Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Nola gainditu dezaket masturbazioaren ohitura?

Nola gainditu dezaket masturbazioaren ohitura?

Nola gainditu dezaket masturbazioaren ohitura?

«Zortzi urte nituenean masturbatzen hasi nintzen. Geroago, Jainkoak honi buruz duen ikuspuntu ikasi nuen. Oso txarto sentitzen nintzen berriro jausten nintzen bakoitzean. “Nola maitatuko du Jainkoak ni bezalako inor?”, galdetzen nion nire buruari» (Luiz).

HAZTEN zaren heinean, zure sexu desirak areagotu daitezke. Horren ondorioz, masturbatzeko ohitura hartu dezakezu. a Askoren ustez, hau ez da arazo bat. «Ez dio inori minik egiten», esaten dute. Baina ohitura hau ez izateko arrazoi onak daude. Paulo apostoluak ondorengoa idatzi zuen: «Hilaraz itzazue, beraz, zeuen baitan mundu honen araberako jarrerak: […] grina txarrak» (Kolosarrei 3:5). Masturbazioak ez du sexu desira hilarazten, areagotu egiten du. Honetaz gain, aztertu zer gehiago egiten duen masturbazioak:

● Jarrera berekoia bultzatzen du. Adibidez, masturbatzean norberak bere plazerean bakarrik jartzen du arreta.

● Beste sexuko pertsonak zure sexu gozamenerako objektu edo tresna bihurtzen ditu.

● Ezkon bizitzan sexu harreman betegarriak izatea zailtzen du.

Masturbatu beharrean, saiatu zure desirak kontrolatzen (1 Tesalonikarrei 4:4, 5). Hau lortzen laguntzeko, masturbatzeko desioa piztu dezaketen egoerak saihestea gomendatzen digu Bibliak (Esaera Zaharrak 5:8, 9). Eta dagoeneko masturbatzeko ohitura baduzu? Agian ohitura uzten saiatu zara baina ez duzu oraindik lortu. Ezingo zarela aldatu eta inoiz ezingo duzula Jainkoa guztiz obeditu pentsatu dezakezu. Horrela ikusten zuen Pedro izeneko mutil batek bere burua: «Berriz masturbatzen nintzenean oso txarto sentitzen nintzen», dio berak. «Jainkoak ezingo zidala inoiz barkatu pentsatzen nuen. Oso zaila egiten zitzaidan otoitz egitea».

Horrela sentitzen bazara, ez desanimatu. Ez pentsatu ez duzula erremediorik. Gazte eta heldu askok gainditu dute ohitura hau. Zuk ere lortu dezakezu!

Gainditu erru sentimenduak

Masturbatzeko ohitura dutenak, askotan oso errudun sentitzen dira. Noski, Jainkoaren araberako nahigabe horrek ohitura gainditzeko indarra eman ahal dizu (2 Korintoarrei 7:11). Baina gehiegizko erru sentimenduak kaltegarriak izan daitezke. Desanimatu egin zaitzakete, amore ematera ere bultzatuz (Esaera Zaharrak 24:10).

Beraz, saiatu ikuspuntu orekatsua izaten. Masturbatzea ohitura zikina da. «Grina eta atseginkeriaren menpeko» eta pentsatzeko era okerra izatera eraman zaitzake (Titori 3:3). Hala ere, masturbazioa ez da fornikazioa bezain larria (Judas 7). Masturbatzeko ohitura baduzu, ez zenuke pentsatu behar Jehobak ezin zaituenik barkatu. Egin behar duzuna honakoa da: desioak menperatzen jarraitzen saiatu eta inoiz amorerik ez eman.

Erraza da desanimatzea berriro masturbatzen bazara. Hau gertatzen bada, ez du esan nahi gaiztoa zarenik. Beraz, eutsi goiari! Aztertu zer egoerak eraman zaituen berriro masturbatzera eta saiatu hori saihesten.

Hartu Jainkoaren maitasun eta errukian hausnartzeko denbora. Dabid salmogileak, hainbat gauza txar egin zituenak, esan zuen: «Nola aita seme-alabentzat errukior, hala Jauna begirune diotenentzat errukior. Badaki ongi zerez garen eginak, gogoan du hautsa besterik ez garela» (103. Salmoa 13, 14). Jehobak kontuan hartzen du inperfektuak garela eta «barkabera» da (86. Salmoa 5). Bestalde, guk bera obeditzeko ahaleginak egitea nahi du. Beraz, zer pauso jarraitu behar dituzu zure ohitura gainditzeko?

Aztertu zure entretenimendua. Ikusten al dituzu masturbatzeko desioa pizten dizuten pelikula, telebista saio edo webguneak? Salmogileak jakinduria handiz honakoa eskatu zion Jainkoari otoitzean: «Urrundu nire begiak huskerietatik» (119. Salmoa 37).

Behartu zeure burua arreta beste gauza batzuetan jartzera. William izeneko kristau batek ondorengoa aholkatzen du: «Oheratu aurretik, Biblian oinarritutako zerbait irakurri. Oso inportantea da eguneko azken pentsamendua espirituala izatea» (Filipoarrei 4:8).

Zure arazoa norbaiti kontatu. Norbaiti zure arazoa kontatzeak agian lotsatu zaitzake; baina hau egiteak ohitura gainditzen lagunduko dizu. Hori gertatu zitzaion David izeneko kristau bati: «Nire arazoa aitari kontatu nion», dio berak. «Ez dut inoiz ahaztuko berak esan zidana. Irribarre lasaigarri batekin esan zidan, “Zutaz arro nago”. Bazekien ausardia erakutsi behar izan nuela berarekin hitz egiteko. Hori zen justu animatzeko behar nuena eta gehiago saiatzen lagundu zidan».

«Aitak urrunegi joan ez nintzela ikusten lagundu zidaten aipu batzuk irakurri zizkidan. Ondoren, nire jokabide okerraren seriotasuna ulertzen nuela ziurtatzeko beste aipu batzuk erakutsi zizkidan. Berriro hutsetik hasteko eta denbora zehatz baten ondoren hitz egingo genuela esan zidan, baita berriro erortzen banintzen tristeegi ez sentitzeko ere. Horren ordez, aurrekoan baino denbora gehiagoz ohituran erori gabe egotera animatu ninduen». Zein da Daviden ondorioa? Berak dio: «Beste pertsona bat nire arazoaren jakinaren gainean egotea eta laguntzea nire onerako izan zen».

[Oin-oharra]

a Masturbazioa ez da nahastu behar nahi gabe gertatzen den sexu eszitazioarekin. Adibidez, mutil bat eszitatuta jaiki daiteke edo, lotan dagoen bitartean, semena izuri dezake. Antzera, neska batzuk nahi gabe eszitatu egiten dira, batez ere hilekoa baino lehen edo gero. Kontrara, norbaitek bere sexu organoak sexu gozamena izateko nahita ukitzea masturbatzea da.

AIPU NAGUSIA

«Egin ihes gaztaroko grinetatik, eta saia zaitez justizian, sinesmenean, maitasunean eta bakean, Jaunari bihotz garbiz dei egiten diotenekin batera» (2 Timoteori 2:22)

AHOLKUA

Desira handia egin baino lehen, otoitz egin. Tentazioari aurre egiteko «indar harrigarria» emateko eskatu Jehobari (2 Korintoarrei 4:7, Elizen Arteko Biblia, lapurtar-behenafarrerara egokitua).

BA AL ZENEKIEN . . .

Pertsona ahulak bere sexu desirak jarraitzen ditu, baina sendoak kontrolatu egiten ditu, baita bakarrik dagoenean ere.

EKIN LANARI!

Arreta garbiak diren gauzetan jartzeko, hauxe egingo dut:

Tentazioan berriro ez erortzeko, hauxe egingo dut:

Zer galdetu nahi diet nire gurasoei gai honi buruz?

ZER USTE DUZU?

● Zergatik da garrantzitsua Jehoba «barkabera» dela gogoratzea? (86. Salmoa 5).

● Jainkoak sexu desirak sortu zituen, baina gure buruaren jabe izaten ikasi behar dugula ere esaten digu. Beraz, zer konfiantza du zuregan?

[Iruzkina]

«Arazoa gainditu nuenetik kontzientzia garbia dut eta ez dut ezer egin nahi hau galtzeko» (Sarah)

[Irudia]

Lasterketa batean eroriz gero, ez dugu berriro hasieratik hasi behar. Era berean, masturbazioan berriro erortzen bazara, ez duzu orain arte lortutakoa galdu