Saltatu edukira

Zergatik ez dute Jehobaren lekukoek Jaunaren afaria beste erlijioek bezala ospatzen?

Zergatik ez dute Jehobaren lekukoek Jaunaren afaria beste erlijioek bezala ospatzen?

 Jesu Kristoren heriotzaren oroitzapena edo «Jaunaren afaria» ospatzean, Bibliak esaten duena erabat jarraitzen dugu (1 Korintoarrei 11:20). Bestalde, ospakizun honi buruz beste erlijio batzuek dituzten sinesmen eta ohitura asko ez daude Biblian oinarrituak.

Helburua

 Jaunaren afariaren helburua Jesus gogoratzea da, gure alde egindako eskaintzarengatik eskerrak emanez (Mateo 20:28; 1 Korintoarrei 11:24). Ospakizuna ez da sakramentua edota grazia nahiz bekatuen barkamena ematen duen ohitura erlijiosoa. a Bibliak gure bekatuak barkatuak izan daitezkeela irakasten du. Baina, barkamen hau jasotzeko bide bakarra Jesusengan fedea izatea da eta ez errito erlijioso baten bidez (Erromatarrei 3:25-26; 1 Joan 2:1, 2).

Zenbatetan?

 Jesusek Jaunaren afaria ospatzeko agindu zien bere jarraitzaileei. Baina ez zien zehazki esan zenbatetan ospatu behar zuten (Lukas 22:19). Batzuek hilero ospatu behar dela uste dute, beste batzuek, berriz, astero, egunero, egunean behin baino gehiagotan edo bakoitzak egokia dela uste duen aldiro. Hala ere, hona hemen kontuan izan beharreko alderdi batzuk.

 Jesusek juduen Pazkoaren egun berean ezarri zuen Jaunaren afaria eta beranduago egun horretan bertan hil zen (Mateo 26:1, 2). Hau ez zen kasualitatea izan, Bibliak Jesusen eskaintza Pazkoko bildotsarenarekin alderatzen baitu (1 Korintoarrei 5:7, 8). Pazkoa urtean behin ospatzen zen (Irteera 12:1-6; Lebitarrena 23:5). Era berean, lehen kristauek Jesu Kristoren heriotzaren oroitzapena urtean behin ospatzen zuten b eta Jehobaren lekukook Biblian oinarritutako eredu hau jarraitzen dugu.

Eguna eta ordua

 Jesusek jarritako ereduak Oroitzapenaren maiztasunari buruzko xehetasunak emateaz gain, ospatu beharreko eguna eta ordua jakiteko argibideak ere ematen dizkigu. Ospakizuna K.o. 33. urteko Nisanaren 14an eguzkia sartu ondoren ezarri zuen Jesusek, Biblian aurkitzen den ilargi egutegia jarraituz (Mateo 26:18-20, 26). Lehen kristauen ohitura segituz, guk ere Oroitzapena urtero egun honetan ospatzen dugu. c

 Nahiz eta K.o. 33. urteko Nisanaren 14a ostirala izan, egun horren urtemuga asteko egun desberdinean egokitu daiteke urtero. Nisanaren 14ari dagokion eguna jakiteko, gaur egungo egutegi judutarraren metodoa erabili beharrean, Jesusen garaian erabiltzen zen metodo bera erabiltzen dugu. d

Ogia eta ardoa

 Ospakizun berrirako, Jesusek Pazko afarian soberan gelditu ziren legamiagabeko ogia eta ardo beltza erabili zituen (Mateo 26:26-28). Bere adibidea jarraituz, ogiari dagokionez, legamiarik edo beste osagairik gabeko ogia erabiltzen dugu. Ardoari dagokionez, berriz, ardo beltza erabiltzen dugu; eta ez mahats-zukurik edota azukre, likore, belar nahiz espeziak gehitu zaizkion ardorik.

 Erlijio batzuek legamiadun ogia erabiltzen dute, baina askotan Biblian legamia bekatu eta ustelkeriaren ikur da (Lukas 12:1; 1 Korintoarrei 5:6-8; Galaziarrei 5:7-9). Beraz, Jesu Kristoren akats gabeko gorputzaren ikur egokia legamiagabeko ogia bakarrik izan daiteke (1 Pedro 2:22). Biblia-oinarririk ez duen beste ohitura bat ardoa mahats-zukuarekin ordezkatzea da. Zergatik dute eliza batzuek ohitura hau? Bibliak alkohola edatea galarazten duela esaten dutelako, baina honek ere ez du biblia-oinarririk (1 Timoteori 5:23).

Ikurrak dira, ez Jesusen gorputza eta odola

 Oroitzapenean erabiltzen diren legamiagabeko ogia eta ardo beltza, Jesusen gorputz eta odolaren ikur edo irudi dira. Ez dira mirari bidez Jesusen gorputz eta odol literalarekin aldatzen edo nahasten, batzuek uste duten bezala. Azter ditzagun ulermen honetarako dugun biblia-oinarria.

  •   Jesusek bere jarraitzaileei bere odola edateko agindu izan bazien, Jainkoaren legea hausteko eskatzen egongo litzateke, honek odola hartzea debekatzen baitu (Hasiera 9:4; Eginak 15:28, 29). Baina hau ezinezkoa zen, odola Jainkoarentzat sakratua baita eta Jesusek inoiz ez zien eskatuko Jainkoaren legearen aurka joatea (Joan 8:28, 29).

  •   Jesusek bere odolari buruz hitz egitean guztiongatik «isuriko dena» zela esan zuen. Beraz, Jesusen odola isuri gabe bazegoen apostoluek ezin zuten bere odola edan, bere eskaintza oraindik egin gabe baitzegoen (Mateo 26:28, Itun Zâr eta Berria, Erramun Olabide).

  •   Jesusek bere bizia «behin bakarrik» eskaini zuen (Hebrearrei 9:25, 26). Jaunaren afariko ogia eta ardoa bere gorputz eta odolarekin aldatuko balira, parte hartzen dutenak eskaintza behin eta berriz errepikatuko lukete.

  •   Jesusek «egizue hau nire oroigarri» esan zuen eta ez «egizue hau nire eskaintza errepikatzeko» (1 Korintoarrei 11:24).

 Ogia eta ardoa Jesusen gorputz eta odolarekin aldatzen direla sinesten dutenek, itzulpen batzuetan biblia-aipu batzuk adierazteko moduan oinarritzen dira. Adibidez, biblia-itzulpen askotan, Elizen Arteko Biblia barne, Jesusek hau esan zuela diote: «Hau nire odola baita» (Mateo 26:28). Hala ere, biblia-aditu askoren esanetan, «baita» hitzak ez du Jesusek esan nahi zuena zehatz-mehatz azaltzen. Adibidez, Jacques Dupont-ek biblia-bertset hau itzultzeko «era naturalenak» honakoak izan beharko luketela dio: «honek nire odola esan nahi baitu» edo «honek nire odola irudikatzen baitu». Beraz, Jesusek beste askotan egin zuen bezala, une honetan, metafora edo parabola baten bidez irakasten ari zen (Mateo 13:34, 35).

Nortzuk dira parte-hartzaileak?

 Jehobaren lekukook Jaunaren afaria ospatzen dugunean, gutxi batzuek bakarrik hartzen dugu parte. Zergatik?

 Jesusek isuri zuen odolak «itun berria» ezarri zuen eta itun honek Jehobak aitzinako israeldarrekin egin zuen ituna ordezkatu zuen (Hebrearrei 8:10-13). Itun berriaren parte direnek bakarrik, hau da, era berezian «Jainkoak deitutakoek» hartzen dute parte Oroitzapeneko ikurretatik eta ez kristau guztiek (Hebrearrei 9:15; Lukas 22:20). Hauek Jesusekin batera errege izango dira zeruan eta Bibliak dioenez 144.000 lagunek bakarrik izango dute ohore hau (Lukas 22:28-30; Apokalipsia 14:1, 3; 20:4, 6).

 Jesusekin errege izango den artaldetxoarekin alderatuz, gehiengook lurrean betiko bizitzaz gozatuko duen «gizatalde handi» baten parte izateko esperantza dugu (Lukas 12:32; Apokalipsia 7:9, 10). Lurrean bizitzeko itxaropena dugunok, ez dugu ikurretatik parte hartzen. Hala ere, Jesusek guztiongatik egindako eskaintzarengatik esker ona agertuz ospakizun honetara elkartzen gara (1 Joan 2:2).

a McClintock eta Strong-en Cyclopedia-k IX. liburukiaren 212. orrialdean hau dio: «Sakramentu hitza ez da Itun Berrian [edo Testamentu Berrian] aurkitzen; eta inongo kasuan ezin da μυστήριον [mysterion] hitz grekoa erabili bataioa, Jaunaren afaria edo beste ospakizunen bati buruz hitz egitean».

b Ikusi The New Schaff-Herzog Encyclopedia of Religious Knowledge-ko IV. liburukiaren 43.-44. orrialdeak eta McClintock eta Strong-en Cyclopediako VIII. liburukiaren 836. orrialdea.

c Ikusi The New Cambridge History of the Bibleko 1. liburukiaren 841. orrialdea.

d Egungo egutegi judutarrak Nisan hilabetearen hasiera finkatzeko ilargi berri astronomikoa erabiltzen du, baina lehen mendean ez zen teknika hau erabiltzen. Honen ordez, ilargi berria Jerusalemdik lehen aldiz ikus zitekeenean hasten zen hilabetea, hau ilargi berri astronomikoa baino egun bat edo batzuk geroago izan daitekeelarik. Arrazoi honengatik Jehobaren lekukoek Oroitzapena ospatzen duten egunak ez du beti egungo juduek pazkoa ospatzen duten egunarekin bat egiten.