Nola aurkitu nuen injustizien konponbidea
Ursula Menne-k kontatuta
Txiki-txikitatik ikusi nahi izan dut jende guztia berdintasunez eta justiziaz tratatua izatea. Desio sutsu honek espetxera bidali ninduen Ekialdeko Alemaniako Erregimen Komunista agintzen zegoen bitartean. Eta hantxe ikasi nuen zein izango zen injustiziaren konponbidea. Utzidazu azaltzen.
HALLE izeneko Alemaniako herrian jaio nintzen1922an, Berlinetik 200 bat kilometrora. Hallek 1200 urte baino gehiagoko historia du, eta protestantismoaren antzinako babeslekuetariko bat izan zen. Nire ahizpa, Käthe, 1923an jaio zen. Nire aita militarra zen eta nire amak antzokietan abesten zuen.
Injustiziak zuzentzeko desio handia nire aitarengandik jaso nuen. Armada utzi zuenean, denda bat erosi zuen. Bezero gehienak behartsuak zirenez, momentuan ez ordaintzeko aukera ematen zien errukia erakutsiz. Tamalez, jokabide zintzo horren ondorioz, negozioak porrot egin eta denda itxi behar izan zuen. Aitari gertatutakoak desberdinkeria eta injustiziaren aurka borroka egitea batek pentsatzen duena baino zailagoa dela erakusten zuen. Baina gazteriaren idealismoa itzaltzeko zaila den sugarra da.
Amarengandik arteetarako talentua jaso nuen. Käthe eta biok musika, kantu eta dantzaren munduan sartu gintuen. Haur bizia nintzen, eta ahizpak eta biok bizitza zoriontsua izan genuen 1939ra arte.
Amesgaiztoaren hasiera
Oinarrizko hezkuntza amaitu nuenean, balleteko eskola batera joaten hasi nintzen eta bertan dantza espresionista ikasi nuen (Ausdruckstanz), Mary Wigman-ek dantzatzen zuen modura. Emakume hau dantza espresionistaren aitzindari izan zen. Dantza mota honetan dantzariak bere sentimenduak gorputz mugimenduekin adierazten ditu. Honetaz gain, margotzen hasi nintzen. Ikusten duzun bezala, hasieran nire nerabezaroa zoriontsua eta zirraragarria izan zen, eta gauza asko ikasi nituen. Baina 1939an Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Eta bi urte beranduago, 1941ean, beste kolpe bat sufritu nuen: aita tuberkulosiak jota hil zen.
Gerra amesgaiztoa da. Gerra hasi zenean 17 urte nituen arren, mundu osoa zoratu egin zela pentsatu nuen. Ordura arte baketsuak izan ziren hiritar asko nazien erokeriak harrapatuta ikusi nituen. Orduan, gabezia, heriotza eta suntsipena etorri ziren. Gure etxea bonba eraso batean oso kaltetuta gelditu zen eta gerran zehar hainbat senide galdu nituen.
1945ean gatazkak amaitu zirenean, ama, Käthe eta hirurok Halle-n jarraitzen genuen. Ordurako ezkonduta nengoen eta alabatxoa nuen, baina nire ezkon-bizitza ez zegoen oso ondo. Banandu egin ginen eta nire alaba bakarrik aurrera atera behar nuenez, dantzatzen eta margotzen hasi nintzen lanean.
Gerra ondorengo Alemania lau eremutan banatua izan zen eta gure herria Sobietar Batasuna gobernatzen zuen eremuan zegoen. Beraz, Erregimen Komunistara ohitu behar izan ginen. 1949an, gu bizi ginen Alemaniako eremua, Ekialdeko Alemania deitzen ziotena, Alemaniako Errepublika Demokratikoa bihurtu zen.
Komunismoaren menpeko bizitza
Garai hartan, ama gaixotu egin zen eta nik zaindu behar izan nuen. Gobernuarentzat bulego batean lan egiten hasi nintzen. Bitartean, erregimenaren injustiziak azaleratzen saiatzen ari ziren ikasle batzuekin harremanetan jarri nintzen. Adibidez, gazte bati ez zioten unibertsitatera joaten utzi bere aita nazien partiduko kidea izan zelako. Nik ondo ezagutzen nuen mutil hura, elkarrekin askotan jotzen genuelako musika. «Zergatik sufritu behar du berak bere aitak egin duenarengatik?», galdetzen nion neure buruari. Disidenteekin gero eta harreman handiagoa izaten hasi nintzen eta protesta publikoetan parte hartzea erabaki nuen. Behin, bertako epaitegiko kanpoko eskaileretan paskinak itsasten ibili nintzen.
Bakea babesteko eskualdeko batzordearen idazkaria nintzen eta idatzi behar izaten nituen gutun batzuek justiziari nion maitasunari eraso egiten zioten. Behin batean, arrazoi politikoengatik, batzordeak propaganda komunista bidali nahi izan zion Mendebaldeko Alemanian bizi zen adineko gizon bati. Zer asmorekin? Berari buruzko susmo txarrak pizteko. Ekintza lotsagarri horrek sutu egin ninduen. Beraz, paketeak bulegoan gorde eta ez nituen inoiz bidali.
«Gelako pertsonarik okerrenak» esperantza eman zidan
1951ko ekainean bi gizon bulegora etorri ziren eta esan zidaten: «Atxilotuta zaude». Roter Ochse (Idi Gorria) izeneko presondegira eraman ninduten. Urtebete beranduago, Estatuaren aurkako ekintzak egiteagatik salatu ninduten. Ikasle batek saldu egin ninduen eta polizia sekretuari, Stasi-ari, paskinen protestan parte hartu nuela esan zion. Epaiketa engainu bat izan zen, inork ez zuelako kontuan hartu nik esan nuena. Sei urteko kartzela-zigorra jaso nuen. Denbora horretan, gaixotu egin nintzen eta 40 bat emakume zeuden eritegi-pabilioira eraman ninduten. Erabat atsekabetuta zeudela ikustean, izuak hartu ninduen. Ateraino korrika joan eta ateari ukabilkadak ematen hasi nintzaion.
«Zer nahi duzu?», galdetu zidan zaindariak.
«Hemendik atera nahi dut», oihukatu nion. «Nahi baduzu jarri nazazu bakarrik gela batean, baina atera nazazu hemendik!». Noski, zaindariak ez zion kasurik egin nire erreguari. Segituan, desberdina zen emakume bat ikusi nuen. Bere begiradak barneko bakea transmititzen zuen. Beraz, bere ondoan eseri nintzen.
Harrituta entzun nion hau esaten: «Nire ondoan esertzen bazara, hobe duzu kontuz ibiltzea. Besteek gelako pertsonarik okerrena naizela pentsatzen dute Jehobaren lekukoa naizelako».
Ez nekien Jehobaren lekukoak Estatu Komunistaren etsaitzat hartuak zirenik. Baina haurra nintzenean, aitari bi Bibliaren Ikasle etortzen zitzaizkion bisitan (horrela deitzen zitzaien lehen Lekukoei) eta ongi gogoratzen dut aita honakoa esaten: «Bibliaren Ikasleak zuzen daude!».
Emakume goxo hau ezagutzean sentitu nuen lasaitasunak negarra eragin zidan. Bere izena Berta Brüggemeier zen. «Hitzegidazu Jehobari buruz, mesedez», esan nion. Handik aurrera, elkarrekin denbora asko pasatzen hasi ginen eta askotan Bibliari buruz hitz egiten genuen. Besteak beste, benetako Jainkoa, Jehoba, maitasun, justizia eta bakearen Jainkoa dela ikasi nuen. Gizaki gaizto eta zapaltzaileek sortu duten kalte guztia desegingo duela ere jakin nuen. 37. Salmoa 10, 11ak dio: «Itxaron pixka bat, eta kito gaiztoa […]. Apalak izango dira herrialdearen jabe, bake osoaz gozatuko dira».
Askatasuna berreskuratu eta Mendebaldera ihes egin nuen
Bost urte espetxean pasa ondoren, 1956an askatu egin ninduten. Bost egun ondoren, Mendebaldeko Alemaniara ihes egin nuen eta nire bi alabak, Hannelore eta Sabine, eraman nituen nirekin. Han senarrarengandik dibortziatu eta Lekukoekin berriro harremanetan jarri nintzen. Biblia aztertzen nuen heinean, hainbat aldaketa egin behar nituela konturatu nintzen nire bizimodua Jehobaren arauekin bat etortzeko. Aldaketa hauek egin nituen eta 1958an bataiatu nintzen.
Beranduago berriro ezkondu nintzen, baina oraingo honetan Jehobaren lekuko batekin, Klaus Menne-kin. Klausek eta biok ezkon-bizitza zoragarria izan genuen eta bi seme-alaba izan genituen: Benjamin eta Tabia. Tamalez, Klaus duela 20 bat urte hil egin zen istripu batean, eta ordudanik alarguna izaten jarraitzen dut. Baina berpizkundearen itxaropenak asko kontsolatzen nau. Bihozberritu egiten nau hildakoak paradisuan berpiztuak izango direla jakiteak (Lukas 23:43; Eginak 24:15). Gainera, nire lau seme-alabek Jehoba zerbitzatzen dute eta horrek ere izugarri kontsolatzen nau.
Bibliaren ikasketari esker, benetako justizia Jehobak bakarrik ekarri dezakeela ikasi dut. Gizakiek ez bezala, gure egoera guztiak kontuan hartzen ditu, baita gure iragana ere. Xehetasun horiek, askotan, besteen begietara izkutatuta egoten dira. Ezagutza baliotsu horrek bakea ematen dit, bereziki injustizia ikusi edo sufritzen dudanean. Bibliak dio: «Herrian behartsuak zapaltzen dituztela, gogorki epaitzen eta zuzenbidea desegiten dutela ikusten baduzu, ez harritu horregatik. Handikiak, beste handikiago bat du babesle, eta biok, goitiago daudenak dituzte babesle» (Kohelet 5:7 [5:8, NWT]). «Goitiago» dagoen hori gure Sortzailea da, noski, eta berari buruz Hebrearrei 4:13ak dio: «Ez da harentzat munduan ezer gorderik; dena dago agerian eta zabalik, kontuak eman beharko dizkiogun harentzat».
Ia 90 urteko bizitzari begirada bat
Batzuetan, jendeak nazien eta komunisten agintepean bizitzea nolakoa zen galdetzen dit. Egia esan ez zen batere erreza. Izan ere, bi gobernu mota horiek, giza gobernu guztiak bezala, gizakiak ezin duela bere burua gobernatu erakutsi zuten. Bibliak argi eta garbi dio: «Kalte eginez, gizakiak gizakia menderatzen du» (Kohelet 8:9).
Gaztea eta inozentea nintzenean, giza gobernu zuzen bat egotea espero nuen. Orain badakit gure Sortzaileak bakarrik ekarri dezakeela benetan justua den mundu bat. Hori lortzeko, gaiztakeria guztia kenduko du eta bere gobernua Jesukristo bere Semearen eskuetan utziko du lurra agindu dezan. Izan ere, Jesusek beti jarri izan ditu besteen interesak bere interesen gainetik. Bibliak honakoa dio berari buruz: «Zuzen dena izan duzu maite eta oker dena gorroto» (Hebrearrei 1:9). Oso eskertuta nago Jainkoari errege zoragarri eta zuzen honengana erakarri nauelako, bere agintepean betiko bizitzea espero dut!
[Irudia]
Hannelore eta Sabine, nire alabekin, Mendebaldeko Alemaniara iritsi ondoren
[Irudia]
Gaur egun, Benjamin, nire semearekin, eta Sandra, bere emaztearekin

