Boluntario aurkeztea: Jehoba goresteko modua
«Herriak bere burua eskaintzen du. Goretsi Jauna!» (EP. 5:2).
1, 2. a) Elifaz eta Bildaden arabera, balio al dute Jehoba zerbitzatzeko egiten ditugun esfortzuek? b) Nola azaldu zuen Jehobak pentsatzen zuena?
«IZAN al daiteke gizakia Jainkoarentzat baliagarria? Izan al daiteke zentzu ona duen norbait berarentzat probetxugarria? Inporta al zaio Jaungoikoari zu justua izatea? Edo zerbait irabazten al du zuk integritateari eusten badiozu?» (Job 22:1-3, NWT). Pentsatu al duzu inoiz galdera horien erantzunetan? Temango Elifazek Jobi planteatu zizkionean, Elifazek erantzuna «ez» izango zela pentsatzen zuen. Bere lagunak, Xuhaeko Bildadek, Jainkoaren aurrean ezin garela justuak izan esan zuen (Irakurri Job 25:4).
2 Itxuraz kontsolatzera joan ziren horiek, Jehobaren alde egiten ditugun esfortzuak berarentzat ez dutela ezer balio esaten zuten, ez dugula har bat edo zizare bat baino gehiago balio (Job 4:19; 25:6). Hasiera batean, Elifazek eta Bildadek jarrera apala zutela eman zezakeen (Job 22:29). Azken finean, gizakiok egiten duguna, mendi altu batetik edo hegazkin bateko leihotik ikusita, ez da ezer. Baina Jehobak lurrera begiratzen duenean, horrela ikusten al ditu Erreinuaren alde egiten ditugun gauza guztiak? Jehobak pentsatzen zuena argi utzi zuen Elifaz, Bildad eta Zofar gezurrak esateagatik zuzendu zituenean. Jobi, berriz, «nire zerbitzari» deitu zion (Job 42:7, 8). Beraz, bai, «Jainkoarentzat baliagarria» izan zaitezke.
«ZER EMATEN DIOZU?»
3. Zer esan zuen Elihuk Jehoba zerbitzatzeko egiten ditugun esfortzuei buruz? Zer esan nahi izan zuen?
3 Jehobak ez zuen honakoa esateagatik Elihu zuzendu: «Zuzena baldin bazara, zer ematen diozu? Edo ezer hartzen al du hark zuregandik?» (Job 35:7). Zer esan nahi zuen Elihuk? Jainkoaren zerbitzuan egiten ditugun esfortzuek ez al dutela ezertarako balio? Ez. Jehobak ez du gure adoraziorik behar; hori zen Elihuk esan nahi zuena. Jehoba izaki osoa da. Ezin diogu aberatsagoa edota indartsuagoa egin. Daukagun edozein ezaugarri, trebetasun edo abilezia Jainkoak eman digu, eta erabiltzen ditugun moduan fijatzen da.
4. Nola ikusten ditu Jehobak besteen alde egiten ditugun gauzak?
4 Jehobarentzat, bere zerbitzariei maitasuna erakusten ari diegunean, berari erakusten ari gara: «Beharrean dagoenari errukia erakusten dionak mailegu bat egiten dio Jehobari, eta berak bueltan ordainduko dio egiten duena», dio Esaera Zaharrak 19:17 (NWT) aipuak. Zer esan nahi dute hitz horiek? Jehobak beharrean dagoenaren alde egiten ditugun gauza guzti-guztien kontua eramaten al duela? Unibertsoko Sortzailea gurekin —gizaki hutsekin— zorretan sentitzen dela eta mailegua itzuli nahian gu bedeinkatzen al gaituela? Bai, eta horixe izan zen Jainkoaren Semeak berak esan zuena (Irakurri Lukas 14:13, 14).
5. Zer galdera erantzungo ditugu artikulu honetan?
5 Jehobari asko gustatzen zaio gizakiek bere helburua betetzen laguntzea. Hori hala dela erakutsi zuen Isaiasi bere izenean hitz egitea eskatu zionean. Isaiasek gogo onez erantzun zuen: «Prest nauzu, bidali neu» (Is. 6:8-10). Gaur egun, milaka pertsonek Isaiasen jarrera bera erakusten dute eta Jehobaren zerbitzuan erronkak onartzeko prest daude. Baina, hala ere, norbaitek pentsatu dezake: «Benetan inporta al du egiten dudanak? Nahiz eta Jehoba eskuzabala izan eta niri parte hartzen utzi, ez al du berak beharrezkoa egingo bere Hitza betetzeko? Berdin dio bere zerbitzuan zer egiten dudan, ezta?». Galdera horiek erantzuteko, aztertu dezagun Debora eta Baraken garaian gertatutakoa.
BELDURRAK JOTA ZEUDEN, BAINA JAINKOAK INDARTU ZITUEN
6. Zer desberdintasun zegoen israeldarren eta Jabin erregearen armadaren artean?
6 Jabin errege kanaandarrak «hogei urtez gogor zanpatu zituen israeldarrak». Herrixketako biztanleak etxetik ateratzearen beldur ziren. Ikuspuntu militar batetik begiratuz, arma kaxkarrak zituzten; ezin zuten ez erasotu, ez defendatu. Beraien etsaiek, aldiz, 900 guda gurdi zituzten gurpiletan, burdinezko igitaiekin a (Ep. 4:1-3, 13; 5:6-8).
7, 8. a) Zer jarraibide eman zizkion Jehobak Baraki hasiera batean? b) Nola menperatu zuen Israelek Jabinen armada? (Ikusi azaleko irudia)
7 Jehobak jarraibide argia eman zion Baraki Debora profetesaren bidez: «Zoaz eta bil itzazu zeurekin Tabor mendian Neftali eta Zabulonen leinuetako hamar mila gizon. Nik Kixon errekara ekarriko dizut Sisera, Jabinen gudarostearen buruzagia, bere guda-gurdi eta gudari-taldearekin, eta eskura emango» (Ep. 4:4-7).
8 Albistea zabaldu zen eta boluntarioak Tabor mendian elkartu ziren. Barakek, ziztu bizian, Jehobaren instrukzioak jarraitu zituen (Irakurri Epaileak 4:14-16). Taanak-en gertatutako borroka nagusian zehar, euri zaparrada hasi zuen eta lurra lokatzez bete zen. Barakek Siseraren armada Haroxeteraino pertsegitu zuen, 24 km inguru. Momenturen batean, Siserak bere gurdia abandonatu zuen. Lehen, gurdi horiek beldurra ematen zuten, baina orain ez zuten ezertarako balio. Beharbada, Kedexetik hurbil dagoen Tzaanaim-eraino korrika jarraitu zuen. Jaelen, Heber kendarraren emaztearen, dendara joan zen eta Jaelek ongietorria eman zion. Sisera, batailagatik leher eginda zegoenez, lotan geratu zen. Orain, Jaelen esku zegoen, eta ausardiaz eta zalantzarik egin gabe hil egin zuen (Ep. 4:17-21) A zer porrota Israelgo etsaiarentzat! b
ZERBITZU BOLUNTARIOA IKUSTEKO MODU ZEHARO DESBERDINAK
9. Zer detaile ematen ditu Epaileak 5:20, 21ak Siseraren aurkako borrokari buruz?
9 Epaileak 4 eta 5 kapituluak elkarrekin aztertu behar dira, bakoitzak detaile desberdinak aipatzen dituelako. Epaileak 5:20, 21ak dio: «Ortziko izarrak ere borrokatu ziren, beren ibiltokietatik borrokatu Siseraren aurka. Kixon errekak ezabatu zituen, antzinako erreka hark, Kixon errekak». Zer esan nahi du horrek? Aingeruek lagundu zutela edota meteoritoak erori zirela? Pasarteak ez digu detaile gehiago ematen. Baina euri zaparrada bat toki eta momentu zehatzean erortzea eta urek 900 guda gurdi eramatea ez bada Jainkoak egindako zerbait izan, zer izango da bestela? Ez al da Jainkoa atzean egon behar? Epaileak 4:14, 15ean hiru aldiz ematen zaio Jehobari garaipenaren meritu guztia. 10.000 boluntarioetako inork ezin zuen meritua jaso.
10, 11. Zer zen Meroz eta zergatik izan zen madarikatua?
10 Detaile interesgarria da Debora eta Barakek, Jehobak egindako miraria garaipen kantan eskertzean, honako hau esatea: «Jaunaren aingeruak dio: “Madarikatua Meroz hiria, madarikatuak hango bizilagunak, ez baitziren etorri beren gudari ausartekin Jaunari laguntzera!”» (Ep. 5:23).
11 Hain madarikatua izan zen Meroz hiria, non gaur egun ez dakigun ezta zer den ere. Gerrako boluntariorik bidali ez zituen hiri bat al zen? Sisera ihesean zebilela hortik pasa bazen, harrapatzeko aukera izan al zuten bertako biztanleek, baina ez zuten ezer egin? Nolatan ez zuten entzun Jehobak boluntarioak eskatzen zituela? Izan ere, eskualdeko 10.000 lagun elkartu ziren borrokarako. Imajinatu Merozeko biztanleak Sisera beraien hiriko kaleetan barrena bakarrik eta desesperatuta ikustean. Aukera bikaina izango zuten Jehobaren borondatea betetzen laguntzeko eta bedeinkapena jasotzeko. Baina momentu hartan, zerbait egitearen eta ezer ez egitearen artean aukeratu behar zutenean, ezer ez egitea aukeratu zuten. Zer-nolako desberdintasuna hurrengo bertsetetan Jaelek erakutsitako ausardiarekin konparatuta! (Ep. 5:24-27).
12. Zer bi jokaera desberdin agertzen dira Epaileak 5:9, 10 aipuan eta zertan hausnartu beharko genuke?
12 Epaileak 5:9, 10ean, argi eta garbi ikusi daiteke Barakekin joan zirenen eta joan ez zirenen arteko desberdintasuna. Barakek eta Deborak Israelgo gudalburuak zoriondu zituzten «beren burua eskaintzen duten herritarrekin» batera. Horiek oso desberdinak ziren «asto zuri baten gainean» ibiltzen zirenekin konparatuta, oso harroputzak baitziren. Zer esanik ez «tapiz gainean eseriak» zeudenei buruz, aberatsen bizimodua maite baitzuten. Eta «oinez» zihoazenek bide erraza nahiago izan zuten. Barakekin joan zirenek, aldiz, nahiago izan zuten Tabor mendiko harkaitzetan eta Kixon errekako lokatzetan izango zen borrokara joan! Horregatik, bizimodu erosoagoa bilatu zutenei, esan zitzaien: «Entzun». Izan ere, Jehoba laguntzeko aukera baztertu zuten eta horretan hausnartu behar zuten. Gauza bera gertatzen da gaur egun Jainkoa bete-betean zerbitzatzeko zalantzak dituztenekin ere.
13. Zer desberdintasun egon zen Ruben, Dan eta Axer tribuen eta Zabulon eta Neftali tribuen artean?
13 Beren burua eskaini zutenek beraien begiekin ikusi zuten Jehobak bere subiranotasuna nola defendatzen zuen. «Jaunaren garaipena kontatzen» hasi ziren (Ep. 5:11). Bestalde, Epaileak 5:15-17 pasartean, Ruben, Dan eta Axerren tribuei buruz gaizki hitz egiten da. Zergatik? Arreta Jehoba egiten ari zen gauzetan jarri beharrean, gauza materialetan jartzen zutelako, adibidez, beraien artalde, itsasontzi eta portuetan. Zabulon eta Neftali tribuek, ordea, Debora eta Baraki laguntzeko «ia hiltzeraino arriskatu zuten bizia» (Ep. 5:18). Asko ikasten dugu zerbitzu boluntarioa ikusteko modu zeharo desberdin horietatik.
GORETSI JEHOBA
14. Nola erakutsi dezakegu gaur egun Jehobaren subiranotasunaren alde gaudela?
14 Gaur egun, ez zaigu gerrara joateko eskatzen, baina bai ausardiaz eta gogotsu predikatzeko; eta hori egitea oso ohore handia da. Jehobaren erakundean inoiz baino boluntario gehiago behar dira. Milioika anai-arreba, adin guztietakoak, euren burua eskaintzen dute denbora osoz lan egiteko, besteak beste, aitzindaritzan, Betelen, bilera aretoen eraikuntzan edota biltzarretan. Pentsatu ere Ospitale Harremanetarako Batzordeetan eta biltzarren antolaketan lan egiten duten adindunengan. Ziur egon Jehobak izugarri estimatzen duela zuen espiritu gogotsua eta ez duela inoiz ahaztuko (Heb. 6:10).
Erabaki bat hartu aurretik, pentsatu zer eragin izan dezakeen zure familia eta kongregazioan (Ikusi 15. paragrafoa)
15. Zer galderek lagunduko digute Jehobaren zerbitzuari garrantzia ematen diogun ala ez konturatzeko?
15 Denok galdetu beharko genuke: «Besteei uzten al diet beti lanaren zama guztia? Zeri ematen diot garrantzi gehiago, gauza materialei ala Jehoba zerbitzatzeko dudan desioari? Ba al dut Barakek, Deborak, Jaelek eta 10.000 boluntarioek zuten fede eta ausardia bera? Daukadan guztia erabiltzen al dut Jehobaren agindu argia obeditzeko? Diru gehiago irabazteko beste hiri edo herrialde batera joateko aukeran pentsatzen ari banaiz, otoitz egin al dut horri buruz eta nire familia eta kongregazioan zer eragin izango lukeen pentsatu al dut?». c
16. Jehobak ez duen zer eman ahal diogu?
16 Jehobak bere subiranotasunaren alde jartzeko ohorea ematen digu. Deabruak gizakiak engainatu zituen Jainkoaren subiranotasunaren kontra jarri zitezen. Baina Jehobaren alde jartzen direnek Satanasi mezu ozen eta argia bidaltzen diote. Jehobari asko gustatzen zaio guk fedea eta integritatea lantzea eta gero horrek bere zerbitzuan gehiago ematera motibatzea (Esa. 23:15, 16). Badakigu Satanasek Jehobari burla eta desafioak botatzen dizkiola, baina Jehobak gure zerbitzu leiala erabiltzen du berari erantzuteko (Esa. 27:11). Jehobak asko estimatzen ditu gure obedientzia eta leialtasuna, eta oso zoriontsu egiten dute.
17. Epaileak 5:31ren arabera, zer gertatuko da etorkizunean?
17 Laster, Jehobaren subiranotasuna nahiago dutenek lur osoa beteko dute. Egun hori ikusteko irrikan gaude! Debora eta Barakek bezala, hauxe kantatzen dugu: «Gal bitez horrela zure etsaiak, Jauna. Zure adiskideak, aldiz, izan bitez eguzkia egunsentian bezain bizi!» (Ep. 5:31). Hori Jehobak Satanasen mundu gaiztoa suntsitzean gertatuko da! Armagedongo gerra hastean, ez da giza boluntarioren beharrik egongo etsaia garaitzeko. Garai horretan, hauxe egingo dugu: «Egon bertan geldi, eta ikusiko duzue nola salbatzen zaituzten Jaunak» (2 Kro. 20:17). Baina bitartean, Jainkoaren alde jartzeko aukera ederrak ditugu, ausardiaz eta gogotsu!
18. Zer eragin du besteengan geure burua boluntario moduan eskaintzen dugunean?
18 Debora eta Barakek Jainkoa goretsiz hasi zuten garaipen kanta, eta ez gizakiak: «Herriak bere burua eskaintzen du. Goretsi Jauna!» (Ep. 5:1, 2). Gaur egun ere, modu boluntarioan ematen dugun zerbitzuak, besteei laguntzeaz gain, Jehoba gorestera eraman dezake. Izan dadila hori gure helburua!
a Igitaiak zorrotzak, luzeak eta batzuetan kurbatuak diren xaflak dira. Gurdiari lotuta zeuden, seguruenik gurpilen ardatzetan. Nor ausartuko zen gerra makina horietara hurbiltzera?
b Pasarte horri buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo 2015eko abuztuaren 1eko La Atalaya aldizkarira, 12-15 orr.
c Ikusi 2015eko ekainaren 1eko La Atalaya aldizkariko «Cómo calmar la ansiedad» artikulua.

