TALAIA (IKASKETARAKO EDIZIOA)

Irakurleen galderak

Euskara
Irakurleen galderak
/assets/ct/fa815d8e9f/images/syn_placeholder_sqr.png
w03 11/1
Irakurleen galderak

Irakurleen galderak

Zergatik eskatu zituen Eliseok Eliasen espirituko «bi zati»?

Eliasek Israelen bere eginkizuna amaitu aurretik, Eliseo profeta gazteak honakoa eskatu zion: «Datozkidala zure espirituko bi zati» (2 Erregeak 2:9, oharra). Itxuraz, Eliseok, lehensemeek bezala, bi zati jaso nahi zituen, baina zentzu espiritualean (Deuteronomioa 21:17). Pasarte hori laburki aztertzeak bere esanahia hobeto ulertzen laguntzeaz gain, irakaspen praktikoak ateratzen ere lagunduko digu.

Jehobaren jarraibideekin bat eginez, Eliasek Eliseo bere ondorengoa izateko izendatu zuen (1 Erregeak 19:19-21). Sei urte inguruz, Eliseo Eliasen laguntzailea izan zen, eta bere eginkizuna leialki eta determinazioz bete zuen. Elias Israelen profeta izan zen azken egunera arte, Eliseo ez zen berarengandik separatu. Eliasek berari jarraitzeari uzteko eskatu zionean, profeta gazteak honakoa ziurtatu zion hiru aldiz: «Ez zaitut bakarrik utziko» (2 Erregeak 2:2, 4, 6; 3:11). Izan ere, Eliseok Elias bere aita espiritualtzat hartu zuen (2 Erregeak 2:12).

Hala ere, Eliseo ez zen Eliasen seme espiritual bakarra izan. Biak «profeten seme» izenez ezagunak ziren gizon-talde batekin ibiltzen ziren (2 Erregeak 2:3NWT). 2 Erregeak liburuak aipatzen duen moduan, «seme» horiek beraien aita espiritual Eliasekin oso harreman estua zuten (2 Erregeak 2:3, 5, 7, 15-17). Hala ere, Eliseo Eliasen ondorengo gantzutua zen, eta Eliasen seme espiritualen artean garrantzitsuena. Antzinako Israelen, lehensemeak bere aitaren herentziaren bi zati jasotzen zituen; gainontzeko semeek, aldiz, zati bat. Horregatik eskatu zizkion Eliseok Eliasi bere herentzia espiritualaren bi zati.

Zergatik egin zuen Eliseok une zehatz horretan eskaera hori? Garrantzi handiko eginkizun bat betetzear zegoelako: Eliasen ondorengoa izatea Israelgo profeta bezala. Eliseok bazekien bere gaitasunen gainetik zegoen eginkizun hori bete ahal izateko, Jehobaren boterea beharko zuela. Gainera, bere irakaslea bezain ausarta izango beharko zuen (2 Erregeak 1:3, 4, 15, 16). Horrexegatik eskatu zizkion Eliasi bere espirituaren bi zati: ausardiazko espiritua, baita «Jehobari erabateko debozioa» erakusten duen espiritua ere. Izan ere, ezaugarri horiek Jainkoaren espirituak sortzen dituenak dira (1 Erregeak 19:10, 14NWT). Baina, nola erantzun zuen Eliasek?

Eliseoren eskaera onartzea bere esku ez zegoenez, Jainkoak bakarrik onartu zezakeen eta, hurrengoa esan zion modestiaz: «Gauza zaila eskatzen duzu. Jaunak zure ondotik eramango nauenean ikusten banauzu, hala izango zara» (2 Erregeak 2:10). Eta halaxe gertatu zen. Jehobak Eliseori Elias ikusten utzi zion, azken hau haize zurrunbilo batean zerurantz igo zenean (2 Erregeak 2:11, 12). Eliseok eskatu zuena jaso zuen: Jehobak bere eginkizun berria betetzeko eta etorkizunean izango zituen zailtasunei aurre egiteko beharrezko espiritua eman zion.

Pasarte hori oso animagarria da kristau gantzutuentzat, baita Jainkoa zerbitzatzen duten gainontzekoentzat ere. Baliteke batzuetan eginkizun berri bat jasotzen dugunean, larrituta edo gai ez garela sentitzea. Edo, beharbada, Erreinuaren berri onak predikatzen jarraitzeko ausardia galtzen ari gara, eremuko jendeak kasurik egiten ez digulako, edota mezuaren aurka jartzen delako. Hala ere, Jehobari bere laguntza eskatzen badiogu, berak zailtasunei eta egoera berriei aurre egiteko espiritu santua emango digu (Lukas 11:13; 2 Korintoarrei 4:7; Filipoarrei 4:13). Beraz, Jehobak Eliseo eginkizun garrantzitsuagoak betetzeko sendotu zuen moduan, guri ere, gazteak nahiz adinekoak izan, predikazioan lagunduko digu (2 Timoteori 4:5).