Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

4. GALDERA

Arbaso komun batetik al datoz bizi-forma guztiak?

Arbaso komun batetik al datoz bizi-forma guztiak?

Darwinen ustez, bizi-forma guztiek arbaso komuna zuten eta lurreko biziaren historiak zuhaitz handi baten antza zuela imajinatzen zuen. Beranduago, «biziaren zuhaitz» honen enborra lehen zelula sinpleetatik sortu zela sinetsi zuten beste batzuek. Enborretik espezie berriak atera ziren, adarrak (landareen eta animalien familiak) eta adaxkak (gaur egungo familien barne dauden espezie guztiak) sortuz. Horrela gertatu al zen?

Zer esaten dute zientzialari askok? Erregistro fosilak biziaren jatorri komunaren teoria frogatzen duela aditzera ematen dute askok. Eta izaki bizidun guztiek antzeko «hizkuntza informatikoa» edo DNA erabiltzen dutenez, bizi-forma guztiek arbaso komun beretik eboluzionatu behar izan dutela ere baieztatzen dute.

Zer esaten du Bibliak? Hasiera liburuko pasarteak landareak, animalia itsastarrak, animalia lehortarrak eta hegaztiak beraien «motaren arabera» sortuak izan zirela dio (Hasiera 1:12, 20-25, Du). Deskribapen honek «mota» bakoitzean bariazio neurri bat egoten uzten du. Baina motak banatzen dituzten muga gaindiezinak daudela ere adierazten du. Gainera, sorkuntzari buruzko biblia-pasarteak izaki mota berriak erregistro fosilean bat-batean eta erabat osatuak agertuko liratekeela aditzera ematen du.

Zer erakusten dute frogek? Zeren alde egiten dute? Biziaren jatorriari buruzko Bibliako deskribapenaren alde ala Darwinek esan zuenaren alde? Zer erakusten dute azkeneko 150 urteetan egindako aurkikuntzek?

DARWINEN ZUHAITZA MOZTU EGITEN DA

Azken urteetan zientzialariek dozenaka zelulabakarreko organismoren kode genetikoa konparatzea lortu dute, baita landareena eta animaliena ere. Ikerketa horiek Darwinek proposatutako «biziaren zuhaitza» baieztatuko zutela uste zuten. Baina ez da hala izan.

Zer eman dute jakitera ikerketek? Malcolm S. Gordon biologoak 1999⁠an honakoa idatzi zuen: «Dirudienez, biziak hainbat jatorri izan zituen. Biziaren zuhaitz unibertsalaren oinarriak badirudi ez zuela erro bakarra izan». Darwinek sinesten zuen bezala, ba al dago biziaren adar nagusiak enbor bakar bati lotuta dauden frogarik? Gordonek horrela jarraitzen du: «Ez dirudi arbaso komunaren teoriaren bertsio tradizionala gaur egun onartzen diren erreinuentzako aplikagarria denik. Seguruenik ez da filum askorentzat, agian batentzat ere ez, aplikagarria izango, ezta filumen barruko klase askorentzat ere».29 *

Azkeneko ikerketek Darwinen arbaso komunaren teoriarekin kontraesanean egoten jarraitzen dute. Adibidez, 2009⁠an New Scientist aldizkariak argitaratutako artikulu baten arabera, Eric Bapteste zientzialariak honakoa esan zuen: «Biziaren zuhaitza errealitatea den frogarik ez daukagu».30 Artikulu honetan, Michael Rose biologoaren honako hitzak ere aipatzen dira: «Biziaren zuhaitza diskrezio handiz lurperatua izaten ari da; hori denok dakigu. Baina biologiaren oinarrizko ikuspuntua erabat aldatu behar dugula onartzea zailagoa da».31 *

ZER ESATEN DU ERREGISTRO FOSILAK?

Zientzialari askok erregistro fosilera jotzen dute bizia arbaso komun batetik agertu zela defendatzeko. Adibidez, erregistro horretan arrainak anfibio eta narrastiak ugaztun bihurtu zirela ondo dokumentatuta dagoela argudiatzen dute. Baina egia al da hori?

David M. Raup paleontologo eboluzionistak honakoa esaten du: «Biziaren pixkanakako garapena aurkitu beharrean, Darwinen garaiko geologoek eta gaur egungoek oso erregistro irregularra aurkitu dute. Espezieak sekuentzian bat-batean agertzen dira, aldaketa gutxi edo aldaketarik ez dute erakusten erregistroan dauden bitartean eta, bat-batean, erregistrotik desagertzen dira».32

Fosilen gehiengoak izaki motetan egonkortasuna adierazten du denboraldi luzeetan zehar. Ez du erakusten izaki mota batek beste batera eboluzionatu zuenik. Gorpuzkera eta ezaugarri berriak bat-batean agertzen dira. Adibidez, saguzarra, bere sonar eta ekokokapen sistemekin, primitiboagoa den arbaso batekin lotura argirik izan gabe agertzen da.

Izan ere, animalien dibisio nagusien erdia baino gehiago denboraldi nahiko motzean agertu zela dirudi. Erregistro fosilean bizi-forma berri eta desberdin asko bat-batean agertzen direnez, paleontologoek garai horri «Kanbriarreko leherketa» deitzen diote. Noiz izan zen Kanbriar garaia?

Demagun ikertzaileen kalkuluak zuzenak direla. Kasu horretan, lurraren historia futbol-zelai baten luzera duen denbora lerro batekin irudikatu daiteke (1). Eskala honetan, paleontologoek Kanbriar garaia deitzen diotenera iristeko, zelaiaren zazpi zortziren zeharkatu behar dira (2). Garai honen tarte txiki batean agertzen dira animalien dibisio nagusiak erregistro fosilean. Zenbateko azkartasunez? Oinez jarraituz gero, izaki desberdin horiek guztiak pauso bat baino gutxiagoko tartean agertzen dira!

Bizi-forma desberdin hauek guztiak erlatiboki bat-batean agertzeak Darwinen teoriaren bertsio tradizionala berriro planteatzera eraman ditu ikertzaile batzuk. Adibidez, 2008⁠an Stuart Newman biologoak bizi-forma berrien bat-bateko agerpena azaltzen duen teoria ebolutibo berri baten beharraz hitz egin zuen elkarrizketa batean. Honakoa esan zuen: «Eboluzioaz gertatutako aldaketa guztiak azaltzeko erabili izan den Darwinen mekanismoa alde batera utzia izango da, nire ustez. Makroeboluzioa (gorpuzkera motetan trantsizio nagusien eboluzioa) ulertzeko mekanismo askoren artean, Darwinena beste bat besterik ez izatera pasako da; agian inportanteena ere ez da izango».33

«FROGAREKIN» ZAILTASUNAK

Zergatik aldatzen dute zenbait testuliburuk proposatutako sekuentzia baten fosilen eskala?

Goian, ezkerrean: fosilen eskala testuliburu batzuen arabera

Goian, eskuinean: benetako proportzioa

Zer esan dezakegu arrainak anfibio eta narrastiak ugaztun bihurtu zirela erakusteko erabiltzen diren fosilei buruz? Eboluzioaren prozesua baieztatzeko froga sendoak al dira? Fosil hauek arreta handiagoarekin aztertzean, hainbat zailtasun geratzen dira agerian.

Hasteko, testuliburuetan izakien tamainaren proportzioa batzuetan gaizki irudikatzen da narrasti-ugaztun sekuentzian. Nahiz eta irudietan antzeko tamainarekin erakusten dituzten, errealitatea bestelakoa da; batzuk izugarri handiak dira eta beste batzuk txikiak.

Serioagoa den bigarren oztopo bat honakoa da: Izaki hauek nolabait ahaidetzeko frogarik ez dago. Sekuentzietan agertzen diren espezimenak ikerlarien kalkuluen arabera milioika urteko tartez banatuta egon ohi dira. Henry Gee zoologoak gai honi buruz honakoa dio: «Fosilen artean dauden denbora tarteak hain handiak direnez, ezin dugu ziurtasunez esan elkarren arteko lotura posible bat dutenik, ez arbasoen bidez, ezta ondorengoen bidez ere».34 *

Arrain eta anfibioen fosilen inguruan hitz egitean, Malcolm S. Gordon biologoak honakoa dio: «Aurkitutako animaliak garai haietako talde horietan existitzen zen biodibertsitatearen erakusgarri txiki bat besterik ez dira, seguruenik ez oso adierazgarriak». Gainera, hau esaten du: «Ez dago jakiterik organismo zehatz haiek zenbaterainoko garrantzia izan zuten ondorengo gertakarietan, ezta zer ahaidetasun zegoen beraien artean ere».35 *

ZER ERAKUSTEN DU «FILMAK»?

2004⁠an argitaratutako National Geographic aldizkariko artikulu batek erregistro fosila «edizio gelan 1.000 fotogramatik 999 galdu dituen eboluzioari buruzko film batekin» konparatu zuen.36 Azter dezagun adibide honek erakusten diguna.

Erregistro fosilaren «95 fotogramek» ez badute animaliek mota batetik beste batera eboluzionatu zutela erakusten, zergatik ordenatzen dituzte paleontologoek beste «5 fotogramak» hori adierazteko?

Imajina dezagun 100.000 fotogramaz osatutako film baten 100 fotograma aurkitzen ditugula. Nola erabakiko genuke zein den kontakizunaren haria? Agian, badugu aurrez pentsatu dugun ideiaren bat. Baina demagun 100 fotograma horietatik 5 bakarrik antolatu daitezkeela gure kontakizunaren hariaren arabera, beste 95⁠ek erabat desberdina den kontakizun bat erakusten duten bitartean. Zentzuzkoa izango al litzateke aurretik daukagun ideia hori zuzena dela esatea 5 fotograma horietan bakarrik oinarrituz? Ordenatu ote ditugu gure teoriarekin bat egiteko moduan? Ez al litzateke hobea izango beste 95 fotogramei gure iritzian eragiten uztea?

Zer zerikusi du adibide honek eboluzionistek erregistro fosila ikusten duten moduarekin? Urteetan zehar, ikerlariek ez zuten onartu fosilen gehiengo handiak (filmaren 95 fotogramek) espezieak denboran zehar oso gutxi aldatzen direla erakusten zuenik. Zergatik gorde zuten isilean hain garrantzitsua den zerbait? Richard Morris idazleak dio: «Antza denez, paleontologoek pixkanakako aldaketa ebolutiboaren ideia konbentzionala beraiena egin zuten eta, aurkakoa erakusten zuten frogak aurkitu arren, gogor heldu zioten ideia horri. Onartutako ideia eboluzionistak oinarritzat hartuz, fosilek erakusten zutena interpretatu nahian ibili ziren».37

«Fosilen sekuentzia bat hartzea eta leinu bat irudikatzen duela esatea ez da baieztatu daitekeen hipotesi zientifiko bat, baizik eta ipuin baten balioa duen egiaztapena. Entretenigarria da, agian hezigarria; baina ez da zientifikoa» (In Search of Deep Time—Beyond the Fossil Record to a New History of Life, Henry Gee, 116 eta 117 orrialdeak).

Eta gaur egun? Gerta al liteke eboluzionistek fosilak ordena jakin batean antolatzen jarraitzea, ez sekuentzia horrek froga fosil eta genetiko gehienen babesa duelako, baizik eta gaur egun onartuta dauden eboluzioari buruzko ideiekin bat egiten duelako? *

Zer uste duzu? Zer ondorio dator bat hobekien frogekin? Errepasatu dezagun orain arte ikusitakoa.

  • Lurreko lehen bizi-forma ez zen «sinplea».

  • Erabat gertagaitza da zelularen osagaiak halabeharrez agertzea.

  • DNA, zelula funtzionarazten duen «programa informatiko» edo kodea, ikaragarri konplexua da eta gizakiak asmatutako edozein programa edo datuak biltegiratzeko sistemak erraz gainditzen ditu, bikaintasun paregabea erakutsiz.

  • Ikerketa genetikoek bizia ez zela arbaso komun batetik sortu adierazten dute. Gainera, animalien talde nagusiak bat-batean agertzen dira erregistro fosilean.

Ebidentzia hauek ikusi ondoren, ez al da arrazoizkoa frogak biziaren jatorriari buruzko Bibliako azalpenarekin bat datozela ondorioztatzea? Hala ere, Bibliak sorkuntzari buruz irakasten duen zati handi bat zientziak gezurtatzen duela dio jende askok. Egia al da hori? Zer esaten du Bibliak?

^ Biologian erabiltzen den filum hitzak gorpuzkera berdina duten animalien talde handi bat adierazten du. Izaki bizidun guztiak klasifikatzeko zientzialariek erabiltzen duten sistemetako bat zazpi mailaz osatuta dago. Sistema honetan maila bakoitza aurrekoa baino zehatzagoa da. Lehenengoa erreinua da, mailarik zabalena. Ondoren datozen mailak honakoak dira: filuma, klasea, ordena, familia, generoa eta espeziea. Adibidez, zaldia honela klasifikatzen da: erreinua, animalia; filuma, chordata; klasea, mammalia; ordena, perissodactyla; familia, equidae; generoa, equus; espeziea, caballus.

^ Argitu beharrekoa da New Scientist aldizkariko artikuluaren eta Bapteste eta Rose-n adierazpenen intentzioa ez zela eboluzioaren teoria oker dagoela esatea. Darwinek proposatutako biziaren zuhaitzak, bere teoriaren oinarrietako bat denak, ez duela frogen babesik esan nahi zuten. Zientzialari horiek eboluzioa baieztatzeko beste azalpen batzuen bila jarraitzen dute.

^ Henry Gee-k ez du eboluzioaren teoria zalantzan jartzen. Erregistro fosilak ematen dituen ezagutzaren mugak besterik ez ditu azaltzen.

^ Malcolm S. Gordon eboluzioaren alde dago.

^ Taula honetan aipatutako ikertzaileek ez dute Bibliako sorkuntzari buruzko irakaspenean sinesten. Guztiek eboluzioaren irakaspena onartzen dute.

^ Eboluzionistek «hominido» hitza giza familia eta historiaurreko giza itxura zuten espezieak izendatzeko erabiltzen dute.