Eliseok suzko gurdiak ikusi zituen. Ikusten al dituzu zuk?
Siriako erregea Eliseo pertsegitzen ari zen. Jainkoaren profeta Dotanen —mendixka baten puntan zegoen hiri harresituan— zegoela jakin zuenean, gauez «gudari-talde handi bat bidali zuen, zaldi, guda-gurdi eta guzti». Egunsentian, bere ejerzitoak hiria erabat inguratu zuen (2 Err. 6:13, 14).
Eliseoren zerbitzaria jaiki, kanpora irten, eta hainbeste etsai zeudela ikustean, erabat beldurtu zen, hurrengoa esanez: «Ai, ene jauna, zer egin behar dugu orain?». Eta profetak erantzun zion: «Ez beldurtu! Ugariagoak ditugu guk geure aldekoak, horiek beren aldekoak baino». Orduan, otoitz hau egin zuen: «Jauna, ireki iezazkiozu begiak, ikus dezan». Pasartearen arabera, «ireki zizkion Jaunak begiak mutilari eta mendi osoa Eliseoren inguruan suzko zaldi eta guda-gurdiz josia zegoela ikusi zuen» (2 Err. 6:15-17). Zer ikasten dugu Eliseori gertatutakotik?
Eliseo ez zen siriar ejerzitoaren beldur izan Jehobarengan konfiantza zuelako eta bere babesa ikusi zuelako. Gaur egun ez dugu Jehobak mirariak egiterik espero. Hala ere, bere herria talde bezala babesten duela ikusten dugu. Zentzu batean, gu ere «zaldi[z]» eta «guda-gurdi[z]» inguraturik gaude. Jehoba bere herria babesten ari den fedea badugu eta berarengan beti konfiantza badugu, salbu sentituko gara eta bere bedeinkapena jasoko dugu (Sal. 4:9 [4:8, NWT]). Azter dezagun orain zer ikasten dugun Eliseoren beste bizipenetatik.
ELISEO ELIAS ZERBITZATZEN HASTEN DA
Behin, Eliseo soroa lantzen ari zela, Elias profeta etorri eta Eliseoren gainean bere jantzi ofiziala jarri zuen. Eliseok ondo zekien ekintza horrek zer esan nahi zuen. Beraz, festa bat antolatu, bere gurasoak agurtu eta Eliasi jarraitu zion zerbitzari bezala (1 Err. 19:16, 19-21). Baldintzarik gabe Jainkoa zerbitzatzeko prest zegoenez, Eliseo tresna baliotsu bihurtu zen Jehobaren eskuetan. Eta, denborarekin, Elias profetaren ondorengoa izan zen.
Baliteke Eliseok Elias sei urtez zerbitzatu izana. Denbora hartan zehar, «Eliasen eskuetara ura isurtzen zuena» zen (2 Err. 3:11, oharra). Zer esan nahi zuen horrek? Garai hartan, jendeak eskuekin jaten zuen; ez zituzten mahai-tresnarik erabiltzen. Beraz, otordu baten ostean, zerbitzariak bere jabearen eskuetan ura isurtzen zuen eskuak garbitzeko. Ikusten dugunez, Eliseoren zeregin batzuk sinpleak eta ohikoak ziren. Hala ere, berarentzat Elias zerbitzatzea ohore bat zen.
Gaur egun, kristau askok denbora osoko zerbitzuko hainbat alderditan parte hartzen dute. Zerk bultzatzen ditu hori egitera? Beraien fedeak eta Jehobaren alde ahal duten guztia egiteko desirak. Batzuk beste toki batera joan dira bizitzera, familiarengandik eta lagunengandik urrun, Betelen zerbitzatzeko edo eraikuntza proiektuetan parte hartzeko. Askoren ustez, horiek garrantzi handirik ez duten lanak dira. Baina lan horiek inportanteak dira eta horietan parte hartzen dutenak ez dira gutxiago direla sentitzen. Izan ere, Jehobarentzat oso baliotsuak dira. Ez al genituzke guk modu berean ikusi beharko? (Heb. 6:10).
ELISEOK EZ ZUEN INOIZ BERE EGINKIZUNA UTZI
Jehobak Elias «haize-zurrunbiloan [zerura] eraman» aurretik, Gilgaldik Betelera bidali zuen. Nahiz eta Eliasek ez zuen Eliseo berarekin joaterik espero, hurrengoa esan zion: «Ez zaitut bakarrik utziko». Bidaiatzen ari zirela, Eliasek berarekin ez joateko eskatu zion bi aldiz (2 Err. 2:1-6). Baina Eliseo berarekin geratu zen. Bere leialtasuna Rutenarena bezalakoa izan zen. Emakume horrek ez zuen Noemi abandonatu (Rut 1:8, 16, 17). Hala da, Eliseok asko estimatzen zuen Jainkoak Elias profeta zerbitzatzeko eman zion eginkizuna.
Eliseo eredu bikaina izan zen. Guk ere Jehoba zerbitzatzen ari garela gogoratzen badugu, Jainkoaren erakundean jasotzen dugun edozein eginkizun estimatuko dugu. Ez dago hori baino ohore handiagorik! (Sal. 65:5 [65:4, NWT]; 84:11 [84:10, NWT]).
«ESADAZU ZER NAHI DUZUN NIK ZURE ALDE EGITEA»
Bidaiatzen ari zirela, Eliasek honakoa esan zion Eliseori: «Esadazu zer nahi duzun nik zure alde egitea, Jaunak zure ondotik eraman nazan baino lehen». Urte asko lehenago Salomonek egin zuen bezala, Eliseok bedeinkapen espiritual bat eskatu zuen. Hurrengoa erregutu zion profetari: «Datozkidala zure espirituko bi zati» (1 Err. 3:5, 9; 2 Err. 2:9, oharra). Zer zen eskatzen ari zena? Aita israeldar batek seme-alaben artean bere herentzia banatzen zuenean, lehen-semeari bikoitza eman behar zion (Deu. 21:15-17). Beraz, Eliseok eskatu zuena Elias profetaren ondorengoa, edo heredero espirituala, izatea zen. Gainera, Eliasen jarrera ausart bera izan nahi zuen, Eliasek Jehobari erabateko debozioa erakutsi baitzion (1 Err. 19:13, 14, NWT).
Eliasek honela erantzun zion: «Gauza zaila eskatzen duzu. Jaunak zure ondotik eramango nauenean ikusten banauzu, hala izango zara; bestela, ez» (2 Err. 2:10). Itxuraz, Eliasen erantzunak bi gauza erakutsi zituen. Lehenik, Jehobak bakarrik eman ahal ziola eskatutakoa. Eta, bigarrenik, eskatutakoa jaso nahi bazuen, Eliasekin amaiera arte egon beharko zuela.
ELISEOK IKUSI ZUENA
Erantzun al zion Jainkoak Eliseoren eskaerari? Pasarteak ondoren gertatutakoa aipatzen du: «Biak bidean aurrera hizketan zihoazelarik, suzko zaldiek zeramaten suzko guda-gurdi batek bereizi egin zituen bat-batean bata bestearengandik. Elias zerurantz igo zen haize-zurrunbiloan. Eliseo begira zegoen». a Horixe izan zen Jehobak Eliseoren eskaerari emandako erantzuna. Eliseok Elias zerurantz igotzen ikusi zuen eta, orduan, bere espirituaren bi zati jaso eta bere ondorengo bihurtu zen (2 Err. 2:11-14).
Eliseok Eliasen mantu ofiziala jaso eta jantzi egin zuen. Besteek Eliseok mantua jantzirik zeramala ikustean, orain Jainkoaren profeta bera zela jakingo zuten. Izan ere, beranduago Eliseok Jordan ibaiko urak banatu zituenean, argi geratu zen Jainkoak profeta izateko izendatu zuela.
Eliseok Elias haize-zurrunbilo batean zerurantz zihoala ikusteak ziurrenik eragin sakona izango zuen berarengan. Azken finean, egunero ez dira suzko zaldirik eta suzko guda-gurdirik ikusten! Gauza horiek Jehobak bere eskaerari erantzun ziola frogatu zuten. Gaur egun, guk ez dugu horrelako ikuskaririk jasotzen, baina Jainkoak gu laguntzeko eta bere nahia betetzeko bere boterea erabiltzen duela antzeman dezakegu. Bere erakundearen lurreko alderdia nola bedeinkatzen duen ikusteak zeruko gurdia mugimenduan «ikus[ten]» laguntzen digu (Eze. 10:9-13).
Eliseok Jehoba oso boteretsua dela ziurtatzen duten bizipen ugari izan zituen. Izan ere, Jainkoaren espirituari esker, 16 mirari egin zituen, Eliasek egin zituen mirari kopuruaren bikoitza. b Eliseok zaldiak eta guda-gurdiak ikusi zituen bigarren aldia Dotanen gertatutako siriar erasoan zehar izan zen. Eraso hori artikulu honen hasieran aipatu dugu.
ELISEOK JEHOBARENGAN KONFIANTZA IZAN ZUEN
Etsaiek Dotanen inguratu zituztela ikustean, Eliseo lasai mantendu zen. Zer lagundu zion? Jehobarengan garatu zuen fede sendoak. Guk ere horrelako fedea behar dugu. Beraz, eska diezaiogun Jehobari espiritu santua fedea erakusteko, baita espirituaren fruituaren beste alderdiak ere (Luk. 11:13; Gal. 5:22, 23).
Eliseok Dotanen ikusitakoak Jehobarengan eta bere zeruko ejerzito boteretsuan konfiantza izateko arrazoiak eman zizkion. Jainkoaren aingeruek hiria eta siriako gudarostea inguratzen zituztela ikusi ahal izan zuen profetak. Bai bera, bai bere zerbitzaria salbatu egin ziren Jehobak beraien etsaiak itsutu zituenean (2 Err. 6:17-23). Une zail hartan, beste batzuetan egin zuen moduan, Eliseok fedea eta Jehobarengan erabateko konfiantza erakutsi zituen.
Eliseok bezala, izan dezagun konfiantza Jehobarengan (Esa. 3:5, 6). Horrela, bere onespena eta bedeinkapena jasoko ditugu (Sal. 67:2 [67:1, NWT]). Noski, gure inguruan ez ditugu suzko zaldirik eta guda-gurdirik ikusten. Baina Jehobak bere herria «larrialdi handia[n]» zehar babestuko du (Mat. 24:21; Ap. 7:9, 14). Momentu hori iritsi arte, gogoan izan dezagun beti hurrengoa: «Jainkoa dugu babesleku» (Sal. 62:9 [62:8, NWT]).
a Elias ez zen Jehoba eta aingeruak bizi diren zeru espiritual horretara igo. Ikusi La Atalaya aldizkariko 1997 ko irailaren 15 eko alea, 15 orr.

