«Gizon baten perspikaziak bere haserrea baretzen du»
Saskibaloi talde bateko entrenatzaile bat agresiboa izateagatik kaleratua da.
Haur batek kasketa ederra hartu du ez duelako nahi duena lortu.
Ama batek bere semearekin garrasika eztabaidatu du gela txukun ez mantentzeagatik.
GUZTIOK ikusi izan dugu norbait haserre eta, zalantzarik gabe, gu ere noizbait asko haserretu gara. Haserrea eutsi behar diogun emozio kaltegarri bat bezala ikusten dugun arren, gu geu horrela sentitzen garenean, geure burua justifikatzeko joera izaten dugu, bereziki injustiziaz jokatu dela uste dugunean. Amerikako Psikologia Elkarteko artikulu batek dioen moduan, «haserrea erabat arrunta den giza emozio bat da eta, orokorrean, osasuntsua».
Hitz horiek arrazoitsuak dirudite Paulo apostoluak esan zuenarekin konparatzean. Berak guztiok batzuetan haserretu egiten garela onartu zuen. Horregatik, hurrengo aholkua eman zuen: «Haserretzen zaretenean, ez egin bekaturik. Ez dadila eguzkia sartu haserre zaudeten bitartean» (Efesoarrei 4:26). Horregatik, esan al daiteke haserreari ez eustea ondo dagoenik? Edo kontrolatzen saiatu beharko ginateke?
GAIZKI AL DAGO HASERRETZEA?
Paulok aholku hori ematean, beharbada, 4. Salmoa 4an (NWT) pentsatzen ariko zen. Bertan dio: «Asaldatzean, ez egin bekaturik». Zergatik eman zuen Paulok aholku hori? Berak hurrengoa azaldu zuen: «Kendu zuengandik edozein motatako erresumin bizi, haserre, amorru, garrasi eta hitz mingarri» (Efesoarrei 4:31). Interesgarria da Amerikako Psikologia Elkarteko artikuluak dioena. Egindako ikerketaren arabera, haserrea ez kontrolatzeak egoera okertzera eta biolentoagoa izatera eramaten du.
Zer egin dezakegu haserretik eta horrek eragiten dituen arazoetatik urruntzeko? Salomonek, Israeleko errege jakintsuak, honakoa idatzi zuen: «Gizon baten perspikaziak bere haserrea baretzen du, eta oso polita da ofentsa bat kontuan hartzen ez duenean» (Esaera Zaharrak 19:11, NWT). Hala da, perspikaziak gure barnean haserrea areagotzea saihesten du. Nola?
NOLA BARETZEN DU PERSPIKAZIAK HASERREA?
Perspikazia azalean dagoena baino harantzago ikusteko gaitasuna da; egoera baten jatorrizko arrazoira iristea da. Egoerak modu horretan aztertzea ezinbesteskoa da norbaitek edo zerbaitek probokatzen gaituenean.
Adibidez, injustizia bat ikusteak haserrearazi gaitzake. Baina emozioek bultzatuta agresibitatez jokatzen badugu, geure burua edo besteak kaltetu ditzakegu. Kontrolik gabeko suak etxe bat erabat suntsitu dezakeen moduan, kontrolik gabeko haserreak gure izen ona edo Jainkoarekin eta besteekin ditugun harremanak erabat kaltetu ditzake. Beraz, gure barnean haserrea hazten doala nabaritzen badugu, gelditu eta pentsatu behar dugu. Egoera ikuspuntu egokitik ikusteak gure emozioak kontrolatzen lagunduko digu.
Salomonen aita, Dabid erregea, Nabal izeneko gizon bat hiltzeko zorian egon zen. Eskerrak norbaitek hori egitea akats bat zela ikusten lagundu zion! Ikus dezagun zer gertatu zen. Judeako basamortuan, Dabidek eta bere gizonek Nabalen ardiak babestu zituzten. Ardiei ilea mozteko garaia iristean, Dabidek Nabali janari apur bat emateko eskatu zion. Baina Nabalek horrela erantzun zion: «Neure ogia, neure ura eta moztaileentzat hil ditudan abereen okela hartu eta nondik datorren ere ez dakidan jendeari eman behar al dizkiot?». Zelako iraina! Momentu hartan bertan, Dabid, bere 400 gizonekin batera, Nabal eta bere gizonak hiltzera joan zen (1 Samuel 25:4-13).
Nabalen emazteak, Abigailek, gertatutakoa jakin bezain laster, Dabidengana joan zen. Bere aurrean belaunikatuz, erregutu zion: «Uztazu, otoi [edo arren], mintzatzen eta entzun zeure mirabe honen hitzak». Bere senarraren zentzugabekeria barkatzeko eskatu eta justizia bere gain hartuz gero damutuko zela esan zion (1 Samuel 25:24-31).
Abigailek Dabidi aurretik ikusi ez zuena ikusten lagundu zion. Horrela, egoera hori konpondu ahal izan zuten. Zer zen Dabidek ondoren ikusi zuena? Lehenik, ez lukeela egoera hori pertsonalki hartu beharko, Nabalek guztiekin zentzugabekeriaz jokatzen baitzuen. Bigarrenik, egitear zegoena berez hilketa bat zen. Eta zuk, zer egin beharko zenuke Dabiden antzera oso-oso haserre bazaude? Haserrea kontrolatzeko teknikei buruz hitz egiten duen Mayo Klinikako artikulu batek gomendatzen moduan, «gelditu, sakon arnas egin eta hamar arte kontatu». Hala da, arazo baten jatorria zein den jakiten saiatu eta ondorioetan pentsatu. Utzi perspikaziak zure haserrea baretu, edota itzali dezan (1 Samuel 25:32-35).
Gaur egun, askok Dabidek jasotako antzeko laguntza jaso dute. Esaterako, Sebastianek, 23 urterekin Poloniako kartzela batean zegoela, Biblia aztertzen hasi eta, ondorioz, bere haserrea kontrolatzen ikasi zuen. Berak dio: «Lehenik, arazoa aztertzen dut eta, ondoren, Biblia aholkuei jarraitzen saiatzen naiz. Ez dago gida hoberik».
Bibliako aholkuak praktikan jartzeak emozio fuerteak kontrolatzen lagundu ahal dizu.
Setsuo-k gauza bera ikasi zuen. Honakoa gogoratzen du: «Lehen, nire lankideek nire onetik ateratzen nindutenean, garrasi egiten nien. Baina orain Biblia ezagutzen dudanez, garrasi egin beharrean, honakoa galdetzen diot neure buruari: “Izatez, norena da errua? Arazoa ez ote naiz ni izango?”». Horiek bezalako galderek lasaitzen eta bere emozioak kontrolatzen lagundu zien.
Haserrea oso sentimendu sakona izan daiteke, baina Bibliaren aholkuak askoz ere sakonagoak dira. Praktikan jartzen badituzu eta Jainkoari laguntza otoitzean eskatzen badiozu, lasaitasuna mantentzeko behar den perspikazia lortuko duzu.

