Saltatu edukira

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

Bibliak bizitzak aldatzen ditu

ZERK bultzatu zuen antisoziala zen punk bat jendea maitatu eta besteez arduratzera? Zer egin zuen Mexikoko gizon batek bere bizimodu moralgabea atzean uzteko? Zergatik baztertu zituen txapelketak Japoniako txirrindulari trebe batek? Ikus dezagun zer dioten.

«Mutil zakar, harroputz eta agresiboa nintzen» | DENNIS O’BEIRNE

JAIOTZE-URTEA: 1958

JATORRIZKO HERRIALDEA: INGALATERRA

HISTORIA: PUNK ROCKERO ANTISOZIALA

NIRE IRAGANA: Aitaren aldetik, familia irlandarra dut eta irlandar katoliko bezala hezi ninduten. Gustatu ez arren, askotan nire kabuz mezetara joatera behartzen ninduten. Hala ere, gauza espiritualetan interesa nuen. Aitagurea errezatzeko ohitura nuen, eta gauetan, etzanda nengoela, otoitz honen esanahian pentsatzen nuen. Otoitz hau zatitan banatu eta zati bakoitzak zer esan nahi zuen bilatzen saiatzen nintzen.

Adoleszentzian, rastafari mugimenduan sartu nintzen. Gainera, kausa politikoak interesatzen zitzaizkidan, esaterako, Nazien Aurkako Liga, baina bereziki punk rock mugimendu errebeldean murgilduta nengoen. Drogak kontsumitzen nituen, batez ere marihuana; ia egunero erretzen nuen. Guztiak bost axola zitzaidan. Horregatik, asko edaten nuen, nire bizia arriskuan jartzen nuen eta jendea ez zitzaidan batere inporta. Antisoziala nintzen eta elkarrizketak merezi zuenean bakarrik hitz egiten nuen jendearekin. Gainera, ez zitzaidan batere gustatzen besteek niri argazkiak ateratzea. Atzera begiratzen dudanean, mutil zakar, harroputz eta agresiboa nintzela konturatzen naiz. Lagunekin bakarrik nintzen atsegina eta eskuzabala.

Hogei urte inguru nituenean, Biblian interesa erakutsi nuen. Drogekin trafikatzen zuen lagun bat Biblia irakurtzen hasi zen espetxeratua egon zen bitartean. Elkarrizketa luzea izan genuen erlijioari, elizari eta Satanasek munduan duen paperari buruz. Biblia bat erosi eta nire kabuz aztertzen hasi nintzen. Lagunak eta biok Bibliaren zati bat irakurri, elkarrekin ikasitakoa aztertu eta ondorioak ateratzen genituen. Horrela, hilabeteak eman genituen.

Hauek dira irakurritakoaz atera genituen ondorioetako batzuk: mundu honen azken egunetan bizi gara; kristauek Jainkoaren Erreinuaren berri onak predikatu behar dituzte; ez dute mundu honen parte izan behar, ezta politikan parte hartu behar ere; eta Bibliak gida moral ona eskaintzen du. Argi ikusi genuen Bibliak egia esaten duela eta egiazko erlijio bat egon behar dela. Baina zein? Eliza nagusienak aztertu genituen. Hauek politikan parte hartzen zuten, eta beraien eraikin ikusgarri eta errituengatik ezagunak ziren. Baina gauza hauek ez zetozen bat Jesusek irakatsi eta egindakoarekin. Jainkoak ez zituela erlijio hauek erabiltzen ikusi genuen. Beraz, hain ezagunak ez ziren erlijioak aztertzea erabaki genuen, zer eskaintzen zuten ikusteko.

Erlijio horien parte ziren pertsona batzuekin elkartu ginen galdera batzuk egiteko. Bagenekien Bibliak galdera hauei buruz zer esaten zuen, beraz, argi jakin genezakeen beraien erantzunak Jainkoaren Hitzarekin bat zetozen ala ez. Bilera horiek izan eta gero, Jainkoari otoitz egiten nion honakoa eskatuz: «Pertsona hauek egiazko erlijioa badute, beraiek berriro ikusteko desioa izan dezadan eskatzen dizut». Baina hilabetetan zehar bilera hauek izan ondoren, oraindik ez nuen gure galderak Bibliarekin erantzuteko gai zen talderik aurkitu, ezta hauekin berriro egoteko desiorik izan ere.

Azkenean, nire laguna eta biok Jehobaren lekukoekin kontaktuan jarri ginen. Betiko galderak egin genizkienean, Biblia erabili zuten hauek erantzuteko. Gainera, beraiek esandako guztia dagoeneko guk ikasitakoarekin bat zetorren. Bazeuden oraindik erantzunik aurkitu ez genituen galdera batzuk, adibidez, zer pentsatzen duen Jainkoak erretzeari eta drogei buruz. Beraz, galdera hauek egin genizkien. Berriro ere Jainkoaren Hitza erabili zuten hauek erantzuteko. Honen ondorioz, beraien bilera batera joatea onartu genuen.

Zaila egin zitzaidan bilerara joatea. Oso antisoziala nintzen, eta ez zitzaidan batere gustatzen hain atseginak ziren eta ondo jantziak zihoazten pertsona horiek ni agurtzea. Beraien motibazioa zalantzan jarri nuen eta ez nuen bileretara berriro joan nahi izan. Baina, beti bezala, Jainkoari otoitz egin nion talde hau egiazko erlijioa bazen, beraiekin elkartzeko desioa izateko eskatuz. Orduan, Lekukoekin Biblia aztertzeko nahi handia piztu zitzaidan.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: Banekien drogak kontsumitzeari utzi behar niola, eta hau egitea segituan lortu nuen. Benetan kostatu zitzaidana tabakoa uztea izan zen. Behin baino gehiagotan tabakoa erretzeari uzten saiatu nintzen arren, ez nuen lortu. Beste batzuek zigarro paketea besterik gabe bota eta erretzeari utzi ziotela entzun nuenean, Jehobari gai honi buruz hitz egin nion otoitzean. Hortik aurrera, Jehobaren laguntzari esker, erretzeari uzteko gai izan nintzen. Jainkoari otoitzean zintzotasunez eta bihotzez hitz egiteak duen garrantzia ikasi nuen.

Egin behar izan nuen beste aldaketa handi bat nire janzkera eta apaintzeko modua aldatzea izan zen. Bilera aretora joan nintzen lehenengo aldian, ilea puntan neraman, urdin bizi koloreko gandor batekin. Beranduago, laranjaz koloreztatu nuen. Esloganak zituen larruzko txaketa eta bakeroak eramaten nituen. Ez nuela aldatzeko beharrik uste nuen, nahiz eta Lekukoek honi buruz nirekin atseginez arrazoitu. Azkenean, 1 Joan 2:15-17 bertsetetan pentsatu nuen: «Ez maitatu mundua, ezta munduko gauzak ere. Mundua maite duenak ez du bere baitan Aitarenganako maitasunik». Nire itxurarekin mundu hau maite nuela erakusten ari nintzela eta Jainkoa maite nuela erakusteko aldaketak egin behar nituela ulertu nuen; eta hala egin nuen.

Beranduago konturatu nintzen bileretara joatea ez zela Lekukoek eskatzen zuten zerbait. Hebrearrei 10:24, 25 bertseten arabera, Jainkoa zen ni bileretara joatea nahi zuena. Bilera guztietara joaten eta anai-arrebak benetan ezagutzen hasi nintzenean, Jehobari neure burua eskaini eta bataiatzea erabaki nuen.

NIRE ONERAKO IZAN DA: Jehobak berarekin harreman estua izaten uzten gaituela jakiteak bihotzez hunkitzen nau. Jainkoa gutaz errukitu eta arduratzen dela jakiteak, bera imitatzera eta bere Seme Jesukristo nire bizi eredu bezala jarraitzera bultzatu nau (1 Pedro 2:21). Kristau izaera garatzen dudan heinean, ni neu izaten jarraitu dezakedala ikasi dut. Izaera maitekorra eta atsegina lantzeaz gain, Jesus imitatzen saiatzen naiz emaztea eta semea tratatzerakoan. Gainera, egian dauden nire anai-arrebez benetan arduratzen naiz. Jesusen eredua jarraitzeak duintasuna eman dit. Honez gain, neure buruarekin pozik nago eta besteei maitasuna erakusteko gai naiz.

«Duintasunez tratatu ninduten» | GUADALUPE VILLARREAL

JAIOTZE-URTEA: 1964

JATORRIZKO HERRIALDEA: MEXIKO

HISTORIA: BIZIMODU MORALGABEA

NIRE IRAGANA: Nire sei anai-arrebekin batera hazi nintzen Hermosillon (Sonora, Mexiko), jende behartsu asko zegoen lekuan. Oso gaztea nintzenean aita hil egin zen eta ondorioz amak lan egin behar izan zuen familia aurrera ateratzeko. Askotan zapatak erosteko dirurik ez genuenez, hankutsik ibiltzen ginen. Oraindik gaztea nintzela, lan egiten hasi nintzen familiari laguntzeko. Familia asko bezala, etxe txiki-txiki batean bizi ginen.

Egunaren zati handi batean gure ama ez zegoen gertu gu babesteko. Sei urte nituenean, hamabost urteko mutil batek ni bortxatu ninduen eta hau egiten jarraitu zuen denbora luzez. Horren ondorioz, sexualki oso nahastuta sentitu nintzen. Mutilak gustatzea normala zela uste nuen. Medikuen eta apaizen laguntza bilatu nuenean, ez nuela inongo arazorik eta sentitzen nuena normala zela esan zidaten.

Hamalau urte nituenean, homosexuala bezala identifikatu nuen neure burua. Hurrengo hamaika urteetan, bizimodu hori eraman nuen eta hainbat mutilekin bizi izan nintzen. Denborarekin, ileapaintzaile izateko ikasi eta apaindegi bat ireki nuen. Hala ere, ez nintzen zoriontsu, sufrimenduz eta traizioz betetako bizimodua nuelako. Egiten nuena ez zegoela ondo sentitzen nuen. Neure buruari galdetzen hasi nintzen: «Ba al dago merezi duen jende onik?».

Nire arrebarengan pentsatu nuen. Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen hasi eta bataiatu egin zen. Berak ikasten zuenari buruz hitz egiten zidan, baina nik ez nion arretarik jartzen. Hala ere, bere bizimoduak eta ezkon bizitzak harritzen ninduen. Ikusten nuen bera eta bere senarraren artean maitasunez, errespetuz eta goxotasunez tratatzen zutela elkar. Denborarekin Jehobaren lekuko bat nirekin Biblia aztertzen hasi zen. Hasiera batean ikasteko gogorik ez izan arren, hau egitera behartuta sentitzen nintzen. Baina gero gauzak aldatu egin ziren.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: Lekukoek beraien bilera batera gonbidatu ninduten eta joan egin nintzen. Gauza berria izan zen niretzat. Normalean, jendeak nitaz barre egiten zuen. Baina Lekukoek atseginez eta duintasunez tratatu ninduten. Honek bihotza ukitu zidan.

Lekukoei buruz nuen ikuspuntua are gehiago aldatu zen biltzar batera joan nintzenean. Talde handietan ere, pertsona hauek nire arreba bezalakoak zirela ikusi nuen, benetan jatorrak eta zintzoak. Neure buruari galdetu nion: «Hauek izango ote dira bilatzen ari naizen pertsona onak?». Euren maitasun eta batasunak harritu egin ninduen, baita galderak erantzuteko Biblia erabiltzen zutela ere. Ezaugarri polit horiek Bibliari esker zirela konturatu nintzen eta, noski, beraiek bezalakoa izateko aldaketa handiak egin beharko nituela ohartu nintzen.

Izan ere, nire bizitza guztia aldatu behar nuen, emakume bat bezala bizitzen ari nintzelako. Nire hizkera, jestuak, arropa, ilea eta lagunak aldatu behar nituen. Nire lagunak izandakoak nitaz barre egiten zuten eta esaten zidaten: «Zergatik egiten ari zara hori? Lehen zeunden bezala ondo zeunden. Ez aztertu Biblia. Bizitzan behar duzun guztia duzu». Hala ere, aldaketarik zailena niretzat bizimodu moralgabea uztea izan zen.

1 Korintoarrei 6:9-11⁠ko hitzek bihotza ukitu ninduten. Hitz hauei esker, aldaketa handiak egiteko gai izango nintzela konturatu nintzen. Bertan hauxe dio: «Ez al dakizue bidegabeek ez dutela Jainkoaren erreinua iritsiko? Ez engaina zeuen buruak! Lizunek, sasijainkozaleek, adulteriogileek, emakeria-zaleek, sodomitek […] ez dute Jainkoaren erreinua iritsiko. Horietakoak zineten zuetako batzuk ere; baina garbituak izan zarete». Iraganean, Jehobak pertsonei aldaketak egiten lagundu zien eta niri ere lagundu zidan. Hainbat urtetan borroka egin behar izan nuen. Baina Lekukoen maitasunak eta aholkuek asko lagundu ninduten.

NIRE ONERAKO IZAN DA: Orain bizimodu kristaua eramaten dut. Ezkonduta nago, eta emazteak eta biok gure semea Biblia printzipioen arabera hezten dugu. Orain erabat desberdina naiz. Jehobarekin adiskidetasun estua dut eta bera zerbitzatzeaz gozatzen dut. Kongregazioan adinduna naiz eta hainbat pertsonari Bibliako egiak ikasten lagundu diet. Egin nituen aldaketak ikustean, ama hain pozik jarri zen, non Biblia ikastaroa onartu zuen eta denborarekin bataiatu egin zen. Ez hori bakarrik, bizimodu moralgabea zeraman nire arreba bat ere bataiatu egin zen.

Lehen ezagutzen nindutenek ere, hobera aldatu naizela onartzen dute. Badakit zerk lagundu didan aldaketa horiek egiten. Iraganean laguntza profesionala bilatzen saiatu nintzen. Baina ez nuen aholku onik jaso. Jehoba izan zen benetan lagundu zidana. Nahiz eta baliorik ez nuela sentitu, bera nitaz arduratu zen eta maitasunez eta pazientziaz tratatu ninduen. Zoragarria, jakintsua eta maitekorra den Jainkoa nitaz arduratzen dela eta niretzat bizimodu hobea nahi duela jakiteak, aldaketak egiteko behar nituen indarrak eman zizkidan.

«Ez nintzen gustura sentitzen, bakarrik eta hutsik baizik» | KAZUHIRO KUNIMOCHI

JAIOTZE-URTEA: 1951

JATORRIZKO HERRIALDEA: JAPONIA

HISTORIA: TXIRRINDULARI LEHIAKORRA

NIRE IRAGANA: Shizuoka (Japonia) prefekturako herri lasai batean hazi nintzen. Zortzi ginen familian eta guztiok etxe txiki batean bizi ginen. Aitak bizikleta denda bat zuen eta txikitatik bizikleta lasterketetara eramaten ninduen. Ondorioz, kirol hau gustatzen hasi zitzaidan. Aitak ni txirrindulari profesionala izateko ideia zuen. Beraz, hamalau urte inguru nituenean, nirekin serioski entrenatzen hasi zen. Hamasei eta hemezortzi urte bitartean, hiru aldiz jarraian, kirol txapelketa nazionala irabazi nuen. Unibertsitate batera joateko eskaintza jaso nuen. Baina txirrindularitza eskola batera joatea erabaki nuen. Hemeretzi urterekin, txirrindulari profesionala izatera iritsi nintzen.

Garai hartan, nire helburua Japoniako txirrindularirik hoberena izatea zen. Diru asko irabazi nahi nuen familiari egonkortasuna eta segurtasuna emateko. Hortaz, entrenamenduetan erabat murgildu nintzen. Entrenamendu gogorrak nituenean edo lasterketetako une zailenetan indarrik gabe sentitzen nintzenean, txirrindularitzarako jaio nintzela eta ezin nuela amorerik eman gogorarazten nion behin eta berriz neure buruari. Nire esfortzuak emaitza onak eman zituen. Lehen urtean, lehen postua irabazi nuen txirrindulari berrien artean. Bigarren urtean, Japoniako txirrindularirik hoberena izateko txapelketan parte hartzeko sailkatu nintzen. Sei aldiz bigarren postua lortu nuen.

Lasterketak irabazten jarraitu nuen eta jendeak Tokaiko «hanka-sendo» deitzen ninduen. Oso lehiakorra nintzen eta beste txirrindulariek beldurra ninduten txapelketetan errukigabea nintzelako. Diru gehiago irabazten hasi nintzen eta nahi nuen guztia erosi nezakeen. Etxe bat erosi nuen, kirol makina hoberenak zituen gimnasio batekin. Etxe bat bezain garestia zen inportazioko kotxe bat erosi nuen. Segurtasunagatik, dirua funts ondasunetan eta burtsan inbertitzen hasi nintzen.

Hala ere, ez nintzen gustura sentitzen, bakarrik eta hutsik baizik. Garai hartan ezkonduta nengoen eta hiru seme nituen. Askotan, gauza txikiengatik pazientzia galtzen nuen beraiekin. Etxean tentsioa zegoen eta aurpegira begiratuz bakarrik humore txarrez nengoen ala ez jakin zezaketen.

Denborarekin, emaztea Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen hasi zen. Honek gure bizitza aldatu zuen. Emazteak bileretara joan nahi zuela esan zuen. Beraz, familia osoa joango ginela erabaki nuen. Oraindik gogoratzen dut adindun batek telefonoz deitu eta Biblia ikastaro bat eskaini zidan gau hura. Ikasitakoak eragin sakona izan zuen nigan.

BIBLIAK NIRE BIZIMODUA ALDATZEN LAGUNDU ZIDAN: Ez dut inoiz ahaztuko Efesoarrei 5:5 aipuan irakurri nuena:«Jakizue, lizun, zikin eta gutiziatsu bakar batek ere –halakoa sasijainkozalea baita– ez duela Kristoren eta Jainkoaren erreinuko ondarean parterik izango». Txirrindularitza lasterketek apustuekin zerikusia zutela eta kirolek gutizia, edo kodizia, bultzatzen dutela ikusi nuen. Ondorioz, kontzientzia min egiten hasi zitzaidan. Jehoba pozteko lasterketak utzi behar nituela konturatu nintzen. Baina hau egitea ez zen erraza izan niretzat.

Nire bizitzako lasterketa denboraldirik hoberena amaitu nuen eta aurrera jarraitu nahi nuen. Lasterketak irabazteko lehiakorra izaten jarraitu behar nuen. Baina Biblian ikasten nuenak bakea eta lasaitasuna ematen zidan. Biblia aztertzen hasi nintzenetik, hiru lasterketetan bakarrik parte hartu nuen. Baina oraindik lasterketak maite nituen. Bestalde, ez nekien zer egin familia mantentzeko. Gainera, blokeatuta sentitzen nintzen, ez aurrera ez atzera, bai nire Biblia ikastaroarekin, bai nire karrera profesionalarekin. Horrez gain, presio handia jaso nuen familiarengandik Biblia aztertzen ari nintzelako eta aita zeharo dezepzionatuta zegoen nirekin. Egoera honek eragindako estresaren ondorioz, ultzera bat atera zitzaidan.

Egoera zail hauei aurre egiten lagundu zidanak Biblia aztertzen jarraitzea eta Jehobaren lekukoen bileretara joatea izan zen. Denborarekin, nire fedea sendotzen joan zen. Jehobari nire otoitzak entzuteko eta hauek entzuten zituela jakinarazteko eskatu nion. Emazteak zoriontsu izateko etxe handi batean bizitzeko beharrik ez zuela esan zidanean, estresa are gehiago baretu zitzaidan.

NIRE ONERAKO IZAN DA: Pixkanaka-pixkanaka, aurrerapausoak egitea lortu nuen. Mateo 6:33⁠ko hitzak benetan egia direla ikusi dut nire bizitzan. Jesusek esan zuen: «Ardura zaitezte, batez ere, Jainkoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz, eta beste hori guztia gehigarritzat emango dizue Jainkoak». Ez zaigu inoiz falta izan Jesusek aipatutako «beste hori guztia», hau da, bizitzako oinarrizko beharrak. Orain, askoz ere gutxiago irabazten dut. Baina nire familiari ez zaio inoiz ezer falta izan azken 20 urte hauetan.

Orain, egunak oso azkar pasatzen zaizkit Jehobaren zerbitzuan oso lanpetuta nagoelako. Asko disfrutatzen dut anai-arrebekin batera Jehoba zerbitzatzeaz; inoiz baino zoriontsuagoa naiz. Gure familia bizitza asko hobetu da. Nire semeek eta euren emazteek Jehoba leialki zerbitzatzen dute.