Joan Bataiatzailea: Poztasuna mantentzen laguntzen digun eredua
Gustatuko al litzaiguke orain gure esku ez dagoen kongregazioko eginkizunen bat izatea? Baliteke beste anaia baten esku dagoen arduraren bat izatea edo iraganean izan genuen eginkizuna izatea. Beharbada, adinarengatik, osasun arazoengatik, zailtasun ekonomikoengatik edo familia ardura batzuengatik nahi duguna egiteko aukerarik ez izatea. Agian, erakundean izandako aldaketak direla eta, urteetan zehar izandako arduraren bat utzi behar izan dugu. Dena dela, Jehobaren alde ez garela nahi bezainbeste egiten ari pentsatzera iritsi gaitezke. Egoera horretan, frustrazioa sentitu dezakegu. Baina zer egin dezakegu desanimoak, saminak edo erresuminak menperatu ez gaitzaten? Zerk lagunduko digu poztasuna mantentzen?
Asko ikasi dezakegu Joan Bataiatzailearen eredutik. Jainkoaren zerbitzari horrek eginkizun bereziak jaso zituen. Baina ziurrenik ezingo zuen imajinatu zer gertatuko zitzaion bere bizitzan, hau da, kartzelan predikazioan baino denbora gehiago igaroko zuela. Dena dela, bere bizitza osoan zehar, poztasuna mantendu zuen. Zerk lagundu zion hori lortzen? Eta nola mantendu dezakegu guk poztasuna dezepzioen aurrean?
POZTASUNEZ BETERIKO EGINKIZUNA
Kristo ondorengo 29. urteko udaberrian, Jehobak agindu bezala, Joan jendea Mesiasen etorrerarako prestatzen hasi zen. Honakoa esaten zuen: «Damutu zaitezte, zeruko Erreinua hurbildu baita» (Mat. 3:2; Luk. 1:12-17). Askok ondo erantzun zuten. Izan ere, jendetza handi bat bere mezua entzuteko urrunetik iritsi zen, eta horietako asko damutu eta bataiatu egin ziren. Joanek honakoa ere ohartarazi zien ausardiaz erlijioburu hipokritei: beraien jarrera aldatzen ez bazuten zigorra jasoko zutela (Mat. 3:5-12). Bere eginkizunaren unerik garrantzitsuena K.o. 29. urteko udazkenean izan zen, Jesus bataiatu zuenean. Harrezkeroztik, pertsonak Jesusi —promestutako Mesiasi— jarraitzera animatu zituen (Joan 1:32-37).
Joanek burututako eginkizun berezia zela eta, Jesusek hau esan zuen: «Ez da inoiz emakume batengandik Joan Bataiatzailea baino handiagoa den inor jaio» (Mat. 11:11). Seguruenik, Joanek Jehobaren alde egin ahal izan zuen guztia estimatu zuen eta jasotako bedeinkapenengatik pozik jarri zen. Joanen antzera, anai-arreba askok bedeinkapen bereziak jaso dituzte. Ikus dezagun Terry izeneko anaia baten bizipena. Berak, bere emazte Sandrarekin batera, 50 urte baino gehiago daramatza denbora osoko zerbitzuan. Honela dio: «Eginkizun eder ugari izan ditut. Aitzindari erregularra, Beteleko familiakidea, aitzindari berezia, eta eskualde eta lurralde arduraduna izan naiz eta, orain, berriz ere, aitzindari berezia naiz». Eginkizun horiek jasotzeak poztasuna ematen digu. Baina Joanen ereduak honakoa irakasten digu: gure poztasuna ez dela ditugun eginkizunetan oinarritzen, eta poztasuna mantentzeko ahaleginak egin behar ditugula.
IZAN GAITEZEN ESKER ONEKOAK
Joan Bataiatzaileak poztasuna ez galtzearen arrazoietako bat hau izan zen: izan zituen eginkizunengatik beti esker ona sentitu zuela. Esaterako, Jesusen bataioa ondoren, Joan dizipulu gutxiago izaten hasi zen; Jesus, aldiz, gehiago. Ondorioz, Joanen dizipuluak kezkatu egin ziren. Beraz, esan zioten: «[Jesus] jendea bataiatzen ari da eta mundu guztia berarekin doa» (Joan 3:26). Orduan, Joanek erantzun zuen: «Senargaia da emaztegaia duena. Baina senargaiaren laguna honen ondoan dagoenean eta entzuten dionean, izugarri pozten da senargaiaren ahotsa entzuteagatik. Beraz, orain pozez beteta nago» (Joan 3:29). Joanek ez zuen Jesus aurkari baten moduan ikusten. Gainera, Jesusen eginkizuna garrantzitsuagoa zela ikusita, Joanek ez zuen bere eginkizunak baliorik ez zuela pentsatzen. Alderantziz, poztasuna mantendu zuen «senargaiaren laguna» izateko ohorea estimatzen zuelako.
Joanen eginkizuna zaila izan arren, bere jarrerak pozik egoten lagundu zion. Adibidez, jaiotzetik nazareoa zenez, ezin zuen ardorik edan (Luk. 1:15). Jesusek honakoa esan zuen bere bizimodu sinpleari buruz: «Joan ez zen ez jaten, ez edaten etorri». Jesusek eta bere dizipuluek, aldiz, ez zuten nazareoen murrizketarik eta bizimodu normalagoa zuten (Mat. 11:18, 19). Gainera, Joanek miraririk inoiz egin ez zuen arren, bazekien Jesusen dizipuluek egin ahal zituztela. Izan ere, dizipulu horien artean, iraganean berari jarraitu zioten batzuk zeuden (Mat. 10:1; Joan 10:41). Baina Joan ez zen desberdintasun horietan zentratu. Horren ordez, Jehobak emandako eginkizunean oso lanpetuta mantendu zen.
Guk ere Jehobaren zerbitzuan orain egiten ari garena estimatzen badugu, ez dugu poztasuna galduko. Lehen aipatutako Terryk dio: «Jasotako eginkizun bakoitzean zentratu nintzen». Denbora osoko zerbitzuan hausnartzean, honakoa ere dio: «Ez naiz ezertaz damutzen. Oso oroitzapen ederrak ditut».
Poztasun handiagoa sentituko dugu edozein eginkizun edo arduraren balioan hausnartzen badugu: «Jainkoaren lankideak» izatearen ohorean (1 Ko. 3:9). Jar dezagun adibide bat. Gure familiarena izan den aspaldi-aspaldiko objektu baliotsu bat zaintzen eta garbi mantentzen badugu, nahiz eta denbora pasa, objektu horrek ez du jatorrizko distira galduko. Era berean, Jainkoa zerbitzatzearen ohore paregabean hausnartzen badugu, ideia negatiboek ez dute gure poztasuna zikinduko. Bestalde, ez ditugu gure sakrifizioak besteen sakrifizioekin konparatuko, ezta gure eginkizunak besteek jasotakoak baino balio txikiagoa dutenik pentsatuko ere (Gal. 6:4).
ZENTRATU GAITEZEN GAUZA ESPIRITUALETAN
Baliteke Joanek bere predikazioak ez zuela luzaro iraungo pentsatzea. Hala ere, ez zuen imajinatuko bat-batean amaituko zela (Joan 3:30). Kristo ondorengo 30. urtean, Jesus bataiatu eta sei hilabete inguru ondoren, Herodes erregeak Joan kartzelan sartu zuen. Hala eta guztiz ere, ahal zuen guztia egin zuen testigantza emateko (Mar. 6:17-20). Zerk lagundu zion aldaketa horien aurrean poztasuna mantentzen? Gauza espiritualetan zentratzeak.
Kartzelan zegoela, Joanek Jesus bere predikazioan egiten ari zen guztiaren albisteak jaso zituen (Mat. 11:2; Luk. 7:18). Ziur zegoen Jesus Mesias zela. Baina, agian, bere buruari hurrengoa galdetzen zion: Beteko ote zuen Jesusek Idazkien arabera Mesiasek egingo zuen guztia? Esaterako, errege izatera iritsiko zenez, laster hasiko al zen agintzen? Kartzelatik askatuko ote zuen? Joanek Jesusek egingo zuena hobeto ulertu nahian, bere dizipuluetako bi Jesusi ondorengoa galdetzera bidali zituen: «Zu al zara etorri behar duena, ala beste baten zain egon behar dugu?» (Luk. 7:19). Itzuli zirenean, bere dizipuluek Joani Jesusek egindako sendaketa miraritsuei buruz hitz egin zioten. Eta, ziurrenik, Joanek kontatu ziotena arreta handiz entzungo zuen, baita Jesusek bidaltzen zion erantzuna ere: «Itsuek ikusi egiten dute, herrenak ibiltzen dira, lepradunak garbi geratzen dira, gorrek entzun egiten dute, hildakoak berpizten dira eta pobreek berri onak entzuten dituzte» (Luk. 7:20-22).
Zalantzarik gabe, albiste horiek Joan sendotu zuten. Jesus Mesiasekin lotutako profeziak betetzen ari zela baieztatzen zuten. Jesusek Joan kartzelatik askatuko ez zuen arren, Joanek bazekien bere eginkizuna ez zela alferrikakoa izan. Egoera zaila izan arren, pozik egoteko arrazoiak zituen.
Mundu osoko predikazioari buruzko albiste onetan zentratzen bagara, poztasuna mantenduko dugu
Joanen antzera gauza espiritualetan zentratzen bagara, poztasunez eta pazientziaz iraungo dugu (Kol. 1:9-11). Biblia irakurtzeak eta horretan hausnartzeak helburu hori lortzen lagunduko digu, Jainkoa zerbitzatzea alferrikakoa inoiz ez dela gogorarazten baitigu (1 Ko. 15:58). Lehen aipatutako Sandrak honakoa dio: «Bibliako kapitulu bat egunero irakurtzeak Jehobarengana gehiago gerturatzen eta berarengan, eta ez nigan, zentratzen lagundu dit». Bestalde, Erreinuaren jarduerei buruzko informazioan arreta jarri dezakegu. Horrela, ez dugu gure egoeran hainbeste pentsatuko, Jehoba lortzen ari den gauzetan baizik. Sandrak beste hau ere dio: «JW Broadcasting® hilabeteroko programei esker, erakundetik gertuago sentitzen gara eta gure eginkizunean poztasuna mantentzen dugu».
Joanek «Eliasen espiritu eta boterearekin» burutu zuen bere eginkizun laburra. Eta Eliasen antzera, Joan «guk bezalako sentimenduak zituen gizon bat zen» (Luk. 1:17; St. 5:17). Esker onekoak bagara eta gauza espiritualetan zentratzen bagara, Joanek bezala, gertatzen dena gertatzen dela, guk ere Jehobaren zerbitzuan poztasuna mantenduko dugu.

