Jarraitzen al diozu Jainkoari bete-betean?
«JUSTUAK lehoia bezain ziur sentitzen dira» (Esaera Zaharrak 28:1, NWT). Fedea dute, Jainkoaren Hitzean konfiantza osoa dute eta arriskutsua denean ere, Jehoba zerbitzatzen jarraitzen dute.
Israeldarrak Sinain geratu ziren bitartean, Jainkoak egiptoarren menpetik askatu eta gero, K.a. XVI. mendean, lehoiaren konfiantza bereziki erakutsi zuten bi gizon egon ziren. Egoera zailetan ere, Jehobari leialak izan ziren. Horietako bat Josue efraimdarra izan zen, Moisesen zerbitzaria, eta bere ondorengoa izango zena (Irteera 33:11; Zenbakiak 13:8, 16; Deuteronomioa 34:9; Josue 1:1, 2). Bestea Kaleb izan zen, Jefuneren semea, Judako tribukoa (Zenbakiak 13:6; 32:12).
Kalebek gogo biziz eta leialtasunez bete egin zuen Jehobaren nahia. Bere bizitza osoan zehar Jainkoari leiala izan zenez, hurrengoa esan ahal izan zuen: «Jainkoarekiko, guztiz leial izan nintzen» (Josue 14:8). Beste modu batera esanda, Kalebek «zintzo-zintzo jarraitu» zion bere «Jainko Jaunari» (Euskal Biblia, Jaime Kerexeta). Zer esan daiteke zuri buruz? Jarraitzen al diozu Jainkoari bete-betean?
Lurra espiatzen
Imajinatu Jehobak Egiptoko esklabotzatik askatu berriak izan diren israeldarren artean zaudela. Ikus ezazu nola jarraitu dien leialki Moisesek Jainkoaren argibideei. Bestalde, Kaleb ziur dago Jehoba bere herriarekin dagoela. Jarri arreta ere Kalebek konfiantza hori erakusten duen moduan.
Egiptotik atera ondorengo bigarren urtea da eta israeldarrek Kadex-Barnean kanpatu dute, Parango basamortuan. Promestutako Lurraldeko sarreran finkatu dira. Jainkoak agindu bezala, Moisesek 12 espioak bidali ditu, hurrengoa esanez: «Zoazte Negevetik eta igo mendialdera. Begira zer-nolako lurraldea den, hango biztanleak indartsuak ala ahulak, gutxi ala asko diren. Begira haien hiriak oihal-etxolazko kanpamenduak ala hiri gotorrak diren, lurra ona ala txarra den, oparoa ala agorra, zuhaitzik dagoen ala ez. Izan kementsu eta ekarri hango zenbait fruitu ere» (Zenbakiak 13:17-20).
12 espioiak bidaia arriskutsu batean zehar abiatu dira. Espedizioak 40 egun iraun ditu. Hebronen, altuera handiko gizonak ikusi dituzte. Exkoleko bailaran, aldiz, lurra oso emankorra dela ikusi eta bertako fruitu batzuk eramatea erabaki dute. Mahats-mordo batek asko pisatzen duenez, biren artean haga, edo makil, batetik zintzilik eraman dute (Zenbakiak 13:21-25).
Israeldar kanpalekura itzultzean, espioiek hurrengoa esan diete: «Bidali gintuzun lurraldera joan gara. Esnea eta eztia darizkion lurra da benetan: hona hemen hango fruituak! Alabaina, hango jendea indartsua da, hango hiriak gotorrak eta izugarri handiak. Gainera, Anak erraldoiaren ondorengoak ere ikusi ditugu. Negeveko eskualdean amalektarrak bizi dira; mendialdean hitita, jebustar eta amortarrak; itsasaldean eta Jordan inguruan, berriz, kanaandarrak» (Zenbakiak 13:26-29). Jainkoak Promestutako Lurralderantz abiatzeko araua eman die, baina 10 espioi ez daude arau hori obeditzeko prest.
«Geurekin dugu Jauna»
Baina Kaleb, espioi ausarta, Jehobarengan konfiantza erakutsiz, israeldarrak animatzen saiatu da : «Ea, goazen! Igo eta jabe gaitezen lurralde hartaz, bagara horretarako gauza eta». Hala ere, 10 espioiak ez daude Kalebek esandakoarekin ados eta Kanaango biztanleak israeldarrak baino indartsuagoak direla esan dute. Gainera, beldurrez beteta eta federik gabe, gizon erraldoi horien alboan matxinsaltoak ematen dutela uste dute (Zenbakiak 13:30-33).
«Geurekin dugu Jauna. Ez izan beldur!», esan dute Kalebek eta Josuek. Baina israeldarrek ez diete jaramonik egin. Orduan, jendea beraiek harrikatzeaz hitz egiten hasi denean, Jainkoak esku hartuz, marmartien gain hurrengo epaia eman du: «Jefuneren seme Kaleb eta Nunen seme Josue salbu, ez da zuetako inor sartuko, bertan ezarriko zintuztedala aginduz hitzeman nizuen lurraldean. Eramango ditut, ostera, zuen seme-alabak, […] zuek gutxietsi duzuen lurraldera, hartaz gozatzeko. […] Zuen seme-alabak harat-honat ibiliko dira basamortuan berrogei urtez, zuek guztiok hil arte. […] Lurraldea ikertzen berrogei egun eman bazenituzten, berrogei urte eman beharko dituzue zeuen erruak ordaintzen: eguneko urtea» (Zenbakiak 14:9, 30-34).
Leiala izaten jarraitzen du urteak pasa ondoren
Epai hartatik 40 urte pasa dira eta marmarti haiek basamortuan hil egin dira. Kaleb eta Josuek, ordea, Jainkoari leialak izaten jarraitu dute. Moabeko lautadetan, Moisesek eta Eleazar apaiz nagusiak 20 urtetik gorako gizonen —gerrara joateko adina dutenen— errolda egin dute. Jainkoak tribu bakoitzeko gizon bat izendatu du eta izendatuei Promestutako Lurraldeko banaketaren ardura eman die. Horien artean, Kaleb, Josue eta Eleazar daude (Zenbakiak 34:17-29). 79 urte izan arren, Kalebek indartsua, leiala eta ausarta izaten jarraitzen du.
Moises eta Aaronek Sinain herriaren errolda egin zutenean, gerrarako prest zegoen gizonen kopurua 603.550ekoa izan zen. Hori israeldarrek, beldurrak jota, Kanaanen sartu nahi izan ez zutenean gertatu zen. Baina basamortuan lau hamarkada pasa eta gero, kopurua 601.730era murriztu da (Zenbakiak 1:44-46; 26:51). Hala ere, Josue ejerzito horren buru eta Kaleb borrokarako prest izanik, israeldarrak Promestutako Lurraldean sartu dira, garaipen ugari lortuz. Josue eta Kalebek espero bezala, Jehobak garaipen asko lortu ditu bere herriaren alde.
Israelgo gerlariekin Jordan gurutzatu ondoren, Josue eta Kalebek, adinekoak izan arren, batailetan beraien ardura betetzen dute. Hala ere, sei urtez gerran egon arren, oraindik konkistatzeko lur asko geratzen da. Jehobak bertako biztanleak kanporatuko ditu, baina, orain, Israelgo tribuen artean lurra proportzionalki banatzeko agindua eman du (Josue 13:1-7).
Jehobari bete-betean jarraitu zion
Bataila askotan borroka egin ondoren, Kalebek Josueren aurrean zutik jarriz, esaten dio: «Berrogei urte nituen Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Kadex-Barneatik lurralde hau ikertzera bidali ninduenean; barruak agintzen zidan eran eman nion hemengo berri. Nirekin etorri zirenek adoregabetu egin zuten herria; ni, ordea, Jaunarekiko, ene Jainkoarekiko, guztiz leial izan nintzen» (Josue 14:6-8). Hala da, Kalebek Jehobari bete-betean jarraitu dio, bere nahia leialki betez.
Kalebek hurrengoa esan zuen: «Moisesek zin egin zidan orduan, ikertzen ibili nintzen lurraldea nirea eta nire ondorengoena izango zela betiko ondare, Jaunarekiko, beraren Jainkoarekiko, guztiz leial izan nintzelako. Eta begira, bada berrogeita bost urte Jaunak Moisesi hura esan ziola, Israel herria basamortuan barrena zebilela. Jaunak orain arte biziarazi nau, berak hitzeman bezala, eta baditut laurogeita bost urte. Hala ere, Moisesek ikerketa egitera bidali ninduenean bezain indartsu nago oraindik ere; orduan adina kemen dut borrokatzeko eta edozein eginbeharretarako. Emadazu, bada, Jaunak egun hartan hitzemandako mendialde hori. Zeuk ere orduan jakin zenuen Anak erraldoiaren ondorengoak bizi direla bertan eta hiri handi eta gotortuak dituztela. Jauna nirekin izatea espero dut eta horiek beren lurraldetik botatzea, Jaunak hitzeman bezala». Orduan, Kalebek Hebron herentzian jasotzen du (Josue 14: 9-15).
Kaleb adinekoa da, baina konkistatzea zaila den eremua du, bertako gizonak ikaragarri handiak dira eta. Hala ere, 85 urteko gerlari horrentzat eginkizun hori ez da zailegia. Denborarekin, gizon horiek menderatu eta Hebron konkistatzen du. Otniel epaileak —Kaleben anaia gazteenaren semeak— Debir hiria hartu du. Beranduago, lebitarrek bi hiriak konkistatzen dituzte eta Hebron nahi gabeko hiltzaileentzat babes hiri bihurtzen da (Josue 15:13-19; 21:3, 11-16; Epaileak 1:9-15, 20).
Bete-betean eta etengabe jarraitu Jehobari
Kaleb eta Josue gizaki inperfektuak ziren. Hala ere, Jehobaren nahia leialki bete zuten. Israeldarren desobedientziaren ondorioz basamortuan 40 urtez zailtasunak izanda ere, beraien fedea ez zen ahuldu. Gaur egun ere, Jehobaren herriak bera zerbitzatzeko determinazioa du, edozein oztopori aurre eginez. Jainkoaren erakundearen eta Satanas Deabruarenaren arteko gatazka kontuan izanik, tinko mantentzen dira, gauza guztietan beraien zeruko Aitari atsegin zaiona egiten saiatuz beti.
Adibidez, Jehobaren lekuko askok Jaunaren Afaria, edo Jesu Kristoren heriotza, oroitzeagatik gaizki tratatuak izateko edota hiltzeko arriskuan jartzeko prest egon dira (1 Korintoarrei 11:23-26). Horren inguruan, Bigarren Mundu Gerran nazien kontzentrazio-esparru batean egon zen arreba batek hurrengoa dio:
«Guztioi gaueko hamaiketan garbitokian egoteko esan ziguten. Hamaikak puntuan hantxe geunden, guztira 105 lagun. Zutik mantendu ginen borobil batean, erdian aulki bat zegoen trapu zuri, ardo eta ogiarekin. Kandela batek gela argitzen zuen, bertako argiak arreta deitu zezakeelako. Lehen kristauak bezala sentitzen ginen, katakonbetan egongo bagina bezala. Ospakizun solemnea izan zen. Gure Aitari promes sutsua egin genion berriz ere: bere izen santua aldarrikatzeko gure indar guztiak erabiliko genituela eta Teokraziaren alde egoten jarraituko genuela».
Jehobaren zerbitzari bezala pertsegituak izan arren, bera gogo biziz zerbitzatzeko, eta horrela bere izen santua ohoratzeko, Jainkoak ematen digun indarrean konfiantza izan dezakegu (Filipoarrei 4:13). Jehoba poztu nahi dugunez, ondo egiten dugu Kaleb gogoratzen badugu. Kalebek Jehoba bete-betean zerbitzatzeko jarri zuen ereduak eragin sakona izan zuen 1921ean denbora osoz aitzindari bezala zerbitzatzen hasi zen gazte batengan. Berak honakoa idatzi zuen:
«Aitzindari izateak Coventry-ko (Ingalaterra) inprenta moderno batean nuen lan ona uztea suposatu zuen. Baina ez nintzen horretaz damutu. Nire bizitza Jehobari eskaini nionez, banekien hori egitea erabaki egokia zela. Kaleb gogoratu nuen, Josuerekin Promestutako Lurraldean sartu zena. Berari buruz hurrengoa idatzi zen: “Jainkoarekiko, guztiz leial izan” zen (Josue 14:8). Nik gauza bera egin nahi nuen. Banekien Jehoba bete-betean zerbitzatzeak nire biziari zentzu handiagoa emango ziola; kristau guztiek izan beharko lituzketen ezaugarriak garatzen lagunduko zidan».
Dudarik gabe, Kalebek Jehobari bete-betean leiala izaten jarraitzeagatik bedeinkapen ugari jaso zituen. Bera Jainkoaren nahia egiten saiatu zen beti. Beste batzuek ere Jehobaren zerbitzuan bedeinkapen ugari jaso dituzte. Zuk ere Jehobari bete-betean jarraitzen badiozu, bedeinkapen ugari jasoko dituzu.
[26. irudia]
Kaleb eta Josue Jehobari leialak izan ziren probapean. Zer esan daiteke guri buruz?

