«Arriskuan itsasoan»
GAU ILUN BATEAN, 276 pertsona daramatzan itsasontzi bat Mediterraneoko irla baterantz gerturatzen da. Bidaiariak ekaitz baten eraginez hamalau egunez harat eta honat ibili direnez, oso nekatuta daude. Egunsentian badia ikustean, marinelak itsasontzia lehorreratzen saiatzen dira. Baina branka enkailatzen da eta olatuek popa desegiten dute. Beraz, denak itsasontzitik ateratzen dira eta igeri egiten edo oholak eta beste objektu batzuk erabiliz, Maltako hondartzara iristen dira. Hotzez eta lur jota, olatu zakarretatik ateratzen dira. Bidaiarien artean Paulo apostolua dago, Erromara epaitua izatera doana (Eginak 27:27-44).
Maltako naufragio hori ez zen Paulorentzat lehena izan. Izan ere, urte batzuk lehenago, honakoa idatzi zuen: «Hiru naufragio bizi izan nituen, eta gau eta egun oso bat pasa nituen itsas zabalean». Itsasoan arriskuan egon zela ere esan zuen (2 Korintoarrei 11:25-27). Itsasontziz bidaiatzeak «nazioentzako apostolu» izateko eginkizuna betetzen lagundu zion (Erromatarrei 11:13).
Noraino iristen ziren itsasontziak lehen mendean? Zer garrantzi izan zuen garraiatzeko modu horrek kristautasunaren zabalkuntzan? Zer motatako itsasontziak erabiltzen ziren? Seguruak al ziren? Garraiobide erosoa al zen bidaiarientzat?
Erromak itsasoko merkataritza ezinbestekoa zuen
Erromatarrek Mediterraneo itsasoari Mare Nostrum, hau da, Gure Itsasoa, deitzen zioten. Erromarentzat itsasbideak kontrolpean mantentzea ezinbestekoa zen, eta ez arrazoi militarrengatik soilik. Inperioko hiri askotan portuak zeuden eta, beste batzuetan, gertuko portuez baliatzen ziren. Adibidez, Erromako portua gertuko Ostia hirian zegoen. Korintok Lekeo eta Zenkreaseko portuak erabiltzen zituen. Siriako Antiokia, berriz, Seleuziako portuaz baliatzen zen. Portu hauen arteko lotura onari esker, hiri garrantzitsuekin komunikazio azkarra eta erromatar probintzien administrazio eraginkorra lortzen zen.
Erromak itsasoko merkataritza behar zuen elikagaiak lortzeko. Hirian milioi bat biztanle inguru bizi zirenez, ale ugari behar zuten: urtean 250.000-400.000 bitarteko tona inguru. Nondik lortzen zuten honenbesteko ale? Flavio Joseforen arabera, Herodes Agripa ll.ak esan zuenez, urtean zortzi hilabetetan Ipar Afrika arduratzen zen Erromako biztanleak elikatzeaz. Gainontzeko lau hilabeteetan, berriz, Egiptok bidaltzen zien beharrezko garia. Milaka itsasontzi behar zituzten janari kopuru handi hori Erromara garraiatzeko.
Erromako biztanleek luxua maitatzen zutenez, itsasontziz egindako merkataritzari esker, mota guztietako produktuak zituzten eskuragarri. Zipre, Grezia eta Egiptotik mineralak, marmola eta harriak jasotzen zituzten. Libanotik, berriz, egurra. Ardoa Esmirnatik eramaten zuten. Fruitu lehorrak Damaskotik lortzen zituzten, eta datilak, Palestinatik. Zilizian goma eta ukenduak eskuratzen zituzten, Mileto eta Laodizean artilea, Tiron eta Sidonen, aldiz, purpurazko oihalak. Tinteak Tiatiratik eramaten zituzten, eta Alexandria eta Sidonen beira lortzen zuten. Zeta, kotoia, marfila eta espeziak Txina eta Indiatik inportatzen zituzten.
Zer motatako itsasontzian bidaiatzen ari zen Paulo Maltan naufragatu zuenean? Alea zeraman eta «Italiara zihoan Alexandriako itsasontzi» bat zen (Eginak 27:6). Grekoak, feniziarrak eta siriarrak ziren aleak garraiatzen zituzten itsasontzien jabeak. Beraz, beraiek ziren itsasontzi horiek gidatzeaz eta hornitzeaz arduratzen zirenak. Hala ere, Erromako gobernuak kontratatzen zituen itsasontziak. William M. Ramsay historialariak honakoa dio: «Zergen bilketarekin egiten zuen bezalaxe, garraio zerbitzu garrantzitsu hori eskaintzeko, gobernuak kontratistengana jotzen zuen. Hori egitea gizon eta tresneria kopuru erraldoia antolatzea baino errazagoa egiten zitzaion».
Paulo «brankan Zeusen semeen irudia zeukan itsasontzi batean» iritsi zen Erromara. Itsasontzi hori ere Alexandriakoa zen. Puteolin, Napoliko golkoan, porturatu zen. Portu horretara alea zeramaten itsasontziak iritsi ohi ziren (Eginak 28:11-13). Puteolitik, gaur egungo Pozzuolitik, produktuak lurretik edota txikiagoak ziren itsasontziak erabiliz eramaten zituzten iparralderantz. Kostaldea eta Tiber ibaia zeharkatuz, Erromaren erdialderaino iristen ziren.
Bidaiariak zama ontzi batean?
Zergatik bidaiatu zuten Paulok eta bera zaintzen zuten soldaduek zama ontzi batean? Galdera hori erantzuteko, garai haietan bidaiari moduan itsasoa zeharkatzea nolakoa zen ulertu behar dugu.
Kristo ondorengo lehen mendean, ez zen bidaiari ontzirik existitzen. Bidaiariek erabiltzen zituzten itsasontziak merkatal ontziak ziren. Estatuaren funtzionarioek, intelektualek, predikatzaileek, aztiek, artistek, atletek, merkatariek, turistek eta erromesek bezalako mota guztietako pertsonek itsasontzi horietan bidaiatu zuten seguruenik.
Noski, bazeuden kosta inguruan bidaiariak eta zamak garraiatzen zituzten ontzi txikiak. Paulok agian horrelako itsasontzi batean bidaiatu zuen Troasetik Mazedoniara. Atenasera iristeko eta handik ateratzeko ere behin baino gehiagotan erabili zituen beharbada. Eta beranduago, Asia Txikiko kostaldetik gertu zeuden irlak zeharkatuz Troasetik Patarara joan zenean, seguruenik ontzi txikiak erabiliko zituen berriro (Eginak 16:8-11; 17:14, 15; 20:1-6, 13-15; 21:1). Ontzi horiek denbora aurrezten zuten, baina ezin ziren kostaldetik urrutiratu. Beraz, Paulo Ziprera eta Panfiliara eraman zuten barkuak askoz handiagoak izango ziren, baita Efesotik Zesareara eta Pataratik Tirora joateko erabili zituenak ere (Eginak 13:4, 13; 18:21, 22; 21:1-3). Paulo zeraman eta Maltan naufragatu zuen ontzia ere handia izango zen. Nolako neurria izan zezaketen itsasontzi horiek?
Iturri literarioetan oinarrituz, aditu batek honakoa esan zuen: «Ohiko [itsasontzi] batek eraman zezakeen zamarik txikiena 70 eta 80 tona bitartekoa zen. Garai helenistikoan ohiko neurria 130 tonakoa zen. 250 tonako itsasontzi ugari zeuden arren, ohikoak baino handiagoak ziren. Erromatarren garaian, garraio inperialerako erabiltzen ziren itsasontziak oraindik handiagoak ziren, 340 tonako zama eramateko gai izatea nahiago zuten eta. Itsasontzi handienek 1.300 tona pisatu zezaketen, baita zertxobait gehiago ere». K.o. bigarren mendeko deskribapen baten arabera, alea garraiatzen zuen Isis izeneko Alexandriako itsasontziak 55 metrotako luzera eta 14 metrotako zabalera zuen, eta haren bodegak 13 metrotako sakonera zuen. Agian mila tona ale baino gehiago garraiatu zitzakeen, baita ehunka bidaiari eraman ere.
Zer tratu jasotzen zuten bidaiariek alea garraiatzen zuen itsasontzi batean? Ontziak batez ere zamak eramateko erabiltzen zirenez, bidaiarien beharrek ez zuten lehentasunik. Ez zuten ez janaririk, ezta beste zerbitzurik ere jasotzen, ura izan ezik. Ontzigainean egin zezaketen lo, beharbada gauez muntatzen eta goizez jasotzen zituzten dendetan. Bidaiariek itsasontziko sukaldea erabiltzeko aukera izan balute ere, sukaldatzeko tresnak eraman beharko zituzketen, baita jateko, bainatzeko eta lo egiteko beharrezkoa zuten guztia ere.
Seguruak al ziren itsas bidaiak?
Nabigatzeko tresnarik ez zutenez, ezta iparrorratzik ere, lehen mendeko itsasgizonek beraien ikusmena besterik ez zuten erabiltzen. Horregatik, ikuspen ona zegoenean bidaiatzea zen seguruena, normalean, maiatzaren amaieratik, irailaren erdirarte. Merkatariak denbora tarte hori baino bi hilabete lehenago edo beranduago ere nabigatzera ausartu ahal ziren agian. Baina neguan, behe-lainoaren eta hodeien erruz, erreferentzi puntuak eta goizez eguzkia eta gauez izarrak estalita zeuden. Azaroaren 11tik martxoaren 10era arte ez zen nabigatzen, ezinbestekoa izan edota larrialdiren bat gertatu ezean. Nabigatzeko garaiaren amaieran bidaiatzen zutenak negua atzerriko portu batean igarotzera arriskatzen ziren (Eginak 27:12; 28:11).
Itsasoz bidaiatzea arriskutsua eta eguraldiagatik mugatua izanik, lehorrean bidaiatzearekin konparatuz, ba al zuen abantailarik? Bai horixe! Itsasoz bidaiatzea merkeagoa eta azkarragoa zen, eta ez zen hain neketsua. Haizeek laguntzen bazuten, itsasontziak egun batean 150 kilometro egin zitzakeen. Bestalde, pertsona batek egunean 25-30 kilometro inguru egin zitzakeen oinez.
Itsasontziaren abiadura ia guztiz haizeen kontrolpean zegoen. Egiptotik Italiarako bidea haizearen kontrako etengabeko borroka zen, garairik hoberenean ere. Ibilbiderik motzena Rodas, Mira edo Liziako (Asia Txikia) kostaldeko beste porturen batetik egiten zen. Ekaitzei aurre egin ondoren, alea zeraman Isis itsasontzia, bere norabidea aldatuz, Pireon porturatu zen Alexandriatik irten eta 70 egunetara. Ipar-mendebaldeko haizeak itsasontziaren atzetik izanda, Italiatik bueltako ibilbidea 20-25 egunetan egin ahalko zuen. Bidaia berbera lehorretik egiteak, norabidea zein zen axola gabe eta eguraldi onarekin, 150 egun baino gehiago emango zuen.
Berri onak atzerrian zabaldu ziren
Argi dago Paulok garaiz kanpo bidaiatzearen arriskuak ezagutzen zituela. Irailaren amaieran edo urriaren hasieran ez bidaiatzea aholkatu zuen honakoa esan zuenean: «Adiskideok, bidaia honek kalte eta galera handiak ekarriko dizkigula ikusten dut, ez kargarentzat eta itsasontziarentzat bakarrik; gure biziak ere jokoan daude» (Eginak 27:9, 10). Hala ere, armadako ofizialak ez zion kasurik egin, eta ondorioz, Maltan naufragatu zuten.
Bere misiolari bidaien amaierarako, Paulok gutxienez lau aldiz naufragatu zuen (Eginak 27:41-44; 2 Korintoarrei 11:25). Hala ere, berri onen lehen mendeko predikatzaileek itsasoz bidaiatzen jarraitu zuten. Eskuragarri zeuden garraiobideak guztiz aprobetxatu zituzten Erreinuko berri onak zabaltzeko. Eta Jesusen agindua obedituz, leku guztietan eman zuten testigantza (Mateo 28:19, 20; Eginak 1:8). Beraien gogo biziari, euren eredua imitatu dutenen fedeari, eta Jehobaren espiritu santuaren gidari esker, berri onak lurreko bazter guztietara iritsi dira.
[Irudia]
Pictorial Archive (Near Eastern History) Est.

