«Esnea eta eztia darizkion lurralde [bat]»
JEHOBAK israeldarrak Egiptotik askatu zituenean, «esnea eta eztia darizkion lurralde zabal eta jori batera» eramango zituela promestu zien (Irteera 3:8).
Israeldarrak Promestutako Lurraldean bizitzen hasi zirenean, behiak, ardiak eta ahuntzak zaindu zituzten. Beraz, esne ugari zuten. Baina, zer esan dezakegu eztiaz? Batzuen ustez, adierazpen horrek datiletatik, pikuetatik edo mahatsetatik ateratako jarabe gozoari egiten dio erreferentzia, eta ez erleen eztiari. Bestalde, Bibliak eztia aipatzen duen gehienetan, basaeztiari egiten dio erreferentzia (Epaileak 14:8, 9; 1 Samuel 14:27; Mateo 3:1, 4). Orduan, benetan al zegoen lurralde hura eztiz gainezka?
Zalantza hori gaur egungo Israelen egin zen aurkikuntza arkeologiko bati esker argitu egin zen. Aurkikuntzari buruz, Amihai Mazar irakaslearen hitzak aipatuz, Hebrear Unibertsitateko prentsa-ohar batek honakoa adierazi zuen: «Hauek dira Ekialde Hurbileko eskabazio arkeologiko batean aurkitutako erletxerik zaharrenak. Kristo aurretik 1.000 urte inguru lehenago izan ziren eraikiak».
Arkeologoek 30 erletxe baino gehiago aurkitu zituzten hiru ilaratan banatuta, eta eremu osoak 100 erletxe inguru izango zituela kalkulatu zuten. Erletxeak aztertzean, erleen gorputz-atalak eta erle-argizariaren molekulak aurkitu ziren hondakinetan. Ikertzaileen arabera, «erletxe horietatik erdi tona ezti bildu zitekeen urte batean».
Antzina, eztia oso janari estimatua zen. Gainera, erle-argizaria metalgintzan eta larrugintzan erabiltzen zen. Idazteko materialak egiteko ere erabiltzen zen: egurrezko panel bati argizari kapa fin bat jartzen zitzaion, urtu ondoren berriro erabili ahal izateko. Zer ondorio atera dute arkeologoek aurkikuntza horretatik?
«Biblian ez da garai hartako Israelgo erlezaintzari buruz ezer esaten», aipatzen du prentsa-oharrak, «baina Tel Rehov-eko erletxeen aurkikuntzak honakoa adierazten du: Lehen Tenpluaren [Salomonen] garaian, erlezaintza industria eta erleen eztia eta ezti-abaraska lortzeko metodoak dagoeneko oso garatuta zeudela. Beraz, posible da Bibliako “ezti” hitzak benetan erleen eztiari erreferentzia egitea».
[Irudiaren kreditua]
Institute of Archaeology/Hebrew University © Tel Rehov Excavations

