Euskara
Nork sortu zuen Jainkoa?
https://cms-imgp.jw-cdn.org/img/p/2014569/univ/art/2014569_univ_sqr_xl.jpg
w14 8/1 15. or.

GURE IRAKURLEEK GALDETZEN DUTE

Nork sortu zuen Jainkoa?

Nork sortu zuen Jainkoa?

Imajinatu aita bat bere zazpi urteko semearekin hitz egiten. Aitak dio: «Orain dela denbora asko, Jainkoak lurra eta bertan dagoen guztia sortu zuen. Eguzkia, ilargia eta izarrak ere sortu zituen». Semea pentsatzen gelditzen da une batez, eta orduan, galdetzen dio: «Aitatxo, nork sortu zuen Jainkoa?».

Aitak erantzuten dio: «Inork ez. Beti existitu izan da». Momentuz semeak erantzun horrekin nahikoa du. Baina urteak pasa ahala, bere buruari galdera hori egiten jarraitzen dio. Zaila egiten zaio ulertzea norbaitek hasierarik ez izatea. Izan ere, unibertsoak berak hasiera bat izan du. «Nondik dator Jainkoa?», galdetzen dio bere buruari.

Zer erantzun ematen du Bibliak? Funtsean, gure adibideko aitak emandako erantzun bera. Moisesek idatzi zuen: «Jauna, [...] mendiak jaio baino lehen, lurra eta mundua sortu baino lehen, Jainko zara zu betidanik eta betiko» (90. Salmoa 1, 2). Era berean, Isaias profetak esan zuen: «Ez al dakizu? Ez al duzu inoiz entzun? Jauna betiereko Jainkoa da, lurbira osoa egin duena» (Isaias 40:28). Judasen gutunak ere Jainkoa «betidanik» existitzen dela dio (Judas 25).

Aipu hauek Jainkoa «betiko Yauna» dela erakusten digute, Paulo apostoluak idatzi zuen moduan (1 Timoteori 1:17, Itun Zâr eta Berria, Erramun Olabide). Honek esan nahi du Jainkoa betidanik existitu dela eta betirako existituko dela (Apokalipsia 1:8). Beraz, betidanik eta betirako existitzea Ahalguztidunaren oinarrizko ezaugarria da.

Zergatik kostatzen zaigu ideia hau ulertzea? Gure bizitza denboran mugatua denez, Jehobak denborarekiko duen ikuspuntua eta guk duguna guztiz desberdinak direlako. Betidanik existitu den Jainkoarentzat mila urte egun bat bezala dira (2 Pedro 3:8). Hobeto ulertzeko: 50 egun inguru bizi den matxinsalto batek ulertuko luke gu 70 edo 80 urte bizitzea? Nekez! Bibliak azaltzen du gu matxinsaltoak bezala garela Sortzailearekin alderatuta. Gure ulertzeko gaitasuna ere Jainkoarena baino askoz ere mugatuagoa da (Isaias 40:22; 55:8, 9). Beraz, ez da harritzekoa gizakiok Jehobaren izaeraren ezaugarri batzuk guztiz ulertzeko gai ez izatea.

Ulertzeko zaila izan arren, betidanik existitu den Jainko baten ideiak zentzua du. Norbaitek Jainkoa sortu izan balu, hura izango litzateke Sortzailea. Baina Bibliak azaltzen duenez, Jehobak «gauza guztiak egin» zituen (Apokalipsia 4:11). Gainera, badakigu unibertsoa ez dela beti existitu (Hasiera 1:1, 2). Nola sortu zen? Bere Sortzailea aurretik existitu behar zen. Bera beste izaki adimentsu guztiak baino lehen existitzen zen, adibidez, bere Seme bakarra eta aingeruak baino lehen (Job 38:4, 7; Kolosarrei 1:15). Beraz, argi dago hasieran bera bakarrik existitzen zela. Inork ez zuen bera sortu eta ez zegoen bera sortuko zuen ezer.

Gure existentziak eta unibertso osoarenak betiko Jainko bat dagoela frogatzen du. Gure unibertso erraldoia mugimenduan jarri zuenak eta hau kontrolatzeko legeak ezarri zituenak, beti existitu behar izan du. Soilik berak eman ahal izan zion bizia beste guztiari (Job 33:4).