Euskara
Baraken fedeari esker, armada boteretsu batek ihes egin zuen
/assets/ct/28ada02fb0/images/syn_placeholder_sqr.png
w03 11/15
Baraken fedeari esker, armada boteretsu batek ihes egin zuen

Baraken fedeari esker, armada boteretsu batek ihes egin zuen

IMAJINATU punta-puntako material militarra duen armada baten aurrean zaudela. Soldaduek ez dute zalantzarik egingo armamentu hori zure aurka erabiltzeko. Bestalde, zu eta zure lagunak ia-ia esku hutsik zaudete beraien aurrean.

Israelgo epaileen garaian, Barak, Debora eta 10.000 israeldar egoera horretan egon ziren. Etsaiak kanaandarrak ziren eta Sisera komandante militarra zen beraien buru. Ahalik eta min handiena egiteko, beraien gerrarako gurdiek burdinezko igitaiak zituzten gurpiletan. Non gertatu zen borroka hori? Tabor mendian eta Kixon errekan. Bertan gertatutakoak, Barakek sekulako fedea zuela erakutsi zuen. Ikus dezagun zer gertatu zen borroka horretara iristeko.

Israeldarren erregua Jehobari

Epaileak liburuan, israeldarrek adorazio garbia behin eta berriz baztertu zutela aipatzen da, baita jokaera horrek izan zituen ondorio tamalgarriak ere. Jainkoari errukia eskatzen zioten bakoitzean, Jehobak salbatzaile bat izendatzen zuen, baina segituan Jainkoaren aurka errebelatzen ziren berriro. Jokaera horri jarraituz, moabdarrengandik libratu zituen Ehud epailea hil zenean, «Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten berriro israeldarrek». Izan ere, «beste jainko batzuk aukeratu zituzten». Zein izan zen ondorioa? «Jaunak, orduan, Hatzor hirian kanaandarren errege zen Jabinen esku utzi zituen. Sisera zuen izena haren gudarostearen buruzagiak […]. Siserak burdinazko bederatziehun guda-gurdi zituen eta hogei urtez gogor zanpatu zituen israeldarrak; horregatik, israeldarrek dei egin zioten Jaunari» (Epaileak 4:1-3; 5:8).

Israeldarren bizimoduari buruz, Bibliak dio: «[Garai hartan] ezin zen bideetan ibili, bidaiariek zeharbidez ibili behar zuten» (Epaileak 5:6, 7). Israeldarrak beldurrak jota bizi ziren, kanaandarrak inguruan gurdiekin ibiltzen baitziren. «Beldurra zen nagusi herritarren artean», dio aditu batek, «jende guztia babesgabe sentitzen zen; ez zekiten zen egin». Beraz, beste askotan egin zuten bezala, israeldarrek Jehobari laguntza erregutu zioten.

Jehobak buruzagi bat izendatzen du

Kanaandarren zapalkuntzaren ondorioz, Israelgo nazioa krisialdian zegoen. Beraz, Jainkoak Debora profetesa erabili zuen bere epaiak eta jarraibideak ezagutzera emateko. Era horretara, Jehobak sinbolikoki Israelgo ama bezala jokatzeko pribilegioa eman zion Deborari (Epaileak 4:4; 5:7).

Deborak Barak etortzeko eskatu zuen eta esan zion: «Hona hemen Jaunak, Israelen Jainkoak, damaizun agindua: “Zoaz eta bil itzazu zeurekin Tabor mendian Neftali eta Zabulonen leinuetako hamar mila gizon. Nik Kixon errekara ekarriko dizut Sisera, Jabinen gudarostearen buruzagia, bere guda-gurdi eta gudari-taldearekin, eta eskura emango”» (Epaileak 4:6, 7). Deborak «hona hemen Jaunak, Israelen Jainkoak, damaizun agindua» esatean, argi utzi zuen ez zuela Baraken gain autoritaterik. Barakek Jainkoarengandik agindu bat jasoko zuen eta Debora bitartekaria izan zen, besterik ez. Zein izan zen Baraken erantzuna?

«Nirekin baldin bazatoz, joango naiz; bestela, ez», esan zuen Barakek (Epaileak 4:8). Zergatik jarri zizkion Barakek oztopoak Jainkoak emandako lanari? Koldarra al zelako? Jainkoaren promesetan konfiantza falta al zitzaiolako? Ez horixe! Barakek ez zuen Jainkoaren lana baztertu, ezta bera desobeditu ere. Horren ordez, emandako erantzunak honakoa erakutsi zuen: lan hura burutzeko ez zela gai ikusten. Jainkoaren ordezkari bat berarekin egoteak bera eta bere gizonak konfiantzaz beteko zituen, eta Jainkoaren gida jasoko zuela ziurtatuko zion. Beraz, bere erantzuna ahultasun seinale izan beharrean, fede handiaren seinale izan zen.

Baraken erreakzioa Moises, Gedeon eta Jeremiasen antzekoa izan zen. Gizon horiek ez ziren Jainkoak emandako lana burutzeko gai ikusten. Baina horrek ez du esan nahi leialak izan ez zirenik (Irteera 3:11-4:17; 33:12-17; Epaileak 6:11-22, 36-40; Jeremias 1:4-10). Eta zer erakusten digu Deboraren jarrerak? Ez zuen lan horren kontrola hartu nahi izan. Horren ordez, modestiaz, Jainkoa zerbitzatzen jarraitu zuen. «Joango naiz, bada, zurekin», esan zion Baraki (Epaileak 4:9). Bere etxea —askoz seguruagoa zen toki bat— uzteko eta Barakekin batailara joateko prest egon zen. Debora ere fede eta ausardia eredu bikaina da.

Baraki jarraitzeko, fedea behar zuten

Israelgo armada Tabor mendian elkartu zen. Oso toki egokia zen. Izan ere, Neftali eta Zabulon tribuak inguruan bizi ziren eta elkargune naturala zen beraientzat. Beraz, Jainkoak agindu bezala, 10.000 boluntario, Debora eta Barak mendira igo ziren.

Fedea edukitzea beharrezkoa zen israeldar guztientzat. Izan ere, Jehobak Baraki kanaandarrei irabaziko ziela promestu zion, baina zerekin borrokatuko zuten? Epaileak 5:8​ak dio: «Ez zuten babeskirik, ez lantzarik Israelgo berrogei mila gizonek». Beraz, israeldarrek zituzten armak oso arinak ziren. Babeskiak eta lantzak edukita ere, horiek ez ziren ezer kanaandarren gerrarako gurdiekin konparatuta, horiek gurpiletan burdinezko igitaiak baitzituzten. Tabor mendira igo zirela entzun bezain pronto, Siserak gurdi eta tropa guztiak bildu zituen Kixon errekan (Epaileak 4:12, 13). Baina Sisera ez zen konturatu Jainko Ahalguztidunaren kontra egingo zuela borroka.

Siseraren armadaren ihesa

Borroka momentua iristean, Deborak esan zion Baraki: «Eutsi! Gaur emanen dizu Jaunak eskura Sisera. Jauna doa zure gudari-taldearen buru». Barak eta bere gizonak Tabor mendiko tontorretik errekaraino jaitsi behar ziren eta hori abantaila handia izango zen Siseraren gurdientzat. Imajinatu Baraken armadaren parte zarela. Nola sentituko zinateke? Zalantzarik egin gabe obedituko al zenuke? Gogoan izango al zenuke aginduak Jehobarengandik datozela? Halaxe egin zuten Barakek eta bere 10.000 gizonek. «Eta Jaunak sakabanatu egin zituen Sisera eta beroren guda-gurdiak eta gudaroste osoa, Baraken erasopean» (Epaileak 4:14, 15).

Jehobaren laguntzari esker, Siseraren armadak ihes egin zuen Baraken aurrean. Borrokaren pasarteak ez ditu detaile guztiak ematen. Hala ere, Barak eta Deboraren garaipen kantak «hodeiek euria isuri» zutela dio. Seguruenik, ekaitz bat egon zen eta Siseraren gurdiak lokatzetan trabatu ziren. Eta Barakek egoera hori ondo aprobetxatu zuen. Kanaandarren kasuan, beraien arma nagusia tranpa bat izan zen eta ahul bihurtu ziren. Siseraren gizonen gorpuei buruz, honakoa dio kantak: «Kixon errekak ezabatu zituen» (Epaileak 5:4, 21).

Benetan gertatu ote zen hori guztia? Kixon erreka uadi bat da, hau da, normalean ur gutxi daraman erreka baten ohea. Ekaitzen eta euri jasen eraginez, erreka horiek asko hazten dira, eta oso azkarrak eta arriskutsuak izatera iristen dira. Adibidez, Lehen Mundu Gerran, 15 minutu euri nahikoa izan zen armada osoaren egoera zailtzeko. Izan ere, zonalde horretako buztinezko lurrak zalditeriaren maniobra guztiak arriskuan jarri zituen. 1799​ko apirilaren 16​an, Napoleon eta turkiarren arteko Tabor mendiko borrokaren kronikek honakoa diote: «Ihes egin nahian, azken hauetako asko ito egin ziren urperatuta zegoen lautada zati bat zeharkatzean, Kixon errekak gainezka egin baitzuen».

Flavio Josefo historialari juduaren arabera, Sisera eta Baraken armada topatzear zeudenean, «zerutik ekaitz handi bat iritsi zen eta sekulako euri jasa eta kazkabarra bota zuen; haizeak euria kanaandarren aurpegira bota zuen eta, beraien begiak ilundu zituenez, habailek eta geziek ez zieten ezertarako balio izan».

«Ortziko izarrak ere borrokatu ziren», dio Epaileak 5:20​ak, «beren ibiltokietatik borrokatu Siseraren aurka». Baina nola da posible izarrek borrokatu izana? Batzuek hori Jainkoaren laguntza izan zela uste dute. Beste batzuek diote aingeruek lagundu zutela, edo meteoritoak erori zirela, edo Siseraren astrologia iragarpenak okerrak izan zirela. Beraz, Bibliak ez du zehazten izarrek nola egin zuten borroka. Baina argi dago Jainkoak, nolabait, israeldarren alde jokatu zuela. Zer gertatu zen axola gabe, israeldarrek egoera bete-betean aprobetxatu zuten. Bibliak dio: «Joan zen [Barak] guda-gurdi eta gudarostearen atzetik. Siseraren gudari guztiak ezpatapean erori ziren, bizirik bat ere gelditu gabe» (Epaileak 4:16). Baina zer gertatu zitzaion Siserari?

Etsaia, «emakume baten esku»

«Sisera», dio Bibliak, «oinez joan zen ihesi Heber kendarraren emazte Jaelen oihal-etxolaraino, bakean baitziren Hatzorko errege Jabin eta Heber kendarra». Sisera leher eginda zegoen eta Jaelek bere dendara gonbidatu zuen. Esnea eman zion edateko eta manta batekin tapatu zuen. Sisera lo seko geratu zen. Gero, «Jaelek oihal-etxolari eusteko ziri bat eta mailua eskuan hartu, Siserarengana isilean hurbildu eta buruan sartu zion alderik alde, lurrari josiz. Horrela hil zen» (Epaileak 4:17-21).

Ondoren, Jael Barakengana atera eta esan zion: «Zatoz, neuk erakutsiko dizut bila zabiltzan gizona». Pasarteak honela jarraitzen du: «Sartu zen Barak oihal-etxolara eta Sisera hila aurkitu zuen, ziria buruan sartua zuela». Zenbat sendotuko zuen horrek Baraken fedea! Lehenago Debora profetesak hauxe esan zion: «Egintza honetan ospea ez da zurea izango, emakume baten esku jarriko baitu Jaunak Sisera» (Epaileak 4:9, 22).

Traizioa izan al zen Jaelek egindakoa? Jehobari ez zitzaion horrela iruditu. «Emakumeetan bedeinkatuena Jael» izan zela dio Barak eta Deboraren garaipen kantak. Kanta horrek Siseraren heriotza ikuspuntu egokitik begiratzen laguntzen digu. Kantan, Siseraren ama bere itzulera irrikaz itxaroten dago. «Zergatik dator hain berandu haren guda-gurdia?», dio amak. «Damarik argienak» amaren beldurrak baretzen saiatzen dira, batailan lortutakoa banatzen ariko direla esanez: bordaturiko oihalak eta gizonentzako neskatxak. Dama hauek esaten dute: «Aurkitutako harrapakinak banatzen ari dira, noski! Bana, bina neskatxa gudari bakoitzari, kolorezko ehunak Siserarentzat, […] koloretan bordaturiko oihalak haren leporako» (Epaileak 5:24, 28-30).

Zer ikasten dugu?

Gauza asko ikasten ditugu Baraken bizipenetik. Jehobarengandik aldentzen bagara, arazoak eta frustrazioak sufrituko ditugu. Baina, kontrara, damutzen bagara eta Jainkoarengan fedea erakusten badugu, zapalkuntza mota desberdinetatik libratuko gara. Horretaz gain, obedientzia lantzea beharrezkoa dela ere ikasi dugu. Batzuetan, Jainkoaren instrukzioak ez dira logikoak gure giza ikuspuntutik. Hala eta guztiz ere, ziur egon gaitezke guretzat onak izango direla beti (Isaias 48:17, 18). Barakek «atzerritarren gudarosteei atzera eragin» zien. Zergatik? Jainkoarengan fedea erakutsi zuelako eta bere instrukzioak jarraitu zituelako (Hebrearrei 11:32-34).

Begira zein modu ederrean amaitzen den Debora eta Baraken kanta: «Gal bitez horrela zure etsaiak, Jauna. Zure adiskideak, aldiz, izan bitez eguzkia egunsentian bezain bizi!» (Epaileak 5:31). Hitz horiek egia borobila izango dira Jehobak Satanasen mundu gaiztoa suntsitzen duenean!

[Irudia]

Jehobak Debora erabili zuen Barak ekintzara bultzatzeko

[Irudia]

Kixon erreka gainezka egiten

[Kredituak]

Pictorial Archive (Near Eastern History) Est.

[Irudia]

Tabor mendia