Saltatu edukira

Bat al dator Biblia zientziarekin?

Bat al dator Biblia zientziarekin?

Bibliaren erantzuna

 Bai. Biblia zientzia-liburua ez den arren, zientziari buruz hitz egiten duenean zehatza da. Aztertu itzazu Biblia eta zientzia bat datozela erakusten duten adibide batzuk. Hauek aztertzean, Bibliak zientziari buruz dioena eta biblia-garaiko sinesmenak oso desberdinak direla ikusiko duzu.

  •   Unibertsoak hasiera bat izan zuen (Hasiera 1:1). Antzinako mito askoren arabera, unibertsoa sortua izan ordez, kaosaren antolaketaren ondorioz agertu zen. Babiloniarrek unibertsoa bi ozeanotatik etorritako jainkoek sortu zutela sinesten zuten. Beste mito batzuek, berriz, unibertsoa arrautza erraldoi batetik agertu zela diote.

  •   Unibertsoa naturako lege logiko eta zehatzen menpe dago (Job 38:33; Jeremias 33:25). Munduko mitoen arabera, gizakiak jainko krudelen ekintzen menpe daude.

  •   Lurra espazioan dago eta ez du ezerk eusten (Job 26:7). Antzinako jende askok uste zuen Lurra borobil laua zela eta erraldoi edo animalia batek eusten zuela, hala nola, bufalo edo dortoka batek.

  •   Ozeano eta beste leku batzuetako ura lurrundu egiten da eta hodeiak sortzen dira. Hodeietako ura euri, elur edo kazkabar moduan jaisten da, ibaiak eta iturburuak osatuz (Job 36:27, 28; Kohelet 1:7; Isaias 55:10; Amos 9:6NWT ). Antzinako grekoek uste zutenez, ibaiak lur azpiko urarekin osatzen ziren. Ideia honek XVIII. mendera arte iraun zuen.

  •   Mendiak handiagoak eta txikiagoak egiten dira. Gainera, gaur egungo mendiak hasiera batean itsasoko urez estalita zeuden (104. Salmoa 6, 8NWT ). Bestalde, mito batzuek esaten dutenez, mendiak gaur egun ikusten ditugun moduan sortu zituzten jainkoek.

  •   Arau higienikoek osasuna babesten dute. Jainkoak israeldarrei emandako legeek, hildako gorpu bat ukitzen zuenaren garbiketa agintzen zuen. Honetaz gain, gaixotasun kutsakorra zuena aparte jartzea eta gizakien kaka era egokian lurperatzea ere agintzen zuten (Lebitarrena 11:25-28; 13:1-5; Deuteronomioa 23:13). Garai haietako egiptoarrek aldiz, gizakien kaka erabiltzen zuten zaurientzako sendagaiak prestatzeko.

Errore zientifikorik al dago Biblian?

 Batzuen ustez, Biblia eta zientzia ez datoz bat, baina Bibliaren azterketa sakonak hau egia ez dela erakusten du. Ikusi ditzagun batzuek dituzten ideia okerrak eta Bibliak benetan dioena:

 Ideia okerra: Batzuen ustez, Bibliak unibertsoa 24 orduko sei egunetan sortu zela esaten du.

 Bibliak benetan dioena: Bibliak ez du zehazten Jainkoa noiz hasi zen unibertsoa sortzen (Hasiera 1:1). Gainera, Hasiera liburuko lehenengo kapituluko kreazio-egunak, zehaztu gabeko denbora-tarteak izan ziren. Izan ere, zerua eta Lurra sortu zireneko denbora-tarte osoari ere «egun» deitzen zaio (Hasiera 2:4NWT ).

 Ideia okerra: Batzuen ustez, landareak Eguzkia baino lehen sortu zirela esaten du Bibliak, fotosintesia ezinezkoa eginez (Hasiera 1:11, 16).

 Bibliak benetan dioena: «Zeru-lurrak» sortu zirenean, Eguzkia eta zeruko beste izarrak ere sortu ziren (Hasiera 1:1). Beraz, Eguzkia landareak baino lehen sortu zen. Kreazioaren lehenengo «egun» edo denbora-tartean, Eguzkitik argi ahula iristen zen Lurrera. Baina kreazioaren hirugarren egunean fotosintesia posible zen, atmosfera garbitzen joan eta Eguzkiaren argia indartsuago iristen zelako (Hasiera 1:3-5, 12, 13). Geroago, Lurretik Eguzkia ikusten hasi zen (Hasiera 1:16).

 Ideia okerra: Batzuen ustez, Eguzkiak Lurraren inguruan bira egiten duela esaten du Bibliak.

 Bibliak benetan dioena: Kohelet 1:5 aipuak hauxe dio: «Sortzen da eguzkia eta sartzen, eta bere tokira lehiatzen [edo azkar bueltatzen], handik berriro sortzeko». Aipu honetan, Lurretik ikusten dugun Eguzkiaren mugimendua deskribatzen da. Gaur egun ere, «Eguzkia atera» eta «Eguzkia sartu» egiten dela esaten dugu, nahiz eta Lurrak Eguzkiaren inguruan bira egiten duela jakin.

 Ideia okerra: Batzuen ustez, Bibliak Lurra laua dela esaten du.

 Bibliak benetan dioena: Bibliak, Lurreko lekurik urrunena adierazteko, Lurraren bazterrak aipatzen ditu. Honek ez du esan nahi Lurra laua denik edo ertzak edo bazterrak dituenik (Eginak 1:8). Era berean, Lurraren gainazal osoa irudikatzeko, lau aldeak aipatzen ditu. Gaur egun ere, lau puntu kardinalak erabiltzen ditugu gauza bera adierazteko (Isaias 11:12; Lukas 13:29).

 Ideia okerra: Batzuen ustez, zirkulu baten zirkunferentzia edo ingurua kalkulatzeko, bere diametroa bider pi (π, edo 3,1416 inguru) egin ordez, bider hiru biderkatu behar dela esaten du Bibliak.

 Bibliak benetan dioena: 1 Erregeak 7:23 eta 2 Kronikak 4:2 aipuek adierazten duten brontzezko ontziak «bost metroko diametroa» eta «hamabost metroko ingurua» zituen. Neurri hauek zenbaki borobilak izan daitezke. Beste aukera bat, emandako diametroak ontziaren lodiera ere hartzea izan daiteke, eta zirkunferentziaren neurriak ontziaren barnealdea bakarrik hartzea, ontziaren lodiera kontutan izan gabe.