Ba al zenekien?
Biblia garaian, zergatik urratzen zituzten batzuek beraien jantziak?
BIBLIAN, pertsonaia batzuek beraien jantziak urratu zituztela aipatzen da askotan. Gaur egun, ekintza hori arraroa iruditu ahal zaigu. Baina juduek hori egiten zuten desesperazioa, mina, umiliazioa, indignazioa edo tristura handia bezalako emozio sakonak adierazteko.
Adibidez, Rubenek bere anaia Jose esklabo bezala saldu zutela eta ezin izango zuela askatu jakin zuenean, bere «soinekoak urratu» zituen. Bere aita Jakobek bere «jantziak urratu» zituen animalia basati batek Jose akabatu zuela pentsatu zuelako (Has. 37:18-35). Jobek ere bere seme-alaba guztiak hil zirela esan ziotenean, «bere jantziak urratu» zituen (Job 1:18-20). Bestalde, «jantziak urraturik» zituen mezulari batek Eli apaiz nagusiari israeldarrek bataila galdu zutela, bere bi semeak hil zirela eta etsaiek itunaren arka eraman zutela esan zion (1 Sam. 4:12-17). Eta Josiasek Legearen irakurketa entzun eta herriak egindako akatsez konturatu zenean, «jantziak urratu» egin zituen (2 Err. 22:8-13).
Jesus epaitua izan zenean, Kaifas apaiz nagusiak Jesusen hitzak entzutean «bere jantziak urratu» zituen. Izan ere, bere ustez, Jesusek esandakoa blasfemia hutsa izan zen (Mat. 26:59-66). Tradizio errabiniko baten arabera, Jainkoaren izenaren aurka blasfemia entzuten zuena bere jantziak urratzera behartuta zegoen. Hala ere, Jerusalemen tenplua suntsitua izan ondoren, bazegoen beste iritzi errabiniko bat, honakoa zioena: «Gaur egun, Jainkoaren izenaren aurka blasfemia bat entzuten duenak ez ditu bere jantziak urratu behar. Bestela, bere jantzi guztiak txiki-txiki eginda geldituko dira».
Noski, pertsona batek sentitzen zuen mina benetakoa ez bazen, arropa urratzearen ekintzak ez zuen inongo baliorik Jainkoarentzat. Horregatik Jehobak hurrengoa esan zion bere herriari: «Ez urratu soinekoak, bihotzak baizik! Itzul zaitezte Jaunarengana» (Joel 2:13).

