Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

 8. KAPITULUA

Jehobak bere herria garbia izatea nahi du

Jehobak bere herria garbia izatea nahi du

«Asmo garbikoarentzat garbi [zara]» (18. SALMOA 27 [18:26, NW ]).

1-3. a) Zergatik ziurtatzen du amak bere semetxoa garbi dagoela? b) Zergatik nahi du Jehobak bere herria garbi izatea?

IMAJINA ezazu ama semetxoa eskolarako prestatzen ari dela. Semeak bainua hartu duela eta arropak garbi eta txukun dituela ziurtatzen du. Horrela semea osasuntsu egongo da eta gurasoek ondo zaintzen dutela ikusiko dute besteek.

2 Jehobak, gure Aitak, gu garbiak izatea nahi du (18. Salmoa 27 [18:26, NW ]). Badaki garbi izatea gure onerako dela. Gainera, garbiak garenean goretsi egiten dugu (Ezekiel 36:22; irakurri 1 Pedro 2:12).

 3 Zer esan nahi du garbia izateak? Zergatik da gure onerako? Galdera hauek erantzuten ditugunean, agian aldaketak egin behar ditugula ikusiko dugu.

ZERGATIK DA BEHARREZKOA GARBIAK IZATEA?

4, 5. a) Zergatik da beharrezkoa garbiak izatea? b) Nola erakusten digu sorkuntzak garbitasunari buruzko Jehobaren ikuspuntua?

4 Jehobaren eredua jarraituz ikasten dugu garbiak izaten (Lebitarrena 11:44, 45). «Jainkoaren antzekoak» izateko nahia da garbiak izateko dugun arrazoirik nagusiena (Efesoarrei 5:1).

5 Sorkuntzak Jehobak garbitasunari buruz duen ikuspuntua erakusten digu. Ura eta airea garbitzen dituzten naturaren zikloak sortu zituen Jehobak (Jeremias 10:12). Nahiz eta gizakiek planeta kutsatu duten, garbitzeko hainbat modu ditu lurrak berak. Adibidez, Jehobak mikrobioak izeneko izaki bizidun ñimiñoak sortu ditu. Hauetako batzuk eragin ona dute eta hondakin pozoitsuak arriskutsuak ez diren substantzietan eraldatzen dituzte. Prozesu hau benetan harrigarria da. Zientzialariek mikrobio hauetariko batzuk kutsatutako tokiak garbitzeko ere erabiltzen dituzte (Erromatarrei 1:20).

6, 7. Nola erakutsi zuen Moisesen Legeak Jehoba zerbitzatzen dutenak garbiak izan behar direla?

6 Jehobak Moisesen bidez israeldarrei eman zien Legean ere ikusi dezakegu garbitasunak duen garrantzia. Esaterako, israeldarrek fisikoki garbi egon behar zuten Jehobak beraien gurtza onartzeko. Barkamen Egunean apaiz nagusiak bi aldiz hartu behar zuen bainua (Lebitarrena 16:4, 23, 24). Beste apaizek  esku⁠-⁠oinak garbitu behar zituzten erre⁠-⁠opariak eskaini baino lehen (Irteera 30:17-21; 2 Kronikak 4:6). Egoera batzuetan, garbitasunari buruzko legeak haustearen zigorra heriotza zen (Lebitarrena 15:31).

7 Gaur egun asko ikasi dezakegu Jehobaren arauei buruz Legea aztertuz (Malakias 3:6). Honek argi utzi zuen Jehobaren zerbitzariak garbiak izan behar zirela. Jehobaren arauak ez dira aldatu eta bere zerbitzariak garbiak izaten jarraitzea espero du (Santiago 1:27).

ZER ESAN NAHI DU GARBIA IZATEAK?

8. Zer alderditan izan behar gara garbiak?

8 Jehobaren ikuspuntutik garbiak mantentzeak gure gorputza, arropa eta etxea garbi mantentzea baino gehiago esan nahi du. Garbitasunak bizitzako alderdi guztiekin zerikusia du. Honen barne gure gurtza, jokamoldea eta pentsamenduak daude. Izan ere, Jehobaren ikuspuntutik garbiak izateko, gure bizitzako alderdi guztietan izan behar gara garbiak.

9, 10. Zer esan nahi du gure gurtza garbia izateak?

9 Gurtza garbia. Ezin dugu erlijio faltsuarekin zerikusirik izan inola ere. Israeldarrak Babilonian atxiloturik zeudenean, inguruan zuten jendeak jainko faltsuak gurtu eta erritu moralgabeak egiten zituen. Baina Isaiasek israeldarrak etxera bueltatu eta gurtza garbia berrezarriko zutela aurresan zuen. Jehobak esan zien: «Irten hortik! Ez ukitu ezer kutsaturik! Irten Babiloniatik, zaudete garbi». Jainkoaren gurtza garbia ezin zen Babiloniako erlijio faltsuaren irakaskuntza eta ohiturekin nahastu (Isaias 52:11).

10 Gaur egungo benetako kristauek ere baztertzen  dute erlijio faltsua (Irakurri 1 Korintoarrei 10:21). Munduan zehar, tradizio herrikoi, ohitura eta sinesmen asko erlijio faltsuaren irakaskuntzetan oinarrituta daude. Adibidez, kultura askotan jendeak hil ondoren gure barneko zerbaitek bizirik jarraitzen duela sinesten du. Ohitura asko daude irakaskuntza honetan oinarrituta, esaterako, hildakoen alde kandelak piztea (Kohelet 9:5, 6, 10). Kristauek ohitura hauek baztertu behar dituzte. Eta zer egingo dugu gure senideek horrelako ohituretan parte hartzera bultzatzen bagaituzte? Jehobaren ikuspuntutik garbiak izan nahi dugunez, ez diogu presio horri guregan eraginik izaten utziko (Eginak 5:29).

11. Zer esan nahi du jokamolde garbia izateak?

11 Jokamolde garbia. Jehobaren aurrean garbiak izateko edozein modutako sexu moralgabekeria baztertu behar dugu (Irakurri Efesoarrei 5:5). Jehobak «egizue ihes haragikeriatik» esaten digu Biblian. Argi uzten du moralgabeak direnak damutzen ez badira ez dutela Jainkoaren Erreinua ondaretzat jasoko (1 Korintoarrei 6:9, 10, 18; ikusi 22. oharra).

12, 13. Zergatik izan behar dira garbiak gure pentsamenduak?

12 Pentsamendu garbiak. Pentsamenduek askotan ekintzetan eragina dute (Mateo 5:28; 15:18, 19). Pentsamendu garbiek ekintza garbiak egitera bultzatu behar gaituzte. Hala ere, akastunak garenez noizbehinka pentsamendu txarrak izango ditugu. Hau gertatzean segituan baztertu behar ditugu. Ez badugu horrela egiten, denborarekin gure bihotza ez da garbia izango. Agian, buruan bueltaka  ditugun gauzak egiteko nahia sortuko zaigu. Hori ez gertatzeko, burua pentsamendu garbiz bete behar dugu (Irakurri Filipoarrei 4:8). Beraz, moralgabekeria eta indarkeria sustatzen duen aisialdia baztertzen dugu. Kontu handiz aukeratu behar dugu zertaz hitz egiten dugun, baita zer irakurtzen eta ikusten dugun ere (19. Salmoa 9, 10 [19:8, 9, NW ]).

13 Jainkoaren maitasunean irauteko gure gurtza, jokamoldea eta pentsamenduak garbiak izan behar dira. Baina, Jehobarentzat fisikoki garbi mantentzeak ere garrantzi handia du.

NOLA EGON GAITEZKE FISIKOKI GARBI?

14. Zergatik da garrantzitsua fisikoki garbiak izatea?

14 Gorputza eta ingurua garbiak mantentzea, gure eta ingurukoen onerako izango da. Ondo sentituko gara eta, gainera, besteak gurekin gustura egongo dira. Baina badago fisikoki garbiak izateko arrazoi garrantzitsuagoa. Garbiak izateak Jehobari ohore ematen dio. Pentsatu honetan: haur bat beti zikina dagoela ikusten duzunean, gurasoei buruzko iritzi txarra izango duzu ziurrenik. Era berean, ez badugu geure burua zaintzen eta garbitzen, jendeak Jehobari buruzko iritzi txarra izan dezake. Paulok honakoa esan zuen: «Ez diogu inori okerrerako biderik eman, gure zerbitzua toki txarrean geldi ez dadin; baizik eta gauza guztietan Jainkoaren zerbitzari garela agertzen dugu» (2 Korintoarrei 6:3, 4).

Jehobaren zerbitzariok gure gorputza eta inguruak garbi mantendu behar ditugu

15, 16. Zer egin dezakegu garbi egoteko?

15 Gorputza eta arropa. Gure gorputza garbitzeko  ohiturak egunerokoa izan behar du. Adibidez, egunero dutxatu behar gara ahal badugu. Gainera, eskuak xaboi eta urez garbitu behar ditugu, batez ere janaria prestatu edo otorduen aurretik eta, dudarik gabe, komunera joan edo zikina dagoen zerbait ukitu ondoren. Eskuak garbitzea oso sinplea dela dirudi, baina guztiz beharrezkoa da bakterio eta gaixotasunak zabaldu ez daitezen. Biziak ere salba ditzake. Komunik edo ur zikinak etxetik eramateko sarerik ez badugu ere, hondakinak kanporatzeko beste modu egokiren bat aurkitu dezakegu. Antzinako israeldarrek honelako sarerik ez zutenez, hondakinak lurrez estaltzen zituzten etxeetatik eta ura ateratzen zuten lekuetatik urrun (Deuteronomioa 23:13, 14 [23:12, 13, NW ]).

 16 Gure arropek ez dute zertan garesti, oso dotore edo azken modakoak izan behar. Baina garbi eta txukun egon behar dute (Irakurri 1 Timoteori 2:9, 10). Gure itxurak Jehobari ohore ematea nahi dugu beti (Titori 2:10).

17. Zergatik izan behar ditugu etxe eta inguruak garbi?

17 Etxea eta ingurua. Non bizi garen axola gabe, etxea garbia izan behar dugu. Autoa, motoa, txirrindua edo dugun ibilgailua ere garbia dagoela ziurtatu behar dugu, batez ere, bileretara joateko edo predikatzeko erabiltzen badugu. Azken finean, lurrean paradisu garbia izango dela azaltzen diogu jendeari predikatze⁠-⁠lanean (Lukas 23:43; Apokalipsia 11:18). Gure etxe eta inguruaren itxurak mundu berri garbian bizitzeko prestatzen ari garela erakusten du.

18. Zergatik nahi dugu gurtzarako lekuak garbiak egotea?

18 Gurtzarako lekua. Biltzen garen lekuak, bilera⁠-⁠aretoak edo biltzarrak ditugun lekuak esaterako, garbiak mantentzen ditugunean garbitasuna garrantzitsua dela erakusten dugu. Jendea lehen aldiz bilera⁠-⁠aretora joaten denean, garbitasunaz konturatzen da askotan. Jehobari ohore ematen dio honek. Kongregazioko anai⁠-⁠arreba guztiok bilera⁠-⁠aretoa garbitzeko eta egoera onean mantentzeko aukera dugu (2 Kronikak 34:10).

OHITURA TXARRAK BAZTERTU

19. Zer baztertu behar dugu?

19 Nahiz eta Bibliak baztertu behar ditugun ohitura txar guztiak ez aipatu, printzipioak ematen dizkigu Jehobak pentsatzen duena jakiteko. Jehobak ez du  guk erretzea, drogak hartzea edo gehiegi edatea nahi. Jainkoaren lagunak bagara, ohitura horiek baztertu egingo ditugu. Zergatik? Jehobak emandako bizia errespetatzen dugulako. Ohitura horiek gure bizitza moztu eta osasuna kaltetu dezakete, baita inguruan dugun jendearena ere. Pertsona asko ohitura txar horiek uzten saiatzen dira osasuna hobetzeko. Hala ere, ohitura horiek uzteko arrazoirik onena dugu Jehobaren lagunok: berari diogun maitasuna. Emakume gazte batek hau esan zuen: «Jehobaren laguntzari esker bizitza garbitu eta menpean ninduten ohitura txarretatik aske nago. [...] Aldaketa hauek neure kabuz ezin izango nituzkeen egin». Azter ditzagun ohitura txarrak uzten laguntzeko bost biblia⁠-⁠printzipio.

20, 21. Zer⁠-⁠nolako ohituretatik aska gaitezen nahi du Jehobak?

20 «Ene maiteok, honelako agintzariak ditugunez gero, garbi gaitezen gorputzeko eta espirituko zikin guztietatik, eta eraman dezagun bere betera geure sagarapena, Jainkoarenganako begirunean biziz» (2 Korintoarrei 7:1). Jehobak gorputza eta buruarentzat kaltegarriak diren ohituretatik askatu gaitezen nahi du.

21 Geure burua «zikin guztietatik» garbitzeko arrazoi garrantzitsu bat 2 Korintoarrei 6:17, 18⁠an agertzen da. Jehobak esaten digu: «Ez ukitu ezer kutsaturik». Ondoren, honakoa promesten digu: «Neuk hartuko zaituztet. Aita izango naiz zuentzat, eta zuek seme⁠-⁠alaba niretzat». Bai horixe, Jehobarentzat zikina edo kutsatuta dagoen guztia baztertzen badugu, aita batek semea maitatzen duen moduan maitatuko gaitu.

22-25. Zer biblia⁠-⁠printzipiok laguntzen digute garbiak ez diren ohiturak baztertzen?

 22 «Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz⁠-⁠bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz» (Mateo 22:37). Hau da agindurik garrantzitsuena (Mateo 22:38). Jehobak bihotz⁠-⁠bihotzez maitatzea merezi du. Baina, nola izango da posible Jehoba guztiz maitatzea bizitza laburtzen edo garuna kaltetzen duen zerbait egitea aukeratzen badugu? Argi dago egiten dugun guztiak Jehobak eman digun bizia errespetatzen dugula erakutsi behar duela.

23 «[Jehoba da] denei bizia eta arnasa eta gainerako guztia ematen dizkiena» (Eginak 17:24, 25). Bota edo apurtuko al zenuke lagun batek egindako opari berezia? Bizia Jehobaren opari zoragarria da. Guztiz eskertzen dugunez, Jehoba goresteko moduan erabili nahi dugu (36. Salmoa 10 [36:9, NW ]).

24 «Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala» (Mateo 22:39). Garbiak ez diren ohiturek ez gaituzte gu soilik kaltetzen; gure ingurukoak ere kaltetzen dituzte eta askotan gehien maite ditugunak dira. Adibidez, erretzaile baten etxe berean bizi denak kea arnastuz gero, osasun arazoak garatu ditzake. Ohitura txarrak baztertzen ditugunean, ingurukoei diegun maitasuna erakusten dugu (1 Joan 4:20, 21).

25 «Oroitarazi denei gobernari eta agintarien menpeko izan behar dutela» (Titori 3:1). Herrialde askotan droga batzuen jabe izatea edo kontsumitzea debekatuta dago legez. Jehobak gobernariak errespetatzea agintzen digunez, lege horiek obedituko ditugu (Erromatarrei 13:1).

Garbi mantentzen garenean Jehobari ohore ematen diogu

26. a) Zer egin behar dugu Jehobak gure gurtza onartu dezan? b) Zergatik da Jainkoaren aurrean garbi izatea bizimodurik onena?

 26 Jehobaren lagunak izan nahi badugu, agian aldaketa batzuk egin beharko ditugu. Hala bada, lehenbailehen hasi behar dugu. Garbiak ez diren ohiturak baztertzea askotan ez da erraza izango, baina lortu dezakegu! Jehobak lagunduko digula promesten digu. Honakoa dio: «Neu naiz Jauna, zure Jainkoa, zeure onerako irakasten dizudana, ibili beharreko bidetik gidatzen zaitudana» (Isaias 48:17). Garbi izateko ahal dugun guztia egiten badugu, ziur egon gaitezke Jehobari ohore emango diogula.