Euskara
Desadostasunak konpondu eta bakea bultzatuko al dugu?
https://cms-imgp.jw-cdn.org/img/p/2017444/univ/art/2017444_univ_sqr_xl.jpg
w17 Ekaina

Desadostasunak konpondu eta bakea bultzatuko al dugu?

Desadostasunak konpondu eta bakea bultzatuko al dugu?

JEHOBAK bakea baloratu dezagun eta bakea lortzeko ahalegindu gaitezen nahi du. Hori egitean, egiazko kristauok bake oparoaz gozatzen dugu. Gainera, bake horrek pertsona asko kongregaziora erakartzen ditu.

Ikus dezagun horren adibide bat. Madagaskar herrialdeko azti ezagun bati Jehobaren lekukoen artean dagoen bakeak atentzioa eman zion. Berak pentsatzen zuen: «Egunen batean erlijio bat aukeratu beharko banu, hauxe izango litzateke». Denborarekin, praktika espiritistak baztertu, ezkondu gabe bizi zenarekin ezkondu eta, azkenik, Jehobaren —bakearen Jainkoaren— lekuko izatera iritsi zen.

Azti haren antzera, urtero-urtero milioika lagunek kongregaziora jotzen dute hainbeste desiratzen duten bakearen bila. Hala ere, Bibliak argi uzten du inbidiak eta eztabaidek, kongregazioko adiskidetasunak hondatzeaz gain, tentsio ugari eragiten dutela (St. 3:14-16). Zorionez, Bibliak arazo horiek saihesten eta bakea bultzatzen laguntzen diguten aholku onak ematen dizkigu. Ikus dezagun nola jarri dituzten praktikan pertsona batzuek aholku horiek.

ARAZOAK ETA KONPONBIDEAK

«Nirekin lan egiten zuen anaia batekin ez nintzen ondo eramaten. Behin, elkarri garrasika ari ginela, bi pertsona gerturatu ziren eta eztabaidatzen ikusi gintuzten» (CHRIS).

«Arreba batekin askotan predikatzen nuen. Bat-batean, nirekin ateratzeari utzi eta niri hitz egiteari ere utzi zion. Ez dakit zer gertatu zen» (JANET).

«Hiruko elkarrizketa telefoniko batean nengoen. Horietako batek agur esan zuenez, deitik atera zela uste nuen. Orduan, berari buruz gaizki hitz egiten hasi nintzaion besteari. Baina pertsona hori oraindik deian zegoen eta esan nuen guztia entzun zuen» (MICHAEL).

«Kongregazioko bi aitzindarik beraien artean arazoak zituzten. Elkarri behin eta berriro errieta egiten hasi ziren. Beraien haserrealdiek besteak desanimatzen zituzten» (GARY).

Arazo hauek guztiek garrantzi gutxikoak direla eman dezakete. Baina egoera horiek besteei kalte emozional handia eragin eta kongregazioko bakea hautsi zezaketen. Zorionez, anai-arreba guztiek Bibliaren aholkuei jarraitu eta bakea berreskuratzea lortu zuten. Zer Biblia aholkuk lagundu zieten?

«Bidean beren arteko liskarrik ez iza[n]» (Has. 45:24). Josek aholku hori bere anaiei eman zien aitarengana itzuli aurretik. Zein hitz zuhurrak! Norbait ez bada bere sentimenduak kontrolatzeko gai eta erraz ofenditzen bada, besteak haserrarazi ditzake. Chris harroa zela eta besteen aholkuak onartzea kostatzen zitzaiola konturatu zen. Aldatu nahi zuenez, eztabaidan aritu zen anaiari barkamena eskatu eta bere izaera kontrolatzen gogor saiatu zen. Anaia horrek Chrisen aldatzeko ahaleginak ikusi zituenean, berak ere gauza bera egin zuen. Orain biak pozik daude eta Jehoba elkarrekin zerbitzatzen dute.

«Komunikaziorik ez dagoenean, planek porrot egiten dute» (Esa. 15:22NWT). Janet aholku horri kasu egin behar ziola konturatu zen. Beraz, arrebarekin hitz egitea erabaki zuen. Izan zuten elkarrizketan, Janetek arrebari berarekin zergatik nahigabetu zen galdetu zion. Hasiera batean, elkarrizketan tentsioa nabaria zen. Baina hobera egin zuen gaiaz lasai-lasai hitz egin zutenean. Arrebak Janetekin zerikusirik ez zuen gauza bat gaizki ulertu zuela jakin zuenez, barkamena eskatu zion. Berriz ere Jehoba elkarrekin zerbitzatzen dute.

«Aldarera zure oparia eramaten ari zaren bitartean, han zaudela, zure anaiak zure aurka zerbait duela gogoratzen baduzu, utzi oparia aldare aurrean. Lehendabizi, zoaz eta egin bakeak zure anaiarekin» (Mat. 5:23, 24). Ziurrenik Jesusek Mendiko Hitzaldian emandako aholku hori gogoratzen dugu. Michael oso gaizki sentitu zen anaia zein zakar tratatu zuela konturatu zenean. Baina bakea berreskuratzeko determinazioa zuen. Apaltasunez, anaiarekin hitz egin zuen asko sentitzen zuela esateko. Zein izan zen emaitza? Michaelek dio: «Nire anaiak bihotzez barkatu zidan». Ondorioz, adiskidetasuna berreskuratu zuten.

«Segi bata bestea jasaten eta elkarri eskuzabaltasunez barkatzen, baita norbaitek beste baten aurka kexatzeko arrazoirik badu ere» (Kol. 3:12-14). Gogoratzen al dituzu beraien artean arazoak zituzten bi aitzindariak? Adindun batek beste anai-arrebak gaizki sentiarazten ari zirela konturatzen lagundu zien. Gainera, kongregazioan bakea mantentzeko helburuarekin, beraien artean pazientzia erakutsi zezaketen ere galdetu zien. Arrebek adindunaren aholkua onartu eta praktikan jarri zuten. Orain, biek harreman ona dute eta elkarrekin predikatzen jarraitzen dute.

Kolosarrei 3:12-14 aipuko aholkua oso lagungarria izan daiteke norbaitek min egiten badigu. Pertsona asko, apalak badira, barkatzeko eta gertatukoa ahazteko gai direla konturatu dira. Baina hori egiteko gai ez garela ikusten badugu, Mateo 18:15​eko aholkua kontuan izan dezakegu. Jesus norbaitek beste baten kontra bekatu larri bat egitean egin behar zenaz ari zen arren, aholku hori anaia edo arreba batekin arazo bat dugunean ere erabili dezakegu. Izan gaitezen apalak eta atseginak, eta hitz egin dezagun anaia edo arrebarekin arazoa konpontzeko.

Noski, Bibliak beste aholku praktiko ugari ditu. Baina eragina izan dezaten, espirituaren fruitua erakutsi behar dugu: «Maitasuna, poza, bakea, pazientzia, atsegina izatea, ona izatea, fedea, lasaitasuna, autokontrola» (Gal. 5:22, 23). Olioak makina bati leuntasunez funtzionatzen laguntzen dioten bezala, Jainkoarengandik datozen ezaugarri horiek besteekin ditugun harremanak onak izaten laguntzen digute.

IZAERA DESBERDINEK KONGREGAZIOA ABERASTEN DUTE

Gutako bakoitzak bere izaera du. Denok ezaugarri desberdinak ditugu, baita pentsatzeko eta hitz egiteko modu desberdinak ere. Horri esker, adiskidetasun atsegin eta interesgarriak izan ditzakegu. Baina izaera desberdinek liskarrak ere eragin ditzakete. Esperientzia handiko adindun batek dio: «Pertsona lotsati bat oso irekia den beste batekin dagoenean, deseroso sentitu daiteke. Desberdintasun hori garrantzitsua ez dela dirudien arren, arazo larriak sortu ditzake». Orduan, ezinezkoa al da oso desberdinak diren bi pertsonen artean harreman ona izatea? Pentsa dezagun Pedro eta Joan apostoluengan. Biblian irakurtzen dugun moduan, Pedro zuzena eta inpultsiboa zela imajinatzen dugu. Joanengan pentsatzen dugunean, berriz, gizon maitekorra eta zentzuduna zela datorkigu burura. Bi apostoluak desberdinak ziren, baina oso ondo moldatzen ziren elkarrekin lanean (Eg. 8:14; Gal. 2:9). Zer ikasi dezakegu beraien eredutik? Izaera oso desberdinak izan arren, elkarrekin lan egin dezakegula.

Baliteke anaia edo arreba batek gustatzen ez zaizkigun gauzak egitea. Hala ere, badakigu Jesu Kristo bere alde hil zela eta maitatu behar dugula (Joan 13:34, 35; Erm. 5:6-8). Beraz, anaia edo arreba saihestu, edo bere lagunak inoiz izango ez garela pentsatu beharrean, honakoa galdetu ahal diogu geure buruari: «Egiten ari dena Bibliak irakasten duenaren aurka al doa? Bere helburua niri kalte egitea al da? Edo izaera desberdinak al ditugu, besterik ez? Are gehiago, zer ikasi dezaket bere ezaugarri onetatik?».

Azken galdera hori oso garrantzitsua da. Norbaiti hitz egitea asko gustatzen bazaio, baina gu isilagoak bagara, pentsa dezagun zein erraz egiten zaion pertsona horri predikazioan elkarrizketa bat hastea. Beharbada, gurekin predikatzera ateratzeko eskatu ahal diogu, bere eredutik ikasteko. Anaia edo arrebaren bat gu baino eskuzabalagoa baldin bada, ikasi al dezakegu bere eredutik eta adinekoei, gaixoei eta beharra dutenei emateak dakarren zoriontasuna sentitu? Hauxe da kontua: izaera desberdinak ditugun arren, anai-arreben gauza onetan zentratzen bagara, beraiekin elkartuago egongo gara. Agian ez da inoiz gure lagun mina izango. Baina berarekin hobeto konponduko gara, barne bakea izango dugu, eta kongregazioan bake handiagoz gozatuko dugu.

Ebodia eta Sintike lehen mendeko bi kristau izan ziren. Ziurrenik oso izaera desberdinak izango zituzten. Hala ere, Paulok «Jaunarekin bat eginda modu berean pentsatze[ra]» animatu zituen (Flp. 4:2). Egingo al dugu guk gauza bera kongregazioan bakea bultzatzeko?

LISKARRAK LASTER KONPONDU

Besteekiko izan ditzakegun sentimendu txarrak lorategi bateko belar txarrekin konparatu daitezke. Sustraitik kentzen ez baditugu, hazten jarraituko dute. Era berean, sentimendu txarrak norbaiten bihotzean errotu badira, kongregazio osoan izan dezake eragina. Baina Jehoba eta anai-arrebak maite baditugu, ahal dugun guztia egingo dugu izaera desberdinek kongregazioko bakea zapuztu ez dezaten.

Apalak bagara eta bakea izaten saiatzen bagara, emaitza onak lortuko ditugu

Bakea berreskuratzeko gure desberdintasunak konpontzen saiatzen bagara, lortu daitezkeen emaitza onak harrigarriak izan daitezke. Pentsa dezagun arreba bati gertatutakoan: «Arreba batek haur baten moduan tratatzen ninduela sentitzen nuen, eta ez zitzaidan batere gustatzen. Gero eta haserreago nengoenez, arreba zakarki tratatzen hasi nintzen. Hau pentsatu nuen: “Berak ez nau merezi dudan bezala errespetatzen, beraz nik ez dut bera errespetatuko”».

Beranduago, aipatutako arreba bere ekintzetan pentsatzen hasi zen: «Nire akatsak ikusten hasi nintzen, eta neure buruarekin oso dezepzionatuta nengoen. Nire pentsaera aldatu behar nuela konturatu nintzen. Beraz, Jehobari horri buruz otoitz egin nion. Ondoren, arrebari oparitxo bat erosi eta ohar bat idatzi nion, neure jarrera txarragatik barkamena eskatuz. Elkarri besarkada bat eman genion eta gaia ahaztea erabaki genuen. Harrezkeroztik ez dugu arazorik izan».

Pertsonek bai edo bai bakea behar dute. Baina harrokeriagatik edo mehatxaturik sentitzen direlako, askok ez dute modu baketsuan jokatzen. Jarrera hori munduan oso ohikoa den arren, Jehobaren herrian bakea eta elkartasuna egon behar dira. Paulok honakoa idatzi zuen: «Erakutsi ezazue zeuen portaeraren bidez, jaso zenuten deia merezi duzuela. Izan guztiz umilak eta lasaiak, eta izan pazientzia; jasan bata bestea maitasunez; egin ahal duzuen guztia, bakearen loturaren bidez, espirituaren batasuna mantentzeko» (Efe. 4:1-3). «Bakearen lotura» oso baliotsua da. Beraz, izan dezagun bakea sendotzeko eta gure artean izan dezakegun edozein tirabira konpontzeko determinazioa.