Jainkoaren aprobazioak betirako bizira eramango gaitu
«Zuk zuzenak bedeinkatuko dituzulako, o Jehoba; zure aprobazioaz inguratuko dituzu, ezkutu handi batez bezala» (SAL. 5:12, NWT).
1, 2. Zer eskatzen dio Eliasek Sareptako alargunari, eta zer promesten dio?
SAREPTAKO alarguna eta bere semea gose dira; baita Elias ere. Ama gaixoa kozinatzeko sua piztera doanean, profetak ogia eta ura eskatzen dizkio. Alarguna profetari edateko zerbait emateko prest dago, baina jateko «eskutada bat ogi-irin […] katiluan, eta olio pittin bat pitxerrean» baino ez ditu. Horregatik, Eliasi ezin diola ezer eskaini uste duenez, halaxe adierazten dio (1 Err. 17:8-12).
2 Baina profetak, beste behin, honakoa esaten dio alargunari: «Egidazu aurrena niri sutopiltxo bat eta ekarri. Gero, egingo duzu semearentzat eta biontzat. Hau baitio Jaunak, Israelen Jainkoak: “Ogi-irinaren katilua ez da hustuko, ezta oliontzia agortuko ere”» (1 Err. 17:13, 14).
3. Zer gauza garrantzitsu hartu behar dugu kontuan?
3 Alargunak bere azken elikagaiekin zer egin baino gehiago erabaki beharko zuen. Izan ere, bere erabakia hori baino askoz ere garrantzitsuagoa zen zerbaitekin lotuta zegoen. Erakutsiko al zuen konfiantza Jehobarengan, bera eta bere semea salbatuko zituen ziurtasuna azalduz? Zertan zentratuko zen? Bere eta bere semearen behar materialak asetzean ala Jehobaren aprobazioa eta adiskidetasuna izatean? Eta guri, zer da gehien interesatzen zaiguna? Segurtasun materiala lortzea ala Jehobaren onespena jasotzea? Zalantzarik gabe, Jainkoarengan konfiantza izateko eta bera zerbitzatzeko arrazoi ugari ditugu. Izan ere, Jehobak bere aprobazioa izan dezagun zer egin behar dugun azaldu digu.
Jehobak bera adoratu dezagun merezi du
4. Zergatik merezi du Jehobak bera adoratu dezagun?
4 Jehobak gizakioi berak nahi bezala adoratzea eskatzeko eskubidea du. Zeruan, bere zerbitzari talde batek, ahotsak elkarturik, hori hala dela esan zuen: «Jehoba, gure Jainkoa, zu zara aintza, ohorea eta boterea jasotzea merezi duena, zuk sortu baitzenituen gauza guztiak, eta zuk nahi izan zenuelako existitzen dira eta izan ziren sortuak» (Ap. 4:11). Bera da unibertsoaren Sortzailea eta, horrexegatik, bera adoratu dezagun merezi du.
5. Zergatik motibatu beharko gintuzke Jainkoak erakusten digun maitasunak bera zerbitzatzera?
5 Jehoba zerbitzatzeko beste arrazoi bat dugu: gizaki guztioi erakutsi digun paregabeko maitasuna. Hasteko, Bibliak honakoa esaten du: «Jainkoak, beraz, bere antzeko egin zuen gizakia, Jainkoaren beraren irudira egin zuen; ar eta eme egin zituen» (Has. 1:27). Gainera, aukeratzeko askatasuna ere eman zigun, hau da, arrazoitzeko gaitasuna eta geure erabakiak hartu ahal izatea. Bestalde, bizia eman zigunez, gizaki guztion Aita da (Luk. 3:38). Eta aita on baten moduan, zoriontsuak izateko behar dugun guztia ematen digu. Esaterako, eguzkia ateratzen eta euria bidaltzen du, horri esker, janari oparoa izateaz gain, horretaz ere gozatu dezagun (Mat. 5:45).
6, 7. a) Nola kaltetu zituen Adamek bere ondorengoak? b) Zer lortuko du Jesu Kristoren sakrifizioak Jainkoaren onespena dutenen alde?
6 Gainera, Jehobak bekatuaren ondorio latzetatik erreskatatu gaitu. Adamek, matxinatzean, apustu egiteko bere familiari dirua kentzen dion jokalari baten moduan jokatu zuen. Zergatik? Jainkoari desobeditzean, bere seme-alabei eskubidez jasotzeko herentzia kendu zielako: eternitate osorako zoriontsuak izatea. Berekoikeriaz beteta, gizateria esklabo gisa oso jabe krudel baten, hau da, inperfekzioaren, menpe utzi zuen. Horrexegatik gaixotu, tristurak izan eta, azkenik, hiltzen gara. Zalantzarik gabe, esklabotza krudel horretatik askatuak izateko premia handia dugu! Noski, esklabo bat askatua izateko, ordainketa bat beharrezkoa da, eta Jehoba hori egiteaz arduratu da (Irakurri Erromatarrei 5:21). Bere aitaren nahiarekin bat eginik, Jesusek «jende askoren truke bere bizia erreskate moduan ema[n]» zuen (Mat. 20:28). Eta hemendik gutxira, Jainkoaren onespena dutenek erreskatearen onura guztiak jasoko dituzte.
7 Gure Sortzaile Jehobak inork baino gehiago egin du bizitza zoriontsua eta zentzuz beterikoa izan dezagun. Bere aprobazioa badugu, gizakiek sufritutako kalte guztia nola konponduko duen ikusi ahal izango dugu. Jehobak «bera gogotsu bilatzen dutenak sari[tuko] ditu»; hala egingo du gutako bakoitzarekin (Heb. 11:6).
«Zure herriak gogo onez eskainiko du bere burua»
8. Isaiasek bizitakoa berrikustean, zer ikasten dugu Jainkoa zerbitzatzeari buruz?
8 Jehobak ez du inor bera zerbitzatzera behartzen. Pertsona bakoitzari bere erabakitzeko askatasuna erabili dezan uzten dio. Eta bere aprobazioa bera zerbitzatzeko erabaki zuhurra hartzen dutenei ematen die. Isaiasen garaian, Jehobak hurrengo galdera egin zuen: «Nor bidaliko dut? Nor izango dugu mandatari?». Ikusten dugun bezala, profetak bere erabakia hartzeko zuen eskubidea onartu zuen eta duintasunez tratatu zuen. Zalantzarik gabe, Isaias poz-pozik horrela erantzutera bultzatuta sentitu zen: «Prest nauzu, bidali neu» (Is. 6:8).
9, 10. a) Zer jarrera erakutsi beharko genuke Jehoba zerbitzatzean?b) Zergatik da erabakirik onena Jehoba bihotz osoz zerbitzatzea?
9 Gutako bakoitzak Jainkoa adoratuko duen edo ez erabakitzeko askatasuna du. Bera adoratzea bihotzetik ateratzen zaigun zerbait izatea nahi du Jehobak (Irakurri Josue 24:15). Bera gogo txarrez edo besteei gustu emateko zerbitzatzen badugu, ez du inoiz gure zerbitzua onartuko (Kol. 3:22). Gainera, bera adoratzean «zalantza» egiten badugu, hau da, munduko gauzek gure jarduera espiritual batzuetan eragina izaten uzten badugu, ez dugu bere onespena jasoko (Irt. 22:29, NWT). Jehobak ondo daki bera bihotz osoz zerbitzatzea ona dela guretzat. Horrexegatik Moisesek israeldarrei bizia aukeratzea aholkatu zien. Nola hartuko zuten erabaki hori? Berak honela azaldu zuen: «Maita ezazue Jauna zeuen Jainkoa, obeditu eta bizi berari atxikiak» (Deu. 30:19, 20).
10 Antzina, Dabid erregeak hau abestu zion Jehobari: «Zure herriak gogo onez eskainiko du bere burua zure indar militarraren egunean. Santutasun ederrean, egunsentiaren hasieratik, gizon gazteen lagunartea duzu ihintza bezala» (Sal. 110:3, NWT). Gaur egun, jende asko dirua irabazteaz eta ondo pasatzeaz soilik arduratuta dago. Jehoba maite dutenek, berriz, zerbitzu sakratua beste ezer baino gainetik beti dagoela ulertzen dute. Eta predikazioan erakusten duten gogo biziak beraien lehentasunak zeintzuk diren argi uzten du. Erabat ziur daude Jehobak beraien eguneroko beharrak asetuko dituela (Mat. 6:33, 34).
Jainkoak onartzen dituen sakrifizioak
11. Zer bedeinkapen espero zuten israeldarrek Jehobari sakrifizioak eskaintzean?
11 Moisesen Legearen arabera, Jainkoaren onespena izateko, berarentzat atseginak ziren eskaintzak egin behar ziren. Lebitarrena 19:5ean irakurtzen dugun moduan, israeldarrek «Jaunari elkartasun-opariak», edo bake opariak, berak «atseginez onartzeko eran» eskaini behar zizkioten. Eta liburu berean gauza berbera aipatzen da: «Jaunari esker oneko oparia eskaintzean, eskaini berak atseginez onartzeko eran» (Leb. 22:29). Israeldarrek aldareko suaren gainean animalia egoki baten sakrifizioa eskaintzen zuten bakoitzean, Jehobarentzat sakrifizio horren usaina «atsegin[a]» izaten zen (Leb. 1:9, 13). Bere herriaren maitasun adierazpen horiek lasaigarriak eta freskagarriak ziren berarentzat (Has. 8:21, NWT, oh.). Legearen xehetasun horiek gaur egun ere aplikagarria den printzipio bat irakasten digute: Jehobari atsegin zaizkion sakrifizioak eskaintzen badizkiogu, bere aprobazioa jasoko dugu. Baina zer sakrifizio onartzen ditu? Zentratu gaitezen gure bizitzako bi alderditan: gure jokabidea eta hizkera.
12. Zer praktika saihestu behar dituzte beraien «gorputzak sakrifizio bizi bezala» eskaintzen dituztenek ez badute Jainkoa ofenditu nahi?
12 Paulo apostoluak hurrengoa idatzi zien Erromako kristauei: «Eskain ditzazuela zeuen gorputzak sakrifizio bizi bezala, santu eta Jainkoarentzat atsegina. Horrela, zerbitzu sakratua emango duzue zeuen arrazoitzeko gaitasunarekin» (Erm. 12:1). Ikusten dugun bezala, Jainkoaren onespena jaso nahi badugu, gure gorputza Jehobak onartuko duen moduan zaindu behar dugu. Horregatik, gure gorputza alkoholaz abusatuz, eta tabakoa, koka hostoak, betel intxaurra edo beste droga batzuk kontsumituz kutsatzen ariko bagina, berak gure eskaintza baztertuko luke (2 Ko. 7:1). Bestalde, jokabide moralgabea izango bagenu, Jainkoa irainduko genuke, «sexu moralgabekeria praktikatzen duenak bere gorputzaren kontra egiten [baitu] bekatu» (1 Ko. 6:18). Beraz, Jainkoa pozteko, «jokabide guztian» «santu» izan behar dugu (1 Ped. 1:14-16).
13. Zergatik da egokia Jehoba goratzea?
13 Jehobak atseginez onartzen duen beste sakrifizio bat hitz egiteko gaitasunarekin lotuta dago. Hala da, Jainkoa maitatzen dutenek berari buruz beti ondo hitz egiten dute, bai etxean, bai etxetik kanpo (Irakurri 34. Salmoa 2-4 [34:1-3, NWT]). 148-150 Salmoetan, Jehoba goratzera zenbatetan gonbidatzen zaigun ikusten dugu. Ez dago zalantzarik, «zuzenek behar dute Jainkoa goretsi» (Sal. 33:1). Eta gure eredua den Jesu Kristok Jainkoa gorestearen garrantzia azpimarratu zuen, berri onak predikatuz (Luk. 4:18, 43, 44).
14, 15. Zer motatako sakrifizio eskaintzera animatu zituen Oseasek, eta nola erantzuten zuen Jehobak?
14 Gogotsu predikatzen dugunean, Jainkoa maitatzen dugula eta bere onespena izan nahi dugula erakusten dugu. Esaterako, azter dezagun Oseasek israeldarrei zuzendutako aholkua. Beraiek erlijio faltsua praktikatzeagatik Jainkoaren aprobazioa galdu zuten (Os. 13:1-3). Profetak Jehobari hurrengoa erregutzeko eskatu zien: «Barkatu bekatu guztiak, geure ezpainak eskaintzen dizkizugu zezen» (Os. 14:2, 3, oh. [14:1, 2, NWT]).
15 Zezena israeldarrek Jehobari eskaini ahal zioten animaliarik baliotsuena zen. Beraz, «geure ezpainak eskaintzen dizkizugu zezen» esamoldeak egiazko Jainkoa goresteko erabiltzen ditugun hitz zintzo eta ondo hausnartutakoei egiten die erreferentzia. Nola erantzuten zien Jehobak eskaintza horiek egiten zituztenei? Berak esan zuen: «Neure borondatez maiteko ditut» (Os. 14:4, NWT). Ikusten dugun moduan, bere borondatez, Jainkoak bere barkamena, onespena eta adiskidetasuna gorespen sakrifizio horiek egiten zituztenei eskaintzen zien.
16, 17. Nola jasotzen du Jehobak fedeak bultzatuta predikatzen hasten direnen gorespena?
16 Egiazko Jainkoaren zerbitzariak besteen aurrean bera goresteagatik izan dira ezagunak. Salmogilearentzat Jainkoa gorestea oso garrantzitsua zenez, ondorengoa erregutu zion: «Jaso itzazu atseginez, arren, nire gorespen eskaintza boluntarioak» (Sal. 119:108, NWT). Isaiasek hurrengoa aurresan zuen ere gaur egungo jendetza talde handi bati buruz: «Jaunaren egintza goresgarriak hots egin[go]» zituzten eta beraien eskaintzak «Jaunari eskainiko […] [zizkioten] bere aldare gainean, berarentzat opari atsegingarri» (Is. 60:6, 7). Gaur egun, milioika kristauok Isaiasen hitzak betetzen ari gara, «gorespen sakrifizio bat, hau da, gure ezpainen fruitua, bere izenaren deklarazio publikoa eginez» (Heb. 13:15).
17 Eta zu, eskaintzen ari al zara Jainkoari atsegin zaizkion sakrifizioak? Hala ez bada, egingo al dituzu beharrezko aldaketak eta hasiko al zara besteen aurrean Jehoba goresten, berri onak predikatuz? Fedeak berri onak predikatzera bultzatzen zaituenean, zure eskaintza «atseginago izango zaio Jaunari zezena baino» (Irakurri 69. Salmoa 31, 32 [69:30, 31, NWT]). Ziur egon opari hori «atsegingarri» egingo zaiola eta bere onespena jasoko duzula (Eze. 20:41). Zein zoriontsu sentituko zaren!
«Zuzenak bedeinkatuko dituzu»
18, 19. a) Zer iritzi du jende gehienak Jainkoa zerbitzatzearen balioari buruz? b) Zer gertatzen da Jainkoaren onespena galtzean?
18 Gaur egun, pertsona askok Malakiasen garaiko israeldar batzuen okerreko ikuspuntua dute: «Alferrik da Jauna zerbitzatzea. Zer lortzen dugu haren aginduak beteta […]?» (Mal. 3:14). Materialismoak itsututa, Jehobaren promesak ez direla inoiz beteko eta bere arauak zaharkituta geratu direla pentsatzen dute. Gainera, predikatzen dutenek denbora alferrik galtzen eta eremuko jendea aztoratzen dutela uste dute.
19 Pentsamolde horrek Edengo lorategian du bere jatorria. Nork konbentzitu zuen Eba Jehobak eman zien bizimodu zoragarria nahikoa ez zela pentsatzera iristeko? Nork eman zion aditzera Ebari bere zeruko Aitaren onespena lortzeko ahaleginik egiteak ez zuela merezi? Satanas izan zen Jainkoaren nahia egiteagatik ez dela ezer lortzen pentsatzera bultzatzen duena. Baina Eba eta bere senarra Jainkoaren onespena galtzeak bizia galtzea esan nahi duela ikustera iritsi ziren. Eta beraien eredu txarrari jarraitzen diotenek hemendik gutxira egia mingots hori ikasiko dute (Has. 3:1-7, 17-19).
20, 21. a) Zer egin zuen Sareptako alargunak eta nola lagundu zion horrela jokatzeak? b) Zergatik eta nola imitatu behar dugu bere eredua?
20 Gure lehen gurasoek baino zentzu handiagoz jokatu zuen norbait Sareptako alarguna izan zen. Zer egin zuen profetaren hitz animagarriak entzutean? Geratzen zitzaion ogia kozinatzen hasi eta profetari eskaini zion lehenengo. Orduan, Jehobak Eliasen bidez egindako promesa bete zuen: «Eta luzaroan jan ahal izan zuten Eliasek, emakumeak eta beronen semeak. Ogi-irinaren katilua ez zen hustu, ezta oliontzia agortu ere, Jaunak Eliasen bidez esana zuen bezala» (1 Err. 17:15, 16).
21 Gaur egun, munduko biztanle gutxi batzuk soilik Sareptako alargunak egindakoa egiteko prest daude. Alargunak Jainko salbatzailearengan fedea jarri zuen, eta berak ez zion huts egin. Zer ziurtatzen digute hauek bezalako Biblia pasarteek? Jainkoak gure konfiantza osoa merezi duela (Irakurri Josue 21:43-45; 23:14). Gaur egun ere, Jehobak ez ditu bere aprobazioa dutenak abandonatzen, eta horren froga ugari dago (Sal. 34:7, 8; 18-20 [34:6, 7, 17-19, NWT]). a
22. Zergatik da premiazkoa Jainkoaren aprobazioa orain bilatzea?
22 Jainkoaren epai eguna «lur osoan bizi diren guztien gainera etorriko da», eta oso gertu dago (Luk. 21:34, 35). Ez da ihesbiderik egongo; luxuek eta aberastasunek ez dute ezertarako balio izango. Benetan baliotsuena izango dena Jainkoak izendatutako Epailearen ondorengo hitzak entzutea izango da: «Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok. Heredatu munduaren hasieratik zuentzat prestatuta dagoen Erreinua» (Mat. 25:34). Orduan, hurrengo hitzak betetzen ikusiko ditugu: «Zuk zuzenak bedeinkatuko dituzulako, o Jehoba; zure aprobazioaz inguratuko dituzu, ezkutu handi batez bezala» (Sal. 5:12, NWT). Zalantzarik gabe, orain da Jainkoaren aprobazioa bilatzeko unea.
[Oharra]
a Ikusi aldizkari honetako 2005ko martxoaren 15eko 13. orrialdeko 15. paragrafoa eta 1997ko 20-25 orrialdeak.
Gogoratzen al duzu?
• Zergatik merezi du Jehobak bera bihotz osoz adoratu dezagun?
• Zer sakrifizio onartzen ditu Jehobak gaur egun?
• Zeri egiten dio erreferentzia «geure ezpainak eskaintzen dizkizugu zezen» esamoldeak, eta zergatik eskaini behar dizkiogu Jehobari?
• Zergatik bilatu behar dugu Jainkoaren aprobazioa?
[Ikasketako galderak]
[Irudia]
Zer ideia garrantzitsu planteatu zuen profeta batek ama behartsu baten aurrean?
[Irudia]
Zer bedeinkapen jasotzen ditugu Jainkoari gorespen sakrifizioak eskaintzean?
[Irudia]
Jehobarengan erabateko konfiantza badugu, ez gara inoiz dezepzionaturik sentituko

