Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

IKASKETARAKO ARTIKULUA

Jehoba estimatzeak eta maitatzeak bataiora eramaten du

Jehoba estimatzeak eta maitatzeak bataiora eramaten du

«Zer eragozpen da ni bataiatzeko?» (EG 8:36).

sjj 37. KANTA Jehoba gogo osoz zerbitzatuz

ZER AZTERTUKO DUGU? a

1, 2. ⁠Eginak 8:27-31, 35-38 pasartearen arabera, zerk bultzatu zuen etiopiar funtzionarioa bataiatzera?

 BATAIATU nahi al duzu Jesu Kristoren jarraitzailea izateko? Maitasunak eta estimuak bultzatuta eman dute askok pauso hori. Ikus dezagun Etiopiako erreginaren funtzionario bati gertatutakoa.

2 Etiopiarrak idazkiei esker bataiatu egin behar zuela ulertu bezain pronto, horixe egin zuen (Irakurri Eginak 8:27-31, 35-38). Zerk bultzatu zuen hori egitera? Argi dago Jainkoaren Hitza estimatzen zuela. Izan ere, gurdian zihoan bitartean, Isaias liburuko pasarte bat irakurtzen ari zen eta Felipek Jesusek bere alde egin zuena azaldu zionean, oso eskertuta sentitu zen. Gainera, badakigu ordurako Jehoba maitatzen zuela Jerusalemen adoratzetik zetorrelako. Badirudi erlijioz aldatu zela eta, orain, benetako Jainkoa zerbitzatzen zuen nazioaren parte zela. Jehobari zion maitasun horrexek beste pauso bat ematera bultzatu zuen: bataiatzea eta Jesu Kristoren jarraitzaile egitea (Mt 28:19).

3. Zerk oztopatu ahal dio norbaiti bataiatzea? (Ikusi « Zer dago zure bihotzean?» taula)

3 Jehobari diozun maitasunak bataiatzera bultzatu zaitzake. Baina, era berean, maitasunak ere pauso hori ematea oztopatu ahal dizu. Nola gertatu liteke hori? Pentsatu egoera hauetan. Lekukoak ez diren senide eta lagunak asko maite dituzunez, bataiatzen bazara gorrotatuko zaituzten beldur izan zaitezke (Mt 10:37). Edo badakizu Jainkoak dituzun ohitura batzuk gorroto dituela, baina zaila egiten zaizu hauek alde batera uztea (Am 5:15). Edo, agian, txikitatik erlijio faltsuarekin lotutako festak ospatu dituzu eta hauek oroitzapen onak ekartzen dizkizute. Ondorioz, kosta egiten zaizu Jehobak atsegin ez dituen festa horiek ospatzeari uztea (1 Ko 10:20, 21). Eta, beraz, erabaki bat hartu behar duzu: zer edo nor maitatuko duzun gehien.

MAITASUNIK GARRANTZITSUENA

4. Zein da bataiatzeko arrazoirik garrantzitsuena?

4 Dudarik gabe, gauza on asko maitatzen eta estimatzen dituzu. Agian, Jehobaren lekukoekin ikasi aurretik Biblia estimatzen zenuen, baita Jesus maitatu ere. Eta orain Lekukoak ezagutzen dituzunez, beraiekin egotea ere asko atsegin duzu. Baina gauza horiek maitatzeak ez zaitu zertan zeure burua Jehobari eskaintzera eta bataiatzera bultzatuko. Bataiatzeko arrazoirik garrantzitsuena Jehobari diozun maitasuna da. Jehoba beste edozer baino gehiago maitatzen duzunean, ez dizu ezerk bera zerbitzatzea oztopatuko. Jehobari diozun maitasunak bataiatzera bultzatuko zaitu, baita bataiatu ostean leial mantentzera ere.

5. Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

5 Jehoba bihotz-bihotzez, gogo osoz, adimen guztiz eta indar guztiz maitatu behar dugula esan zuen Jesusek (Mk 12:30). Nola ikasi dezakezu Jehoba modu horretan maitatzen eta errespetatzen? Jehobak digun maitasunean hausnartuz (1 Jn 4:19). Artikulu honetan hori egiten lagunduko dizuten aholkuak aztertuko dira. Gainera, artikuluak maitasun garrantzitsu hori garatu ondoren sentitu eta egingo duzuna azalduko du. b

6. Erromatarrei 1:20⁠aren arabera, zein da Jehobari buruz ikasteko modu bat?

6 Ikasi Jehobari buruz kreazioaren bidez (Irakurri Erromatarrei 1:20; Ap 4:11). Landare eta animalien diseinuan hausnartzen baduzu, Jehobaren jakinduria ikusiko duzu. Bestalde, ikertu itzazu giza gorputzaren ezaugarri txundigarriak (Sal 139:13, 14). Eta pentsatu Jehobak eguzkiaren barnean jarri zuen energia guztian, gure eguzkia milioika izarretatik bat besterik ez dela ahaztu gabe (Is 40:26). c Hori egiten duzunean, Jehobari diozun errespetua handitu egingo da. Baina, nahiz eta Jehoba jakintsua eta boteretsua dela jakitea garrantzitsua izan, Jehobari diozun maitasuna sendotzeko eta lagun minak izateko berari buruz gehiago jakin behar duzu.

7. Jehoba bihotzez maitatzeko, zertaz egon behar duzu ziur?

7 Ziur egon behar duzu ondorengoaz: Jehoba zu existitzen zarela konturatzen dela eta zutaz arduratzen dela. Zaila egiten al zaizu zeru-lurren Sortzaileak hori egiten duela sinestea? Hala bada, gogoratu Jehoba ez dagoela «guretako bakoitzarengandik urruti» (Eg 17:26-28). Gainera, «bihotz guztiak aztertzen ditu» eta honako promesa egiten dizu: «Haren bila ibiltzen bazara utziko dizu bera aurkitzen» (1 Kro 28:9). Izan ere, orain Biblia aztertzen ari bazara, Jehobak erakarri zaituelako da (Jn 6:44). Zenbat eta gehiago estimatu Jehobak zure alde egin duen guztia, orduan eta handiagoa izango da berari diozun maitasuna.

8. Nola eskertu ahal diozu Jehobari dizun maitasuna?

8 Jehobak digun maitasuna eskertzeko modu bat berari otoitz egitea da. Zure kezkei buruz hitz egitean eta zure alde egiten duen guztia eskertzean, berari diozun maitasuna handituko da. Eta zure otoitzak erantzuten dituela ikusten duzun heinean, zuen arteko adiskidetasuna estutuko da (Sal 116:1). Ziur egongo zara ulertzen zaituela. Baina, Jehobarengandik hurbilago egoteko, bere pentsaera eta zugandik espero duena ulertu behar duzu. Eta hori bere Hitza, Biblia, aztertuz bakarrik lortuko duzu.

Jainkoarengandik hurbil egoteko eta gugandik nahi duena jakiteko modurik onena Biblia aztertzea da (Ikusi 9. paragrafoa) d

9. Nola erakutsi dezakezu Biblia estimatzen duzula?

9 Ikasi Jainkoaren Hitza estimatzen. Bibliak bakarrik du Jehobari eta honek zuretzat duen helburuari buruzko egia. Nola erakutsi dezakezu Biblia estimatzen duzula? Egunero irakurriz, zure biblia-ikastaroko saio bakoitza prestatuz eta ikasten duzuna aplikatuz (Sal 119:97, 99; Jn 17:17). Ba al duzu Biblia egunero-egunero irakurtzeko ordutegirik?

10. Zein da Bibliaren ezaugarri berezietako bat?

10 Bibliaren ezaugarri berezietako bat Jesusek egin zuena ikusi zutenek kontatutako pasarteak dituela da. Jesusek zure alde egin duena azaltzen duen liburu fidagarri bakarra da. Jesusek esan eta egin zuena ikasten duzun heinean, bere laguna izan nahiko duzu.

11. Zerk lagunduko dizu Jehoba maitatzen?

11 Ikasi Jesus maitatzen. Horrela, Jehobari diozun maitasuna ere handitu egingo da. Zergatik? Jesusek bere Aitaren ezaugarriak modu perfektuan imitatzen dituelako (Jn 14:9). Jesusi buruz zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta hobeto ulertuko duzu eta gehiago estimatuko duzu Jehoba. Adibidez, pentsatu Jesusek jendeak mespretxatzen zituenei erakutsi zien errukian. Esaterako, behartsuei, gaixo zeudenei eta ahulei. Eta pentsatu ezazu ere Jesusek ematen dizkizun aholku praktikoetan eta hauek jarraitzeak nola hobetzen duen zure bizimodua (Mt 5:1-11; 7:24-27).

12. Jesusi buruz ikasten duzun heinean, zer egin nahiko duzu?

12 Jesusek guztion bekatuak barkatuak izateko egin zuen sakrifizioan hausnartzen duzun heinean, zalantzarik gabe berari diozun maitasuna handituko da (Mt 20:28). Jesus zure alde hiltzeko prest egon zela ulertzen duzunean, damutu eta Jehobaren barkamena bilatu nahiko duzu (Eg 3:19, 20; 1 Jn 1:9). Jehoba eta Jesus zenbat eta gehiago maitatu, are gehiago nahiko duzu gauza bera sentitzen dutenekin egotea.

13. Zer eman dizu Jehobak?

13 Jehobaren familia maitatzen ikasi. Agian Lekukoak ez diren senide eta lagunek ez dute ulertuko zergatik eskaini nahi diozun Jehobari zeure burua; beharbada zure aurka ere jarriko dira. Baina Jehobak familia espiritual bat emanez lagunduko dizu. Familia espiritual horretatik gertu egoten bazara, behar duzun maitasuna eta laguntza jasoko duzu (Mk 10:29, 30; Heb 10:24, 25). Denborarekin, baliteke zure senideek Jehoba zerbitzatu eta bere arauak obeditu nahi izatea (1 P 2:12).

14. ⁠1 Joan 5:3⁠ak dioen bezala, zer ikusi duzu Jehobaren arauei buruz?

14 Jehobaren arauak estimatzen eta aplikatzen ikasi. Jehoba ezagutu aurretik beharbada zure arauen arabera bizi zinen. Baina, orain, Jehobaren arauak hobeak direla ikusi duzu (Sal 1:1-3; irakurri 1 Joan 5:3). Pentsatu, adibidez, Bibliak senar, emazte, guraso eta haurrei ematen dizkien aholkuetan (Ef 5:22-6:4). Aholku horiek jarraitu ahala, ikusi al duzu zure familia bizitza hobetu denik? Lagunak aukeratzeko Jehobaren aholkuak jarraitzean hobetu al dira zure ohiturak? Zoriontsuagoa al zara? (Es 13:20; 1 Ko 15:33). Seguruenik, baietz erantzungo diezu galdera hauei.

15. Zer egin dezakezu biblia-printzipioak jarraitzeko laguntza behar baduzu?

15 Batzuetan, agian, zaila egingo zaizu ikasten ari zaren biblia-printzipioak nola jarraitu behar dituzun jakitea. Horregatik Jehobak bere erakundearen bidez biblia-argitalpenak ematen ditu ona eta txarra bereizten laguntzeko (Heb 5:13, 14). Argitalpen horiek irakurri eta aztertzen dituzunean, zein praktikoak eta zehatzak diren ikusiko duzu. Eta, seguruenik, Jehobaren erakundearen parte izan nahiko duzu.

16. Nola antolatu du Jehobak bere herria?

16 Jehobaren erakundea maitatzen eta bere alde egiten ikasi. Jehobak bere herria kongregaziotan antolatu du eta bere Semea, Jesus, hauen guztien buru da (Ef 1:22; 5:23). Jesusek gantzututako gizon talde txiki bat izendatu du Erreinuaren lana antolatzeko. Jesusek gizon talde honi «morroi leial eta zentzuduna» deitu zion eta hauek serioski hartzen dute zu espiritualki elikatzeko eta babesteko ardura (Mt 24:45-47). Morroiak zu zaintzeko duen modu bat beharrezko gaitasunak dituzten gizonak adindun izendatzea da. Hauek babestu eta gidatu egin zaitzakete (Is 32:1, 2; Heb 13:17; 1 P 5:2, 3). Adindunak ahal duten guztia egiteko prest daude zu kontsolatzeko eta zuri Jehobarengandik hurbil egoten laguntzeko. Baina egin dezaketen gauza garrantzitsuenetariko bat honakoa da: zuri biblia-irakasle trebea izaten laguntzea (Ef 4:11-13).

17. ⁠Erromatarrei 20:13, 14⁠aren arabera, zergatik hitz egiten diegu besteei Jehobari buruz?

17 Lagundu besteei Jehoba maitatzen ikasten. Jesusek bere jarraitzaileei Jehobari buruz irakasteko esan zien (Mt 28:19, 20). Agindu hau obligazioz bete daiteke. Baina Jehobari diozun maitasuna hazten den heinean, Pedro eta Joan apostoluak bezala sentituko zara: «Guk ezin dugu, inola ere entzun eta ikusi duguna isilik gorde» (Eg 4:20). Gauza gutxi daude norbaiti Jehoba maitatzen laguntzea baino zoriontasun handiagoa ematen dutenik. Imajinatu zer-nolako poza sentitu zuen Felipek etiopiarrari idazkietako egia ikasten eta bataiatzen lagundu zionean! Felipe imitatu eta Jesusen predikatzeko agindua obeditzen duzunean, Jehobaren lekuko izan nahi duzula frogatuko duzu (Irakurri Erromatarrei 10:10, 13, 14). Orduan, seguruenik, etiopiarrak egin zuen galdera bera egingo diozu zeure buruari: «Zer eragozpen da ni bataiatzeko?» (Eg 8:36).

18. Zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

18 Bataiatzea erabakitzen duzunean, zure bizitzako pausorik garrantzitsuena emango duzu. Hain erabaki serioa denez, zer esan nahi duen kontu handiz aztertu behar duzu. Zer jakin behar duzu bataioari buruz? Zer egin behar duzu bataiatu aurretik eta ondoren? Galdera hauek hurrengo artikuluan erantzungo dira.

sjj 2. KANTA Jehoba da zure izena

a Jehoba maite duten batzuek bataiatu eta Jehobaren lekuko izateko prest dauden edo ez zalantzan jartzen dute. Horrela sentitzen bazara, artikulu honek pauso hori emateko egin behar dituzun gauza batzuk gogoraraziko dizkizu.

b Pertsona bakoitza desberdina denez, norbaitek artikulu honetako aholkuak ordena desberdinean jarraitzea aukeratu dezake.

d IRUDIAREN AZALPENA: Erosketak egiten ari den arreba batek esku-orri bat ematen dio neska gazte bati.