38:21; Markos 5:25, 26; Lukas 10:34). Gaur egun, medikuek eta beste batzuek osasun teknika eta sendabide asko eskaintzen dituzte. Zer sendabide onartuko dugun erabakitzen ari garenean, biblia⁠-⁠printzipioak jarraitzea garrantzitsua da. Gogoratu dezagun Jainkoaren Erreinupean bakarrik izango garela betiko osasuntsu. Ez dugu Jehobaren gurtzan arreta galdu nahi osasunaz gehiegi arduratzeagatik (Isaias 33:24; 1 Timoteori 4:16).

Deabruen boterea erabiltzen dutela diruditen sendabide guztiak baztertu behar ditugu (Lebitarrena 19:26; Deuteronomioa 18:10-12). Beraz, sendabide edo botikaren bat onartu aurretik, zer jatorri daukan edota zer ideia sustatzen duen aztertu behar dugu (Esaera Zaharrak 14:15). Ez dezagun ahaztu Satanasek deabrukeriarekin nahasiz engainatu nahi gaituela. Sendabideren batek deabrukeriarekin zerikusia duela susmatzen badugu, baztertzea da onena (1 Pedro 5:8).

16. kapitulua, 18. paragrafoa

^ § 98 Mediku batzuen ikuspuntuaren arabera, odolaren lau osagai nagusiak (globulu gorriak, globulu zuriak, plaketak eta plasma) frakzioak dira. Hori dela eta, agian odol osoaren edo honen lau osagai nagusien transfusiorik ez onartzeari buruz hartu duzun erabakia azaldu beharko duzu.