Irakurleen galderak
Odolaren erabilera egokiari buruz Bibliak dioena kontuan hartuta, zer iritzi dute Jehobaren lekukoek norberaren odola erabiltzen duten medikuntza-prozedurei buruz?
Kristau bakoitzak hartu behar du bere erabakia. Baina erabaki hau ez du bere nahian bakarrik oinarritu behar ezta medikuen gomendioetan ere. Horren ordez, biblia-printzipioetan hausnartu behar du. Jehoba eta bien arteko kontua baita.
Jehoba gure Sortzailea da eta antzinatik gizakioi odolik ez jateko agindu digu (Hasiera 9:3, 4). Israeli emandako legean, Jainkoak odolaren erabilera mugatu zuen bizia irudikatzen duelako. Berak agindu zuen: «Odolean dago, hain zuzen, izakiaren bizia. Jaunak odola eman dizue, aldarean isuri eta zeuen bekatuen barkamen-ohikunea [edo eskaintza] egiteko». Eta zer gertatzen zen norbaitek animalia bat jateko hiltzen bazuen? Jainkoak esan zuen: «Odolustu egingo du eta odola lurrez estaliko» * (Lebitarrena 17:11, 13). Jehobak agindu hau behin eta berriz errepikatu zuen (Deuteronomioa 12:16, 24; 15:23). Moisesen Legeari buruzko liburu judutar batek dio: «Odola ezin zen gorde. Horren ordez, lurrera isuri behar zen inork jan ez zezan». Beraz, israeldarrek ezin zuten beste izaki baten odolik hartu, gorde ezta erabili ere. Zergatik? Bizi hori Jainkoarena zelako.
Moisesen Legea betetzearen beharra Mesiasen heriotzarekin amaitu zen. Hala ere, odolari buruzko Jainkoaren ikuspuntuak berdina izaten jarraitzen du. Espiritu santuak gidatuta apostoluek kristauei odolik ez jateko argibidea eman zieten. Agindu hau oso kontu serioa zen. Izan ere, sexu moralgabekeria edo idolatria baztertzea bezain garrantzitsua zen (Eginak 15:28, 29; 21:25). XX. mendean ohikoa bihurtu zen odola ematea eta odol-transfusioak egitea. Baina, Jehobaren lekukoek praktika hauek Jainkoaren Hitzaren aurka zeudela ulertu zuten. *
Batzuetan medikuek pazienteei ebakuntza egin baino aste batzuk lehenago euren odola eman eta biltegiratzeko esaten diete. Horrela, behar izanez gero, odol hori ebakuntzan erabili daiteke. Hala ere, hau Moisesen Legean esandakoaren auka dago. Odola ezin da biltegiratu, isuri egin behar da. Nolabait Jainkoari itzuli behar zaio. Noski, gaur egun Moisesen Legea ez dago indarrean. Hala ere, Jehobaren lekukook lege honen atzean dauden printzipioak errespetatzen ditugu eta, ondorioz, odolik ez hartzea erabaki dugu. Hortaz, ez dugu isuri beharko litzatekeen gure odola ematen ezta biltegiratzen ere. Hori egitea Jainkoaren legearen aurka dago.
Norberaren odola erabiltzen duten beste prozedura eta proba batzuk ez daude hain argi Jainkoaren printzipioen aurka. Adibidez, kristau batzuek odol-analisiak egitea onartzen dute, gero odol hori ez delako beste ezertarako erabiltzen. Baina, badaude norberaren odola erabiltzen duten beste medikuntza-tratamendu konplexuagoak.
Adibidez, hemodiluzioa deritzon prozeduran ebakuntza egin baino lehenago gaixoari odol kopuru bat atera eta odol-bolumenaren hedatzaile batekin ordezkatzen zaio. Geroago, ebakuntzan zehar edo amaitu eta gutxira, lehenago ateratako odola sartzen zaio berriz gaixoari. Beste prozedura bat odolaren berreskuratzean datza. Prozedura honetan, gaixoak zauri batetik galtzen duen odola berreskuratu, garbitu eta berriro ipintzen zaio. Beste prozesu batean, pazientearen odola makina batera bidaltzen da organo zehatz baten funtzioa betetzeko (adibidez, bihotza, birikak edo giltzurrunak). Ondoren, odola makinatik pazientera itzuli egiten da. Beste kasu batzuetan, odola zentrifugatzaile batera eramaten da kaltegarriak diren edo kaltetuta dauden atalak kentzeko. Beste batzuetan, helburua odolaren osagai batzuk banatu eta gorputzeko beste toki batean sartzea da. Bestetik, batzuetan medikuak odol kopuru txiki bat atera, sustantzia batekin nahastu eta gorputzean sartzen du gero probak egiteko. Beste batzuetan, ordea, ateratako odola sendagai batekin nahastu eta berriro gorputzean sartzen du.
Desberdintasun txikiak egon daitezke prozedura hauek burutzeko moduan eta prozedura, tratamendu eta proba berriak garatu daitezke. Baina guk ezin dugu kasu bakoitzean zer egin behar den esan. Ebakuntza, medikuntza-proba edo tratamenduren bat onartu aurretik kristauak bere odola zehatz-mehatz nola erabiliko den jakin behar du. Horregatik, tratamendua hasi baino lehen medikuari bere odolarekin zer egingo duten galdetu beharko lioke. Orduan, bere kontzientziaren arabera hartu beharko du erabakia (Ikusi taula).
Kristauek Jainkoa zerbitzatzeko egin duten promesa gogoratu behar dute. Baita «Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz» zerbitzatu behar dutela ere (Lukas 10:27). Munduak ez bezala, Jehobarek lekukoek asko estimatzen dute Jainkoarekin duten harreman ona. Gure Sortzaileak Jesusek isuri zuen odolean fedea eduki behar dugula esaten digu. Bibliak dio: «Semeak [Jesu Kristok] bere heriotzaz askapena eta bekatuen barkamena lortu dizkigu» (Efesoarrei 1:7).
[Oin-oharra]
^ Frank H. Gorman irakasleak honakoa dio: «Norbaitek odola lurrera isurtzen zuenean animaliaren biziari errespetua erakusten zion. Are gehiago, Jainkoari obedientzia eta errespetua adierazten zion berak bizi hura sortu eta zaintzen jarraitzen zuelako».
^ 1951ko uztailak 1eko The Watchtower aldizkariak odol-transfusioak onargarriak zergatik ez ziren azaldu zuen.
[Taula/Irudia]
GALDETU ZEURE BURUARI
Nire odolaren kopuru bat gorputzetik ateratzen badidate eta odolfluxua denbora batez ere eteten bada, utziko al dit kontzientziak odol hori nire parte dela ikusten, «lurrera» isurtzea beharrezkoa ez delarik?
Medikuntza-prozedura batean nire odolaren kopuru bat atera, aldaketaren bat egin eta berriz sartu edo gorputzeko beste atal batean sendabide moduan jartzen badidate, minduko al da nire kontzientzia?

