TALAIA (IKASKETARAKO EDIZIOA)

Jehobak «nire adiskide» deitu zion

Euskara
Jehobak «nire adiskide» deitu zion
https://cms-imgp.jw-cdn.org/img/p/2016122/univ/art/2016122_univ_sqr_xl.jpg
w16 Otsaila

Jehobak «nire adiskide» deitu zion

Jehobak «nire adiskide» deitu zion

«Zu, Israel, nire zerbitzaria; zu, Jakob, nik aukeraturiko herria, nire adiskide Abrahamen ondorengoa» (IS. 41:8).

KANTAK: 91 eta 22

1, 2. a) Nola dakigu gizakiok Jainkoaren lagunak izatera iritsi gaitezkeela? b) Zer aztertuko dugu artikulu honetan?

 JAIOTZATIK hil arte, gure beharrik handiena maitasuna jasotzea da. Gizakiok maitasuna behar dugu eta maitasuna bilatzen dugu; ez bakarrik maitasun erromantikoa, lagunengandik eta besteekin harremana izatetik datorrena ere. Baina behar dugun maitasunik inportanteena Jehobaren maitasuna da. Askorentzat oso zaila da pentsatzea Jainko Ahalguztidunaren maitasuna eta adiskidetasuna izan dezakegula, zeruan dagoen espiritu ikusezina baita. Horrela pentsatzen al dugu? Ez horixe!

2 Bibliaren arabera, gizaki inperfektu batzuk Jainkoaren lagunak izatera iritsi dira. Beraien eredua oso baliotsua da guretzat, Jainkoaren adiskidetasuna izatea bizitzan izan dezakegun helbururik garrantzitsuena baita. Horrelako adiskidetasunaz gozatu zuen eredu bikain bat Abraham izan zen (Irakurri Santiago 2:23). Nola lortu zuen Abrahamek Jehobarengana hainbeste hurbiltzea? Adiskidetasun horren oinarria fedea izan zen. Izan ere, Biblian «fedea duten guztien aita» deitzen zaio (Erm. 4:11). Beraz, azter dezagun nola lagundu zion fedeak Abrahami Jainkoarekin adiskidetasun estu bat izaten. Azterketa hori egitean, honakoa galdetu ahal diogu geure buruari: nola imitatu dezaket Abrahamen fedea eta nola sendotu dezaket Jehobarekin dudan adiskidetasuna?

ZER EGIN ZUEN ABRAHAMEK JEHOBAREN LAGUNA IZATEKO?

3, 4. a) Zein izan zen dudarik gabe Abrahamentzat fede probarik handiena? b) Abrahamek fedea zuenez, zertaz zegoen konbentzituta?

3 Imajinatu adineko gizon bat pixkanaka-pixkanaka mendian gora ibiltzen. Seguruenik, bere bizitzako bidaiarik gogorrena egiten ari da. Arrazoia ez da Abrahamek 125 urte dituela, adin hori izan arren oraindik sasoitsu baitago.  [1]Bere atzetik gazte bat dator, 25 urte inguru dituena. Bere seme Isaak da eta sua egiteko egurra darama. Abrahamek labana eta sua pizteko behar dena dauka. Jehobak bere semea sakrifikatzeko eskatu dio (Has. 22:1-8).

4 Abrahamek bere bizitzako fede proba gogorrenari egin beharko zion aurre. Batzuen ustez, Jainkoa krudelegia izan zen Abrahami horrelako zerbait egiteko eskatzean. Beste batzuen ustez, Abrahamek sentimendurik ez zuelako itsu-itsuan obeditu zuen. Horrela pentsatzen dute ez dutelako federik eta ez dutelako ulertzen zertan oinarritzen den fedea (1 Ko. 2:14-16). Abrahamek ez zuen Jainkoa itsu-itsuan obeditu; guztiz kontrakoa, ikusi ahal zuelako obeditu zuen. Fedeari esker ikusi zuen bere zeruko Aita Jehobak ez ziela inoiz bere zerbitzariei eskatuko betirako minduko zituen ezer eskatuko. Abrahamek bazekien Jehoba obeditzen bazuen, Jainkoak bera eta bere semea bedeinkatuko zituela. Zertan oinarritzen zen bere fedea? Ezagutzan eta bere bizipenetan.

5. Nola ezagutu zuen beharbada Abrahamek Jehoba, eta zer eragin izan zuen Abrahamengan Jainkoa ezagutzeak?

5 Ezagutza. Nahiz eta idolatriaz betetako kaldearren Ur hirian hazi, Abrahamek Jehoba ezagutu zuen. Nola izan zen hori posible bere aita, Terah, idolatra bazen? (Jos. 24:2). Bibliak ez du zehatz-mehatz aipatzen, baina Abraham Semen, hau da, Noeren semeetako baten ondorengoa zela esaten du. Sem fede handiko gizona zen eta Abrahamek 150 urte izan arte bizi izan zen. Ez dakigu ziurtasun osoz Abrahamek Jehobari buruz Semengandik ikasi zuen edo ez. Hala ere, ziurrenik Semek bere familiari Jehobari buruz irakatsi zion. Nolabait, Abrahamek Jehobari buruz ikasi zuen eta horrek bihotza ukitu zion. Jainkoa maitatzera eta berarengan fede handia izatera iritsi zen.

6, 7. Nola sendotu zuten Abrahamen fedea berak izan zituen bizipenek?

6 Bizipenak. Abrahamek bere fedea sendotu zuten bizipenak izan zituen. Zeintzuk izan ziren? Pentsamenduek sentimenduak sortzen dituztela eta sentimenduek ekintzak eragiten dituztela esan ohi da. Abrahamek Jehobari buruz ikasi zuenak «zeru-lurren egile den Goi-goiko Jainkoarengatik» begirunea eta errespetu handia sentitzera bultzatu zuen (Has. 14:22). Sentimendu hori ezinbestekoa da Jainkoarekin harreman estu bat izateko (Heb. 5:7; Sal. 25:14). Eta sentimendu horrek Abraham ekintzara bultzatu zuen.

7 Adinekoak izanik, Jainkoak Abraham eta Sarari Ur uzteko eta beste herrialde batera joateko esan zien. Handik aurrera, dendetan bizi beharko ziren. Abrahamek obeditu zuenez, Jainkoaren bedeinkapena eta babesa jaso zituen. Adibidez, bere emazte Sara ederra zenez, emaztea kentzearen eta hilko zuten beldur zen Abraham. Beldur horiek izateko arrazoiak izan arren, Abrahamek ez zion Jehobari obeditzeari utzi. Behin baino gehiagotan, Jehobak Abraham eta Sara babestu zituen, batzuetan mirarien bidez (Has. 12:10-20; 20:2-7, 10-12, 17, 18). Bizipen horiek Abrahamen fedea sendotu zuten.

8. Nola lortu ditzakegu ezagutza eta esperientzia Jehobarekin adiskidetasun ona izateko?

8 Jehobaren lagunak izan al gaitezke? Noski baietz! Abrahamek ez bezala, Biblia irakurri dezakegu. Bertan, behar ditugun ezagutza eta ereduak aurkitu ditzakegu (Dan. 12:4; Erm. 11:33). Biblia jakinduriaz beteriko altxorrez beteta dago; «zeru-lurren Egilea» ezagutzen eta berari diogun errespetua eta maitasuna indartzen laguntzen digu. Horrek berari obeditzera bultzatuko gaitu, eta hori egitea zein ona den ikusiko dugu. Gainera, bere aholkuen bitartez, babesten, bedeinkatzen eta indartzen gaituela ere ikusiko dugu. Jehoba bihotz osoz zerbitzatzeak asetzen gaitu, bakea ematen digu eta zoriontsu izaten laguntzen digu (Sal. 34:9 [34:8 ,NWT]; Esa. 10:22). Zenbat eta ezagutza eta bizipen gehiago izan, orduan eta indartsuagoak izango dira berarengan dugun fedea eta berarekin dugun adiskidetasuna.

ABRAHAMEK JAINKOAREKIN ZUEN ADISKIDETASUNA ZAINDU ZUEN

9, 10. a) Zer egin behar dugu adiskidetasun sendo bat izateko? b) Nola zaindu zuen Abrahamek Jehobarekin zuen adiskidetasuna?

9 Adiskidetasuna altxor baten modukoa da (Irakurri Esaera Zaharrak 17:17). Baina ez da erosi eta nonbait gordeta uzten den harribitxia bezalakoa. Horren ordez, bizirik mantentzeko eta hazteko zaintza behar duen landare bat bezalakoa da. Abrahamek horrela zaindu zuen Jehobarekin zuen adiskidetasuna. Nola egin zuen hori?

10 Abrahamek bazekien ez zela nahikoa iraganean Jainkoari obeditu eta errespetu handia erakutsi izana. Bere familiarekin eta zerbitzariekin Kanaaneko lurraldean zehar bidaiatu zuenean, erabakiak hartzerakoan —handiak nahiz txikiak izan—, Jehobaren gida jarraitu zuen. Abrahamek 99 urte zituenean, Isaaken jaiotza baino urte bat lehenago, Jehobak bere etxeko gizon guztiak zirkunzidatzea agindu zion. Zalantzan jarri al zuen Abrahamek agindu hori? Edo agindu hori ez betetzeko modurik bilatu al zuen? Ez, Jainkoarengan konfiantza jarri eta «egun hartan bertan» agindua bete zuen (Has. 17:10-14, 23).

11. Zergatik zegoen kezkatuta Abraham, eta nola lagundu zion Jehobak?

11 Abrahamek Jehoba gauza txikietan ere obeditzeko ohitura zuenez, Jainkoarekin zuen adiskidetasuna bizirik eta sendo mantendu zuen. Jehobari bihotza irekitzeko konfiantza sentitzen zuen eta zalantzak zituenean horiek argitzeko laguntza eskatzen zion. Adibidez, Jainkoak Sodoma eta Gomorra suntsituko zituela jakin zuenean, pertsona zintzoak gaiztoekin batera hilko ote zituen kezka zuen. Abrahamen iloba Lot eta bere familia Sodoman bizi zirenez, agian Abraham horiengatik kezkatuta zegoen. Apaltasunez eta Jainkoarengan konfiantza erakutsiz, Abrahamek bere zalantzak «munduaren epailea» denari azaldu zizkion. Jehobak pazientziaz errukitsua dela erakutsi zion Abrahami. Nola? Pertsona bakoitzaren bihotza ezagutzen duela eta pertsona onak suntsipenetik babesten dituela azalduz (Has. 18:22-33).

12, 13. a) Jehobak Abrahami Isaak sakrifikatzeko eskatu zionean, nola lagundu zioten ezagutzak eta esperientziak? b) Nola dakigu Abrahamek Jehobarengan fedea zuela?

12 Zalantzarik gabe, Abrahamek Jainkoari buruz ikasi zuenak eta bere bizipenek Jehobarekin adiskidetasun estua mantentzen lagundu zioten. Beraz, Jehobak bere seme Isaak sakrifikatzea eskatu zionean obeditu egin zuen, zer motatako pertsona zen bazekielako. Bueltatu gaitezen Moriako lurraldera. Bertan, Abraham esfortzu handiz mendi bat igotzen ari da. Pentsatu al zuen Abrahamek Jehoba bat-batean krudela eta gaiztoa bihurtu zela? Inolaz ere ez! Nola dakigu hori?

13 Berarekin joan ziren zerbitzariengandik aldendu baino lehen, Abrahamek honakoa esan zien: «Gelditu hemen astoarekin. Mutikoa eta biok hara goaz, Jainkoa gurtzeko. Gero, itzuliko gara» (Has. 22:5). Zer esan nahi zien Abrahamek bere zerbitzariei? Gezurra esaten ari al zen Isaak bueltatuko zela esanez, nahiz eta sakrifikatua izango zela jakin? Ez, Bibliak Abrahamek zer pentsatzen zuen azaltzen digu (Irakurri Hebrearrei 11:19). Bibliaren arabera, «Abrahamek uste zuen Jainkoa gauza dela hilak [Isaak barne] pizteko ere». Bai, Abrahamek berpizkundean sinesten zuen. Izan ere, Jehobaren boterea ikusi zuen Sara eta berari zahartzaroan seme bat izateko gaitasuna eman zienean (Heb. 11:11, 12, 18). Abrahamek bazekien Jehobarentzat ez dagoela ezinezkorik. Horregatik, egun zail hartan gertatuko zena axola gabe, Abrahamek konfiantza osoa zuen Jehobak bere semea itzuliko ziola egin zizkion promesa guztiak bete ahal izateko. Ez da harritzekoa Abraham «fedea duten guztien aita» deitzea.

14. Zeintzuk dira Jainkoaren zerbitzariok jasaten ditugun zailtasun batzuk, eta nola laguntzen digu Abrahamen ereduak?

14 Egia da gaur egun Jainkoak ez digula horrelakorik eskatuko. Baina bera obeditzea eskatzen digu, nahiz eta bere arauak obeditzea guri zaila iruditu edo arauen zergatia ez ulertu. Zaila iruditzen al zaizu Jainkoak eskatzen dizun zerbait egitea? Batzuei predikatzea zaila egiten zaie. Agian lotsatiak direnez, ezezagunei berri onak predikatzea kosta egiten zaie. Beste batzuei zaila egiten zaie desberdinak izatea, adibidez, eskolan edo lantokian (Irt. 23:2; 1 Tes. 2:2). Sentitu al zara noizbait Abraham bezala? Baliteke ezinezkoa dirudien betebehar bat izatean, Moriako aldapa igotzen ariko bazina bezala sentitzea. Hala bada, ez zaitez desanimatu; gogoratu Abrahamen fedea. Gainera, Bibliako beste gizon eta emakume leialen ereduan hausnartzeak beraiek imitatzera eta Jehobarekin dugun adiskidetasuna sendotzera bultzatu gaitzake (Heb. 12:1, 2).

BEDEINKAPENAK DAKARTZAN ADISKIDETASUN BAT

15. Zergatik dakigu Abraham ez zela inoiz Jehobari obeditu izanaz damutu?

15 Damutu al zen Abraham Jehobari leialki obeditu izanaz? Bibliak honela azaltzen du bere bizitzaren amaiera: «Zahartzaro luze eta betearen ondoren hil zen» (Has. 25:8). Beraz, Abrahamek 175 urte zituenean, ziur pozik sentitzen zela izan zuen bizitzaz. Bere bizitzako gauzarik inportanteena beti Jehobarekin zuen adiskidetasuna izan zen. Hala ere, Abrahamek «zahartzaro luze eta betea» izateak ez du esan nahi bizitzaz nekatu zenik edo etorkizunean gehiago bizi nahi ez zuenik.

16. Zergatik sentituko da Abraham oso zoriontsu paradisuan?

16 Bibliak honakoa dio Abrahami buruz: «Benetako oinarriak dituen hiria itxaroten zuen, Jainkoak diseinatu eta eraiki duen hiria» (Heb. 11:10). Abrahamek egunen batean hiri hori, hau da, Jainkoaren Erreinua lur osoan agintzen ikusiko zuela sinesten zuen. Eta etorkizunean hala izango da. Imajinatzen al duzu zein emozionatuta egongo den Abraham lurreko paradisuan bizitzeaz eta Jehobarekin zuen adiskidetasuna sendotzen jarraitzeko aukera izateaz? Eta zein hunkituta sentituko den bere ereduak milaka urtetan zehar Jehobaren zerbitzariei lagundu diela jakitean. Paradisuan, Isaaken sakrifizioa handiagoa den zerbaiten adibidea, edo konparaketa, izan zela ikasiko du (Heb. 11:19). Beste hau ere ikasiko du: Isaak sakrifikatzear egon zenean sentitu zuen sufrimenduak Jehobak gu erreskatatzeko Jesus sakrifikatu zuenean nola sentitu zen ulertzen lagundu ziela milioika pertsonari (Joan 3:16). Erreskatea historian zehar inoiz egon den maitasun ekintzarik handiena da, eta Abrahamek, bere ereduaren bidez, erreskatea are gehiago estimatzen lagundu digu.

17. Zein da orain hartu behar dugun erabakia, eta zer aztertuko dugu hurrengo artikuluan?

17 Egon dadila gutako bakoitza Abrahamen fede eredua imitatzeko prest. Jehoba gehiago ezagutzen eta berari leialak izaten saiatzen bagara, nola bedeinkatzen eta zaintzen gaituen ikusiko dugu (Irakurri Hebrearrei 6:10-12). Izan dadila Jehoba betirako gure laguna! Hurrengo artikuluan Jehobaren lagun minak izatera iritsi ziren hiru pertsona leialen ereduak aztertuko ditugu.

^ [1] (3. paragrafoa) Gizon eta emakume horiek hasiera batean Abram eta Sarai deitzen ziren. Baina artikulu honetan, Jehobak beranduago eman zizkien izenak erabiliko ditugu: Abraham eta Sara.