Saltatu edukira

Zer da espiritu santua?

Zer da espiritu santua?

Bibliaren erantzuna

 Espiritu santua Jainkoaren indar eraginkorra da (Mikeas 3:8; Lukas 1:35). Jainkoak bere espiritua bidaltzen duenean, bere energia edozein tokira zuzentzen du bere nahia betetzeko (104. Salmoa 30NWT; 139. Salmoa 7).

 Biblian «espiritu» hitza hebreerazko ruʹakh eta grekerazko pneuʹma terminoetatik itzultzen da. Askotan, termino hauek Jainkoaren indar eraginkorra edo bere espiritu santua esan nahi dute (Hasiera 1:2, oharra). Hala ere, Bibliak beste esanahi batzuk adierazteko ere erabiltzen ditu termino hauek:

  •   Arnasa (Habakuk 2:19; Apokalipsia 13:15).

  •   Haizea (Hasiera 8:1; Joan 3:8).

  •   Gizakiak eta animaliak bizirik mantentzen dituen bizi-indar edo energia (Job 34:14, 15).

  •   Pertsona baten jarrera (Zenbakiak 14:24NWT).

  •   Jainkoa eta aingeruak bezalako izaki espiritualak (1 Erregeak 22:21; Joan 4:24).

 Esanahi hauek guztiek honako hau dute amankomunean: gizakiok ikusten ez ditugun arren, hauen eragina ikusi dezakegu. Era berean, Itun Berriko hitzen hiztegi baten arabera, Jainkoaren espiritua «haizea bezala, ikusezina, materiagabekoa eta boteretsua da» (An Expository Dictionary of New Testament Words, W. E. Vine).

 Bibliak, espiritu santua Jainkoaren eskuekin edo hatzekin konparatzen du (8. Salmoa 4 [8:3, NWT]; 19. Salmoa 2 [19:1, NWT]; Lukas 11:20, oharra; Konparatu Mateo 12:28). Artisau batek bere lana burutzeko eskuak eta hatzak erabiltzen dituen bezala, Jainkoak bere espiritua erabili du hurrengoak lortzeko:

  •   Unibertsoa sortzeko (33. Salmoa 6NWT; Isaias 66:1, 2).

  •   Biblia egiteko (2 Pedro 1:20, 21).

  •   Antzinako zerbitzariek mirariak egiteko eta predikatzeko (Lukas 4:18; Eginak 1:8; 1 Korintoarrei 12:4-11).

  •   Bera obeditzen duten pertsonek ezaugarri onak erakusteko (Galaziarrei 5:22, 23).

Espiritu santua ez da pertsona bat

 Biblian espiritu santua Jainkoaren eskuak, hatzak eta arnasarekin lotzen direnez, espiritu santua pertsona bat ez dela frogatzen da (Irteera 15:8, 10). Artisau baten eskuek, lan egiteko, garuna eta gorputzaren beharra duten bezala, Jainkoaren espiritu santuak Jainkoaren gida behar du (Lukas 11:13). Bibliak Jainkoaren espiritu santua urarekin ere konparatzen du, eta fedea eta ezaguerarekin lotzen du. Honek guztiak espiritu santua pertsona bat ez dela aditzera ematen du (Isaias 44:3; Eginak 6:5; 2 Korintoarrei 6:6).

 Biblian Jainkoaren izena, Jehoba, eta bere Semearena, Jesu Kristo, agertzen dira. Baina ez da inon espiritu santuaren izenik agertzen (Irteera 3:15, oharra; Lukas 1:31). Behin, Estebanek zerutik ikuskari bat jaso zuenean, bi izaki bakarrik ikusi zituen, ez hiru. Bibliak honakoa dio: «Hark, Espiritu Santuaz beterik, zerura begiratu eta Jainkoaren aintza ikusi zuen, eta Jesus zutik Jainkoaren eskuinaldean» (Eginak 7:55). Espiritu santua Estebanek ikuskaria ikusi ahal izateko Jainkoak erabilitako indarra izan zen.

Espiritu santuari buruzko ideia okerrak

 Ideia okerra: Espiritu santua pertsona bat da eta Trinitatearen parte da. Biblia-itzulpen batzuk, adibidez José Antonio Uriarteren Bibliak, honela azaltzen dute 1 Joan 5:7, 8⁠an.

 Ideia zuzena: José Antonio Uriarteren Bibliak honakoa eransten du 1 Joan 5:7,8 bertsetetan: «Zeren zeruan testigantza ematen dutenak hiru dira: Aita, Semea, eta Espiritu Santua. Eta hiru horiek gauza bat bata dira» (euskara batura egokituta). Baina ikertzaile batzuek Joan apostoluak hitz horiek ez zituela idatzi ikusi zuten. Beraz, ez dira Bibliaren parte. Bruce M. Metzger unibertsitateko irakasleak honakoa idatzi zuen: «Hitz hauek ez dira jatorrizkoak [edo faltsuak dira] eta ez dute Itun Berrian egoteko eskubiderik» (A Textual Commentary on the Greek New Testament [Grekerazko Testamentu Berriko azalpen testuala]).

 Ideia okerra: Bibliak espiritu santua pertsonifikatzen du eta honek pertsona bat dela frogatzen du.

 Ideia zuzena: Batzuetan Bibliak espiritu santua pertsonifikatzen du. Baina horrek ez du esan nahi pertsona bat denik. Bibliak jakinduria, heriotza eta bekatua ere pertsonifikatzen ditu (Esaera Zaharrak 1:20; Erromatarrei 5:17, 21). Adibidez, jakinduriak «eginak» eta «seme-alaba[k]» dituela dio. Biblian ere bekatuak liluratu, hil eta gutiziaz, edo kodiziaz, jokatzen duela azaltzen da (Mateo 11:19, Euskal Biblia, Jaime Kerexeta, ortografia egokituta; Lukas 7:35, oharra; Erromatarrei 7:8, 11).

 Era berean, Joanen ebanjelioan Jesusek espiritu santua laguntzaile (edo paraklito) bezala pertsonifikatu zuen. Laguntzaile honek ebidentzia eman, gidatu, hitz egin, entzun, adierazi, goratu eta jasoko zuela esan zuen Jesusek. Batzuen ustez, Joanek espiritu santuari buruz idazterakoan grekerazko izenordain maskulinoak erabili zituenez, espiritu santua pertsona bat izan behar da (Joan 16:7-15). Baina zuzena al da hori? Ez. Grekerazko gramatikan, Joanek erabilitako laguntzaile hitza (pa·raʹkle·tos) izen maskulinoa da. Beraz, izenordaina ere maskulinoa izan behar da. Joanek aipatutako espiritu santu hitza (pneuʹma), aldiz, izen neutroa da. Horregatik, kasu honetan erabili zuen izenordaina neutroa zen (Joan 14:16, 17).

 Ideia okerra: Bataioa espiritu santuaren izenean burutzen denez, pertsona bat izan behar du.

 Ideia zuzena: Biblian, batzuetan, «izenean» hitza boterea edo autoritatea emateko erabiltzen da (Deuteronomioa 18:5, 19-22; Ester 8:10). Euskaraz, antzeko esanahia duen «legearen izenean» esamoldea erabiltzen da. Baina honek ez du esan nahi legea pertsona bat denik. Hortaz, norbait espiritu santuaren «izenean» bataiatzen denean, espiritu horren boterea eta Jainkoaren nahia betetzeko duen eginkizuna onartzen duela adierazten du (Mateo 28:19).

 Ideia okerra: Jesusen lehen jarraitzaileek eta apostoluek espiritu santua pertsona bat zela sinesten zuten.

 Ideia zuzena: Bibliak eta historiak ez dute hori irakasten. Encyclopædia Britannica-k honakoa dio: «Espiritu Santua Pertsona desberdina denaren eta jatorri jainkotiarra duenaren definizioa […] Konstantinoplako Kontzilioan finkatu zen K.o. 381. urtean». Kontzilio hau azkeneko apostolua hil eta 250 urte baino gehiagora ospatu zen.