TALAIA (IKASKETARAKO EDIZIOA)

Josueren oroitzapenak

Euskara
Josueren oroitzapenak
/assets/ct/fa815d8e9f/images/syn_placeholder_sqr.png
w02 12/1
Josueren oroitzapenak

Josueren oroitzapenak

«HIL da Moises, ene zerbitzaria» esan zuen Jehobak. «Orain, abia zaitez, igaro Jordan ibaia Israel herri osoarekin, ematen diodan lurralderantz joateko» (Josue 1:2). Zein eginkizun zaila zen Josuek aurretik zuena! 40 urtez Moisesen laguntzailea izan ondoren, bere postua hartzera eta askotan errebeldeak izan ziren israeldarrak Promestutako Lurraldean sartzera eskatu zitzaion.

Aurretik zuen erronkan pentsatzen ari zen bitartean, burura etorriko ote zitzaizkion dagoeneko gainditu zituen probak? Beharbada bai. Bere oroitzapenak, zalantzarik gabe, oso lagungarriak izan ziren berarentzat. Era berean, gaur egungo kristauentzat ere oso lagungarriak izan daitezke.

Esklabo izatetik komandante izatera

Josueren oroitzapenen artean, Egipton esklabo izan zeneko urte asko zeuden (Irteera 1:13, 14; 2:23). Bibliak ez du bere bizitzaren garai hartako xehetasunik ematen. Baina, agian, garai hartan, antolatzaile fina bihurtu zen eta, beranduago, baliteke hebrearrei eta mota askotako jende-multzoari Egiptotik irteten laguntzea (Irteera 12:38).

Josue Efraim tribuko familia baten kidea zen. Bere aitona, Elixama, tribu-burua zen eta, badirudi, 108.100 gizonez osaturiko beste bi triburen gudari-taldeen buru zela (Zenbakiak 1:4, 10, 16; 2:18-24; 1 Kronikak 7:20, 26, 27). Hala ere, Egiptotik atera eta gutxira amalektarrek Israeli eraso egin ziotenean, Moisesek Josue aukeratu zuen defentsa antolatzeko (Irteera 17:8, 9a). Zergatik ez zuen Josueren aita edota aitona aukeratu? Erreferentzia-lan baten arabera, aukera bat ondorengoa izan daiteke: «Moisesen ikuspuntutik, [Josue] soldaduak aukeratzeko eta antolatzeko gaitasunik handiena zuena zen, Efraim tribu garrantzitsuko buruzagi bat zelako, antolatzaile ona izatearen izen ona zuelako eta herri osoaren konfiantza osoaz gozatzen zuelako».

Arrazoiak zeintzuk ziren axola gabe, Josuek Moisesen gidari jarraitu zion. Israel nazioak gerran esperientziarik ez izan arren, Josue ziur zegoen Jainkoaren laguntzari esker garaipena lortuko zutela. Berarentzat Moisesen honako hitzak entzutea nahikoa izan zen: «Bihar muinoaren gainean zutik egongo naiz ni, Jainkoaren makila eskuan». Jehobak garai hartako potentzia militarrik handiena suntsitu zuela gogoratzen zuen seguruenik. Hurrengo egunean, Moisesek ilunabarra arte eskuak altxatuta mantendu zituen. Ondorioz, amalektarrek galdu eta Israelek garaipen itzela lortu zuen. Orduan, Jehobak Moisesi honakoa agindu zion: «Idatzi hau liburuan oroigarri gisa, eta jakinarazi Josueri zeharo ezereztuko ditudala amalektarrak, ez dela munduan haien oroitzapenik ere geldituko». (Irteera 17:9b-14). Eta halaxe gertatu zen; Jehobak bere epaia erabat bete zuen.

Moisesen laguntzailea izan zen

Bizipen horrek bien arteko harremana estutu zuen ziurrenik. Josuek Moisesen «laguntzaile» pertsonala izateko ohorea izan zuen; eta eginkizun hori «gaztetandik» bere nagusiaren heriotza arte, hau da, 40 urte ondoren arte, bete zuen (Zenbakiak 11:28).

Eginkizun haren barne, pribilegioak eta ardurak onartzea zegoen. Adibidez, Moises, Aaron, honen semeak eta Israelgo 70 adindun Sinai mendira igo zirenean eta Jehobaren aintzaren ikuskaria ikusi zutenean, baliteke Josue beraiekin egon izana. Moisesen laguntzailea zenez, berarekin mendian gora igotzen jarraitu zuen, eta bere nagusia Jehobaren presentzia irudikatzen zuen hodeian sartu zenean, badirudi handik gertu mantendu zela. Gainera, ziurrenik Josuek 40 egun eta 40 gau leialki igaro zituen mendian, Moises itzuli zen arte. Zergatik esan daiteke hori? Moises legearen harlauzekin, hau da, taulekin, jaisten hasi zenean, Josue bere zain baitzegoen (Irteera 24:1, 2, 9-18; 32:15-17).

Israelgo herria urrezko zekor bat erabiliz idolatrian erori zenean, Josuek Moisesen laguntzailea izaten jarraitu zuen kanpalekutik kanpo zegoen tabernakuluan. Bertan, Jehobak Moisesekin aurrez aurre hitz egiten zuen. Baina, bere nagusia kanpalekura itzultzen zenean, Josue «ez zen etxola barrutik aldentzen». Beharbada, Josueren presentzia beharrezkoa zen israeldarrak zikin zeudela dendan sartzea saihesteko. Josuek bere eginkizuna seriotasun handiz bete zuen (Irteera 33:7, 11).

Josefo historialariaren arabera, Moisesek Josuek baino 35 urte gehiago zituen. Beraz, berarekin harremana izateak ziurrenik bere fedea izugarri sendotu zuen. Beraien arteko adiskidetasuna «heldutasunaren eta gaztetasunaren, irakaslearen eta ikaslearen arteko harreman» gisa deskribatua izan da. Horrela, Josue «gizon egonkorra eta fidagarria» izatera iritsi zen. Gaur egun, ez dugu Moises bezalako profetarik. Baina Jehobaren lekukoen kongregazioetan, adineko anai-arrebak daude. Beraien esperientzia eta espiritualtasunari esker, indarra eta animoa jaso ditzakegu. Estimatzen al dituzu anai-arreba horiek? Etekina ateratzen al diozu beraiekin denbora pasatzeari?

Espioi izan zen Kanaanen

Israel herriak Legea jaso eta gutxira, Josuek bere bizitzan egoera garrantzitsu bati aurre egin zion. Bere tribua ordezkatuz, Promestutako Lurraldea espiatzeko aukeratua izan zen. Ondo dakigu zer gertatu zen. 12 espioien arabera, Jehobak promestu bezala, lurralde hartan, «esnea eta eztia» ugaria zen. Hala ere, espioien artean, hamarrek ez zuten federik izan eta, beldurtuta, israeldarrek ezingo zituztela bertako biztanleak garaitu pentsatzen zuten. Josue eta Kaleb herriari beldur ez izateko eta Jehobaren aurka ez matxinatzeko erregutu zieten bakarrak izan ziren, Jehoba zalantzarik gabe beraiekin egongo baitzen. Orduan, herri osoak, kexatzen hasi, eta bi gizon horiek harrikatzea pentsatu zuen. Baina Jehobaren interbentzioari esker eta bere aintza erakutsiz, herriak ezin izan zuen bere asmoa burutu. Fedea erakutsi ez zutenez, Jainkoak honakoa agindu zuen: Josue, Kaleb eta lebitarrak ezik, 20 urtetik gorako israeldar bakar bat ere ez zen Kanaanen sartuko (Zenbakiak 13:1-16, 25-29; 14:6-10, 26-30).

Ez al zuten, bada, denek Jehobak Egipton burututako ekintza boteretsuak ikusi? Orduan, zerk lagundu zion Josueri Jainkoaren babesean fedea izaten eta, besteek ez bezala, zalantzarik ez izaten? Ziurrenik Jehobak betetako promes guztiak ondo gogoratuko zituen eta, zalantzarik gabe, horietan hausnartuko zuen. Urteak pasa ondoren, honakoa ziurtatu zuen: «Jainkoak, eginiko agintzari (edo promes) ederretatik batek ere ez du […] huts egin: dena bete [zen]» (Josue 23:14). Horregatik, Josue ziur zegoen etorkizunarekin lotutako promes guztiak ere zalantzarik gabe bete egingo zirela (Hebrearrei 11:6). Hau ikusita, hurrengoan pentsatu beharko genuke: «Zer esan daiteke Jehobaren promesak ikertzeko eta horietan hausnartzeko erabili dudan denbora guztiari buruz? Lagungarria izan al zait bere promesetan erabateko konfiantza izateko? Sinesten al dut larrialdi handian Jainkoak bere herriarekin batera babestu ahalko nauela?».

Josue, fedea erakusteaz gain, ausarta ere izan zen. Zergatik diogu hori? Josue eta Kaleb bakarrik geratu zirelako herri osoak harrikatu nahi izan zituenean. Nola sentituko zinateke horrelako egoera batean? Kikilduta agian? Josue ez zen horrela sentitu. Alderantziz, Kalebekin batera, sinesten zuena tinko defendatu zuen. Guk ere agian noizbait Jehobari diogun leialtasuna modu berean erakutsi beharko dugu.

Zer informazio gehiago ematen digu espioiekin gertatutakoak? Josueren jatorrizko izena Oseas («Salbamen») zela. Baina Moisesek Jainkoaren izenari erreferentzia egiten zion silaba bat erantsi zion, Jehosua, edo Josue («Jehoba Salbamena da») izenera aldatuz. Hirurogeita hamarren bertsioak izen hori «Jesus» itzultzen du (Zenbakiak 13:8, 16, oharra). Izen goren horri leiala izanez, Josuek Jehoba salbamena dela aldarrikatu zuen ausardiaz. Izen aldaketa hura ez zen ustekabekoa izan. Moisesek Josue estimatzen zuela erakutsi zuen eta Josuek jasotako eginkizun berezia ondo deskribatu zuen. Izan ere, Josuek belaunaldi berri batez osaturiko israeldarrak Promestutako Lurralderantz gidatu beharko zituen.

Israeldarrak 40 urte luzez basamortuan noraezean ibiltzen ari zirela, beraien gurasoak hiltzen joan ziren. Ez dakigu Josuek zer egin zuen garai hartan, baina ziur asko ikasi zuela. Baliteke Kore, Datan eta Abiram errebeldeen, horien jarraitzaileen eta Baal Peorren adorazio nazkagarrian parte hartu zutenen zigorra ikusi izana. Bestalde, Moises, Meribako urekin gertatutakoaren inguruan Jehoba santifikatu ez zuenez, ez zen Promestutako Lurraldean sartuko. Josuek hori jakin zuenean, ziurrenik tristura handia sentituko zuen (Zenbakiak 16:1-50; 20:9-13; 25:1-9).

Moisesen ondorengoa izendatua izan zen

Moisesek heriotza gertu zuela, Jainkoari ondorengo bat eskatu zion Israel herria «artzainik gabeko artalde» izan ez zedin. Zer egin zuen Jehobak? Josue, «espirituaz jantziriko gizona», herri osoaren aurrean izendatzeko eskatu zion Moisesi. Horregatik, herriak entzun beharko zion. Argi dago Josuek Jehobaren onespena zuela! Jehobak Josueren fedea eta gaitasunak ikusi zituen. Israel herriaren buruzagitza eskurik onenean zegoen (Zenbakiak 27:15-20). Hala ere, Moisesek bazekien Josuek erronka handiei aurre egingo ziela. Beraz, «kementsua eta ausarta» izateko eskatu zion, Jehoba berarekin egoten jarraituko zuen eta (Deuteronomioa 31:7, 8NWT).

Jainkoak, hitz berberak erabiliz, Josue animatu zuen: «Saia zaitez Moisesi, ene zerbitzariari, eman nion legea betetzen, hartatik ezertan ere saihestu gabe; horrela, ongi burutuko dituzu egintza guztiak. Ez utzi lege-liburua irakurtzeari, hausnar ezazu gau eta egun, eta saiatu bertan idatzia betetzen; horrela, ongi aterako zaizkizu ekinbide guztiak. Kementsu eta adoretsu izateko esan dizut. Ez ikaratu, ez kikildu, ni, Jauna, zure Jainkoa, zurekin izango bainaiz zure ibilera guztietan» (Josue 1:7-9).

Josuek bere bizipenak eta Jehobaren hitzak gogoratu zituenean, Jainkoak lagunduko zion ziurtasun osoa izan zuen. Kanaango konkista ziurtatuta zegoen. Noski, oztopoak izango zituzten. Esaterako, izan zuten lehenengo zailtasuna Jordan ibaia garairik urtsuenean zeharkatu behar izango zuten. Baina Jehobak hurrengoa agindu zion: «Abia zaitez, igaro Jordan ibaia». Beraz, Jehobaren laguntzarekin, ez zuten inongo arazorik izango (Josue 1:2).

Josuek, ondoren, hainbat gertaera bizi izan zituen, adibidez, Jeriko hiriaren konkista, israeldarren etsaien aurkako garaipena eta Promestutako Lurraldearen lur banaketa. Gertakari horiek berak ez zituela inoiz Jehobaren promesak ahaztu erakutsi zuten. Bere bizitzaren amaieran, israeldarrek Jehobaren laguntzarekin garaipen ugari lortu zituztenean, Josuek herri osoa bildu zuen. Biltzar horretan, Jainkoak herria tratatu zuen modua gogorarazi zien, bihotz-bihotzez bera zerbitzatzera aholkatuz. Ondorioz, israeldarrek, zalantzarik gabe bere buruzagiaren eredua jarraituz, Jehobarekin hasiera batean egindako itun solemnea errepikatu zuten eta «Josue bizi izan zen bitartean, […] Jauna zerbitzatu zuten» (Josue 24:16, 31).

Josue eredu bikaina da gaur egungo kristauontzat. Guk ere fede proba ugariri egin behar diegu aurre, eta Jehobaren onespena izateko eta bere promesen betekuntza jasotzeko, proba horiek gainditzea ezinbestekoa da. Josueren kasuan, fede sendoa izan zuenez, arrakasta izan zuen. Egia da Josuek Jainkoaren ekintza boteretsuak ikusi zituela; guk, aldiz, ez. Baina, zalantzen aurrean, Josueren liburuak Jehobaren Hitza egiazkoa den lehen eskuko testigantza ematen du. Josueren antzera, guk ere Jainkoaren Hitza egunero irakurtzen badugu eta praktikan jartzen saiatzen bagara, jakinduria eta arrakasta izango ditugu.

Ofenditu al zaitu inoiz anaia edo arrebaren batek? Pentsa dezagun Josuek erakutsi zuen iraupenean. Jehobari obeditu zion arren, 40 urtez basamortuan zehar harat-honat ibili zen desleialak izan ziren israeldarrekin. Zaila egiten al zaizu zure sinesmenak defendatzea? Gogoan izan Josuek eta Kalebek egin zutena. Beraien fede eta obedientziarengatik sari paregabea jaso zuten. Jehobak bere promes guztiak beteko zituen fede tinkoa zuen Josuek. Hala izan dadila gure kasuan ere bai (Josue 23:14).

[irudia]

Josuek eta Kalebek Jehobarengan konfiantza izan zuten

[irudia]

Moisesekin izandako harremanak Josueren fedea sendotu zuen

[irudia]

Josueren buruzagitzak Jehobarengandik gertu mantentzen lagundu zion herriari