Irakurleen galderak
Esan nahi al dute Estebanen Eginak 7:59ko hitzek otoitzak Jesusi zuzendu behar zaizkiola?
Eginak 7:59ak dio: «Harrikatzen zuten bitartean, Estebanek erregutu zuen: “Jesus Jauna, hartu nire espiritua”». Pertsona batzuei hitz horiek zalantzak eragin dizkiete, Bibliaren arabera, «otoitzak entzuten» dituena Jehoba baita (65. Salmoa 3 [65:2, NWT]). Otoitz egin al zion Estebanek Jesusi? Hala izan balitz, esan nahi al du horrek Jesus Jehoba dela?
Biblia itzulpen batzuek, esaterako King James Version itzulpenak, Esteban «Jainkoari dei egiten» ari zitzaiola diote. Beraz, ez da harritzekoa pertsona askok Matthew Henry Biblia adituak ondorioztatu zuenarekin bat egitea. Berak honakoa esan zuen: «Pasarte honetan, Estebanek Jesusi otoitz egin zion, eta halaxe egin behar dugu guk ere bai». Hala ere, ikuspuntu hori ez da zuzena. Zergatik ez?
Barnes’ Notes on the New Testament argitalpenak honakoa onartzen du zintzotasunez: «Jainko hitza ez dago jatorrizko testuan. Beraz, ez litzateke itzulpenean agertu beharko. Ez da antzinako eskuizkribu eta bertsioetan agertzen». Orduan, zergatik erabiltzen da «Jainko» hitza zenbait bertsiotan? Abiel Abbot Livermore adituak hori «itzultzaileen aurreiritzi sektarioen adibide bat» baino ez da. Horregatik, gaur egungo itzulpen gehienek ez dute Jainkoari eginiko aipamen espurio hori erabiltzen.
Hala ere, itzulpen askok Esteban Jesusi «otoitz» egiten ari zitzaiola diote. Traducción del Nuevo Mundo itzulpeneko oin-oharreko «erregutzen ari zela» esamoldea «dei egitea; otoitz» ere itzuli daiteke. Orduan, ez al du horrek esan nahi Jesus Jainko Ahalguztiduna dela? Inola ere ez. Vine-n Itun Zahar eta Berriaren hitzen hiztegiak azaltzen duen moduan, testuinguru horretan, epikaleo jatorrizko hitz grekoaren esanahia hau da: «dei egin; […] autoritatearengana apelatu». Paulok hitz berbera erabili zuen hurrengoa esatean: «Zesarrengana apelatzen dut!» (Eginak 25:11). Horregatik, Eginak liburuari buruzko F. F. Bruce-n argitalpenak pasarte hori modu egokian itzultzen du, Esteban Jesusi «erregutzen» ari zitzaiola esanez (The Acts of the Apostles).
Zergatik egin zuen Estebanek eskaera hori? Eginak 7:55, 56 bertseten arabera, «espiritu santuz beteta, zerura begiratu eta Jainkoaren aintza ikusi zuen, eta Jesus zutik Jainkoaren eskuinean». Ohiko egoera batean, Estebanek Jehobari zuzenduko zizkion bere eskaerak Jesusen izenean. Baina ikuskari batean Jesus berpiztua ikustean, berarengana zuzenean jotzeko askatasunarekin sentitu zela dirudi, hurrengoa esan zuenean: «Jesus Jauna, hartu nire espiritua». Estebanek bazekien Jesusek hildakoak berpizteko autoritatea jaso zuela (Joan 5:27-29). Horregatik, Jesusi bere espiritua, edo bizi-indarra, zeruetan hilezkortasuna jasotzeko eguna iritsi arte babesteko eskatu zion.
Orduan, oinarritzat hartu al dezakegu Estebanen eskaera gure otoitzak Jesusi zuzentzeko? Inola ere ez. Hasteko, Estebanek Jesus eta Jehoba argi eta garbi bereizten zituen, pasartearen arabera, Estebanek Jesus «zutik Jainkoaren eskuinean» ikusi baitzuen. Gainera, Estebanen egoera ez zen batere ohikoa. Egoera horretaz gain, norbaitek Jesusengana zuzenean jotzen duen kasu bakarra Joan apostoluak Jesus ikuskari batean ikusi zuenean da (Apokalipsia 22:16, 20).
Gaur egungo kristauok, egokia den bezala, gure otoitz guztiak Jehobari zuzentzen dizkiogu. Hala eta guztiz ere, Jesus «berpizkundea eta bizia» dela sinesten dugu zalantza izpirik gabe (Joan 11:25). Estebanen kasuan gertatu zen bezala, ziur gaudenez Jesusek bere dizipuluak heriotzatik askatzeko gaitasuna duela, probei aurre egin ahal diegu.

