«Pim»-a Biblia historikoa den froga
«PIM» hitza behin bakarrik agertzen da Biblian. Saul erregearen egunetan israeldarrek errementari filistearrengana joan behar zuten beraien burdinazko erramintak zorrozteko. Bibliak honakoa dio: «Golde muturrak, pikotxak, sardeak eta aizkorak zorrozteko, baita akuiluak konpontzeko ere, pim bat ordaindu behar zuten» (1 Samuel 13:21, NWT).
Zer zen pim-a? 1907. urtera arte ezezaguna izan zen. Urte hartan, antzinako Gezer hirian egindako bilaketa arkeologikoan, lehen pim-a —pisu neurri bat— aurkitu zuten. Iraganeko Biblia itzultzaileek zailtasunak izan zituzten pim hitza itzultzeko. Ikusi hurrengo adibidea: «Horregatik goldeen, aitzurren, hiruhortzekoen eta aizkoren ahoak kamustuak ziren; ez zen akuiluetaraino zorroztekoak ez zirenik» (1 Samuel 13:21, Du, euskara batura egokituta).
Gaur egungo adituek badakite pim bat pisu neurri bat zela. Pim batek 7,82 gramo inguru pisatzen zituen, hau da, sikloaren —hebrearren oinarrizko pisu unitatearen— bi heren. Zilarrezko pim baten neurria filistearrek israeldarrei beraien tresnak zorrozteagatik kobratzen zieten prezioa zen. Kristo aurreko 607. urtean, Judaren erreinua eta bere hiriburua, Jerusalem, erori ondoren, sikloa erabiltzeari utzi zitzaion. Nola erakusten du pim neurriak hebrear testuan konfiantza izan dezakegula?
Aditu batzuen arabera, Idazki Hebrearren testuak —horien artean, Samuelen lehen liburua— Helenistiko-erromatar garaikoak dira, baita beranduagokoak ere, K.a. II. eta K.o. I. mendeen arteko datetakoak. Beraz, testu horiek «historikoak ez direla eta Israel “biblikoari” edo “antzinako” Israeli buruzko egiazko datuak lortzeko ez dutela balio handirik edo inongo baliorik» esaten dute. Beraien ustez, «antzinako Israel judaismoaren eta gaur egungo kristautasunaren inbentzio hutsa baino ez da».
Hala ere, 1 Samuel 13:21ean agertzen den pim-ari buruz, Ekialde Hurbileko arkeologian eta antropologian katedratikoa den William G. Deverrek dio: «Ez da posible Helenistiko-erromatar garaian bizitako idazleen “inbentzioa” izatea, pisu horiek mende batzuk beranduago desagertu eta ahaztutzat eman zirelako. Izan ere, Biblia testuko datu txiki hori […] ez zen K.o. XX. mende hasiera arte ulertu, pîm hebrear hitza zeramaten lehen objektu arkeologikoak aurkitu zirenean». Irakasleak honakoa ere dio: «Biblian kontatzen dena Helenistiko-erromatar garaiko “inbentzio literarioak” badira, nola da posible bereziki gertakari hau hebrear Biblian agertzea? Noski, norbaitek pîm-aren kasua “xehetasun bat baino” ez dela esan dezake; eta hala da. Baina jakina den bezala, “historia xehetasunez osaturiko multzo bat da”».
[Irudiaren kreditua]
Pim baten pisua shekel baten pisuaren bi heren ziren.

