«Zuen ahaleginak izango baitu saria»
ASA erregea bere armada bailara sakon batetik gidatzen ari da. Judeako mendietatik kostaldeko lautadetara doaz. Bailarako alderdirik zabalenera iristean, Asa, ikusten duenagatik erabat harrituta, gelditu egiten da. Etiopiar armada erraldoiak beheraxeago kanpatu du! 1.000.000 soldadu inguru daude. Asaren armada, aldiz, erdira baino ez da iristen.
Borroka hastear dagoenez, zer da Asak egiten duen lehenengo gauza? Aginduak ematen al dizkie bere jeneralei? Animatzen al ditu bere soldaduak? Gutunak bidaltzen al dizkie familiakideei? Ez, horixe! Egoera arriskutsu horretan, Jainkoari otoitz egiten dio.
Bere otoitza eta ondoren gertatu zena aztertu aurretik, hitz egin dezagun Asari buruz. Zer-nolako gizona izan zen? Zergatik jo zuen Jainkoarengana? Espero al zezakeen Jehobaren laguntza jasotzea? Zer ikasten dugu Jehobak bere zerbitzariei ematen dizkien bedeinkapenetatik?
ZER-NOLAKO GIZONA IZAN ZEN ASA?
Juda eta Israel bi erreinutan banandu eta 20 urte bakarrik igaro ondoren, Juda, dagoeneko, adorazio faltsuaz erabat kutsatuta zegoen. Kristo aurreko 977. urterako, Asa errege zenean, gortea ere ugalkortasunaren jainko kanaandarren kultuaz kutsatu egin zen. Hala ere, Bibliak dioen moduan, Asa erregeak «Jaunaren, bere Jainkoaren, begietan on eta zuzen dena egin zuen. Sasikultuetako aldareak eta muinoetako kultu-lekuak kendu zituen, zutarri sakratuak hautsi eta zutoin sakratuak ebaki» (2 Kro. 14:1, 2 [14:2, 3, NWT]). Gainera, Judatik «prostituzio sakraturako gizon[ak]» kanporatu zituen, beste gizonekin batera erritu paganoetan sexu harremanak baitzituzten. Baina adorazio faltsua ezabatzeaz gain, «Jaunarengana, beren arbasoen Jainkoarengana, jotzera eta haren irakaspenak eta aginduak betetzera» agindu zion herriari (1 Err. 15:12, 13; 2 Kro. 14:3 [14:4, NWT]).
Jehobari Asak egiazko adorazioaren alde erakutsitako gogo bizia asko atsegin zitzaion. Horregatik, urte baketsu asko oparitu zizkion. Arrazoi osoz, erregeak honakoa esan zuen: «Jaunarengana, geure Jainkoarengana, jo dugunez, berak bakea eman digu alde guztietatik». Herriak, garai baketsu hura aprobetxatuz, Judako hirietako harresiak sendotu zituen. Horren inguruan, Bibliak dio: «Ongi burutu zituzten eraikin guztiak» (2 Kro. 13:23 [14:1, NWT]; 14:5, 6 [14:6, 7, NWT]).
BATAILA-EREMUAN
Asak egindakoa ikusita, ez da harritzekoa, Biblian aipatzen den giza armadarik handienaren aurka borrokatzera joan aurretik, berak Jehobarengana jo izana. Asak bazekien Jehobak fede ekintzak saritzen dituela. Horregatik, bere laguntza erregutu zion. Berdin zion etsaia zein handia edo boteretsua zen. Jainkoarengan konfiantza zuen eta bazekien bere alde zuela. Gainera, bazekien ere Jehobaren izena jokoan zegoela eta, horregatik, erregutu zion: «Lagun iezaguzu, beraz, gure Jainko Jaun horrek, zu baitzaitugu eusle bakarra, eta zure izenean etorri gara gudaroste izugarri horri aurre egitera. Jauna, zu zaitugu geure Jainkoa. Ez bekizu gizona nagusi» (2 Kro. 14:10 [14:11, NWT]). Beste hitz batzuk erabiliz, honakoa esaten ari zen: «Jehoba, etiopiarrak zu erasotzen ari dira. Ez utzi gizaki hutsek zure herria menderatu eta zure izena desohoratu dezaten». Jainkoak Asaren otoitza erantzun zuen, Bibliak honakoa baitio: «Orduan, Jaunak hondatu egin zituen etiopiarrak Asaren eta Judakoen aitzinean, eta etiopiarrek ihes egin zuten» (2 Kro. 14:11 [14:12, NWT]).
Gaur egun, Jehobaren zerbitzariok etsai boteretsu askori egin behar diogu aurre. Egia da ez dugula bataila-eremu literaletan arma fisikoak erabiliz borrokarik egiten. Baina honetaz ziur egon gaitezke: leialak bagara eta Jehobaren izena ohoratzen badugu, berak garaipena emango digu. Baliteke gutako batzuek bataila luze eta gogorrei aurre egin behar izatea. Esaterako, mundu honen degradazio moralaren edo gure ahulezien aurka borrokatu behar dugu. Edota gure familia eragin kutsakorretatik babestu behar dugu. Horregatik, zer fede probari aurre egin behar diogun axola gabe, Asak egindako otoitzetik animoa jaso dezakegu. Bere garaipena Jehobaren garaipena izan zen. Eta Jehobarengan konfiantza dutenek zer espero dezaketen erakusten du. Ez dago Jehobaren aurka tinko mantendu daitekeen giza botererik.
ANIMOA ETA ABISU BAT
Asa batailatik itzultzen ari zela, Azarias profeta bere bila atera zen abisu bat emateko, baina baita animoa ere: «Entzun, Asa eta Judako eta Benjamingo jendeok. Zuek Jaunarekin bat eginik bazaudete, bera ere zeuekin izango duzue. Beraren bila ibiltzen bazarete, aurkitu ahal izango duzue. Baztertzen baduzue, berak ere baztertu egingo zaituzte. Zuek, aldiz, izan sendo, ez ahuldu, zuen ahaleginak izango baitu saria» (2 Kro. 15:1, 2, 7).
Hitz hauek fedea sendotzen digute. Hala da, Jehoba leialki zerbitzatzen dugun bitartean, bera gurekin egongo da. Berarengana laguntza eske jotzen badugu, entzungo gaituen ziurtasuna izan dezakegu. Azariasek esan zuen: «Izan sendo». Askotan animoa eta ausardia behar ditugu ondo dagoena egiteko. Baina badakigu Jehobaren laguntzari esker lortu ahal izango dugula.
Asaren amona Maakak «irudi higuingarria egin» zuenez, berak gortean ama-erregin izatetik kendu egin zuen. Asarentzat hura ez zen eginkizun erraza izan. Gainera, idolo hori erre egin zuen (1 Err. 15:13). Jehobak Asaren ausardia eta determinazioa bedeinkatu zituen. Gure familiakideak Jainkoari leialak diren edo ez axola gabe, Jehobarengandik gertu-gertu mantendu behar dugu, eta bere arauak obeditu eta defenditu behar ditugu. Hala egiten badugu, Jehobak gure leialtasuna sarituko du.
Asak jasotako bedeinkapenen artean, ondorengoa egon zen: apostata zen iparraldeko erreinuko israeldar asko Judara bizitzera joan zirela ikustea. Zergatik egin zuten hori? Jainkoa Asa erregearekin zegoela ikusi zutelako. Adorazio garbia asko estimatzen zutenez, beraien etxeak atzean uztea eta Jehobaren zerbitzarien aldamenean bizitzea erabaki zuten. Orduan, Asak eta Juda osoak «Jaunarengana, beren arbasoen Jainkoarengana, bihotz-bihotzez eta gogo guztiz joko zutela hitzeman zuten». Ondorioz, Jehoba «aurkitu ahal izan zuten eta hark bakea eman zien alde guztietatik» (2 Kro. 15:9-15). Oso pozgarria da justizia maitatzen dutenek Jehobaren adorazio garbia onartzen dutela ikustea.
Hala ere, Azarias profetak abisu garrantzitsua ere eman zien: «Baztertzen baduzue [Jehoba], berak ere baztertu egingo zaituzte». Ez dezagun horrelakorik inoiz ere egin, ondorioak oso latzak izan daitezke eta (2 Ped. 2:20-22). Bibliak ez du argitzen Jehobak Asari abisu hori ematearen arrazoia. Dena dela, Asak ez zion kasurik egin.
«BURUGABE JOKATU DUZU»
Asak tronuan 36 urte zeramatzala, Israelgo Baxa erregeak Judaren aurkako zenbait ekintza burutu zituen. Esaterako, mugan eta Jerusalem iparraldetik zortzi kilometrotara zegoen Rama hiria sendotu zuen. Ekintza horrekin, beharbada, bere biztanleak Asaren eta adorazio garbiaren alde jartzea saihestu nahi zuen. Etiopiar inbasioarekin egin zuen bezala, Jehobaren laguntza eskatu beharrean, oraingoan, Asak gizakiengana jo zuen. Siriako erregeari opari bat bidali eta Israelgo erreinua erasotzeko eskatu zion. Siriarrek Israelen eremuan hainbat erasoaldi egin ondoren, Baxak Ramatik alde egin zuen (2 Kro. 16:1-5).
Hanani profetaren bitartez, Jehobak Asari berarekin nahigabetuta zegoela adierazi zion. Jehobak etiopiarrekin nola jokatu zuen gogoratu behar izan zuen Asak. Gainera, beste hau ere oroitu behar izan zuen: «Jaunak lur osoa arakatzen du[ela] bere begiz, zintzo direnak adoretzeko». Baliteke norbaitek Asa gaizki aholkatu izana. Edo, beharbada, Baxa eta bere armada ez zirela hain mehatxu handiak eta, ondorioz, egoera bere kabuz konpondu zezakeela pentsatu zuen. Dena dela, ez zuen Jehobarengan konfiantzarik izan. Alderantziz, giza arrazoiketan oinarritu zen. Hori zela eta, Hananik esan zion: «Oraingo honetan, ordea, burugabe jokatu duzu; horregatik, aurrerantzean gerrak izango dira zure aurka» (2 Kro. 16:7-9).
Asak, haserre biziz, Hanani profeta zepora bidali zuen (2 Kro. 16:10). Urte askotan zehar leiala izan zenez, pentsatuko ote zuen erregeak ez zuela jasotako zuzenketa merezi? Edo izan al liteke adinarekin arrazoitzeko gaitasuna galdu izana? Bibliak ez du argitzen.
Bere erregetzaren 39. urtean, Asak oinetan gaixotasun larri bat izan zuen. Baina pasarteak dioen moduan, «gaixoaldian ere ez zuen Jaunarengana jo, sendagileengana baizik». Badirudi, ordurako, bere osasun espirituala deskuidatu izana. Eta, itxuraz, egoera horretan hil zen, 41 urtez tronuan egon ondoren (2 Kro. 16:12-14).
Hala ere, bere ezaugarri onek eta adorazio garbiaren alde erakutsitako gogo biziak bere akatsak baino pisu handiagoa izan zuten. Izan ere, ez zion inoiz Jehoba zerbitzatzeari utzi (1 Err. 15:14, NWT). Orduan, hori kontuan izanik, zer ikasten dugu Asaren bizitzatik? Jehobak iraganean lagundu zigun moduetan hausnartu behar dugula. Oroitzapen baliotsu horiek arazoak suertatzen zaizkigunean berarengana otoitzean jotzera bultzatu gaitzakete. Gainera, ez dezagun pentsatu Jainkoa urtetan leialki zerbitzatzeagatik Biblia aholkurik jasotzeko beharrik ez dugunik. Akats bat egiten badugu, Jehobak zuzenduko gaitu; ez dio axola iraganean bere zerbitzuan zer egin dugun. Bere diziplina lagungarria izan dadin, apaltasunez onartu behar dugu. Eta, guztiaren gainetik, gure zeruko Aitari leialak bagara, bera gurekin egongo da. Jehobaren begiak adi-adi daude, lurrean berari leialak direnen bila. Eta pertsona horien alde bere boterea erabiltzen du. Halaxe egin zuen Asarekin, eta halaxe egingo du ere gurekin.
[Irudia]
Leialak bagara, Jehobak garaipena emango digu
[Irudia]
Animoa eta ausardia Jehobaren aurrean ondo dagoena egiteko beharrezkoak dira

