Ohartzen al da Jehoba egiten duzunaz?
NOLA erantzungo zenioke galdera horri? Agian askok diote: «Badakit Jainkoa Moises, Gedeon eta Dabid bezalako pertsonek lortutakoaz ohartu zela. Baina ez dut uste nik egiten dudan ezertan arreta jartzen duenik. Ni ez naiz Moises, Gedeon edo Dabid».
Egia da Biblia garaiko gizon leial batzuek fede ekintza harrigarriak egin zituztela. Beraiek «erreinuak garaitu zituzten, […] lehoien ahoak itxi zituzten, suaren indarra itzali zuten, ezpataz hiltzetik ihes egin zuten» (Hebrearrei 11:33, 34). Hala ere, beste batzuek beraien fedea hain modu ikusgarrian erakutsi ez zuten arren, Bibliak Jainkoa beraiek egindakoaz ohartu zela ziurtatzen digu. Hori hala dela ikusteko, azter ditzagun artzain, profeta eta alargun baten eredua.
Artzain batek sakrifizio bat eskaini zuen
Zer gogoratzen duzu Adam eta Ebaren bigarren semea izan zen Abelengandik? Martiri moduan hil zela gogoratuko duzu agian. Ziurrenik hiltzeko modu hori gutako gutxiri gertatuko zaigun zerbait da. Baina hasiera batean, Jainkoa Abelez ohartzeko arrazoia beste bat izan zen.
Behin, Abelek bere artaldeko animaliarik baliotsuenak hartu eta Jehobari sakrifizio moduan eskaini zizkion. Eskaintza hori gaur egun itxuraz xumea izan arren, Jehobak kontuan hartu eta onartu egin zuen. Baina ez hori bakarrik. Ia 4.000 urte beranduago, Jehobak Paulo apostolua inspiratu zuen Hebrearrei liburuan Abeli buruz idazteko. Horrenbeste urte pasa arren, Jainkoak ez zuen sakrifizio xume hura ahaztu (Hebrearrei 6:10; 11:4).
Nola jakin zuen Abelek zer sakrifizio mota eskaini? Bibliak ez du esaten, baina Abelek gai horretan sakonki pentsatuko zuen. Artzaina zenez, ez da harritzekoa bere artaldeko animalia batzuk eskaintzea. Hala ere, kontuan izan dezagun hoberena eskaini zuela: «ardi-gantza» (Hasiera 4:4). Baliteke ere Jehobak Edengo lorategian sugeari esandako hitzetan hausnartu izana: «Elkarren etsai egingo zaituztet hi eta emakumea, hire eta haren ondorengotza; honek burua zapalduko dik eta hik orpotik helduko diok» (Hasiera 3:15; Apokalipsia 12:9). Nahiz eta «emakumea» eta bere «ondorengotza» nortzuk ziren ez jakin, emakumearen ondorengotzari orpotik heltzeak odola isurtzea eskatu zuela ulertuko zuen agian. Noski, berak bazekien ezer ez dela izaki bizidun bat baino baliotsuagorik. Edonola ere, egin zuen sakrifizioa oso egokia izan zen.
Abelen antzera, gaur egungo kristauok Jainkoari sakrifizioak eskaintzen dizkiogu. Ez diogu gure artaldearen lehenkumerik eskaintzen, hurrengoa baizik: «gorespen sakrifizio bat, hau da, gure ezpainen fruitua, bere [Jainkoaren] izenaren deklarazio publikoa egi[ten duena]» (Hebrearrei 13:15). Gure fedeari buruz besteei hitz egiten diegunean, gure ezpainek deklarazio publikoa egiten dute.
Hobetu nahi al duzu zure sakrifizioaren kalitatea? Pentsatu arretaz zure eremuko pertsonen beharretan. Zeintzuk dira beraien kezka eta interesak? Bibliako mezuaren zein alderdi izango da erakargarriena beraientzat? Predikatzen ari zaren bitartean, zergatik ez dituzu izan dituzun elkarrizketak noizean behin berrikusten? Horrela, hurrengoan hobeto aterako zaizu. Eta Jehobari buruz hitz egitean, egin ezazu ziurtasunez eta bihotz osoz. Izan dadila zure sakrifizioa «gorespen sakrifizio bat».
Profeta batek interes gutxi zuen jendeari predikatu zion
Azter dezagun Henoken eredua. Baliteke bere garaiko Jehobaren lekuko bakarra izatea. Henoken antzera, Jehoba leialki zerbitzatzen duen familiakide bakarra al zara? Zure lantokian edo eskolan, Biblia printzipioak obeditzen dituen bakarra al zara? Hala bada, beharbada zailtasunak izango dituzu. Agian zure lagun, familiakide, gelakide edo lankideek Jainkoaren arauak baztertzera presionatu zaitzakete, ez diotela inori esango edo inor ez dela enteratuko esanez. Beraien ustez egiten duzuna Jainkoari axola ez zaionez, Bibliaren arau moralak obeditzea zentzugabekeria dela esan ahal dizute behin eta berriz. Ez duzunez beraiek bezala pentsatzen eta jokatzen, minduta sentitu daitezke eta, beharbada, zure integritateari ez eusteko ahal duten guztia egingo dute.
Onartu beharra dago presioari aurre egitea ez dela batere erraza, baina ez da ezinezkoa. Pentsa dezagun Henoken ereduan. Bera Adamen genealogia lerroan zazpigarrena izan zen (Judas 14). Henok jaio zenean, pertsona gehienak moralgabeak ziren. Beraien hizkera lotsagabea zen, eta beraien jokabidea «iraingarri[a]» (Judas 15). Gaur egungo pertsona askoren antzera jokatzen zuten.
Nola egin zion aurre Henokek egoera horri? Erantzuna oso interesgarria da guretzat. Profeta hori garai hartan Jehoba adoratzen zuen pertsona bakarra omen zen. Hala ere, ez zegoen bakarrik, Jainkoarekin ibiltzen baitzen (Hasiera 5:22).
Berarentzat gauzarik garrantzitsuena Jainkoa poztea zen. Berak bazekien Jainkoarekin ibiltzea bizimodu zintzoa izatea baino gehiago esan nahi zuela. Jehobak Henokek predikatu zezan espero zuen (Judas 14, 15). Pertsonei Jehobak beraien ekintza maltzurrak ikusten zituela ohartarazi behar zien. Hala ere, 300 urte baino gehiagoz —gutako edonork baino denbora luzeagoz— Henokek presioaren aurrean irauten eta Jainkoarekin ibiltzen jarraitu zuen. Bere heriotza unea iritsi arte, Jehobaren aldamenean mantendu zen (Hasiera 5:23, 24).
Henoken antzera, guk ere predikatzeko eginkizuna dugu (Mateo 24:14). Etxez etxe predikatzeaz gain, gure familiakide, gelakide edo lankideei berri onei buruz hitz egiten saiatzen gara. Hala ere, agian batzuetan hitz egitea kostatu ahal zaigu. Gauza bera gertatzen al zaizu zuri? Hala bada, ez zaitez desanimatu. Imitatu lehen mendeko kristauak eta eskatu ausardia Jainkoari (Eginak 4:29). Eta ez ahaztu inoiz hurrengoa: Jainkoarekin ibiltzen bazara, ez zara inoiz bakarrik egongo.
Alargun batek otordu bat prestatu zuen
Imajinatu hurrengoa: alargun ezezagun batek otordu sinple bat prestatzeagatik bedeinkapen bikoitza jaso zuen! Eta ez zen israeldarra, K.a. X. mendean Sarepta hirian bizi izan zen atzerritarra baizik. Lehorte eta gosete garai luze baten ostean, emakume hori elikagairik gabe geratzear zegoen. Geratzen zitzaion gauza bakarra eskutada bat ogi-irin eta olio pittin bat baino ez zen, bera eta bere semearentzat azken otordua prestatzeko behar zuena, besterik ez.
Orduan, bisitari bat iritsi zen, Elias izeneko Jainkoaren profeta bat. Profetak alargunari geratzen zitzaion janari eskasa berarekin partekatzeko eskatu zion. Geratzen zitzaiona berarentzat eta bere semearentzat baino ez zen iristen. Beraz, ezin izango zuen hirugarren batekin partekatu. Baina Jehobaren promesarekin bat eginez, Eliasek honakoa ziurtatu zion: geratzen zitzaion ogia berarekin partekatzen bazuen, ez zutela goserik pasako. Alargun horrek fede handia izan beharko zuen Israelgo Jainkoa berataz, atzerritar alargun batez, ohartu zela sinesteko. Hala ere, sinetsi egin zuen eta Jehobak saritu zuen. «Ogi-irinaren katilua ez zen hustu, ezta oliontzia agortu ere, Jaunak Eliasen bidez esana zuen bezala». Gosetea amaitu arte, alargunak eta bere semeak jateko elikagaiak izan zituzten (1 Erregeak 17:8-16).
Hala ere, alargunak beste bedeinkapen bat jasoko zuen. Mirari hura gertatu eta denbora batera, bere seme kuttuna gaixotu eta hil zen. Berarengan errukia sentituz, Eliasek Jehobari mutikoa berpizteko erregutu zion (1 Erregeak 17:17-24). Eskaera hark inoiz gertatu ez zen mirari bat eskatzen zuen, ez baitago aurretik inor berpiztua izan den ziurtasunik. Erakutsiko al zion berriz ere Jehobak errukia alargun horri? Bai horixe! Jehobak Eliasi mutikoa berpizteko boterea eman zion. Beranduago, Jesusek honakoa esan zuen emakume pribilegiatu horri buruz: «Emakume alargun asko zegoen Israelen. Hala ere, Jainkoak ez zuen Elias horietako alargun bakar batengana ere bidali, Sidon lurraldean dagoen Sareptako alargun batengana baizik» (Lukas 4:25, 26).
Gaur egungo egoera ekonomikoa herrialde industrializatuetan ere oso desegonkorra da. Enpresa handi batzuek urteetan zehar leialki lan egiten aritu diren langileak kaleratu dituzte. Langabeziaren mehatxuaren aurrean, kristau batek bere lana ez galtzearren, ordu kopuru ugari lan egiteko tentazioa izan dezake. Baina horrela jokatuko balu, ez luke bileretara joateko, predikatzeko, edo bere familiaren behar emozional eta espiritualak zaintzeko nahiko denborarik izango. Dena den, bere enplegua nola edo hala mantendu behar duela pentsatzera iritsi daiteke.
Horrelako egoera ekonomiko zail batean dagoen kristau batek kezkatuta egoteko arrazoiak ditu. Izan ere, ez da batere erraza gaur egun lana aurkitzea. Noski, gutako gehienok ez gara aberasten saiatzen ari. Sareptako alargunaren antzera, mahaian jateko plater bat jarri nahi dugu, besterik ez. Hala ere, Jainkoak, behin, hurrengoa ziurtatu zuela gogorarazi zigun Paulo apostoluak: «Ez zaitut inoiz utziko, eta ez zaitut inoiz abandonatuko». Guk ere hurrengoa esan dezakegu konfiantza osoz: «Jehoba da nire laguntzailea, ez dut beldurrik izango. Zer egin dezake nire kontra gizakiak?» (Hebrearrei 13:5, 6). Paulo promes horretan konfiantza erakutsiz, bere bizia arriskuan jartzera ere iritsi zen, eta Jehobak beti zaindu zuen. Jainkoa bertan behera uzten ez badugu, berak gauza bera egingo du gurekin.
Moises, Gedeon eta Dabid gizon espiritualek gauza harrigarriak egin zituzten. Beharbada zuk ez duzula horrelakorik inoiz egingo pentsa dezakezu. Baina badago egin dezakezun zerbait: beraien fedea imitatu. Esaterako, gogoan izan Abel, Henok eta Sareptako alargunak fede ekintza sinpleak egin zituztela. Jehobak fede ekintza guztietan jartzen du arreta, baita txikienetan ere. Pentsatu hurrengo egoeretan: Jainkoari errespetua dion Biblia ikasle batek bere gelakideak eskaintzen dizkion drogak baztertzen ditu; kristau batek lantokian intsinuazio moralgabeei uko egiten die; edo adineko Lekuko bat, nekatuta egon eta osasun txarra izan arren, bileretara leialki doa. Jehobak egoera hauek guztiak ikusten ditu eta poztu egiten da (Esaera Zaharrak 27:11).
Ohartzen al zara besteek egiten dutenaz?
Hala da, Jehoba egiten dugunaz ohartzen da. Beraz, Jainkoa imitatuz, besteek egiten dituzten ahaleginetan arreta jarri behar dugu (Efesoarrei 5:1). Anai-arreba batzuek bileretara joateko, predikatzeko edota eguneroko betebeharrak burutzeko zailtasunak dituzte. Zergatik ez dugu zailtasun horietan arreta jartzen?
Ondoren, beraien ahaleginak estimatzen dituzula jakinarazi. Zalantzarik gabe, asko poztuko dira beraien ahaleginez konturatu zarela jakiteaz. Gainera, beraiengan interesa erakutsi duzunez, hurrengoa gogoratuko dute: Jehoba beraiez ere ohartzen dela.

